Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA FRANKO-MEROVINGIOAK

GESTA REGUM FRANCORUM (Liber Historiae Francorum, Gesta francorum) (ca. 727). Egile ezezaguneko kronika, Neustriako fraide batek idatzia (agian, Saint-Deniseko abadiakoa zen)

Karguak eta lanbideak

Testua gaztelaniaz

Crónica anónima escrita por un monje neustriano, tal vez de la abadía de Saint-Denis.

Ibilbidea

Gesta regum francorum edo Gesta francorum —Liber Historiae Francorum esaten zaio obra horri B. Krusch-en edizioan— historiografia-lana da eta frankoen historia politikoa kontatzen du, Teodoriko IV.a erregea tronura iritsi zenetik aurrera. Neustriako erresuma merovingioaren ikuspegitik kontatzen du historia hori, eta iturri greko-erromatarrak eta kristauak erabilita. Baina Gestan, Gregorio Toursekoaren lanean eta Fredegario deiturikoaren kronikan ez bezala, frankoen jatorri troiarrarekin hasten da historia, eta ez da jatorri biblikorik aipatzen. Lan osoan, nabarmena da egileak tradizioari eta dinastia merovingioaren legitimitateari ematen dion garrantzia, baina ez du inoiz uka-tzen jauregiko nagusi karolingioen gorakada politikoa. Halaber, Grimoaldo Gaztea eta Karlos Martel jauregiko nagusiei buruzko ikuspegi positiboa ageri da obran, baina, beste iturri batzuekin alderatuta, dramatismo txikiagoz azal-tzen du viii. mendearen lehenbiziko urteetako egoera politikoa.

Obra honetan ez dago Baskoniari eta bertako biztanleei buruzko aipamenik. Frankoek 541ean bisigodoen erresumaren aurka egindako erasoaldiari buruzko pasartean, egileak ez ditu armada erasotzailearen ibilbidearen xehetasunak adierazten, eta ez du aipatzen Iruñetik igaro zirela, Hispanian mendebaldeko Pirinioetako igarobideetatik sartu ondoren (LHF, 26). viii. mendearen hasieran frankoen artean izandako gerra zibilei buruzko pasarte batean, 717. urtean, azaltzen da Akitaniako Eudes dukea —dux— Neustriako Txilperiko II.a erregearen aliatua zela Austrasiako jauregiko nagusi Karlos Martelen aurkako gerran, eta bi urte geroago, Eudesek Txilperiko saldu zuela eta hura babesteari utzi ziola (LHF, 53). Geroagoko iturri batzuei esker (Annales Mettenses, 717. eta 719. urtea; Chronicon Moissiacense, 717. urtea; Fredegarioren kronika delakoa, 2.107), jakin ahal izan dugu Gestaren egileak, merovingioek 541ean erresuma bisigodoaren aurka egindako erasoari buruzko pasartean bezala, gertaerak laburtu egin zituela, eta ez zuela aipatu Eudes duxak baskoien armada bat zuela.

Gesta Regum Francorum ezinbesteko lana da, Gregorio Toursekoak, Fredegario deituriko egile ezezagunak eta haien ondorengoek merovingioen garaiko historia politikoari buruz ematen diguten informazioa osatzeko. viii. mendeko lana da Gesta, eta aurreko dinastiaren (merovingioak) aldekoa; hori dela eta, pentsa daiteke ez zela karolingioen garaiko idazleen gogokoa, baina badakigu haietako batzuek erabili zutela, hala nola Annales Mettenses Priores lanaren egileak.

Obrak

Krusch, B. (arg.); Lebecq, S. (itzulpena eta iruzkinak): La geste des rois des Francs Liber Historiae Francorum, Paris: Les belles lettres, 2015.

Bibliografia

Dörler, P.: «The Liber Historiae Francorum – A model for a new Frankish self-confidence» in Networks and neighbours,1. libk, 1. zk. (2013), 23.-43. or.

Rouche, M.: L’Aquitaine: des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une région, Paris: Ecole des hautes études en sciences sociales; Éditions Jean Touzot, 1979.

Wood, I. N.: The Merovingian Kingdoms 450-751, London-New York: Routledge, 1994.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Gesta Regum Francorum”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 137-138.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP