Ibilbidea
Ibn al-Faraḍī goitizenak (šuhra) «herentzia-banatzailearen semea» esan nahi du eta Muḥammad bere aitari zor dio (Kordoban jaioa eta Toledon hila, 365/976).
Familia jatorriz Écijakoa zen; jatorri hispaniarrekoa agian, eta haren nisba (al-Azdī) aipatzeak klientelismo-harreman bat izan lezake oinarri. Egile honen biografia-datuak bere hiru dizipuluri zor zaizkio: Ibn ‘Abd al-Barr, Ibn Ḥayyān eta Ibn Ḥazm dizipuluei, hain zuzen. Lana al-Ḥumaydī-ri eskaini zion, eta Ibn Baškuwāl-ek eman zion jarraipena. Bere bizitzari buruzko beste zenbait datu, berriz, berak idatzitako Al Andaluseko ulemenen historia obratik beretik heldu dira.
Aritmetika-zaletasuna aitarengandik jaso zuen, bai eta lehen prestakuntza ere. Hamabost urte zituela, Yaḥyà b. Yaḥà al-Layṯī-ren ondorengo bat hasi zitzaion hainbat arlo irakasten, bai eta Mālik b. Anas juristaren Muwaṭṭa’ lanari buruzko errezitazioak eta ikasgaiak azaltzen ere. Toledoko hainbat maisuren irakaspenak ere jaso zituen, hil zenean hiri hartan baitzegoen.
363./973.-974. urtean, Sidonian egon zen, eta urte hartan bertan, Écijara joan eta Abū l-Qāsim A̮ṣbag b. Qāsim b. A̮ṣbag ezagutu zuen. Une hartatik aurrera, eta behin Kordobara itzulitakoan, arabiera ikasi zuen hainbat maisu eta gramatikarirekin. 369./979.-980. urtetik aitzina, halaber, historia-arloko irakaspenak jasotzen hasi zen. 372./982.-983. urtean, Sevillan zegoen, eta beste maisu batzuengandik ere irakaspenak jaso zituen. Orduz geroztik, maiz joan zen Kordobara eta Elvirara, bidaiak bere prestakuntzarako aprobetxatuta. 382./992.-993. urtean, Ekialdera joateko bideari lotu zitzaion, Pechina-Almeríatik abiatuta, erromesaldia egiteko eta ikasketak sakontzeko, bai Cairouango (Tunisia) maisuekin Ipar Afrikan, bai Ekialdeko maisuekin; Kairon, Mekan eta Medinan, batez ere. Bidaian, Kordobako beste bi jakintsurekin topatu zen. 383./993.-994. urtean, berriro Kordoban zegoen, eta irakaskuntzan aritzeaz gain, bere lanak idatzi zituen.
Pechina-Almeríako eskualdean bizi izan zenean, marmolezko hilarri landuetako datuak aritu zen jasotzen, ulemen izenak bere lanetarako bilduta.
Ta’rīj ‘ulamā’ al-Andalus edo Al Andaluseko ulemenen historia errepertorio biografiko bat da, hamar zatitan (aŷzā’) banatuta. Erlijio-zientzietako gizon jakintsuen biografiak idatzi zituen, guztiak ere Al Andaluseko historiaren hiru lehen mendeetakoak. Aurretik, sarrera labur bat idazteaz gain, emir omeiatarren aipamena egin zuen, ‘Abd al-Raḥmān I.etik Hišām II. a kalifaren agintaldira bitarte. 1.650 biografia, guztira. Biografien ondotik, eskema labur batean, argibidea ematen da haietako bakoitzaren jatorriaz, bizilekuaz, ikasketez eta maisuez, eta era berean, esaten da Ekialdera bidaiatu ote zuten eta zein maisu topatu zituzten; halaber, zer ikasketa-arlo eta -espezializazio egiteaz gain, zer kargu bete zituzten. Zerrenda hurrenkera alfabetikoan antolatuta dago, haietako bakoitzaren ism edo izen bereziari dagokionez. Atal bat eskainia die errepikatzen ez diren izenei, eta beste bat, berriz, Ekialdetik Al Andalusera etorritako atzerritarrei. Izen berezien berri ez duenean, kunya elementuaren arabera aipatzen ditu. Iturri baliotsua da Al Andaluseko historiaren lehen mendeetako bizitza intelektuala ezagutzeko; hortaz, lanari bere balioa aitortu zaio. Horren haritik, nabarmentzekoa da Hanas b. ‘Abd Allāh (100./718.-719. urtean hila) eta Alī b. Rabag (117./735.-736. urtean hila) aipatu zituela, biak ere Manbaluna (sic) edo Iruñeko ituneko sinatzaileak izan baitziren lekuko gisa.
Lanari Ibn Baškuwalek (Kordoba, 494/1101 – Kordoba, 578/1183) eman zion jarraipena, Kitāb al-Ṣila fī ta’rīj a’immat al-Andalus izenburuarekin, hau da, Al Andaluseko imanen historiari buruzko jarraipena. Eta azken horri, berriz, Abū ‘Abd Allāh Ibn al-Abbār (Valentzia, 595/1199 – Tunisia, 658/1260) valentziarrak eman zion segida al-Takmila li-kitāb al-Ṣila izenburuko lanean, hau da, Jarraipenaren Liburuaren osagarria. Aldi berean, AbūŶa’far Ibn al-Zubayr (Jaén 627 edo 628/1230-1231 – Granada, 708/1310) jaendarrak egin zuen lanaren jarraipena, Ṣilat al-̮ṣila obraren bidez, hau da, Jarraipenaren jarraipena.
Obrak
Kitāb fī Ajbā šu’arā’ al-Andalus edo Al Andaluseko poeten albiste historikoen gaineko liburua.
Kitāb al-lqāb edo Goitizenen Liburua.
Ta’rīj ‘ulamā’ al-Andalus edo Al Andaluseko ulemen Historia.
Bibliografia
Lirola Delgado, J., «Ibn al-Faraḍī, Abū l-Walīd», Lirola Delgado, J., eta Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.), Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl, 2012, 3. libk., 95.-111. or.
Pérez de Laborda, A., Guía para la Historia del País vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas e índices, Donostia: Txertoa, 1996, 383. or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “Ibn al-Faradi”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 174-175.





