Karguak eta lanbideak
Apaiza, artzapezpikua eta autore katolikoa
Ibilbidea
Richard Howleyren eta Eiza Burkeren semea izan zen, Ternuako familia ospetsu batekoa. Aita, izan ere, Irlandatik emigratu zuen XIX. mende hasieran, eta merkatari eta funtzionario arrakastatsu bilakatu. St. John’s-eko Akademia Katoliko Erromatarrean egin zituen ikasketak. Gero, Artzapezpikuen Ikastetxe Katolikotik pasa zen eta, geroago, 1858an, San Buenaventura Ikastetxetik. 1863an, Erromako Propagandako Hiri Kongregazio Sakratuaren Hiri Kolegioan hasi zituen apaiz-ikasketak.
1868ko ekainaren 6an, apaiz ordenatu zen Erromako Laterango San Joan elizan, eta lehendabiziko Vatikano Kontzilioan parte hartu zuen. Kontzilio horren aurreko gertaerek eta gertaerak berak eragin handia izan zuten harengan, eta kontserbadorismo existentzialera lerratu zen.
Ternuara itzuli zen, parroko izendatu zuten (1876) eta, geroago, St George’seko administratzailearen laguntzaile. Hark eskatu zion erretiratzen zenean berak ordezkatzeko, eta hala egin zuen 1886an. Ternua mendebaldeko kostaldearen zirkunstantziak kontuan hartuz, Howleyk autonomia handia izan zuen, ingurunea azpigaratuta baitzegoen, gaizki komunikatuta, ez zen oso jendetsua eta Erromatik zein St. John’s herritik urrun zegoen, baina urte gogorrak izan zituen arlo profesionalean zein fisikoan, bizi-baldintzengatik. Hala ere, bere ahaleginari eta eskualdean egindako bidaiei esker, inguruko bizitza sozialean, ekonomikoan, espiritualean eta politikoan sartu zen, bai figura publiko gisa, bai apaiz gisa ere; izan ere, alde batetik, komentuak eta elizak eraiki zituen eta haurren eskolatzea hobetu zuen eta, bestetik, aktiboki parte hartu zuen tokiko politikan, bereziki Utrechteko Itunetik (1713) frantsesei eman zitzaizkien arrantza-eskubideen inguruan.
1892an, St George’s bikariotza apostoliko bilakatu zen, eta Michel Howley Amastrisko bikario apostoliko eta apezpiku hautatu zuten. Hartara, Ternuan jaio zirenetan lehendabiziko bihurtu zen apezpikutzara heltzen. 1894an, St. John’sera itzuli zen, eta egoitza horretako apezpiku bihurtu; 1904an, berriz, Ternua eliza-probintzia bihurtzea lortu zuen, eta St John’s artxidiozesi. Holwey bera izan zuen lehen artzapezpiku.
Howleyk, haatik, bere ahalegina ez zuen gai espiritualetara soilik bideratu. Koloniaren bizitza ekonomiko eta politikoarekin kezkatuta, hainbat ekintza aipagarrirengatik gogoratzen da, hala nola trenbideen handiki batek tokiko ekonomia kontrolatzearen aurka borrokatzea edo bankuei boikot kanpainak egitea. Laburbilduz, haren eragin izugarria erabili zuen, prentsan idatziz eta eztabaida publikoetan parte hartuz, zerbitzatzen zituen pertsonen bizitzaren alderdi guztien gainean erantzukizuna zuelakoan. Ultrakontserbadore gisa, ordena sozial berriak munduan duen eraginari aurre egin zion, langile-mugimenduaren borroka mehatxutzat hartuz.
Ternuaren abertzale sutsua zen, eta St John’sen armarria diseinatu zuen. St John’sen ereserki nazional bat aukeratzeko lehiaketan lagundu zuen, eta lurralde hari buruzko artikulu asko idatzi zituen. Hala ere, ez zuen zalantzarik izan Ternua Kanadarekin elkartzea eskatzeko, adieraziz harreman eta lotura ekonomiko, etniko eta sozialak zituztela.
Haren funtsezko lana Ecclesiastical history of Newfoundland da (1888). Benetan, ordea, uhartearen historia bat da, europarrekin izan lehen kontaktuetatik 1850era artekoa. Beste idazki batzuetan, John Caboten eta Jacques Cartieren bidaiak landu zituen, lehendabizikoa 1497an ustez lurralde horietara iritsi zen lehen bidaiaria. Aztertu zituen, gainera, Vinlandeko bikingoen finkapena edo tokiko toponimia. Bizi zen artean, hainbat elkarte zientifikok omendu zuten, eta nabarmentzekoa 1902an Royal Society of Canada elkarteko kide hautatu zutela.
Baskoniari gainean, anekdotikoa da haren obra, bakarrik bigarren maila batean izan baitzuen kezka intelektuala harekin. Gaiaren inguruan, haren obra nabarmenena Las antiguas tumbas vascas en Placencia da; herri hori lehengo Ternuako hiriburu frantsesa zen. Bertan, eliza anglikano zaharrean, XVI eta XVIII. mendeetako hilarri batzuk identifikatu zituen. Agerian uzten zuten euskaldunak eta frantsesak aspaldi finkatu zirela bertan (segur aski Ipar Euskal Herrikoak, beharbada Sarakoak, hilarrietako batean agertzen baita). Hilarriak marraztu eta horien epitafioak bildu zituen bere Ternuako Elizaren historia (Ecclesiastical history of Newfoundland) idazlanean. Hala ere, geroago, 1902an, artikulu berrikusi bat idatzi zuen, espresuki haien gainean. Bost piezak jarri zioten hizpidea: hiru euskaraz eta beste bi frantsesez. Garrantzia dokumentu historikoa diren neurrian datorkie; izan ere, hartara, oso partzialki bada ere, Ternuako uretako XVII. mendeko euskal arrantzaleen jarduera berreraiki daiteke; bat 1676an hil zen, 1713an Utrechteko Itunaren ondorioz, euskaldunek zein frantsesek lurralde horiek nahitaez abandonatu baino hogeita hamasei urte lehenago.
Obrak
Ecclesiastical history of Newfoundland, Boston: Doyle and Whittle, 1888. 1888tik 2018ra, 43 edizio argitaratuta, London: Macmillan, 1895; Boston: Doyle and Whittle, 1900, 1969 eta 1980; Belleville, Ontario: Mika Pub. Co., 1979; St. John’s: Terra Nova Publishing, 2005 [s. l.]: Nabu Press, 2011 [s.l.]: Hardpress Publishing, 2010. [s.l.]: Book On Demand Ltd., 2013; Norderstedt Hansebooks GmbH, 2016; Boston: Doyle and Whittle, 2018.
Cabot’s Voyages, [s.l.]: [s.n.], 1891 eta 1897. Belleville, Ont.: Mika Pub. Co., 1979.
Vinland vindicated, Ottawa: J. Hope & Sons, 1898, 1987 eta 2018; Toronto: Copp. Clark, 1898, 1987 eta 2018.
«The Old Basque tombstones of Placentia», Royal Society of Canada, Proceedings and Transactions of Canada. 1882, VIII, 2nd ser. sec 2 (1902), 73-113. or. Ottawa: J. Hope & Sons, 1902 [s.l.]: Nabu Press, 2012.
«Les Anciennes Tombes Basques à Placentia», RIEV, II, 5 (1902), 734-748. or.
Latest lights on the Cabot controversy, Ottawa: J. Hope & Sons, 1903 [s.l.]: Nabu Press, 2012.
Bibliografia
CARROLL, D., To His Grace the Most Rev. M. F. Howley, first Archbishop of Newfoundland, St. John’s, Newfoundland: J. J. Evans, 1904.
CROSBIE, B. A., «Howley, Michael Francis», Dictionary of Canadian Biography, 14. libk. (1911-1920). University of Toronto/Université Laval, 2003. Online arg. ere bai: Dictionary of Canadian Biography – Wikipedia.
Hierarchia Catholica, 8. libk., 93 eta 322. or. Online arg.: Archbishop Michael Francis Howley (Catholic-Hierarchy) (catholic-hierarchy.org).





