Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO BESTE EGILE BATZUK

HOBBES, Thomas (Westport, Ingalaterra, 1588 – Derbyshire, Ingalaterra, 1679).

Karguak eta lanbideak

Filosofo politikoa

Ibilbidea

Thomas Hobbes historian gehien eragin duten filosofoetako bat izan zen. Estatuari buruzko teoria politiko bat adierazi zuen Leviathan lanean (Londres, 1651), eta, hor, estatu modernoaren oinarriak garatu zituen, polis aristotelikoaren teoria klasikoaren kritika eginez. Hobbesen ideiek eragin handia izan zuten absolutismoari eta gizarte-kontratuari buruzko ideiak gauzatzeko. Leviathan Ingalaterran argitaratu zen, erreforma protestantearen sorlekuetako batean, alegia, erlijio-gerren gatazkak oraindik konpontzeke zeuden historiako une batean. Hori dela-eta, Hobbesek erreforma protestanteari eta Erromarekiko harremanari buruz teorizatu zuen.

Ingeles filosofoak Nafarroako errege-erregina tronugabetuei buruzko aipamen bat idatzi zuen Leviathan lanaren 42. kapituluan: «Aita santuak (horretarako eskubidea duela onartuz gero) printzeak eta estatuak kendu ahal izango ditu, arimen salbaziorako den guztietan; hau da, berak nahi duen guztietan, epaitzeko boterea beretzat eta beretzat bakarrik aldarrikatzen baitu, gizakumeen arimen salbaziorako izan ala ez. […] Izan ere, Laterango laugarren Kontzilioak, Inozentzio III.a aita santua buru zela bildu zenak, kanon hauxe du De Haereticiseko hirugarren kapituluan: Erregeren batek, Aita Santuak ohartarazi ondoren, bere erresuma heretikorik gabe garbi uzten ez badu, eta, horregatik eskumikatua bada, urtebeteko epean agindutakoa betetzen ez badu, haren menekoak hari obeditzetik aske geratuko dira. Eta hainbat alditan ikusi da arau hori praktikan jartzen; esate baterako, Txilperiko Frantziako erregea kendu zutenean, Erromatar Inperioa Karlomagnori transferitu zitzaionean, Ingalaterrako Joan erregearen zapalkuntzaren garaian, Nafarroako erreinuaren transferentzian, eta, oraintsuko aldian, Frantziako Henrike III.aren kontrako Ligan, eta beste kasu askotan».

Nafarroaren konkistari buruzko erreferentzia laburra da, eta, hor, aita santuak heresiaz akusatu eta eskumikuz zigortutako errege-erreginen adibide moduan ageri da konkista. Testuan aipatzen ez bada ere, Joan eta Katalina Albret errege-erreginen eskumikuaz ari da. Julio II.a aita santuak eskumikatu zituen 1512an, bulden bidez (Pastor ille caelestis eta Exigit contumacium), Frantziako errege zismatiko Luis XII.a babesteaz akusatuta. Bulda horiek baliatu zituen Fernando Katolikoak Nafarroaren konkista justifikatzeko.

Obrak

Leviathan, or The Matter, Forme and Power of a Common-Wealth Ecclesiasticall and Civil, London: Andrew Crookerentzat inprimatua, 1651 (latinezko argitaraldia 1668an).

Gaztelaniazko itzulpena: Sánchez Sarto, M. (itz.), Hobbes, T.: Leviatán o la materia, forma y poder de una república eclesiástica y civil, [Barcelona]: Universidad de Puerto Rico, 1968, 4. argit.

Bibliografia

García Pérez, R. D.: Antes leyes que reyes. Cultura jurídica y constitución política en la Edad Moderna (Navarra, 1512-1808), Milán: Giuffrè, 2008.

Monreal Zia, G.; Jimeno Aranguren, R.: Textos histórico-jurídicos navarros. II. Historia moderna, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011.

«Thomas Hobbes» in Encyclopædia Britannica, Inc. Online: https://www.britannica.com/biography/Thomas-Hobbes/Political-philosophy (2018ko urriaren 10ean egindako kontsulta).

Aipamen bibliografikoa

Álvarez Berastegi, A., “Hobbes, Thomas”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 740-741.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP