Karguak eta lanbideak
Jesuita, idazlea eta historialaria
Ibilbidea
Villavidantes (León) hirian jaio zen, 1703ko martxoaren 24an, Astorgako markes eta Trastamarako dukearen jauregian, haren aita, Jose Isla Pis de la Torre, markesaren administratzailea zelarik. José Francisco Isla Jesusen Konpainian sartu zen 1719an, Compostelako Donejakueren ikastetxean, eta handik Villagarcía de Campos (Valladolid) hirira joan zen. Bi urtez nobiziatua egin ondoren, Filosofia ikasi zuen Compostelako Donejakuen, eta Teologia Salamancako Unibertsitatean. Ikasketak 1727an amaituta, apaiz ordenatu zuten Salamancan. 1736an profesio solemnea egin zuen Konpainian, Compostelako Donejakuen. Predikatzaile arrakastatsua izan zen, eta irakasle hainbat hiritako ikastetxeetan, besteak beste, Medina del Campo, Segovia, Iruñea, Donostia, Valladolid, Madrid, Compostelako Donejakuen eta Pontevedran.
1758an eta 1759an krisialdi larria izan zuen haren hiru babesle nagusiek —Benedikto XIV.a aita santua, Barbara Braganzakoa erregina, eta Fernando VI.a erregea— haien babesa kendu eta jesuiten jazarpena hasi zenean Portugalen, 1758an. Galiziara joan zen 1760an, eta misio herrikoiak eta san Ignazioren ariketak egitera dedikatu zen.
Jesuitei liburuak argitaratzeko ezarritako debekuak eta ondoren, 1767an, haien ordena Espainiatik kanporatu izanak galarazi zuten aita Islaren ekoizpen literarioa. Osasunez arrunt makalduta, Pontevedratik alde egin zuen. Lehenik Korsikan erbesteratu zen, eta azkenik Estatu Pontifikaletan. Bolonian ere izan zen, Tedeschi kondearen babesa zuela, eta han eman zituen urteak ere ez ziren lasaiak izan. 1773an preso hartu zuten hango artzapezpiku Vicente Malvezziren aginduz, elkarrizketa publiko batean Islak kritikatu zuelako Juan Palafox nafarra, jesuitak haren ideien kontrakoak baitziren. Aita Isla 1781eko azaroaren 2an hil zen.
Haren lanaren ezaugarriak umorea eta satira dira, lehenengo liburua, La juventud triunfante (1727), argitaratu zuenetik. Luis Gonzaga eta Estanislao Kostkaren kanonizazioen ospakizunei eskaini zien liburua, eta haren gainetik zeudenen errietak ekarri zizkion, baina bera ez zen kikildu eta testu kritiko eta satirikoak idazten jarraitu zuen. Arrakasta handiko testuak idatzi zituen, adibidez, Historia del famoso predicador Fray Gerundio de Campazas, alias Zotes (1758), xviii mendeko predikatzaileen aurkako satira. Liburu hori Inkisizioak debekatu zuen 1760an, baina halako arrakasta zuen, bigarren partea agertu zen ezkutuan, 1768an.
Lan polemiko bat idatzi zuen 1746an, Triunfo del Amor, y de la lealtad, Día grande de Navarra. En la festiva, pronta, gloriosa Aclamación del serenissimo Catholico Rey D. Fernando II de Navarra y VI de Castilla izenburupean. Nafarroako historia eta Zuzenbidea ongi ezagutzen zituen, Iruñeko Anunciata ikastetxe-apaiztegian Teologia irakasten ari baitzen (1743). Diputazioaren aginduz idatzitako lan horretan Nafarroako erresumako hiriburuan Fernando VI.a Gaztelakoa (II.a Nafarroakoa) errege aldarrikatu zeneko ospakizunak, jaiak eta torneoak deskribatu zituen, bere begiez ikusi ez bazituen ere. Diputazioak ordainetan 295 erreal eman zizkion, eta horiez gain «dos moliendas de chocolate labrado, seis libras de tabaco de Sevilla y seis pañuelos de seda de los mejores». Hasieran oso arrakastatsua izan bazen ere, Leireko abade Malaquias Martinezek eta Ezpeleta diputatuak —Diputazioak erabakitako ordainketaren aurkakoak—, lan horren kontrako mugimendua sustatu zuten, erresumako iritzi publikoan zabalduz nafarrei irain eta iseka egiten ziela. Lana behin baino gehiagotan argitaratu zen. Presioen ondorioz, aita Isla Donostiara bidali zuten, eta han aritu zen konfesore eta predikatzaile, 1747ko uztailetik 1750eko martxora bitartean.
Iruñean egon zen aldian idatzi zuen, baita ere, Vida de San Fermín, primer obispo de Pamplona y mártir lana, 1782ra arte argitaratu ez bazen ere. Haren asmoa zen lan hori gehitzea Croisseten lanari. Gainera, hainbat sermoi ere idatzi zituen Iruñean, predikatzaile-eginkizunerako.
Gipuzkoan egondako alditik (1747ko uztaila-1750eko martxoa) aipagarria da aita Manuel Larramendirekin izan zuen harreman estua, euskararekiko interesa piztu eta gehiago ikasteko gogoa eragin baitzion. Aita Islaren lan, eskutitz eta sermoi batzuek iradokitzen dute euskara dezente ezagutzen zuela. Hala uste zuen berak ere, Caracasko Konpainia Gipuzkoarrak Cádizen zuen lantegiko langile euskaldun elebakarren konfesore izateko aurkeztu baitzuen bere burua. Islak, bestalde, Euskal Herriko ilustrazioa kritikatu zuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari «caballeritos de Azcoitia» izena jarri zion iseka eginez, eta horrek eragin zituen Peñafloridako kondeak Los aldeanos críticos (Valladolid, 1758) lanean egin zizkion kritikak.
Obrak
(izgoit. L. de Losada), La juventud triunfante representada en las fiestas, con que celebró el Colegio Real de la Compañía de Jesús de Salamanca la canonización de San Luis Gonzaga y San Stanislao de Cosca, Salamanca: Eugenio García de Honorato y San Miguel, 1727. Berrargk. Valladolid, 1746 eta Valencia, 1750.
El Héroe Español. Historia del Emperador Theodosio el Grande, sacada de la que dio a la luz en lengua francesa el Ilustrísimo Flechier, obispo de Nimes, Madrid: Alonso Balvás, 1731, 2 libk. Berrarg. Madrid, 1783.
Cartas de Juan de la Encina contra un libro que escribió Josef de Carmona, cirujano de la ciudad de Segovia, intitulado: «Método racional de curar sabañones», Madrid: Pantaleón Aznar, 1732. Berrargk. Madrid, 1758, 1784,1787, 1792, 1804; Barcelona, 1790; Palencia: Cálamo, 2009.
Triunfo del amor y de la lealtad. Día grande de Navarra En la festiva, pronta,gloriosa aclamación del sereníssimo cathólico rey D. Fernando II de Navarra y VI de Castilla. Executada en la real imperial corte de Pamplona cabeza del Reino de Navarra, Iruñea: Viuda de Martínez, 1746. Berrargk. Zaragoza, 1746; Valencia, d.g.; Madrid, 1746, 1793, 1804, 1930; Iruñea, 2003.
Compendio de la Historia de España. Escrito en francés por el R. P. Dúchense, Lyon: Frères de Cramer, 1750, 2 libk. Berrargk. Amberes, 1754, 1773, 1779, 1789, 1795; Madrid, 1758, 1759, 1764, 1767, 1772, 1773, 1775, 1779, 1782, 1786, 1792, 1799, 1827, 1830, 1834, 1851, 1860; Iruñea, 1761; Alcalá, 1785, 1795; Barcelona, 1789, 1830, 1836, 1839, 1840.
Año Christiano o Exercicios de piedad para todos los días del año. Escribiole en francés el P. Juan Croiset, Salamanca: Eugenio García de Honorato y San Miguel, 1753-1773, 12 libk.
Historia del famoso predicador Fray Gerundio de Campazas, alias Zotes, Madrid, Imprenta de D. Gabriel Ramírez, 1758. II. Tomoa, Campazas [= Bayona?], 1770. Itz. ingelesa 1772; alemana 1773 eta 1777; frantsesa, 1822.
Anatomía de la Carta pastoral que (obedeciendo al Rey) escribió el Ilmo. y Rmo. Sr. D. Joseph Xavier Rodríguez de Arellano, Arzobispo de Burgos, del Consejo de S. M., 1772 (argitaragabea).
Vida de San Fermín […], Iruñea: Joseph Longás, 1781.
Arte de encomendarse a Dios […], Madrid: Joaquín Ibarra, 1783.
Reflexiones cristianas sobre las grandes verdades de la Fe […], Madrid: Joachín Ibarra, 1785.
Sueño escrito por el P. Isla en la exaltación del Señor D. Carlos III […], Madrid: Pantaleón Aznar, 1785.
Cartas familiares del P. Isla, escritas a su hermana Doña María Francisca de Isla y Losada y a su cuñado D. Nicolás de Ayala, Madrid: Imprenta del Consejo de Indias, 1785-1794, 6 libk. Berrarg. León, 1884, 1903, 2003.
Aventuras de Gil Blas de Santillana […], Madrid: Manuel González, 1787-1788, 4 libk.
Sermones morales, Madrid: Joaquín Ibarra, 1792-1793, 6 libk.
Bibliografia
Astorjano Abajo, A., «José Francisco de Isla», in Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/13122/jose-francisco-de-isla (2018ko azaroaren 26an egindako kontsulta).
Legarda, P., «Donostiarras del siglo xviii vistos desde el púlpito del P. Isla», in Euskalerriko Adiskideen Elkarteko Aldizkaria, Riev (1955), 61.-73. or.
Martínez Fernández, J. E., eta Álvarez Méndez, N. (koordk.), El mundo del Padre Isla, León: Universidad de León, 2005.
Pérez Goyena, A., «El P. José Francisco de Isla en la literatura navarra», in Príncipe de Viana, 1 (1940), 137.-141. or.
Pérez Picón, C., «El P. Isla vascófilo. Un epistolario inédito», in Miscelánea Comillas, 22. libk., 42. zk. (1964), 183.-301. or., 23. libk., 43. zk. (1965), 342.-505. or.
Rico Aldave, H., «El padre José Francisco de Isla y la opinión pública navarra», in Huarte de San Juan. Geografía e Historia, 12 (2005), 179.-214. or.
Sebold, R. P., J. F. de Isla, Jesuit satirist of pulpiteers in eighteenth-century Spain, Princeton: University, 1953.
Zenbaiten Artean, El Padre Isla. Su vida, su obra, su tiempo, León: CSIC; Diputación Provincial, 1983.
Aipamen bibliografikoa
Roco, Aldave, R., “Isla Rojo, Jose Francisco”, Jimeno Aranguren, R. (dir), Notitia Vasconiae. Diccionario de historiadores, juristas y pensadores políticos de vasconia, T. I, Marcial Pons, Madrid, 2019, pp.





