Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

IBAÑEZ RENTERIA, Jose Agustin (Bilbo, 1751 – Lekeitio, Bizkaia, 1826).

Karguak eta lanbideak

Historialaria eta politikoa

Ibilbidea

Bilbon jaio zen, 1751ko abuztuaren 29an. Gurasoak Jose Vicente Ibañez Renteria eta Maria Josefa Ordeñana zituen, nobleziako jatorriko familia, maiorazko eta errenta handien jabe zena. 1775ean Maria Ventura Uribarrirekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten.

Egoera ekonomiko onekoa izanik, hainbat enpresa politiko, beliko nahiz intelektualetan jardun zuen, eta ohikoa ez zen bizimodua eraman zuen.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea izan zen 1774tik.

Politikan jardun zuenean, liberalismo ilustratutik absolutismorako bidea egin zuen. Lekeitioko alkate izan zen 1775ean eta 1811n, bigarren alkate 1781ean, Udal Kontseiluko kide 1810ean, hiribildu horretako errejidore 1816an eta 1819an, eta azken urte horretan herritarren ordezkaria ere izan zen. Udalaren kudeaketan aritu zen denboran, Bilbon ere beste kargu batzuk hartu zituen: herritarren diputatua 1786an eta 1788an, Urduñako bideko ordezkaria 1787an, eta hiribildu hartako errejidorea 1792an. Udal politikatik Jaurerriko politikara jauzi eginez, oinaztarren diputatua izan zen, 1796-1798, 1802-1804 eta 1804-1806 biurtekoetan, eta diputatu ganboatarra 1798-1800 biurtekoan. 1808ko apirilaren 15ean, beste agintari bizkaitar batzuekin batera, Fernando VII.arekin elkartu zen, hark erresumatik alde egin zuenean. Lekeition hil zen, 1826ko maiatzaren 31n.

Euskalerriko Adiskideen Elkartean eman zituen hitzaldiak argitaratu egin zituen. Haietatik, azpimarragarria da Reflexiones sobre las formas de gobierno (1790) izenburukoa, haren pentsamendu politikoaren sintesi ilustratua dena. Bere egin zuen, lan hartan, botereen banaketari buruzko Montesquieuren teoria, eta beste frantses ilustratu askoren filosofia ezagutzen zuela erakutsi zuen. Sorkuntza literarioan ere aritu zen, eta bi liburukitan argitaratu zituen berak idatzitako Fábulas (1789an eta 1797an) lanak. Historialari-lana ere egin zuen, Jaurerriak agindu baitzion manifestu historiko bat egiteko, erakunde horrek Konbentzioko gerran hartu zuen jarrerari buruz. Azkenean, manifestu hori baino, bere memoria pertsonalak idatzi zituen, Memorial histórico (1798) izenburupean kontatuz bere parte-hartzea 1793-1795eko Konbentzio frantsesaren aurka. 1816ko Batzar Nagusietan izendatu zuten Bizkaiko Jaurerriko ohorezko historialari.

Obrak

La proclamación: romance heroico con motivo de la nuestro augusto monarca Don Carlos Quarto, que Dios guarde, que se ha de celebrar en esta noble villa de Bilbao el día 5 de octubre de 1789 lo escribió Don Joseph Agustin Ibañez de la Renteria, Bilbo: Imprenta de la Viuda de Egusquiza, 1789.

Fábulas en verso castellano por Agustín Ibáñez de la Rentería, Madrid: Imprenta de Aznar, 1789 eta 1797, 2 libk.

Discurso que Don Joseph Agustín Ibáñez presentó a la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País en sus Juntas generales de los años de 1780, 81 y 83, Madrid: Pantaleón Aznar, 1790.

Bibliografia

Fernández Sebastián, J. (arg.), La Ilustración política. Las «Reflexiones sobre las formas de gobierno» de José A. Ibáñez de la Rentería y otros discursos conexos (1767-1790), Bilbo: EHU, 1994.

Guezala, L., Las instituciones de Bizkaia a finales del Antiguo Régimen, 1793-1814, Bilbo: Bilbao-Bizkaia Kutxa, 1992.

Prado, A., «José Agustín Ibáñez de la Rentería», in Bilbaopedia. Online edizioa: http://www.bilbaopedia.info/ibanez-renteria (2018ko urriaren 28an egindako kontsulta).

Ribechini, C., Don José Agustín Ibañez de la Rentería: un «ilustrado» en la historia de Vizcaya, su medio y entorno familiar, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1993.

— La Ilustración en Vizcaya. El «lequeitiano» Ibáez de la Rentería, Donostia: Txertoa, 1993.

Aipamen bibliografikoa

Intxaustegi Jauregi, N.J., “Ibáñez de la Rentería, José Agustín”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 403-504.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP