Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

GARCIA GOYENA Y ORORBIA, Florencio (Florencio Francisco Garcia de Ororbia, Florencio Gartzia Goiena) (Tafalla, Nafarroa, 1783ko urriaren 27a – Madril, 1855eko ekainaren 3a).

Karguak eta lanbideak

Politikaria, jurista eta 1851ko Kode Zibilaren proiektuaren egile nagusia

Ibilbidea

Tafallan sortua 1783ko urriaren 27an, intentsitate handiz bizi izan zuen Espainiako gizarteak, bi mende arteko iragaitean, arlo politiko eta juridikoan izan zuen aldaketa sakonen garaia. Urte haietan, Nafarroak, gure autorearen jaioterriak, antzinako sistema politikoa galdu egin zuen erresuma gisa, eta beste probintzia huts bilakatu zen, liberalismoa ezartzearekin batera eman ziren gobernu berrien bandera bihurtutako zentralismoaren mesedetan.

Florencio Francisco Garcia de Ororbia (hau zuen bataio-izena, baina haren aitaren abizenak hartu zituen, osaba Jose Garcia Goyenaren ongintzazko lana aitortzeko) bigarren hezkuntzako ikasketak Zaragozako Okalapioen Santo Tomas de Aranda ikastetxean hasi zituen. 1802ko azaroan legegintza ikasketak hasi zituen Valladolideko Unibertsitatean, eta 1805ean, unibertsitate horretan berean batxilergo maila lortu zuen. Salamancako Unibertsitatean osatu zituen ikasketak, lizentziatu mailara iritsi arte. Salamancako Unibertsitatean Digesto ikastaroren bat eman ahal izan zuen irakasle gisa, lizentziatura ondoko urteetan; ez dago dokumenturik irakasleen klaustrokoa zenik adierazten duenik, hala ere, bere ius erromanista formakuntza bere argitalpen guztietan antzeman zitekeen.

Gutxi dakigu Garcia Goyenak hurrengo urteetan izan zuen bizitzaz, hain zuzen Independentziaren gerran. Legelari gisa izan zuen bizitza eta lana hobekien ezagutzen duenak, Maria Erreparaz irakasle zorigaitzak, urte horietan, nafar gehienak bezala, inbaditzaileari aurre egiten ari zitzaion armadan kokatzen zuen. Bere zerbitzu-orriaren bidez jakin izan dugunez, 1816ko maiatzaren 2an, erregimen absolutista berriro ezarria eta Fernando VII.a tronura itzulia, Gorteetako eta Nafarroako Erresumako Diputazioko aholkulari sindiko izendatu zuten, ospe instituzional bereziko izendapena, Gorteetan erresumari eragiten dioten negozioen arduraduna eta bere sistema politikoaren bermatzaile gisa, bereziki, zuzenbidearen kontrakoen aurrean. Karguan zegoela, Garcia Goyena Madrilgo klase politikoko sektore jakin batekin harremanetan jarri ahal izan zen, horrela, bere ideia liberalak errotu zituen urte haietan. Horrek, azken finean, sistema politiko berri baten aldeko jarrera politikoa baldintzatu egin zuen, eta Nafarroako erakunde pribatiboak ezabatzera eraman zuen, 1820an Riego militarra altxatu ondoren Cadizko Konstituzioa berrezartzearekin batera.

Erregimen politikoa aldatzearekin batera aholkulari-kargua kendu ondoren, eta Konstituzio-sistemaren printzipioekiko leiala zenez, hainbat buruzagitza politikoren buru izendatu zuten: Leonen behin-behinean (1820ko urriaren 28ko Errege Agindua); jabetzan, berriz, Granada (1821eko abenduaren 17ko EA), kargua hartu zuenik inon ageri ez bazen ere; Zaragozako buruzagitza politikoan aritu zela bai, ordea, jasota dago. (1822ko martxoaren 14ko EA), Hirurteko liberalaren unerik latzenekin bat. Kargu horretan zegoela, Konstituzioaren aldeko eta Aliantza Santuaren laguntzarekin indarra hartzen ari zen absolutismoaren aurkako planteamenduekin bat egin zuen. Jarrera hori, Reparazen iritziz, «urte askoan zehar Nafarroako agintarien erresumina eta errezeloa» kostatuko zaio.

Erregimen konstituzionala erori eta 1823an San Luisen Ehun Mila seme- alabak etorri zirenean, bera eta bere familiaren ideia liberalengatik jazarria, Espainiako hainbat hiritan bizitzera behartua ikusi zuen bere burua, baita Pirinioetako muga zeharkatu eta Perpiñanera igarotzera ere, han hilabete batzuk besterik ez zituen bizi. Fernando VII.aren politika absolutistaren urte haietan gutxi dakigu bere bizitzari buruz, garai hartan, zailtasunak zailtasun, abokatutzan aritu ahal izan zen.

Garai politiko hura gaindituta, erregea 1833an hil ondoren, 1834ko udan (abuztuaren 3ko EA) Burgosko Kriminalaren Fiskal ari zen, eta, ondoren, Na- farroako errege-komisario izendatu zuten. Hala ere, ezin izan zuen kargu hori bete, Iparraldeko Operazioen Armadako agintari militarrak Lehen Gerra Karlistaren testuinguruan egindako oposizioagatik. Egoera horretan, Zaragozako Gobernadore Zibil izendatu zuten kargua betetzeko batzordean (1835eko abuztuaren 6ko EA). Oraingo honetan, une hartako egoera politiko naha- siak eta izendatutakoaren profil moderatuak Zaragozako Juntetan eragindako mesfidantzek eragotzi egin zioten karguaz jabetzea. Ondoren, Valentziako Audientziako erregeorde izendatu zuten (1835eko irailaren 26ko EA), baina kargu hori ez zuen hartu; gero, kargu bera bete zuen Burgosko Entzutegian (1835eko urriaren 4ko EA), 1836ko urriaren 9ko Errege Aginduz Madrilgo Lurralde Entzutegiko ministro izendatu zuten arte; 1840ko irailaren 16an utzi zuen kargua, berak, beste magistratu batzuekin batera, hala eskaturik, Maria Kristinaren erregeordetza amaitu ondoren erresumako erregeorde izateko Espartero jeneralaren izendapenari uko egiten ziola adierazteko.

Baina politikari eta legelari bezala iristear zegoen bere garairik emankorrena. Esparteroren erorialdiarekin hasi zen, eta hamarkada moderatuaren aldian garatu zen (1843-1854). Bere heldutasun urteak ziren, maila profe- sionalean unerik onenean zegoen, eta Kodetze Batzorde Orokorrean eman zuen denboraldiarekin kointziditu zuten. Bertan, legelari onaren arrastoa utzi zuen 1851ko Kode Zibilaren Proiektuan. 1843ko abuztuaren 19an Juan Bravo Murillo buru zuen Batzordean sartu zen, eta 1854. urtera arte iraun zuen, Atal Zibilaren lehendakaritza hartuta. Aldi berean, 1843ko abendua- ren hondarrean, gora egin zuen cursus honorum judizialean, Justizia Auzitegi Goreneko ministro izan zen, eta kargu horretatik salbuetsita geratu zen batzordearen zereginetan buru-belarri aritzeko (1844ko ekainaren 3ko EA). 1844an, Nafarroako senatari hautatu zuten, eta hurrengo legegintzaldian, 1845eko testu konstituzionala indarrean zegoenean, biziarteko senatari izen- datu zuten errege-izendapenaz.

Garcia Goyena alderdi liberaleko kidea izan zen. Bere ideia liberal mode- ratuak ederki azaltzen ditu Reparaz irakasleak, «liberala…, Nafarroako erresuma desagertzearen aldekoa, beraz, baina, probintzia berria bere borondatez eta zuzenbidearekin bat etorriz sartu nahi duen liberala»; horrela, estatuaren antolaketa administratibo berrian sartzea defendatzen zuen, baina Erresuma politikoaren jatorrian dauden itunen aldeko printzipioak urratu gabe.

Kausa liberalarekiko zuen leialtasunagatik, postu politiko garrantzitsuak hartu zituen Hamarkada Moderatuaren urteetan. 1847ko irailaren 12an, bere alderdiaren barne-krisi une batean, eta Joaquin Francisco Pacheco legelari eta politikari ospetsuaren ordez, Ministroen Kontseiluko lehendakari izendatu zuten, ordurako kontseiluko kide bazen Grazia eta Justizia ministro bezala. Gobernuko buruzagitzan emandako denbora ez zen munta handikoa izan, Jose de Salamanca Ogasun ministro izandakoak bere boterea gobernu berriaren itzalpean mantendu baitzuen. Eta, gainera, presidentetza iragankorra izan zen; 1847ko urriaren 4an, prentsa erradikalak zabaldu zituen Gobernuan sortutako desadostasunen ondoren, erreginak kargutik kendu egin zuen, eta Ramon Maria Narvaez jeneralak ordeztu zuen.

1847ko urriaren 5etik Kodeen Batzordeko bitarteko lehendakari izan zen, Juan Bravo Murillo lehendakariaren ordez. Madrilen hil zen, 1855eko ekainaren 3an, 71 urte zituela.

Garcia Goyena legelari praktikoa izan zen, zientifismoetatik urrun; sekula baztertu ez zituen ideiei leial, eta neketsua eta aplikatua bere zereginetan. Hainbat audientziatako erregeorde gisa edo Grazia eta Justizia ministro gisa zuen erantzukizunean, bereziki kritikoa izan zen epaitegien funtzionamenduak irudi txarra eman zezan laguntzen zuten menekoekin. Bere karrera profesionalean zehar, epailetza eta abokatutzaren jardunean jasotako prestakuntza sendoa eta ezagutza zabala erakutsi zituen. Gizon publiko gisa zintzo- tasuna zen bere ezaugarririk nabarmenena, politikarien artean ustelkeria ohikoa zen mende batean; nortasun polemikoa eta izaera handikoa, etsai ugari izan zituen, baita bere alderdi politikoaren barruan ere.

Masoitzat jo zuten maiz, liberaltzat absolutistek eta absolutistatzat liberalek, baina bere jarrera tradizioaren eta modernitatearen artean egon izan da beti, berak diskurtso publikoetan erabiltzen dituen hiru ideia nagusitan oinarritutako pentsamendu politikoaren moderazioaren barruan: koroaren defentsa Isabel erreginaren pertsonan; ordena publikoaren eta lagearen defentsa, eta askatasunaren defentsa, inolako muturreko jarrerarik gabe.

Modernismo doktrinarioari zegokion pentsamendu eta ideologiari esker, bere bizitza profesionala garatu ahal izan zuen, bere osotasunean, Hamarkada Moderatuan (1844-1854), Esparteroren erregeordetzaren ondoren. Baina Garcia Goyena ez zen XIX. mendearen erdialdeko gizarte hartan politikari nabarmena izan, ezta nahi ere. Idazmahaiko gizona izan zen, legelaria politika- ria baino gehiago. Langile diskretua izan zen Estatuaren zerbitzuan egindako lanean, administrazioan beharrezkotzat jotzen zituen erreformak egin izan nahi zituenean, eta legeen edo kode-proiektu baten erredaktore gisa, horrek, azken buruan, legelari garrantzitsu gisa garrantzia eta onarpena eman zion.

Legelari-lanetan, Garcia Goyena obra juridikoen egile gisa hasi zen, eta Joaquin Agirrerekin batera Febrero o librería de los jueces, abogados y escribanos… ezagunaren forentse-itun zabalduaren berridazketan parte hartu zuen (1841). Horrela, publikoki ezagutarazi zuen bere burua, epailetzaren edo abokatutzaren zerbitzuan urteak eman ondoren. Garcia Goyena, zuzenbide penalean aditu gisa eta, bereziki, zuzenbide zibilaren kodeketari egindako ekarpenagatik ere nabarmendu zen. Penalista gisa egin zuen lanari da- gokionez, bere ekarpen nagusia 1843an bi liburukitan argitaratu zuen Código criminal español, según las leyes y práctica vigentes… izan zen, eta honen helburu nagusia, kaltegarria izan daitekeen edozein berrikuntzaren aurka, «es- kubide positiboa eta indarrean dagoena ezagutaraztea da… baina zuzenbidea arrazoituz eta komentatuz», horretarako zuzenbide konparatuaren eta, bereziki, kode napoleonikoaren laguntza baliatuz. Bere esperientzia judizialak epaimahaiaren erakundeari buruzko iritzi kritikoa sortu zuen berarengan: «Epaimahaia garai nahasietan partziala izan da eta beti izanen da; une lasaietan inpunitaterako joera izan du eta beti izanen du».

Lan horren bidez, autoreak nolabaiteko pragmatismoa erakutsi zuen, bai eta zuzenbide historikoari eta doktrina-korronte berriei buruz zituen ezagu- tzak ere, nahiz eta, noizean behin, haiekiko disimulurik gabeko aldentzea erakutsi; kodeketa penalaren aldekoa da, baina zuhur jokatzen du gauzatzeko uneari dagokionez, eta Garcia Goyenak berak esan bezala, artean (garai moderatuaren hasieran) ez ziren baldintza egokiak eman «denbora eta lasaitasun handia eskatzen duen obra» horren edukia patxadaz osatu eta eztabaidatzeko. Horregatik eman zion lan hori inprimategiari, garaiko legegileen artean hain erabilia, epaile eta legelarientzat lan erabilgarria izateko asmoz, eta zigor-legedian nagusi zen nahasmendua konponduz.

Baina errekonozimendu eta aintzatespen handienak bere alderdirik nabarmenenarekin jaso zituen, zibilista lanean eta Claudio Anton de Luzuriaga, izen handiko beste legelari batekin batera, 1851ko kode zibileko proiektua- ren egile nagusi bezala. Proiektuari egin zion ekarpena, bereziki, obligazioei, kontratuei eta oinordekotzei dagokien zatian egin zuen, eta hipoteka-zatia Errioxako juristaren esku utzi zuen. Baina Garcia Goyenaren ekarpena are handiagoa izan zen, ponentziak homogeneizatzeko eta estiloa zuzentzeko lana egin zuen. Zeregin horrek, berezko garrantzia zuenak, proiektua kalitatez hornitu zuen, eta merezitako kritikek, arrazoituak sarri, ez zioten kalte handirik eragin.

Doktrina zientifiko ia osoak proiektuaren gainean azpimarratutako kritika-puntuak izaera frantsestua, eduki gaztelaniazaleegia eta foruen kontrako izaera dute ardatz. Eman zaion lehen kritika nagusiari dagokionez, bistan da proiektuaren eredua 1804ko Kode frantsesa izan zela. Kodetze-batzordeko kideek sistema jarraitu zuten, eta baita gaien ordena ere, eta kode frantseseko artikulu asko transkribatu egin zituzten. Napoleonen lana, XIX. men- dearen erdiko urteetan, kodeketa zibilaren adierazle nagusia izan zen, Europan eta handik kanpo, baita mendebaldeko kultura juridikotik hain urrun zeuden herrialdeetan ere, hala nola Japonian. Eta zuzenbide frantsesetik aldentzeak merezimendu asko kenduko zizkiokeen proiektuari. Baina frantsestu esamoldeak, ezin da zalantzan jarri aipatutako terminoetan hala zenik, izan ere proiektuak Kode frantsesari zor zion izaera, ez zukeen eman zitzaion eduki gutxiesgarririk izan behar, 1789ko iraultza urteetan, eta are geroago, Napoleonen aurkako Independentziaren gerraren testuinguruan.

Bigarren kritikari dagokionez, egia da, batez ere Espainiako zuzenbidearen erakundeak erreskatatzea izan zuen helburu, eta lehentasuna eman zien Gaztelakoak ez ziren lurraldeetako legeriaren aurrean. Kritikak oinarri sendoa zuen, nahiz eta batzuetan beste lurralde batzuetako erakundeak integratzeko saiakera egin, saiakera antzuak betiere. Hala ere, bere jarrera justifi- katzeko, onartu behar da Espainiako zuzenbiderik erabiliena gaztelaua zela, zalantzarik gabe; unibertsitateetan ezagunena eta zabalduena, eta gure tradizio juridikoarekin lotura handiena zuena zen.

Gainera, proiektuak foruen kontra egiten zuela adierazi izan da, nahiz eta doktrinaren zati handi batek kritika horri garrantzia kendu dion azkenaldian; izan ere, orain hobeki ezagutu eta aztertu diren batzorde kodetzailearen aktak ikusita, argi geratu da batzordeak formula transakzionalak bilatzeko saiakerak egin zituela. Hala, «foral deritzon horren hainbat espezialitate» salbatzen saiatu ziren, hala nola, errolda enfiteutiko «soilik katalana», lehen mahatsondo-enborren zentsua edo rabassa morta. Beste batzuetan, ordea, Foruen lurraldeetako erakundeetara jo zen, ondoren haiek baztertzeko, batzordeak diseinatutako sisteman sartzeko zailtasunak argudiatuz. Hala gertatu zen, besteak beste, Kataluniako sakramentu-testamentuarekin edo Nafarroako ermandade testamentuarekin.

Proiektuaren foruen kontrako izaera ikusiz gero, haren autore nagusia foru-erregimenak mantentzearen aurkakoa dela pentsa liteke. Eta halaxe ikusten dute bere lana aztertu duten autore gehienek. Salinas Quijak autorearen «nafar tafallar» izaera salatu egin zuen, eta Tafallako Udalak 1900ean hartutako erabaki baten berri eman zuen. Akordio horren arabera, kale jarri zen bere omenez, baina ez zibilista gisa zituen merezimenduengatik, «Ministroen Kontseiluko lehendakari izanagatik kargu gorenera iritsi zen Estatu-gi- zon gisa». Eta antzeko hitzetan, Garcia Goyenari erantzuki egin zioten bere proiektuaren bidez foru eskubideak ukatzeagatik. Erraz irits daiteke ondorio horretara proiektuko artikuluren bat errepasatuz gero: 1237. artikuluak «senarrek, Foruen eta ohituren arabera ondasun-erregimenean itundutako ez- kontzaren erregulazio ekonomikoa» debekatu egiten zuen; edo proiektuaren azken artikuluak, 1992.ak, kodea argitaratu aurreko foru, lege, erabilera eta ohitura guztiak indargabetzen zituena.

Artikulu horien eta beste batzuen eduki mingarria gorabehera, bidezkoa da, zenbait ohar egitea Nafarroako legelari horrek kausa liberalaren zerbitzura dagoen gizon publiko gisa izan zuen jokabideari buruz. Ohar horiek ez dute justifikatzeko asmorik, baina bai monarkia hispanikoko antzinako erreinuen foru-erregimenaren eta antzinako konstituzio politikoaren aurrean izan zuen jarrera bere horretan jartzera. Bere jarrera oso argi geratu zen bere autoretza esklusibokoak ziren obra juridikoen hainbat pasartetan. Bere Concor- dancias… lanean, garbi adierazi zuen ohiturei eta foruei eutsiz gero, «… orain arte bezala, nahasmendu berak jarraituko lukeela, eta kode honen xedea [1851ko proiektua] edo konstituzio-batasuna zapuztuta geratuko liratekeela: espainiarrak konpondu nahi dugun labirintora botatzea, eta kodeak itxi behar duen amildegia zabaltzea izango litzateke».

Horrela, Garcia Goyenak, Estatuaren zerbitzuko gizona izaki, 1845eko Konstituzioak 4. artikuluan goresten zuen batasun printzipioa aplikatu besterik ez zuen egin. Artikulu horretara behin eta berriz jotzen zuen autore nafarrak, gauza jakina baitzen proiektua idatzi zuen batzordeak printzipio hori ezin zuela inola ere saihestu. Baina komeni da gogoratzea, halaber, Garcia Goyenak, konstituzioak testu konstituzional moderatuan batasuna berriz ere deklaratu baino lehen, 1837ko konstituzioaren erreforma aztertzen zuen ba- tzordeko kide senatari gisa, praktikan foru-erregimenak urratzea ekarriko lu- keen batasun-printzipioari maila konstituzionala ez emateko artikulu hori bera ezabatzen saiatu zela, alferrik saiatu ere. Hala, autore nafarrak anbiguotasun moduko bat erakusten zuen. Baina, azken finean, bere uste ideologikoei eta kausa liberalarekiko leialtasunari eustea erabaki zuen, nahiz eta jarrera horrek bere berezko erreinuaren foraltasuna galtzea ekarri.

Concordancias, motivos y comentarios del Código civil español (1852) izeneko lana argitaratu zuenean proiektuaren autore «nagusi» gisa, eta, beraz, proiektuaren eta haren akatsen erantzule gisa, egin zuen lana sendotu egin zuen. Lan horrek eman zion ospea autoreari, eta proiektuaren edukiak, bai eta indarrean dagoen kodearen artikulu askotxo ere, ulertu eta interpretatzeko ezinbesteko pieza da egun, zeinaren eredua proiektu isabeldarra besterik ez baita. Lana erraz zabaldu zen, gobernuak berak emandako laguntzari esker, izan ere 1851ko urriaren 8ko Errege Dekretu baten bidez, Estatuko udalak, funtzionarioak eta klase pasiboak erostera behartu zituen, ordaintzeke zituzten hartzekoen kontura.

Lan honek, eta Garcia Goyenak jurista gisa, duen merezimendu handienetako bat literatura juridiko berri baten bultzatzaile gisa izan zuen garrantzia da, aurretik zegoena baino kalitate handiagokoa, eta bere azterlanen erreferentziatzat proiektuaren edukiak eta Concordancias… lana hartu zituen. Horrela, merezimenduzko doktrinalan berriak agertu ziren, horietako asko Foruen probintzietatik etorriak. Haien autoreak, historizismo juridikoaren postulatuen babesean, beren erakundeen balioa suspertzen saiatu ziren, sistema konstituzional liberalaren oinarria osatzen duten batasun-printzipioen aurrean. Foru legelarien erreakzio horrek gure kodeketa zibilaren helburua aldatu zuen, eta, proiektuaren ondoren, Gaztelakoak ez diren lurraldeen eskubidea errespetatzen duen bideari ekin zion.

Obrak

Concordancias, motivos y comentarios del Código civil español. Madril, 1852. 4. bol. Berred. Bartzelona: Editorial Base, 1993; Zaragoza, 1974, «Aldez aurreko oharra» J. L. LACRUZ VERDEJO.

Código criminal español según las leyes y prácticas vigentes, comentado y comparado con el penal de 1822, el francés y el inglés, Madril, 1843, 2. bol.

Reglas del derecho romano. Traducción, con comentarios y aplicada a nuestro derecho patrio por D. Florencio García Goyena, Madril: Boix, 1841.

Febrero o librería de los jueces. Abogados y escribanos, Madril: Boix, 1841-1842.

Bibliografia

BARÓ PAZOS, J., La codificación del derecho civil en España (1808-1889), Santander: Kantabriako Unibertsitatea, 1993.

CASTÁN VÁZQUEZ, J. M., «El proyecto de Código civil de 1851 y su influencia en las codi- ficaciones iberoamericanas», Real Academia de Jurisprudencia y Legislación. Anales (número 19). Número especial dedicado al centenario del Código civil español, Madril, 1988, 263-286. orr.

DONÉZAR DÍEZ DE ULZURRUN, J. M., «Florencio García Goyena y Ororbia», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiako Errege Akademia. On line edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/14186/florencio-garcia-goyena-y-ororbia (2019ko irailaren 23an kontsultatua).

D’ORS, A. eta BONET CORREA, J., «En el centenario del proyecto isabelino de código civil», Información jurídica, 96 (1951ko maiatza), 483-498. orr.

LACRUZ VERDEJO, J. L., «Las Concordancias de García Goyena y su valor para la interpretación del Código civil», Revista Crítica de Derecho Inmobiliario, 501 (1974ko martxoa-apirila), 289-302. orr.

LASSO GAITE, F., «Los presidentes de las comisiones de Códigos», Anales de la Real Academia de Jurisprudencia y Legislación (1988), 155-225. orr.

MALUQUER DE MOTES, C. J., «El Código civil o la codificación del derecho castellano», Centenario del Código civil (1889-1989), Madril: Zuzenbide zibileko irakasleen elkartea; Ramón Areces Ikasketa Zentroa, 1990, 2. bol, 1205-1229. orr.

REPÁRAZ PADRÓS, M., «García Goyena: biografía de un jurista liberal (Una aportación al estudio de la codificación civil española)», Anuario de Historia del Derecho Español, 66 (1996), 689-827. orr.

SALINAS QUIJADA, F., «Navarra en el Proyecto isabelino de Código civil de 1851, y en las Concordancias de García Goyena», Príncipe de Viana (1984ko abuztu-abendua), 655-696. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP