Karguak eta lanbideak
Historialaria
Ibilbidea
Berrizen (Bizkaia) sortu zen, 1741eko apirilaren 29an. Izkribu-kopiatzaile lanean hasi zen hamalau urte zituela, Aulestian (Bizkaia), eta handik Urduñara joan zen. Fortuna bila joan zen Mexikora, eta han zuen osabaren okindegian aritu zen lanean. Osaba hil zen, ilobari ondasunik batere utzi gabe, eta Bizkaira itzuli zen, 1769an. Alferrik saiatu zen Burtzeñako (Bizkaia) mesedetakoen komentuan, lehenik, eta ondoren Madrilgo agustindar oinetakodunen San Felipe el Realen komentuan sartzen. Hurrengo urteetan erromes joan zen Zaragozako Pilarrera (1772), Done Jakuera (1773) eta Erromara (1775). Azkenik, historialari gisa aurkitu zuen bere bidea, hainbat udaletako artxiboak, eta partikularrak ere, ordenatzeko agindua berari eman baitzioten. Handik aurrera, lanbide horretan aritu zen, eta azkenean Bizkaiko artxibo eta liburutegi gehienak ezagutu zituen. Munitibarren (Bizkaia) hil zen, 1812an.
Haren obrari dagokionez, Mexikon zegoela idatzi zuen Lucero espiritual (1766) lana, gai mistikoen ingurukoa, ondoren berriz landuko zuena, 1774an argitaratu zuenean Manual del cristiano (1774). Donejakueko erromesaldia eta Erromarakoa bitarteko aldian argitaratu zuen lan hori. Modu erudituan bildu zuen Jaurerriaren iraganeko dokumentazio eta informazio ugari, eta Antigüedades de Vizcaya izeneko lan mardulean jaso zuen guztia. Hamabi liburukiz osatutako bilduma itzel hartatik, ordea, sei bakarrik gorde dira. Ez zen argitaratu, ezta ere, Grandezas y excelencias de la casa vyzcayna. Argitaratutako haren ikerlan bakarra izan zen Historia de Vizcaya izenekoa, Historiaren Errege Akademiaren aginduz prestatu, 1785erako amaitu, eta hurrengo urtean entregatu zuena. Hiru liburutan jaso zuen Bizkaiko Jaurerriaren historia orokorra, elizateen historia eta hiribilduen historia. Urte luzez landutako dokumentazio ugariren gainean eraiki zuen bere lana, eta kontsultatu ere egin zituen aurreko historiografiako lanak, besteak beste, Libro de la Recopilación de los Fueros antiguos de Vizcaya, Gonzalo Arredondorena, Historia General de la Gran Cantabria, Gaspar Peña Galdocharena, Relación de cómo se entienden los Nobles, Hidalgos y los Labradores públicos del Señorio de Vizcaya, Tomás Goikolearena, eta Ibarguen-Cachopínen Crónica. Fidel Fitak, lanaren hitzaurrean, adierazi zuen Iturrizaren lana zela «Historia, Geografia, Arkeologia eta Euskal hizkuntzaren meategi guztiz oparoa». Iturrizaren monografiaren bukaeran, eranskin batean, transkribatzen dira interes historiko handiko bula, pribilegio, eskritura, ebazpen nahiz eskutitz ugari. Iturrizak berak lan horren 28 kopia egin zituen, aldaera ugarirekin, baina lanak ez zuen inprentako letra ezagutu, harik eta, Manuel Azkarraga Regil editoreak argitalpen osatua prestatu zuen arte, lehenengoz Bartzelonan (1884) eta handik urtebetera Bilbon.
Obrak
Lucero espiritual, Mexiko, 1766.
Manual del cristiano, Iruña, 1774.
Antigüedades de Vizcaya, d.g. 12 liburuki (sei bakarrik gorde dira).
Grandezas y excelencias de la casa vyzcayna, d.g.
Historia General de Vizcaya, comprobada con autoridades y copias de escrituras y privilegios fehacientes…, Bartzelona: J. Subirana, 1884. Berrarg. Historia de Vizcaya : general de todo el Señorío y particular de cada una de las anteiglesias, villas, ciudad, concejos y valles, desde su fundación hasta el año 1885 escrita hasta el año 1787 por Juan Ramón de Iturriza y Zabala ; y ampliada hasta nuestros días por Manuel de Azcárraga y Régil, Bilbo: Imprenta de Cipriano Lucena y Compañía, 1885. Historia General de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones, Bilbo: Bizkaiko Diputazioa, 1938. Berrarg. Bilbo, 1967.
Bibliografia
Asarta Epenza, U., eta Iturriza Zabala, J. R., in Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/iturriza-y-zabala-juan-ramon/ar-56330/ (2018ko urriaren 30ean egindako kontsulta).
Echegaray, C., Nacimiento, Patria y Peregrinaciones de Juan Ramón de Iturriza y Memoria de los archivos y papeles ordenados por él mismo, Donostia: Altuna Inprimategia, 1920.
Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxea, 1973, 2. arg. Berrarg. handitua, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.
Monreal Zia, G., «Pensamiento político tradicional vasco en el siglo xvi», in Anuario de Historia del Derecho español, 50 (1980), 971.-1004. or.
Rodríguez Herrero, A., «Prólogo. Juan Ramón Iturriza y Zabala», in Historia General de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones, Bilbo: Bizkaiko Diputazioa, 1967.
Ruiz Añibarro, V., «Ramón de Iturriza y Zabala (Calígrafo, historiador y casi santo)», Guernica, 17 (1961).
Aipamen bibliografikoa
Intxaustegi Jauregi, N.J., “Iturriza Zabala, Juan Ramón”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 405-406.





