Karguak eta lanbideak
Historialaria, kazetaria eta geografoa
Ibilbidea
Haurra zela, bere ama hil zenean Limara bidali zuten senide batzuekin bizitzera, bere aita itsasgizona izanik, ezin baitzuen haurraren ardura bere gain hartu. Perun apaiz ikasketak hasi zituen baina ez zuen ordenatzea lortu. Apaizgaitegian egindako denboran latin hizkuntzan aditu bilakatu zen, baina ez dakigu bestelako ikasketarik egin zuenetz. Ramon de Basterraren arabera: «espainiar gehienek zuten heziketa zatikatu eta inprobisatu bera zuen». Handik Quitora aldatu zen orduan, eta bertan kazetari aritu zen. Ekuadorretik kanporatua izan zen 1897an, Kubak independentea izateko zuen eskubideari buruzko bozketa parlamentario batean emandako hitzaldiagatik. Costa Ricako San Joséra joan zen orduan, ekipaiarik gabe, Ekuadorren ez baitzioten ezer hartzen utzi. Bertan kazetari aritu zen eta baita arrakasta lortu ere. 1903an bere egunkari propioa sortu zuen El Noticiero, eta laster herrialde osoan ale gehien saltzen zituena bihurtu zen. Osasunak okerrera egin zionean, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen, Bilbora, bertan bizi baitzen, gutxienez, 1911. urteaz geroztik. Bertan ezkondu zen, 1916ko apirilaren 15ean, Maria García Basterrechearekin, eta berehala Madrilera mugitu ziren. Han, bere obraren zatirik handiena idatzi zuen Ispizuak eta nahiko gazte hil zen.
Bilboko Arte Ederren Zirkulu eta Ateneoarekin elkarlanean aritu zen, eta bazkide sortzaileetako bat izan zen. Instituzio horretan geroago argitaratua izan zen hitzaldi bat eman zuen Francisco de Vitoriari buruz, bere balioa handitzen lagunduta. Geografiaren Errege Elkarteko kide oso izan zen eta baita Kultura Hispanoamerikarraren Batzordeko kide ere. 1929-1930eko Sevillako Erakusketa Iberoamerikarra eta Bartzelonako Internazionala prestatzen lagundu zuen, biak ala biak bera hil eta gero egin baziren ere. América Lizeoaren sortzaileetako bat izan zen eta Madrilgo Ateneoko bazkide.
Francisco de Ulacia eta Pedro Sarasquetarekin batera, 1911. urtean Bilboko Zirkulu Errepublikazale Abertzalea sortu zuen. Interes handikoa da bere garaiko gizarte arazoen aurrean izan zuen jarrera ezagutzea. 1913an Solidaridad de Obreros Vascos sindikatuaren egoitzan hitzaldi bat eman zuen (gerora argitaratu zena), langile mugimenduari buruz. Bertan, sozialismo marxista kritikatu zuen eta langile mugimendu nola-hala kristau baten alde agertu zen.
Bere obra, oro har, aintzat hartzen zuten era guztitako kazetari, idazle eta intelektual multzo handi batek; hasi Telesforo de Aranzaditik eta Pardo Bazaneko kondera arte, tartean Joaquin de Zugazagoitia, Augusto Barcia, Ramiro de Maeztu, Ramon de Basterra, Julio de Lazurtegui edo Mourlane Michelena ere hartuta. Bere obra kalifikatzeko erabilitako hitzak laudoriozkoak izan ziren gehienetan: «obra bikaina», «ikerketa sendoa», «hausnarketa kritikoa iturriek diotena automatikoki sinetsi gabe», etab. Carmelo de Echegarayren ustez, historialari bezala egin zuen lana «aparteko ahalegina da estilo aldetik, akatsen bat ere baduen arren, baina lasaia, irmoa eta adoretsua, adierazpen guztien berrespen dokumentala bilatzen duen zentzu kritikoagatik. Egia ere bada, batzuetan, uste onargarri eta ez hain onargarriek eragin handiegia dutela». Baieztapen horretan Echegarayk aipatzen dituenak Juan de la Cosaren jatorri euskaldunaren edo Colonek Amerikari buruz jasotako balizko euskal txostenen moduko usteak dira. Ramiro de Maeztuk asmatu egin zuen Izpizuaren obra historiografikoaren balorazioa egitean, adibidez, honakoa esan zuenean: «Segundo de Izpizua delako hau borondate kasu bat ere bada, zergatik ez? Idazle dohain handirik ez duen historialaria da, ziurrenik, ofizioan berandu hasi zena […], baina Ispizua jaunak badu ezaugarri eder bat […] gertaerarekiko interes handia. Hori historialari onaren dohaina izan daitekeela bururatu zait Ispizua jaunak idatzitakoa irakurtzen nuen bitartean». Hain zuzen ere, Ispizua gogotik saiatu zen, misio bat balitz bezala, euskaldunek Amerikaren aurkikuntza eta kolonizazioan izan zuten zeregina argitzen. Bere helburua euskaldunak, konkistaren basakerietan lagundu baino, egiteko zibilizatzaile eta humanitarioetan aritu zirela frogatzea zen. Hori zen bere bertuterik eta akatsik handiena; batetik, obrari izaera bizia ematen dion suhartasun eta inplikazioa, eta bestetik, tonu ad probandum eta polemikoa, metodologia akademikotik urrun.
Gainerakoan, ahalik eta iturri gehien kontsultatzeko ahaleginean, Ispizuak zailtasunak izan zituen. Batetik, funts batzuetara sartzeko zailtasunak zeuden eta horietako batzuk lanerako ezinbestekoak ziren. Bestalde, bere ikerketak aurrera eramateko ez zuen finantzaziorik. Lehenaz den bezainbatean, Ispizua kexu zen ezin izan zuelako Indietako Artxiboa kontsultatu, garai horretan eskuragai jartzen hasi baziren ere. Bere egitasmo historiografikoarentzako gakoa zen, eta batez ere garaian idatzitako kronika eta narrazioak erailtzera beharturik ikusi zuen bere burua. Bigarrenari dagokionez, estutasun ekonomiko asko jasan zituen bere burua mantendu eta bere pasioa zen ikerketa historikoa aurrera eraman ahal izateko. Saminez, instituzioek bazterrean utzi zutela salatu zuen, ikertzeko behar zuen laguntza ekonomikoa ematen ez ziotelako. Jose Deleito y Piñuela Valentziako Unibertsitateko katedradun eta historialariak honakoa esan zuen Ispizuari buruz: «autoreak ez du nahikoa independentzia ekonomikorik espainiarren artean hain garestia den ikerketaren eta bere obra argitaratzearen luxua ordaintzeko. Estatuaren aldetik ez du inolako laguntzarik jaso, eta bere esfortzu eta sakrifizio pertsonalaz gain baliatu behar izan duen laguntza euskal eskualdeko egunkarien, erakundeen, parlamentarien eta norbanako sinpleena izan da, Ispizua jaunak hobitik atera nahi dituen dohain horiek maite direlako».
Hala, ikerketa proiektu bat aurkeztuta, 1915ean Ispizuak laguntza ekonomikoa eskatu zion Bizkaiko Diputazioari. Hari atxikirik, Bibliografía sudamericana izenburua zeraman eskuorri bat eta euskal intelektual esanguratsu batzuen abala aurkeztu zituen. Laguntza ukatu zioten, ordea, eta horrek frustrazio handia eragin zion. Hori izan zen, ziurrenik, Madrilera aldatzeko arrazoi nagusia. Han ere ez zuen zorte handirik izan, baina. Instrukzio Publikoaren Ministerioak diru kopuru bat zuen liburutegi publikoetarako liburuak erosteko eta Ispizuak bere lanetako batzuk eros zitzaten eskatu zuen, baina muzin egin zioten. Hala, bera ibili behar izan zen bere liburuak saltzen, harpidetzak zabaltzen eta abar. Historia de los vascos en el descubrimiento, conquista y civilización de América oinarrizko lanaren ikerketa, hein handi batean, Euskal Ikasketen Zirkuluak antolatutako sariketa batean 5.000 pezeta irabazi zituelako egin ahal izan zuen. Hura Bilboko Euzko Gastediren menpeko taldea zen. Hala ere, argitaratzea falta zitzaion, eta inork ez zion argitaratu nahi. Gauzak horrela, harpidetza publiko bat ireki behar izan zuen, eta laguntza eman zioten, besteak beste, Gorlizko erietxearen sortzaile Enrique de Areilza doktoreak, Bizkaiko Aldundiko presidente Adolfo de Urkixo genealogistak, Zubiriako konde Tomas de Zubiriak eta Euzkadi egunkariaren ongile Victoriana de Larrinagak. Onespenik ezak, indiferentziak eta aintzatespen akademiko eta ofizialik ezak atsekabeturik hil zen, baina euskal historia amerikarrari buruzko 18 liburuki utzita, horietako batzuk argitaragabeak. Gauzak zer diren, eta hil zenean herri askotan (Bermeo, Madril, Hernani, Hondarribia, Donostia, Erandio) kale izenak bere omenez jarri zituzten eta bere pertsona eta obrarekiko aitorpen publiko ugari egin ziren.
Bere lan geografikoan, XV. eta XVI. mendeetako itsas aurkikuntza espainiar eta portugesei buruzko ahalegin orokor baten atzetik, agerian geratu zen bere kezka nagusia: euskaldunak goraipatzea Ameriketako espedizionario, kolonizatzaile eta zibilizatzaile bezala. Izan ere, La primera vuelta al mundo, IV centenario: 1522-1922 Historiaren Errege Akademiak eskatutako enkargua izan zen, Juan Sebastian Elcanori eta berarekin batera munduari lehen bira eman zietenei gorazarre egiteko.
Obrak
«¿Era vasco Juan de la Cosa?», Centro de la Unión Iberoamericana en Vizcaya. Memoria correspondiente al año de 1912. Apéndices Especiales, IV, Bilbo: M. Aldama, 1913, 7-14. or.
«Bruno Mauricio de Zabala (1685?-1734)», Centro de la Unión Iberoamericana en Vizcaya. Memoria correspondiente al año de 1912. Apéndices Especiales, IV, Bilbo: M. Aldama, 1913, 27-31. or.
«Por nuestro idioma», Euzkadi: revista vasca bimestral [ciencias, bellas artes, letras], Bilbo, 3. aldia, 10. urtea, 24 (1913ko azaroa-abendua), 412-413. or.
«Bibliografía sudamericana: ensayo para un estudio de la historia de los vascos de América», BCMV, Bilbo, VI (1914), 171-180. or.
Historia de los vascos en el descubrimiento, conquista y civilización de América, Bilbo/Madrid: I, Bilbo: José A. de Lerchundi, 1914; II, Bilbo: José Astuy, 1915; III, Madrid: Tip. La Itálica, 1917; IV, Madrid: V. Rico, 1918; Madrid: V. Mateu, 1918; VI, Madrid: Mateu, 1919, 6 libk. [Los Vascos en América, Donostia: Ediciones Vascas, 1979, 5 libk. (1. libk., Venezuela; 2: Mexiko; 3, Panama-Peru; 4, Lope de Aguirre, 5, Simón Bolívar)].
La guerra actual y las doctrinas del vasco Francisco de Vitoria, Bilbo: Círculo de Bellas Artes y Ateneo de Bilbao, 1915.
«Los baskos en el descubrimiento de América: ¿supo Colón por uno de aquellos la existencia de esta?», Los Baskos en la nación argentina, Buenos Aires: La Baskonia, 1916, 19-28. or.
«La imprenta en San Sebastián: primicias bibliográficas (1672-1700)», Euskalerriaren Alde, Donostia, 13. urtea, 233 (1923), 190-191. or.
La primera vuelta al mundo, IV centenario: 1522-1922. Historia de la geografía y de la cosmografía en las Edades Antigua y Media con relación a los grandes descubrimientos marítimos realizados en los siglos XV y XVI por españoles y portugueses, Madrid: Gráficas Reunidas, 1922-1926, 2 libk.
Civilización y progreso: obreristas vascos – conferencia pronunciada por el autor, en 1913, en los salones de solidaridad de obreros vascos de Bilbao, recopilada y publicada por su esposa, por primera vez en el 6.o aniversario del fallecimiento de aquel, Madrid: Gráficas Reunidas, 1930.
Bibliografia
AUÑAMENDI, «Ispizua Bajaneta, Segundo de», Auñamendi Eusko Enziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/ispizua-bajaneta-segundo-de/ar-70740/ (2020ko azaroak 9).
BASTERRA, R. de, «Una baja en nuestras filas. Segundo de Ispizua», El Noticiero Bilbaíno, 1924ko ekainak 21, 1. or.
GARCÍA BASTERRECHEA, M., Segundo de Ispizua, su vida y sus obras: recopilación de informes, críticas y juicios en torno a la obra del historiador y geógrafo hispano-americanista, emitidos por la Academia Nacional de la Historia, Sociedad Geográfica nacional, prensa nacional y extranjera a través de la cual ha sido comentada por numerosas plumas de brillantes escritores españoles e hispanoamericanos, Madrid: Gráficas Reunidas, 1934.
MAEZTU, R. de, «¿Y por qué no?», El Sol, Madrid, 1923ko otsailak 6, 1. or.





