Karguak eta lanbideak
Idazle eta kronista nafarra
Ibilbidea
Haren hasierako urteei buruzko xehetasunik ez dugu, baina haren obran azaltzen da baten bat. Egileak berak ematen digun informazioaren arabera, Salamancan ikasi zuen aurrena, eta Erroman ondoren, zer ikasketa egin zituen argitzen ez badu ere. Hainbat lekutan bidaian ibili zela dio, eta kultura desberdinak ezagutu zituela, Nafarroara itzuli aurretik. Hemen zelarik, 1611 eta 1615 bitartean parte hartu zuen Aldudeko lurraldeen inguruko etengabeko liskarrei amaiera eman nahian Frantziarekiko mugako mugarrien kokalekuak zehazteko Gorteek izendatutako batzordean.
1628an plazaratu zuen, García de Góngora y Torreblanca izengoitiz, Historia apologética y descripción del Reyno de Navarra lana, Nafarroan argitaratutako lehenengo testu kantabrista jotzen dena. Nafarroako Kontseiluko Monreal lizentziadunak onespena eman zion 1627ko urriaren 7an, eta handik hilabete batzuetara argitaratu zen Iruñeko Carlos Labaienen inprimategian. Obra hiru zatitan banatu zuen. Lehenbizikoan, erresumaren deskribapena egiten hasi zen Sada, Espainiaren giltza eta defentsa izateko eginkizuna, eta euskara berezkoa zela, gainerako hizkuntzak ez bezalakoa, azpimarratu zuen. Bigarren liburukian ibilbide luzea egin zuen historian barna, Nafarroako erresumaren sorreratik hasiz, haren arabera, Gartzea Semenez hautatu eta Gregorio II.a aita santuak hari berrespena ematearekin abiatu baitzen, 717. urteko urtarrilaren 20an, eta Erdi Aroaren amaieraraino, hark 1512an kokatu zuena, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean. Azken liburukian erantzuna eman zien antzinatasun eta nobleziari dagokienez Nafarroaren aurretik beste erresuma batzuk, adibidez Aragoi edo Euskal Probintzia eta Bizkaiko Jaurerria, kokatzen zituzten egileei.
Haren lehenengo tesiaren abiapuntua Tubalen oinordekoek Nafarroako antzinako erresuma sortu zuteneko unea da, Nafarroan lekutu baitziren, Iberiar penintsula populatzera iritsi zirenean. Era horretan azaldu zuen, orobat, euskararen bertakotasuna, eta amaitu zuen esanez baskoi nafarrak zirela egiazko kantabriarrak. Beraz, erresumari jatorri mistikoa, legendarioa ematen zion, besteena ez bezalakoa, berebiziko noblezia eta berezitasun juridikoak (Forua) zituelako, eta Seiehungarreneko Monarkian zuen lekua defendatuz, beste hainbat kronista eta historialarik egin zuten bezala, esate baterako Esteban Garibaik, Poza Lizentziatuak edo Baltasar Etxabek.
Historia apologética y descripción del Reyno de Navarra izan zen nafar batek idatzitako lehenbiziko Nafarroaren historia, Rodrigo apezpikuak 1208an idatzitakoaz geroztik. Halako historia bat idatzi beharra ikusi zen, Juan Briz eta Lupercio Leonardo de Arguensola aragoitarrekin Sobrarbeko mitoaren inguruan zegoen eztabaidaren eraginez. Obran ageri den eskaintzan, argi utzi zuen Sadak bere Historia apologética idatzi zuela Nafarroaren aintzak argitara ateratzeko, horiek ezetsi nahi zituzten egileen erasoen aurrean.
Haren argudioen hasiera Tubal Nafarroara iritsi zen unean kokatzen da. Erresumako herritarren analisi soziologiko bat egin ondoren, Sadak ondorioztatu zuen haien janzkera eta hizkera bereziak tubaldarrek berekin ekarri zituztela. Tubal izan zen, halaber, hiriburua sortu zuena, Iruñea euskaraz, antzina-antzinatik. Pamplona izena ondoren asmatu zuten erromatarrek, aurreko bizilekua eraberritu eta zabaldu zutenean, Ponpeioren garaian. Ideia hori Prudencio Sandovalen Catálogo de los Obispos de Pamplona (1614) lanetik hartu zuen, eta gainditu ere egin zuen, baskongadoa eta kantabroa gauza bat eta bera zirela esan zuenean. Recopilación de los Síndicos (1614) lana ere gainditu zuen, azken horretan ez delako kantabrismorik ageri.
Bere lanean askotariko argudioak bildu zituen Sadak, lehenagotik beste kronista eta historialari ugarik formulatu zituztenak bere eginez, eta kritikatu zituenen helburu berdinetarako erabiliz. Esate baterako, gipuzkoarren eta bizkaitarrengandik kaparetasun unibertsala hartu zuen, eta Nafarroako lehenbiziko populazioaren jatorria azaltzeko erabili zuen, haiek ez baitzuten zergarik ordaintzen jatorriz, eta berehalakoan hasi ziren errekonkista egiten musulmanen aurka.
Aurreko kronikek, esaterako Gauberto Vagadenak, kontatzen zutenaren arabera, Sobrarbeko erresuma zen iberiar penintsulako lehen erakunde politikoa, eta Nafarroako erresumaren sorrera atzeratzen zuten Antso III.a Nagusiaren garairaino, betiere Sobrarbekoaren menpe eta ondoren Aragoiko erresumaren menpe kokatuz. Ildo beretik, Gaztelaren kasurako, Lopez Maderak Pelaioren figura goretsi zuen Penintsulako lehenengo errege gisa, eta hura gainditu nahi izan zuten gainerako buruzagiei usurpatzaileak izatea egozten zien. Juan Sadak, berriz, Nafarroako lehenengo erregea Gartzea Semenez izan zela zioen, viii. mendearen hasieran, musulmanak penintsulan sartu aurretik ere, eta Pelaiori, jatorriz godoa zela zioenez, barbaroa eta usurpatzailea izatea egozten zion, lurralde horretako lehenbiziko biztanleak baskoiak baitziren.
Sadaren lanak interes politiko zehatz batzuei erantzun zien, gaiaren muina zelarik Nafarroaren lekua Monarkia Hispanikoaren baitan. Bide batez, konkista bidezkoa izan zela, edo erresuma inoiz bereizi eta ondoren jatorrizko enborrera itzuli zela defendatzen zuten argudioak deuseztatzeko ere balio zuen. Ukatu egin zuen, beraz, 1512an Gaztelak konkista militarra egin zuenik, haren arabera Nafarroak gogo onez entregatu baitzuen bere burua, helburu bakar batekin, erresuma desberdin, bereizi eta berezkoa izaten jarraitu ahal izatea.
Hala ere, azken urteetan, zenbait adituk ezbaian jarri dute Historia apologética lanaren egilea Juan Sada ote den. Isabel Ostolazaren arabera, esaterako, lanari egin zitzaion kritikak eta Aragoiko erresumarekiko izandako eztabaidak adierazten dute talde-lan baten ondorioa izan zitekeela. Beraz, García de Gongora goitizenaren atzean Juan Sada, Iruñeko maisua, agrimensorea eta esperientzia militarra zuen gizona egon zitekeen, baina Juan de Rada ere bai, Nafarroako Kontseiluko epailea.
Obrak
Historia apologetica, y descripción del Reyno de Navarra, y de su mucha antigüedad, nobleza, y calidades, y Reyes que dieron principio a su Real casa, y procuraron sus acrecentamientos, y de la duracion della, y sucessos, y hechos heroycos y famosos de sus naturales, en armas y conquistas. Diuidida en III. Libros con un tratado a la postre de las quatro ciencias, y artes Mathematicas. Sacada a la luz por Don Garcia de Gongora y Torreblanca. Dirigida al Reyno de Navarra, Iruñea:Carlos Labaien, 1628.
Bibliografia
Floristán Imízcoz, A., «Polémicas historiográficas y confrontación de identificaciones colectivas en el siglo xvii: Navarra, Aragón y Vasconia», in Pedralbes, 27 (2007), 59.-82. or.
Leoné, S., «“Bascones navarros verdaderos cántabros”: La Historia apologética y descripción del Reyno de Navarra de García de Góngora y Torreblanca», in Huarte de San Juan. Geografía e Historia, 11 (2004), 209.-231. or.
Ostolaza Elizondo, M. I., «Debates historiográficos entre cronistas de Navarra y Aragón en el siglo xvii. A propósito de la Historia Apologética y descripción del Reino de Navarra, atribuida a Juan de Sada y Amézqueta», in Revista de Historia Jerónimo de Zurita, 80-81 (2005-2006), 227.-252. or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Aznal, R., “Gongora y Torreblanca, Garcia”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 530-533.





