Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

GOROSABEL DOMINGUEZ, Pablo de (Tolosa, 1803ko urtarrilaren 16a – Donostia, 1868ko urtarrilaren 23a).

Karguak eta lanbideak

 Jurista, Errege Kontseiluetako abokatua, politikaria eta historialaria

Ibilbidea

Jose Joaquin de Gorosabel legazpiarraren eta Maria Isidra Dominguez madrildarraren seme bakarra izan zen. 1841ean, Manuela de Irarretarekin ezkondu zen. Irakaskuntzan, zuzenbidean eta udal kargu publikoetan ziharduen familia noble batean sortu zen, eta horrek Pabloren bizitza soziala, ondarea eta lanbidea baldintzatu zituen. Izan ere, aitaren aldeko aitonaren ekimenez, familiak bere kaparetasuna frogatu zuen auzibidean Legazpin, 1759an. Aita Tolosan kokatu zen, bai abokatutzan, bai Batzar Nagusietarako aholkulari- tzan aritzeko, eta Pablok familiaren tradizioari eutsi zion, baina are anbiziotsuago eta sakonago, bere sormena Espainiako Zuzenbide Zibilaren inguruan garatuta eta Historian begiak pausatuta.

1817tik 1825era, Zuzenbide ikasketak egin zituen Oñatiko Unibertsitatean, 1824an Batxilergoan graduatuta. Legearekin bat, lau urtez aritu zen praktika juridikoetan bai aitaren bulegoan, bai Madrilgo beste batean, eta horrek Errege Kontseiluetako abokatu-titulu profesionala eskuratzeko aukera eman zion 1828an. Legeetan lizentziatua tratamendua zegokion.

Ikuspuntu profesionaletik, bizitza osoa aritu zen lanean bere jaioterrian, Tolosan, bai abokatu, bai udaletarako aholkulari. Bitarte baterako korrejidore ere aritu zen 1835., 1840. eta 1841. urteetan. 1841ean, ordea, lehen auzialdiko epaitegiak ezarri zirela eta, hainbat eskaera egin zituen 1848an, 1851n eta 1853an, Erresumako Entzutegietako batean lanpostu togadun bat lortzeko. Baina ez zuen horrelakorik erdietsi eta, horren ondorioz, ez zuen karrera judizialik garatzerik izan, Gorosabelek benetan horixe nahi bazuen ere.

Haren jarduera politikoa Gipuzkoan ere garatu zen. Udal karguak bete zituen erregulartasunez Tolosan bere bizitza aktiboaren urterik gehienetan. Horrela, alkate izan zen (alkate zelarik, Oria ibia bideratzeko aukerak aztertu zituen, nabigagarria izan zedin, eta Tolosa eta Donostia lotzeko trenbi- dea egitea proiektatu zuen), bai eta alkateordea, erregidorea eta fiela ere. Haren jarrera politika argitze aldera, interesgarriagoa zaigu Gipuzkoa foralean egindako lana, ahaldun nagusi atxiki bigarrena izan baitzen 1834tik 1837ra eta, geroago, foruen krisi betean, kontseilari probintzial kargua onartu zuen 1845etik 1848ra. 1858ko uztailean, Probintziako Artxibozain izendatu zuten aho batez Errenterian egindako Batzarretan, kargua hil arte beteta (1868). Era berean, Gipuzkoako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzorde Probintzialeko kidea izan zen.

Ikuspuntu ekonomikotik eta, familiaren ohiturari jarraikiz, Gorosabelek oinordetzan jasotako ondare oso handia administratu eta, are, handitu ere egin zuen. Bazituen baserriak, hiri-etxeak, bai eta era bateko zein besteko ondasun higigarriak ere. Esaten da, halaber, litekeena dela elkarlan sekretuan aritu izana Luzuriagaren memoria idazteko. Txosten horrek eragin handia eta onuragarria izan zuen Probintziako industrian eta merkataritzan.

Egia da Pablo de Gorosabelen ibilbide pertsonal, ekonomiko eta profesionalak familiaren joerari jarraitu ziola, baina garai hartako testuinguruak oso eragin nabarmena izan zuen haren joera politikoan eta lan historikoan; bereziki, Foruen aldeko borrokak goia jo zuen garaia izan baitzen; 1830. eta 1850. urteen artean, batez ere (Lehen Karlistaldia eta foruen lehen galera). Pablo Konstituzio politikoetako ideia liberalak eta Konstituzio historikoetako foru erregimenak bateragarri egiten saiatu zen. Gorosabelek tarteko bidea au- keratu zuen, honako ideia hau defendituta: «Konstituzioa bai, baina Foruak ere bai».

Haren iritziz, ez zen zentzukoa foru erakundeak aldatzea, mendez mende askatasun zibilak bermatu baitzituzten, bai eta legearen aurreko berdintasuna ere. Espainiako lurralde guztietako batasun konstituzionalak ez zuen uniformetasuna justifikatzen, ez erakundeetan, ez politikan, ez administrazioan, ezta arlo judizialean ere, beharrezkoa zen kasuetan izan ezik; adibidez, konstituzioaren printzipioak babesteko erakunde egokirik ez zegoen kasuetan. Hori ez zen, ordea, Gipuzkoaren kasua, eta Konstituzioa lurralde hartan ezar- tzea politikoki ezegokia izan zitekeen.

Gorosabelek bere jarrera pertsonalaren arabera aztertu zituen Foruak eta, horren haritik, erakunde legegileek herrien ongizatea lortzen saiatu behar dutelako ideia defenditu zuen. Foruek, itxuraz, batasun konstituzionalarekin duten kontraesanari erreparatu zion (horrek askotariko interpretazioak eragiten zituen) eta bi erregimenak bateragarri egiten ahalegindu zen. Garai hartako beste egile batzuek bezala, Foruen alde jardun zuen, antzina-antzinakoak zirelako, eskuratutako eskubide batean funtsatuak zeudelako, herritar gehie- nek foru erregimenean bizitzen jarraitzeko nahia zutelako, eta, era berean, onuragarriak zirelako Herrialdearen bake, oparotasun eta zorionerako. Eta erregimen liberal eta herritarrean, Foruak erabat ziren Konstituzioarekin bateragarri. Ez zegoen kontraesanik zuela gutxi agertutako ideia liberalen, eta Gipuzkoako liberalismo tradizional eta praktikoaren artean.

 Egile emankorra izan zen. Haren lehen idazkiak —denak Tolosan argitaratuak— juridikoak izan ziren. 1832tik 1846ra, Zuzenbide Zibileko hiru lan idatzi eta plazaratu zituen. 29 urte bakarrik zituela, Redacción del Código Civil de España, esparcido en los diferentes cuerpos del Derecho y Leyes sueltas de esta nación, escrita bajo el método de los Códigos modernos (1832) ondu zuen. Silvelaren aburuz, hori Gaztelako Zuzenbidearen egiazko lehen Kodea da; gero, Examen de los principios del Derecho Civil español etorri zen (1834, 3 li- buruki); eta, azkenik, Código Civil de España. Redactado con las disposiciones vigentes de los diferentes cuerpos del derecho y leyes sueltas de este reino, publicadas hasta el año de 1845 inclusive (1846).

Hiruak ere hainbat arrazoi direla medio idatzi zituen: abokatu gisa beharra sumatu zuelako; Europan arlo tekniko juridikoan zebiltzan berrikuntzak ezagutzen zituelako, ideia liberalak zituelako eta jurista gisa jakin-mina zuelako. Hirurek elkarren arteko lotura dute, lan bakarra baitira, baina denboran tartekatuta. Izan ere, lehenik Kode Zibila idatzi zuen (1832) eta, gero, horri kodearen edukia azaltzeko doktrina-lan bat erantsi zion (1834) eta, lana osatze aldera, hirugarren liburuak lehena hobetu eta eguneratu zuen (1846). Hitz batez, Kode Zibileko proiektu bakarra da, azalpen-laburpen batek lagundua. Hura lan aitzindaria izan zen prozesu luze eta zailean, eta Espainiako lehen Kode Zibil osoa idatzi izanaren meritua eman zaio. Proiektu pribatua izan zen; beraz, ez zen ofiziala izan.

Haren lan historikoak, ordea, jarri du Gorosabel Gipuzkoako historiaren egile handien artean. Bizitzaren bigarren etapa historiari eskaini zion, 1853tik 1868ra bitarte. Etapa hartan, gai bakarra landu zuen, Gipuzkoako historia hain zuzen, eta udal artxiboak zein probintzialak erabili zituen iturritzat (nahiz eta Bernabe Antonio de Egañaren obra erabili zuen, aipatu gabe). Arlo juridikoa da nagusi beste edozeinen gainetik, hala arlo juridikoari eman zion garrantziagatik, nola iragana eta bere oraina juristaren ikuskeratik eta trata- mendutik ikusi zituelako. Iragan historikoa eman nahi izan zuen ezagutzera, hartatik ikasteko, eta ezagutza hori udal eta probintziako kudeaketan eta administrazioan erabiltzeko.

Horrela, 1853an, Bosquejo de las antigüedades, gobierno, administración y otras cosas notables de la villa de Tolosa argitaratu zuen Tolosako Mendizabalen Alarguna inprimategian. Gero, 1862an, Diccionario histórico-geográfico- descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa, con un apéndice de las cartas-pueblas y otros documentos importantes liburua, Gipuzkoako toki entitate guztien deskribapena emateko, «ahalik eta osoena eta zehatzena» egiten saiatuta, betiere Probintziako Zuzenbide Publikoan be- girada berezia pausatuta. Eta 1865ean, Memoria sobre las guerras y tratados de Guipúzcoa con Inglaterra en los siglos XIV y XV. Hura Gipuzkoako Diputazioak 1863an irekitako lehiaketa baten emaitza izan zen, marinel gipuzkoarrek armada ingelesaren aurkako jarduketa hobekien aztertuko zuen obra saritze aldera.

Hala ere, Gorosabelen lanik onena hauxe izan zen: Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa o descripción de la Provincia y de sus habitantes; exposición de las instituciones, fueros, privilegios, ordenanzas y leyes; reseña del Gobierno civil, eclesiástico y militar; idea de la administración de justicia, etc., 1868an bukatua. Gipuzkoako Probintziaren historiaren deskribapen bat da.

Gipuzkoako Diputazioak argitaratu zuen, egilea hil zenean, Manuela de Irarreta alargunak eskaturik, argitaratu gabe gelditua baitzen. Batzar Nagusiek, Zumaian bildurik, hauxe erabaki zuten: «Diputazioari erabateko baimena ematea, gaian adituak direnek lana aztertu ondoren, horri buruzko erabakirik egokiena har dezan». Hala ere, azkeneko gatazka karlistak prozesua eten egin zuen, eta eskuizkribua galdu zen. Donostiako Udalak, dena den, jatorrizko eskuizkribuaren kopia bat egiteko enkargua eman zion bere garaian Luis Maximino de Aguirreri, eta kopia Serapio Mugikak aurkitu zuen 1898an, udal artxibo hura antolatu zuenean.

Kopiaren berri izan zuenean, Eusebio Lopez editore tolosarrak elkarlana eskatu zion Diputazioari 1899ko martxoaren 30ean, lana argitaratzeko. Diputazioak, 1899ko abuztuan, proiektuan lankidetzan aritzea erabaki zuen, kon- promisoa hartuta bai 100 ale erosteko, bai Gipuzkoako Udalei gomendatzeko egokitzat jotzen zuten ale kopurua erosteko. Halaber, egoki iritzi zion erans- kin bat egiteari, Pabloren heriotzatik arrera Gipuzkoan izaniko berritasunak biltzeko.

Horrela, obra argitaratzea ahalbidetu zen, 1899tik 1900 bitartera bost liburuki plazaratuta, eta seigarren bat ere gehitu behar da, 1901ean argitara emana, Apéndice a la obra Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa de D. Pablo de Gorosabel izenburukoa, Carmelo de Etxegaraik ondua. Bigarren eta hirugarren edizioak 1967an eta 1972an egin ziren, hurrenez hurren, «La Gran Enciclopedia Vasca» proiektu editorialaren barnean. Laugarren eta az- ken argitaldaria elektronikoki egin zen, Juan Antonio Sáez Garcíaren eskutik, Ingeba Institutuan, 2004-2006. urteetan, 1899-1901eko lehen edizioaren gainean. Barne egiturak formatu bera izan du beti: I. libk. (1899), 1. liburua, 2. liburua (1. zatia); II. libk. (1900), 2. liburua (2. zatia), 3. liburua, 4. liburua (1. zatia); III. libk. (1900), 4. libk. (2. zatia), 5. liburua. 6. liburua (1. zatia); IV. libk. (1900), 6. liburua (2. zatia), 7. liburua; V. libk. (1900), 8. liburua, 9. li- burua; VI. libk. (1901), eranskina (Etxegarai).

Elias Amezagaren arabera, «historia hotz bat baino gehiago da, Gipuzkoako bizitzaren beraren azterketa sakona da. Euskal Herriko gertaerak dira, ez bakarrik politikoak eta sozialak edo geohistorikoak, baizik eta baita euskal gizona nor den azaltzen duten jakintzak (nire ustez, entziklopedikoak), haren ohiturak, haren erakundeak, haren bizilekua; ez da bukolikoa agertzen saiatzen, inpartziala baizik, errealista». Amezagak hau ere gehitu zuen. «Qué énfasis el suyo en ponderar su independencia, su ecuanimidad, ser un escritor anheloso de adquirir y dejar un buen nombre, y una reputación honrosa, cualidades sin las cuales no tomará la pluma». Gainera, «albiste bakoitza osotasun batean egituratua dago egungo errealitatearekin, batzuetan atzera egiten dute denborak eta espazioak; gainera, ez dago programa-bibliografia baliogarririk eta, ondorioz, ezin da erabili azterlanak egiteko. Kapitulu bakoitzaren testuingurua laukizuzena da, marrazketa-lumaz egina, arloa agortzen saiatuta. Hasteko, kasuan kasuko kontzeptuaren azalpena ematen du; gero, haren bilakaera historiko orokorra eta partikularra heldu da, eta kasu askotan, ez beti, bere iritzi kritiko neurtua egungo ikuspegira erakarrita».

«Gorosabelek bere obraren bidez —jarraitzen du Elias Amezagak— «etor- kizunerako kontsulta-liburu bat» egitea izan zuen helburu Gipuzkoako arlo guztietako historiaz. Nekez bateragarriak ziren elkarren aurkako jarrerak zeuden une historikoan, hau da, liberalismoa edo karlismoa, batasun konstituzionala edo foruak, Gorosabelek bere inpartzialtasuna erakutsi zuen, bai eta egia historiko dokumentatuarekiko errespetua ere. Gorosabelen obra zehatz hori eta, oro har, lan historiko guztiak baloratzerakoan, historialari gipuzkoarrak bat datoz hainbat gauza goraipatzean: haren jakintza handia, hark azterturiko arloen askotarikotasuna eta oparotasuna, haren azalpenaren ordena eta metodoa, eta haren zintzotasuna eta egia zaletasuna».

Juan Antonio Saez Garciaren arabera, obraren zenbait xehetasunek salatzen digute azken berrikuspenaren faltan zegoela. Hala ere, esan dezakegu obraren programa bere osoan bete zela. Gorosabel ez baitzen bere obran mugatu Gipuzkoako ingurune fisikoa, erakundeen antolamendua, azpiegiturak, ekonomia, etab. deskribatzera, baizik eta, zenbaitetan, iruzkinak egin zituen haien gauza onez eta akatsez, eta batzuetan, irtenbideak ere proposatuta.

Carmelo Echegarairi (Gipuzkoako kronikaria) enkargaturiko eranskinak, bestalde, jaso egin zituen Gorosabelek lana bukatu zuenetik izandako berritasunak, eta Diputazioaren eskumenei loturiko kontuez aritu zen ia bere osoan. Bestelako gaiak ere izan zituen hizpide baina askoz ere sakontasun gutxiagorekin, hala nola errepideak, Pasaiako portua eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, etab. Beti saiatu zen lege-testuak eta bestelako agiriak biltzen, betiere jasotako gertakariei buruzko iritzirik eman gabe.

Obrak

Redacción del Código civil de España, esparcido en los diferentes cuerpos del de- recho y leyes sueltas de esta nación, escrita bajo el método de los Códigos modernos, Tolosa: Vda. de la Lama inprimategia, 1832.

Examen de los principios del derecho civil español, Tolosa: Juan Ignacio de Mendizabal, 1834, 3 libk.

Código civil de España: Redactado con las disposiciones vigentes de los diferentes cuerpos del derecho y leyes sueltas de este reino publicadas hasta el año de 1845 inclusive. To- losa: Vda. de Mendizabal inprimategia, 1846.

Bosquejo de las antigüedades, gobierno, administración y otras cosas notables de la vi- lla de Tolosa, 1. arg. Tolosa: [Ayuntamiento de Tolosa], 1853 (Viuda de Mendizábal inprimategia); 2. arg., (Tolosa 1256an sortu zeneko VII. mendeurrenaren ospakizu- nean), Zizurkil: Pedro Arístegui inprimategia, 1956; 1. arg. elektronikoa Juan Anto- nio Sáez Garcíaren eskutik, Donostia: Ingeba, 2002.

Diccionario histórico-geográfico-descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa: con un apéndice de las cartas-pueblas y otros documentos importantes, Tolosa: Pedro Gurruchagaren inprimategia, 1862; Bilbo: La Gran En- ciclopedia Vasca, 1972 (Tolosakoaren ed. faks., 1862).

Memoria sobre las guerras y tratados de Guipúzcoa con Inglaterra en los siglos XIV y XV: Premiada por las Juntas generales de Villafranca, Tolosa: Imprenta de la Provincia, 1865.

Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa: descripción de la provincia y de sus habi- tantes, exposición de las instituciones, fueros, privilegios, ordenanzas y leyes, reseña del Gobierno civil eclesiástico y militar, idea de la administración de justicia, etc., Tolosa: E. López, 1899-1901, 6 libk.; Carmelo de Etxegarairen, Federico de Zabalaren eta Jose Maria Martin de Retanaren hiru hitzaurrerekin, eta Jesus Ugalde Fernan- dezen aurkibideekin in 2. arg., Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1967, 3 libk. (La Gran Enciclopedia Vasca liburutegia); idem in 3. arg., Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972, 3 libk. (La Gran Enciclopedia Vasca liburutegia); 1. edizio elektronikoa Juan Antonio Sáez Garcíaren eskutik. Donostia: Ingeba, 2004-2006.

Bibliografia

ECHEGARAY, C., «Historiadores guipuzcoanos: Gorosábel», Revista Con- temporánea, CXVII (1900), 168-178. orr.

INSAUSTI, S. de, «Supuesto o real liberalismo en don Pablo de Gorosábel», Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, XXVII (1971), 75-104. orr.

MÚGICA, G., «Don Pablo de Gorosábel», Euskal-Erria, XXXII (1895), 105-113. orr. SORIA SESÉ, L., «Del primer Código Civil a la historia del Derecho público: Pablo de Gorosábel (1803-1868)», Notitia Vasconiae. Revista de Derecho Histórico y Autonó- mico de Vasconia, 1, 2002, 321-342. orr.

VELASCO DOMÍNGUEZ, S., Pablo Gorosábel (1803-1868). Ensayo biográfico y obra jurídica, Doktoretza-tesi argitaragabea, José Iturmendi Moralesek zuzendua eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zuzenbide Fakultatean 1995ean irakurria.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP