Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRI KONTINENTALAKO EGILEAK ETA OBRAK

GARAY MONGLAVE, Eugene (Eugene Garai Monglave) (Baiona, 1796ko martxoaren 3a, otsailaren 28a? – Paris, 1873ko apirilaren 21a).

Karguak eta lanbideak

 Liberal sutsua, kazetaria, poligrafoa, itzultzailea, euskaltzalea

Ibilbidea

Merkatari baten seme, haren gaztaroari buruz ez dakigu Garaik, gezurti amorratua denak, bere buruari buruz kontatzen diguna baizik. Beraz, haren datu biografikoak zuhurtasun handiz hartu behar dira. Camille Pitolle- ten arabera, bere bigarren abizena, Hiriarte, aldatu zuen «Monglave» edo Montglave hartzeko, eufonikoa eta Erdi Arokoagoa, nonbait. Zuzenbidea ikasi zuen, gaztetan Brasilen eta Portugalen bizi izan zen, eta hango Estatu Nagusiko edo Goreneko ofiziala zela esaten zuen, inongo frogarik gabe. Haren fantasien arabera, Espainian bandera napoleondarraren alde borrokatu ondoren, Brasilera joan zen, instrukzio publikoko zuzendari eta Estatu nagusiko ofizial gisa, Don Pedroren armadan zerbitzua ematera. Don Pedro liberalismoaren defendatzaile sutsua zen, ordezkaritzako monarkia konstituzional baten aldekoa. 1819an Portugalera joan zen, eta mugimendu konstituzionalean sartu zen. 1820an hasi zen mugimendu hura, «Portoko iraultza liberala» deitu zenarekin, eta haren helburua zen Konstituzio nazional demokratiko bat prestatzea. Portugalen izan zuen esperientziaren emaitza dira hainbat itzulpen-lan, esaterako Francisco Moraesen eleberriaren itzulpena, Palmerin d’Angleterre, chronique portugaise (1824, 4 libk.).

Frantziara itzuli eta kazetaritzan aritu zen, berak sortu eta zuzendutako L’Armée, consacré aux lois, aux besoins, à la gloire de nos armées de terre et de mer (1837-1841) astekarian, Le Mouvement, journal politique, littéraire, historique, scientifique, industriel et commercial (1845) izeneko egunkarian eta 1823an sortutako Le Diable Boîteux izeneko tokiko egunkari txiki batean, be- rak berpiztu zuena 1832an eta 1833an, bere artikulu eta liburuen bitartez, Berrezarpenaren aurkako borroka latzari ekinez. Garaik behin baino gehiagotan ordaindu zuen bere aurkaritza, kartzela eta isun gogorrak jaso baitzituen, eta hainbat ezizen erabili behar izan zituen bere burua ezkutatzeko, haietako bat, ziurrenik, Eugene de Moncla. Berak 1835ean sortutako Journal de l’Institut historique egunkariaren ohiko kolaboratzaileetako bat izan zen, eta Dic- tionnaire de la conversation et de la lecture argitalpenean ere argitaratu zituen hainbat artikulu, esaterako «Basques» izenburuko artikulua, 1833an.

Julie Octavie Delcasso idazle eta euskalzalearekin, Maytena ou la petite basquaise lanaren egilearekin, ezkondu zen eta seme bat izan zuten. Maiz joan zen Baionako sorterrira, ia bizi guztia Parisen eman bazuen ere, bere idazki sutsuek piztutako eztabaidez inguratuta. Dirudienez, Garai magistraturan sartu zen II. Inperioaren garaian, eta lanbidea tartekatu zuen bere historia zaletasunarekin.

Literatura-ekoizpen anitza eta joria eman zuen, batik bat gai espainiarrak eta Euskal Herrikoak landuz. Foy jeneralarekin harremana izan zuenez, Kadizen Napoleonek egindako setioari buruz idatzi zuen. 1835ean sortu zuen bere Institut Historique, eta haren buru aritu ziren bera, Martinez de la Rosa politikari espainiarra (1843) eta Lamartine (1848). Bien biografiak idatzi zituen Garaik. Hainbat egunkari politikorekin kolaboratu zuen. Parisen idazle anitzekin izan zuen harremana, eta erruz argitaratu zituen bere idazkiak, tartean eleberriak eta poemak ere. Sainte Pelagie kartzelan egon zen, konspiratzaile izatea leporatuta. Bizitzaren azken urteetan albiste biografikoak idatzi zituen, laburrak, oro har, pertsonaia garrantzitsuen eta ez hain garrantzitsuen inguruan.

Gai espainiarren sailean idatzi zituen Siège de cadix par l’Armée Française en 1810 (1823); Histoire de l’Espagne (1825), Histoire du Mexique, laburpen txar bat, Mexikoko irakaskuntzako lehen mailarako egokitu zena 1826an; República del Nuevo Mundo (1826, Hego Amerikaren historia bat); Fantaisie poétique sur l’Espagne (1853), 289 bertso alejandrinoz osatua, hasieran Maria Kristina erreginari eskaini eta zezenketa aipatzen duten bertso-sorta batekin hasten dena; Rêveries Andalouses; Voyage en Espagne; Veillées Aragonaises… eta espainiarren biografia ugari ere bai, besteak beste, Le compte de Toreno (1843), Martínez de la Rosa (1843) eta Antonio Gil y Zarate, poète distingué (1856).

Euskaltzale gisa, berriz, De l’origine et du mécanisme de la langue basque (1829), non Manuel Larramendi jesuitaren mireslea dela aitortzen duen; Dissertation sur les basques. Leur antiquité et excellence de leur langue (1835), aurrekoaren egokitzapena zena, baina barne hartzen zuena ondoren ospe handia izanen zuen Altabiçcaren cantua edo Cantar de Altabizkar. Ondoren argitaratu ziren Chants Nationaux basques (1846) eta Les légendes des Pyrénées (1857).

Garai historiara pasatu da Cantar de Altabizkar edo Altabiçcaren kantuagatik, 1835ean argitaratua Journal de l’Institut historique egunkarian, Orreagako borrokaren garaiko gesta-kantua balitz bezala. Garaik asmatutako legenda irudimentsua zen, hark esan baitzuen pergaminoa ikusi zuela Dominique-Joseph Garat kondearen etxean (ministro, senatari eta Institut de Franceko kide izandako pertsonaia hura bi urte lehenago hil zen, 1833an alegia, Uztaritzen, eta beraz, ezin ukatu zuen datu hori. Garairen arabera, Latour d’Auvergnek eskuratu izanen zion dokumentua kondeari). Kantuaren edizioa prestatzen parte hartu zuten Garaik berak, frantsesezko kantua eginez, euskararen eza- gutza oso eskasa baitzuen, eta Louis Duhalde Ezpeletak, euskarazko bertsioa, jatorrizkotzat ematen zena, egin baitzuen bertso librean.

Altabiçcaren kantuaren iruzurraren salaketak Alexandre du Megeren eskutik jarraitu zuen aurrera, 1858an salatu baitzuen Archeologie Pyrénéenne lanean. 1865ean Gaston Parisek Histoire politique de Charlemagne lanean zalantzan jartzen zuen poemaren egiazkotasuna. Polemikak iraun zuen, harik eta 1883an Wentworth Websterrek erabat egiaztatu zuen arte hura faltsua zela. Iruzurrak defendatzaile eta ukatzaile ugari izan zituen, etimologiei eta Garaik euskaratik egindako itzulpenei buruz, ez baitzuen hizkuntza ongi ezagutzen. Garaik defendatzaile ugari eta ospetsuak izan zituen Frantzian, Espainian eta mendebaldeko Europako gainerako herrialdeetan, hari sinistu baitzioten, tartean hainbat historialari handi ere, esaterako Cesar Cantu, bere Historia Universal ospetsuan, Vicente de la Fuente, Victor Balaguer edo Amador de los Rios, eta Euskal Herriko esparruan, Revista Euskararen editoreak, eta Jose Manterola, Altabiçcaren cantua itzuli zuena gaztelaniara Cancionero Vasco lanean.

1842an Abel-François Villemain, Instrukzio Pubikoko ministro frantsesa eta literaturaren zale handiak Eugène Garairi enkargatu zion Ipar Euskal Herriko artxiboetako dokumentuak arakatzeko, bi tomo handi eta atlas batean argitaratzeko. 1847an plan hori errefusatu zuen Charles Athanase Walckenaerrek, Antzinako inskripzioen eta hizkuntzen Akademiako idazkari iraunkorrak eta Parisko Errege Liburutegiko Mapen Departamentuko kontserbatzaileak. Garaik balio gutxiko dokumentuak aurkeztu zituen, eta 1848ko gertaerekin, haien proiektuek hondoa jo zuten.

Beste bi faltsifikazio ere egin zituen Eugene Garaik, El Canto de Annibal eta La Queja de Domingo, gehi beste hainbat plagio, Pitolleten arabera. Horregatik guztiagatik, Vapereauk bere Dictionnaire de Contemporains lanean Garai kalifikatzeko hitz hauek erabili zituen: expert en pamphlets et quelque peu fili- bustier.

1857ko irailaren 15ean Garaik bearnotarra zela aldarrikatu zuen, betidanik aiton-amonengatik eta maitasunagatik, eta Pirinio Beheretatik diputatu izan nahi zuela adierazi zuen. Urte hartan berean argitaratu zuen Les légendes des Pyrennées, Espainiako Maria Kristina erregina erbesteratuari eskainia. Lan hartan berean esan zuen beste hainbeste argitaratuko zituela, baina ez zen halakorik gertatu.

Obrak

Histoire des missionnaires dans le Midi et l’Ouest de la France, lettres d’un marin à un hussard, Paris: Plancher, 1819-1820. 3 libk.

Siège de Cadiz, par l’armée française, en 1810, 1811 et 1812, Paris: Ponthieu, 1823 (2. arg.).

Épître à M. Casimir Delavigne, sur les choix académiques, Paris: Brianchon, 1824.

J. LEONARDekin., Histoire abrégée de Paris, Paris: chez l’éditeur et Librairie française et étrangère, 1824. 2 libk.

Lettre de lord Byron au Grand Turc, précédée de la lettre de Sa Hautesse au noble lord, Paris: Sanson, 1824, 2. arg.

Histoire de l’Espagne, Paris: Raymond, 1825.

P. CHALASekin, Histoire des conspirations des Jésuites contre la maison de Bourbon en France, Paris: Ponthieu, 1825.

M. AYCARDekin, M., Les Parchemins et la livrée, Paris: Vernarel et Tenon, 1825. 2 libk.

Le Ministre des finances, Paris, 1825. 3 libk.

P. CHALASekin, Octavie, ou la Maîtresse d’un prince, Paris: Bonnet, 1825. 2 libk.

E-C. PITONekin, Biographie des dames de la cour et du faubourg Saint-Germain, Paris: Les Marchands de nouveautés, 1826. 

Biographie pittoresque des quarante de l’Académie française, Paris: Les Marchands de nouveautés, 1826, 2. arg.

Histoire de la Suisse, Paris: Dauthereau, 1826.

Histoire des États-Unis d’Amérique, Paris: Danthereau, 1826.

Histoire de Turquie, Paris: Danthereau, 1826.

Petite biographie des acteurs et actrices des théâtres de Paris, Paris: Lemoine, 1826.

Résumé de l’histoire du Mexique, Paris: Lecointe et Durey, 1826.

Histoire de la garde nationale parisienne, depuis son organisation jusqu’à son licenciement, Paris: Librairie française, 1827.

Montesquieu (eg.), GARAY, E. (arg.), Lettres persanes, Paris: Dauthereau, 1828. 3 libk. DUFRESNE, M. (Garairen ezizena), Le Bourreau, Paris: E. Renduel, 1830. 4 libk.

Histoire de Paris, Paris: Bibliothèque populaire ou l’instruction mise à la portée de toutes les classes et de toutes les intelligences, 1833. 2 libk.

BOUILLY, J. N. eta MARTIN, H. egileekin, Le Livre de beauté, souvenirs historiques, Paris: Janet, 1834.

Le Chant d’Altabiscar, Paris: Journal de l’Institut historique, I. urtea, I. tomoa, 1835, 174-176. orr.

Chant Nationaux basques, Baiona: Courrier de Bayonne, 1846.

Notices sur les tableaux de bataille peints par le général baron Lejeune, Tolosa: A. Chau- vinen inpr., 1850.

Une Marraine, feuilleton, Paris: De Vigny, 1851.

Fantasíe poétique sur l’Espagne, Bordeaux, 1853.

Histoire politique, maritime et militaire de la guerre d’Orient, Paris: Penaud, 1857. 2 libk.

Les légendes des Pyrénées, Paris, 1857.

 

Bibliografia

GARATE ARRIOLA, J., «El famoso fraude de Aldabizkar y la biografía de su autor por Camille Pitollet», Fontes linguae vasconum, 13. libk., 37. zk. (1981), 269-274. orr.

LUSTOSA, I., D. Pedro I: um herói sem nenhum carácter, São Paulo: Companhia das Letras, 2006.

PITOLLET, C., Divagations sur le Chant de I’Altabiscar et sur son auteur, Akize: P. Pradeu Inprimategia, 1935.

POLET, Jean-Claude, Patrimoine littéraire européen: Index général, Répertoire des traducteurs, 2000, 387. orr.

QUERARD, J.-M., La France Littéraire ou Dictionnaire Bibliographique, VI. tomoa, 1834, 206-207. orr.

VINSON, J., «Le chant d’Altabiscar. Variétés euscariennes», X. Impartial des Pyrénées, 1873; Bulletin de la Société des Sciences et Arts de Bayonne, 1884, 165. orr.

WEBSTER, W., «Altabiskarco Cantua», Boletín de la Real Academia de la Historia 3. tomoa, III. koadernoa (1883ko iraila), 139-153. orr. (http://www.cervantesvirtual.com/obras/materia-autoridad/garay-de-monglave-eugene-1796-1878-75160. 2019ko azaroaren 1ean kontsultatua).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP