Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

IÑIGEZ IBARGUEN, Juan (Zornotza, Bizkaia, XVI. mendea).

Karguak eta lanbideak

 Zornotzako Merinaldeko errege-eskribau zenbakiduna

Ibilbidea

Juan Iñigez Ibarguen zornotzarrak, Laredoko Garces Fernández Cachopín doktorearen semearekin elkarlanean, Corónica General Española y Sumaria de la Cassa Vizcaína idatzi zuen, 1558 eta 1598 urte bitartean. Ezagunagoa da Crónica de Ibargüen-Cachopín izenez, bi egileen abizenak batuta. Fernández Cachopínek, beharbada, erredaktatu egingo zuen, Ibarguenek bildutako materialari forma emanez.

Lana eskuizkribu bakar batean gorde da, hutsune askorekin eta artxibo batzuetan sakabanatua. Julen Arriolabengoaren doktore-tesiaren gaia izan zen, eta hark bildu zituen material horiek, berrosatu eta transkribatu zituen eskuz idatzitako 2.000 folio, eta argitaratu zuen, hiru liburukitan, egileek berek pentsatu zuten bezala. Ahalegin horrek lanaren heren bat besterik ez du berreskuratu, bi heren galduta baitaude. Lana Juan Alonso Mujika Butroe jaunari eskaini zioten, eta hiru ataletan banatuta zegoen: lehenengoa munduaren sorreratik Augusto enperadorearen agintaldira arte; bigarrenak, berriz, Augustoren garaitik hasi eta, musulmanak etorri ondoren, Rodrigo errege bisigodoa erori bitarteko gertaerak jasotzen ditu. Hirugarrena, azkenik, Errekonkistan zentratzen da, eta Filipe II.aren erregealdira arte iristen da. Liburuaren mezua da bizkaitarrek Historian barna utzi duten arrastoa azpimarratzea; hala ere, historiografiak lanaren fantasiak eta desordena kritikatzen ditu, beharbada lana gaizki ordenatu zelako, egileak hil ondoren.

Corónica General lana xvi. mendeko historiografia kantabristaren adibide argia da, izan ere, Baskonia klasikoaren eredu zabalenaren antzeko Kantabria bat defendatzen du. Eredu bisigotikoa da hori, eta horren arabera, Ebro eta Atlantikoa bitarteko eremuan hedatu zen Kantabria, ia Zaragozaraino. Gainera, baskoi eta kantabriarren arteko parekotasunak ezartzen ditu. Eduki historikoez gain, Ibarguen-Cachopínen Kronikak askotariko materialak biltzen ditu literatura, historia, euskara nahiz etnografia aztertzeko.

Obrak

Corónica General Española y Sumaria de la Cassa Vizcaína, ca. 1558-1598.

Bibliografia

Aramburu, E. J., La lengua más antigua de Europa: el vasco en su literatura y apellidos, Buenos Aires: Biblos, 2001.

Arriolabengoa Unzueta, J., «Los textos vascos en la Crónica Ibargüen-Cachopín», in Seminario Monumenta Linguae Vasconum, Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2008.

Monreal Zia, G., «Anotaciones sobre el pensamiento político tradicional vasco en el siglo xvi», in Anuario de Historia del Derecho español, 50 (1980), 971.-1004. or.

Urquijo, J., «La Crónica de Ibargüen-Cachopín y el Canto de Lelo», in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 11 (1917), 217.-220. or.; 13 (1919), 83.-98. or., 232.-247. or., 458.-482. or.; 15 (1921), 163.-182. or., 523.-548. or.; 22 (1931), 34.-43. or.

Aipamen bibliografikoa

Intxaustegi Jauregi, N.J., “Iñíguez Ibargüen, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 383-384.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP