Karguak eta lanbideak
Geografoa eta bidaiaria
Ibilbidea
Ibn Ḥawqal Bagdadetik abiatu zen, 331. urteko ramaḍān hilaren 7an (943ko maiatzaren 18a) ziur aski, hainbat tokitara joateko eta, ibilian, Magreb (al-Mahdīya, 336./947.-948. urtean), Al Andalus, Sizilia, Egipto, Mesopotamia eta Pertsia zeharkatu zituen, Transoxiana eskualderaino. 340./951.-952. urtean, Afrikako Iparraldera itzuli zen; Siylmasara, zehazki. Ekialdean, lehenik, Armenia eta Azerbaijan gurutzatu zituen, 344./955.-956. urte inguruan; eta ondoren, Mesopotamia eta Pertsia, Transoxianaraino, 358./968.-969. inguruan. Sizilian, 362./973. urte aldean ibili zen, horixe izaki egilearen berri dugun azken tokia. Kaḥḥāla historialariaren arabera, Ibn Ḥawqal 367./977. urtean hil zen. Beste egile batzuen arabera, ordea, geroago zendu zen, haren liburua 356./988. urtean argitaratu zela kontuan hartuta.
Harat-honat bidaiatzen zebilela, merkataritzan jardun zuen eta, hain zuzen ere, Ibn Ḥawqalen deskribapenetan zehatz ageri dira bere ibilbidean bisitatutako herrialdeetako kontu ekonomikoak, Al Andalusekoak ere bai. Egile batzuen arabera, espioi-lanak egin zituen fatimatarren zerbitzuan, eta Administrazio barneko praktika txarrak salatu eta nabarmendu zituen, bai omeiatarrenak Al Andalusen, bai kalbitarrenak Sizilian, bai fatimatarrenak Egipton.
ʿAbd al-Raḥmān III.aren agintaldian iritsi zen Al Andalusera; 337./948. urteko udan, zehazki. Almeria hiritik (han lehorreratu baitzen, ziur aski), Kordoba hirira jo, eta Al Andaluseko erdigunea eta ekialdea zeharkatu zituen. Ibn Ḥawqalek era zehaztugabean deskribatu zuen Al Andalus; hirien kokapen zehatzari dagokionez, behintzat. Xehetasun gehiago eman zituen kostaldeko eskualdeez, eta datu lausoagoak, berriz, barrualdeko lurraldeez. Hala eta guztiz ere, herri baskoiak espresuki aipatu zituen —Galiziako kristau deritze—. Baskoiak, zehazki, Ghalidjashkash herrialdeko muga gisa ageri dira, Ebro ibaiaren eskuinaldeko ertzean, itsasoraino iristen direla. Roma deritzon lurraldeaz idaztean, berriz ere aipatzen du baskoiak herri mugakidea zirela. Roma lurralde hartan rumiak edo kristauak bizi ziren, eta Ebro ibaiaren ezkerraldeko ertzean kokatuta zegoen, Frantziaren eta rumiekiko muga-lerroaren artean, hain zuzen ere.
Ibn Ḥawqalek, bestalde, al-Balṭī eskolako al-I̮ṣṭajrī geografo garaikidea ezagutu zuen eta, harengandik, ederki ulertu zuen garrantzi handikoa zela jakintza-gune hari ekarpenak egitea. Horrela, Ibn Ḥawqalek bere ekarpenak egin zituen, egiazki. Izan ere, mundu islamikoaz ondutako mapak eta deskribapenak dira aipatzekoak, bai eta haren iruzkinak ere; horiek orok egiten dute bereizgarri gure egilearen obra, al-I̮ṣṭajrī geografoaren lanen aldean.
Obrak
Ibn Ḥawqal’s kitāb sūrat al-ʿarḍ. Opus geographicum. Abu al-Kasim Ibn Haukal al-Nasibi. Kramers, J. H. (arg.), Leiden: Brill, 2014. 2. argit.
Kītābṣūrat al-arḍli-Ibn Ḥawqal Abī al-Qāsim ibn Ḥawqal al-Na̮ṣībī, Bayrūt: Maktabaẗ al-Ḥayāẗ [¿1979 ?].
Configuración del mundo: fragmentos alusivos al Magreb y España. Ibn Hawkal, Romani Suay, M.ª J. (itzulpenak eta aurkibideak), Valencia: [s. n.], 1971.
Ibn Hawqal, Configuration de la terre (Kitab surat al-ard). Kramers, J. H., eta Wiet, G. (sarrera, itzulpena eta aurkibideak), Paris: Maisonneuve-Larose, Collection Unesco d’oeuvres representatives, 1964, 2. libk.
Kitāb al-Masālik wa-l-mamālik edo Kitāb Ṣurāt al-arḍ, de Goeje (arg.), Leiden, 1873.
Bibliografia
Consejo de Redacción, «Ibn Ḥawqal», Lirola Delgado, J., eta Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.), Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl, 2006, 3. libk., 320.-321. or.
Marín, M., Al-Andalus y los andalusíes, Barcelona: Cidob edicions; Icaria editorial, 2000, 85.-86. or.
Miquel, A., «Ibn Ḥawqāl», The Encyclopaedia of Islam, 2, III. t., Leiden; London: E. J. Brill-Luzac & CO, 1986, 786.-788. or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “Ibn Hawqal”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 167-169.





