Karguak eta lanbideak
Lana Saint-Denisko monasterioko monje anonimo batek idatzi zuen. Lanean aipatzen dira errege Dagoberto I.ak (629-639) monasterio horretako elizari egindako mesede eta opariak, bai eta elizari lotutako mirariak ere
Ibilbidea
Gesta Dagoberti lanean, errege Dagobertoren figura laudatzen da, haren izaera errukitsua nabarmenduta, bai eta Saint-Denisko erkidego erlijiosoaren aldeko jarrera ere. Egileak Gesta regum francorum eta «Fredegario delakoaren Kronika» ezagutzen ditu, eta azken iturri hori ia soilik erabili zuen lurralde baskoiari dagozkion pasarteak idazteko. Horrela, monje anonimoak bere horretan ematen du aipatu kronikak Akitaniako Erresumaren sorreraren inguruan dakarren informazioa, hots, Dagobertok erresuma hura 629an sortu zuela Karibertorentzat (Haribertus), aitaren aldeko anaiarentzat, hain zuzen. Kontatzen du, halaber, Akitaniako erregea eta haren semea 632an hil zirela, eta nola jabetu zen frankoen erregea haien jabetzapeko lurrez, baita Wasconiaz ere, Karibertok lehentxeago konkistatutako eskualdea baitzen (Gest. Dagob. 16 eta 25). Dagobertok erasoaldi handia egin zuen 636an waskoien aurka, haiek egiten zituzten erasoei erantzuteko; bada, pasarte horretan, Gesta lanaren egilea fidel zaio Fredegario delakoari, aldaketa txikiren bat gorabehera; adibidez, Subola toponimoaren ordez Robola idatzi izana, baskoiak Arinberto dukearen (dux Harimbertus) indarrei nagusitu zitzaizkien lekua izendatzeko (Gest. Dagob. 36). Historiografiaren arabera, leku hori Zuberoako lurralde historikoa da (Ipar Euskal Herria). Beste aldaketa bat ere badago; zehazki, seniores terrae baskoiak erregearen gortearen aurrean ––Clichyn–– errenditu zirela kontatzean, esaten da Hamandus dukea izan zutela bidelagun (Gest. Dagob. 41), eta ez, ordea, Fredegario delakoaren Kronikak aipatutako duxAiginane hura (Chron. 4.78).
Deigarria zaigu dux Hamandus hura agertu izana, iturrien artean Gesta Dagobertik besterik ez baitu horrelakorik aipatu, hau da, dukeak seniores terrae baskoiei lagun egin izana, 637an. Gainera, Aiginane dukearekin ez bezala, Amando ere ez dago aipatua aurreko urteko erasoaldi frankoa gidatu zuten dukeen artean. Bestalde, Gesta lanean zehar, Sadregiselo izeneko duke akitaniar baten berri ere ematen da, Loira eta Garona ibaien arteko eskualde batzuk kudeatzen omen zituena. Monje anonimoak adierazten du Dagoberto printze gazteak ez zuela Sadregiselo dukea gustuko, dukeak neurrigabe erabiltzen baitzuen bere eskuetan utzitako boterea. Hori zela eta, dukearen ondasun batzuk konfiskatu eta Saint-Denis monasterioari eman zitzaizkion. Egilearen arabera, akitaniarra 635 aldean zendu zen (Gest. Dagob. 6-7 eta 25). Susmoa dago ez ote den faltsua Gesta lanak Hamandusen eta Sadregiseloren gainean dakarren informazioa, bai eta azken horren inguruko gertaerak ere, ezin baitira erkatu beste ezein iturrirekin, eta ezein iturrik ere ez ditu ziurtatzen. Horri gehitu beharko litzaioke printzearen eta dukearen arteko harreman txarrarekin lotutako gertaera batzuei darien tonu hagiografikoa eta, era berean, egileak interesa bazuela Dagobertok Saint-Denis monasterioaren alde zuen atxikimenduaren berri emateko.
Obrak
Gesta domni Dagoberti regis francorum, in Krusch, B. (arg.), Monumenta Germaniae Historica, Scritpores rerum Merovingicarum, 2, Hannover: Impensis Bibliopolii Hahniani, 1888, 396.-425. or.
Bibliografia
Cusimano, R., eta Whitmore, E. (itz., sarrera eta oharrak), «Appendixes A. Legends and myth of Saint Denis in the early literary and historical records», in Selected works of Abbot Suger of Saint-Denis, Washington D. C.: The Catolic University of America Press, 2018, 217.-222. or.
Diesenberg, M., «Hair sacrality and symbolic capital in the Frankish kingdoms», in Corradini, R.; Diesenberg, M., eta Reimitz, H. (arg.), The construction of communities in the Early Middle Ages. Texts, resources and artefacts, Leiden-Boston: Brill, 2003, 173.-212. or.
Rouche, M., L’Aquitaine: des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une région, inParis: École des hautes études en sciences sociales; Éditions Jean Touzot, 1979.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Gesta Domni Dagoberti”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 200-201.





