Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

IRIZAR MOYA, Joaquin de (Bergara, Gipuzkoa, 1793ko martxoaren 23a – Bergara, 1879).

Karguak eta lanbideak

Militarra, idazlea, filologoa eta historialaria

Ibilbidea

Jose Manuel de Irizar Zabalaren eta Marina Margarita de Moya Jauregui Oruesagastiren semea izan zen eta honako izen honekin bataiatu zuten: Joaquin Miguel Felix Martin de Agirre de Irizar Moya. Aitaren eta amaren aldeko familiak onibar-jabe handiki eta dirudunak ziren. Irizartarrak, jatorriz, Gabiriakoak ziren, baina XVII. mendearen bukaeratik, Bergaran sustraituak zeuden. 1827an, Casilda de Ubillos jabe aberatsarekin ezkondu zen, eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Haietako bat, Pedro, legegizon ezaguna izan zen, eta karlismoaren eta liberalismo-foruzalearen artean ibilitako politika- ria ere bai.

Bere klase-kide asko bezala, militar izatea aukeratu eta artilleriako teniente koronela izan zen. 1813tik 1827ra, Mallorcan zerbitzua egin eta Segoviako Artilleriako Errege Ikastetxean (Akademia Militarra) aritu zen irakasle. Gazterik erretiratu zen, ordea, 34 urte zituela. Orduan, Bergarara itzuli eta ibilbide politiko oso laburra hasi zuen. Zehazki, 1827an bertan, Bergarako alkatea eta Gipuzkoako ahaldun nagusia izan zen. Bergarako handikietako bat izanik, haren jauretxean hainbat gertakari garrantzitsu egin ziren. Batetik, etxe hura pertsona ospetsuentzako ostatua izan zen Bergara bisitatu zutenean; haien artean daude Fernando VII.a eta Maria Teresa Amalia (1828an), Karlos Maria Borboi eta Maria Teresa de Braganza, Montemolingo Kondea, baina baita Espartero jenerala ere. Jauretxean bertan, gainera, gerra zibilari amaiera eman zion Bergarako Hitzarmena sinatu zen, 1839an. Irizarren pentsamolde kontserbadore eta tradizionalistaren erakusgarri, De l’eusquere et de ses erdères.  liburua Zumalakarregiri eskaini zion eta, aipatzekoa da, gai-nera, zer izengoiti aukeratu zuen, hots, «le Vieux de Vergara», hau da, granadako gerran borrokan aritutako arbaso bati zegokiona. Dena den, beti saiatu zen nola-halako independentzia politikoa agertzen, inon ere zehazki lerrokatu gabe. 1833an Karlistaldia piztu zenean, Bergarako bizimodua korapilatu zitzaion, Frantziara bizitzera joan eta euskara-katedra bat eskuratu zuen Parisen. Han, «euskarari eta haren hizkuntza eratorriei» buruzko lanik interesgarriena ondu zuen.

Julio Urkijok, agian adeitsuki, «desconcertante» iritzi zion Irizarren obrari. Irizarrek bere buruaz esaten zuen Antiquaire bat zela, hau da, antzinako gauzak aztertu zalea, hala nola euskara eta, alde horretatik, filolo- gotzat eta historialaritzat jo genezake. Obraren helburua, ordea, ez zen, ez linguistikoa, ez historiografikoa, erlijioa defenditzea eta gorestea baizik. Haren metodoa, beraz, oso urrun dago irizpide zientifikoetatik. Juan Valerak erabat gaitzetsi zuen haren obra, honelako esaldien bidez: «Hipotesi horiek eta beste batzuek denbora-pasa gisa eta izpiritu zuzenei iseka egiteko baizik ez dute balio. ». Irizarrek, funtsean, esaten zuen euskara Adamek eta Ebak Paradisuan hitz egindako hizkuntza izan zela eta, horren- bestez, munduko hizkuntzarik zaharrenetakoa zela hebreerarekin batera. Halaber, hizkuntza zahar horien bidez, gainerakoak ondoriozta zitezkeela etimologikoki. Baina, bestalde, izugarri ezkorra zen euskararen geroari zegokionez eta berehala hilko zela iragarri zuen. Hori ikusirik, euskara galdu baino lehen, hura aztertu, ohoratu eta monumentu bat eraiki behar zitzaion. Bukatzeko, honatx bi gogoeta Irizarren gainerako lanen inguruan: batetik, izenburuek berek aski kalifikatzen dutela euskara eta, bestetik, hizkuntzalaritzatik urruneko gaiak jorratuta ere (Pasaiako portua, adibidez), Irizarrek beti sartzen zituen euskarari eskainitako atal luzeak, azken buruan euskara baitzen haren zaletasuna, bai eta gainerako guztiaren azalpena ere.

Obrak

De l’eusquere et de ses erdères, ou de la langue basque et de ses dérivées; par Yrizar y Moya, lieutenant d’artillerie licencié, ex-professeur dudit corpe a Ségovie, Paris: Librairie de Poussielgue-Rusand, 1841-1846, 5 libk.

Etudes d’un Antiquaire pour la défense de Dieu, de la Religion et du Pape, par Joaquin de Irizar, Paris: Victor Palmé, 1862-1866, 4 libk.

Memoria sobre lo absurdo del Sistema Métrico Decimal, Donostia: Ignacio Ramón Baro- jaren Inprimategia, 1869-1870, 2 libk.

Exámen del discurso que el Sr. D. Juan Valera leyó en la Academia española el día 28 de noviembre de 1869 con motivo de la recepción pública del Sr. D. Francisco de Paula Canalejas, Madril: A. Gómez Fuentenebroren Inprimategia, 1871.

Sobre el matrimonio civil. A las Cortes y a los mil otros que harán bien en leerme: Odium Christi, por Joaquín de Irízar, Madril: [i.g.], 1871.

Del puerto de Pasajes y de sus obras, Madril: A. Gómez Fuentenebroren Inprimategia, 1872.

Bibliografia

GARRIGA, G., «Joaquín Irizar y Moya ou le vieux de Vergara», Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos, 3 (1952), 105-113. orr.

MADARIAGA ORBEA, J., Anthology of Apologists and Detractors of the Basque Language, Reno: University of Nevada, 2006, 563-570. orr. [gaztelaniazko Edizioa, 2008, 544-549. orr.].

URQUIJO, J., «Sobre algunos escritos de D. Joaquín de Irízar y Moya», Revista Interna- cional de los Estudios Vascos, 13 (1922), 99-101. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP