Karguak eta lanbideak
Abokatu, kazetari, senatari, filosofo, historialaria
Ibilbidea
Dominique-Joseph Garat XVIII. mendearen erdialdera jaio zen. Gurasoak Pierre Garat eta Marie Hiriart zituen, bigarren ezkontzan ezkondutakoak. Aitari buruz Espainian eta Frantzian ibilitako doktorea zela esan bada ere, badirudi Pierre Garat, batik bat, abokatu aritu zela Bordeleko Parlamentuan, non familiako beste hainbat kide ere aritu ziren lanean, besteak beste Dominique-Joseph bera eta haren anai Dominique, «zaharra» goitizenez ezaguna.
Abokatuen dinastia horrek ez zuen jarraitasun handirik izan, izan ere, Paul, Dominique-Josephen semea, ez baitzen eginkizun horietan ibili, dakigunaren arabera, eta Pierre Garat, Dominique «zaharra»ren semea, bel can- toan aritu zen eta Frantziako kantaririk ospetsuenetako bat izatera iritsi zen, XVIII.aren mendeko bigarren erdialdean. Beste alde batetik, Jacques-Joseph Garat-Mailla, aurrekoaren anai eta Dominiqueren bigarren semeak, abokatu titulua eskuratzea lortu bazuen ere, ibilbide politiko gorabeheratsua izan zuen, aitarekin eta osabarekin batera, Paris iraultzailean, eta gazterik hil zen, ezaguna ez den data batean, Bordelen.
Horren aurretik, Brumarioko estatu-kolpea ekarriko zuten azpijokoen laguntzaile ibili zen. Haren ondorioz, Napoleonek diktadore baten antzeko boterea eskuratu zuen, eta ondoren enperadore izendatu zen. Laguntza hori saritzeko, Napoleonen Kontsulatuaren tribuno izendatu zuten. Hala ere, laster Bordelera erretiratu zen, han bizi izan zuen enperadorearen behin betiko gainbehera 1815ean, eta hiri hartan —garbiro leinu borboitarra berrezartzearen aldekoa— aritu zen Prefektura hartako idazkari nagusiaren karguan. Be- launaldien jarraitasun falta ia erabateko horrek, ordea, ez zion galarazi Dominique-Josephi ibilbide politikoa benetan oparoa izatea bizi izan zen zortzi hamarkadetan.
1789ko uztailaren 14an hasitako garai iraultzaileak Dominique-Josephi eskaini zion, beste askori bezala, jarduera publikorako zituen dohainak erakusteko joko-zelai zabal bat, Antzinako Erregimenean izanen zuen cursus honorumetik harago. Ekintza politikoaren muin-muinean egon zen Paris iraultzailean, eta ardura-postu zenbait ere bete zituen, Iraultza hasi zenetik Napoleonen inperioa ezarri zen arte. 1789rako Versaillesen deitutako Estatu Orokorretan Baionako barrutiko ordezkari hautatua izan zen Dominique-Joseph. Batzar Nazional Konstituziogilea osatuta geratu zenean, Estatu Orokor haietatik abiatuta, idazkariaren kargu garrantzitsua bete zuen, 1790-1791 bitartean.
Jakobinoen Izuaren pean, Dominique-Josephen ardura politikoak nabar- men handitu ziren, Justizia ministroa izatera iritsi baitzen 1792-1793 biurtekoan, eta Barne aferetakoa, behin-behinean, 1793ko urtarrilaren 20tik martxoaren 14ra arte, eta egun hartatik abuztuaren 20ra arte, titular gisa.
Haren ardura izan zen Luis XVI.ari jakinaraztea hiltzeko zigorra ezar- tzen zion epaia, eta halaber, haren exekuzioa gainbegiratzea. Gertakari hartatik esamesa bat sortu zen, legenda moduko bat, harrez geroztik Dominique- Josephen izaera ozpindu zela zioena, halako moduz non, egun hartan erabili zituen betaurrekoak, urrezko armazoidunak, tiradera batean gorde eta irekitzeko debekua ezarri zuen. Dirudienez, Garat seko hila erori zen egun batean, ikusi zuenean bere ohiko bisitari batek, Uztaritzeko apaizak, hain zuzen ere, betaurreko haiek hartu eta erabili zituela; hiltzeko unean esan omen zuen betaurreko haiek zirela «epai hartakoak»…
Ibilbide iraultzaile konprometitu hori eraman bazuen ere, beste anitz bezala, lehenik baztertu zuten botere jakobinotik, bere jatorri girondinoagatik, eta azkenik, arrazoi horregatik beragatik atxilotu zuten, 1793ko urrian. Garatek berak bere Memorian kontatzen duenez, Iraultzaren garaian izan zuen portaera justifikatzeko, Garat bera izan zen lehenbizikoz seinalatu zuena «erregezale mozorrotua» zelakoan. Egoera larri hura, ordea, ez zen gehiegi luzatu Garaten kasuan, eta ondorio tragikorik ere ez zuen izan, beste atxilotu askoren kasuan gertatu bezala. Aitzitik, agudo askatu zuten, baina, hala ere, hurrengo urteko erreakzio termidoriarraren denboran, zalantzarik ez zuen izan botoa emateko Robespierreren eta Izu jakobinoaren aurka.
Lerrokatze politiko berri hark kargu politiko berriak eman zizkion Direktorioaren garaian. Eskola Normala deitu zenaren irakasle gisa aritzeko hautatu zuten. Eskola Normal Gorena ospetsuaren jatorria zen eskola hura, eta Iraultzaren III. urtean eratu zen (egutegi kristauaren 1795. urtearen parekoa) etorkizuneko irakasle frantziarrak prestatzeko. Hark eman zuen ikasgaia «Ulermenaren analisia» zen. 1795ean Iraultzaren garaian izan zuen portaera justifikatzeko idatzi zuen Memorian adierazi zuen garai hartan Instrukzio Publikoaren komisario eginkizunean aritu zela. Eskola itxi ondoren, 1975an be- rean, Napolesko erresumara bidali zuten, Konbentzio frantsesaren enbaxadore-ordezkari gisa. Ez zen izan haren lehenengo misio diplomatikoa. 1792an zerbitzua eman zuen, ohorezko titulu gisa, diputatu ohia baitzen, Londresko enbaxada frantsesean.
1799an Direktorioko Zaharren Kontseiluan sartu zen. Erregimena berehala aldatu zen, Brumarioaren 18ko estatu-kolpe napoleonikoaren ondoren, eta hark Bonapartek sortutako senatura eraman zuen. Haren aldeko agertu zen, Lehenengo Inperio frantsesaren ezarpena ekarriko zuen noraez autori- tario hartan, eta aldaketa politiko horien alde agertzea saritzeko, Inperioaren Konde titulua eman zion Napoleonek berak, 1808an.
Garaten atxikimendua enperadorearekiko gorabeheratsua izan zen. 1814an ez zuen zalantzarik egin lehenago hainbestetan goretsi zuen enperadorearen kargugabetzearen aldeko botoa emateko (hainbeste goretsi non, Bonaparte bera ere aspertu omen zuen, hark bere maitale bati definitu baitzion «hitz-kordatzaile» gisa). Haren gorespen-gutun bat ere idatzi zien, bai Alexandro I.a tsarrari, bai Lord Wellingtoni ere, garai hartan Frantzian egin zituen kanpainengatik. Haren sukar monarkiko hark ez zuen luze iraun, Ehun Egunetara arte bakarrik, eta Luis XVIII.a ere ez zen asko fidatzen hartaz, izan ere, Frantziako Pareen Ganberarako sarbidea ukatu zion Garati. Aldi hartan Garat, ordurako ez baitzuen berekin enperadorearen konfiantza, Tarbeko barrutitik hautatua izan zen «Ehun Egunen Ganbera» deitu zen erakunderako.
Luis XVIII.aren bigarren berrezarpenak ez zion ekarri bere kontrako errepresalia gehiegi, baina Frantziako Institututik apartatu zuten 1816ko martxoaren 21ean. Bere ospe akademikoa berreskuratu zuen, Frantziako bor- boitarrak tronua behin betiko uztera behartu zirenean, 1830eko iraultzaren ondoren, orduan Orleanstarren monarkia parlamentarioa ezarri baitzen, eta une hartan onartu zuten Garat Zientzia Moral eta Politikoen Akademiako kide gisa (1832), hil baino urtebete lehenago. Horrenbestez, ostrazismotik atera zen, sorlekuan itxita baitzegoen, Euskal Herrian, erlijio katolikoari emana, iraultzaren garaian hari uko egin ondoren.
Ibilbide politiko moldakor samar horrek pisua izan zuen haren proiektu politiko iraunkorrenetako batean: Napoleoni egindako proposamena, euskal lurraldeekin Estatu independente bat sortzeko, Inperio frantsesari atxikia, Fenizia Berria izen bitxiarekin, orduan modan ziren teoriekin bat eginez. Teoria haiek bilatzen zuten ospe ona ematea planteamendu politiko berriei, aureola ia mitiko batez inguratuz, Antzinako Munduko gizarteen idealizazio batean oinarrituta (Egipto, Grezia, Erroma…). Horri zegokionez, Garatek, antzinako Erroman islatu nahi zuen garai baten seme, Errepublikatik Inperiora igarotzeko eboluzioan ere bai, bere proiektua oinarritu zuen euskaldunen ustezko jatorri feniziar batean —euskaldunen merkatari-joeretan islatzen zena—, eta haren berezitasun politikoetan, ezaugarri horiek aski zirelakoan Estatu inde- pendente bat sortzeko, Napoleonen tutela pean.
Plan hura ez zuen onartu enperadoreak, ez baitzuen beharrezkoa ikusi erakunde politiko berezi hura antolatzea. Aski izan zuen hegoaldeko euskal lurraldeetan lege martziala deklaratzea, haiekin gobernu militar bat osatzeko, bere jeneralek zuzendua, Jose I.aren esku utzi beharrean. Dominique-Joseph Garatek bere planteamendua 1811n aurkeztu zion Napoleoni txosten batean, eta haren bidez arreta historiografiko eta literario berezia erakarri zuen, gutxienez 1869tik hasi eta gaurdaino.
Dominique-Joseph Garatek historialari, idazle, kazetari eta saiakeragile, filosofo eta politiko gisa egin zuen lana gogoangarria da. Historia-lanen artean azpimarragarria da Éloge de Michel L’Hospital. Erregearen mi- nistroa zen hura, Frantziako erlijio-gerra suntsigarriak geldiarazten saiatu zena, eginahal ekumeniko nabarmena eginez, arrakasta osoa lortu ez ba- zuen ere. Lehenengo argitalpen hori 1778an egin zuen, eta haren ondotik, euskal abokatu gazte hark bere historialari-lana argitaratzen jarraitu zuen, hurrengo urtean beste Laudorio bat argitaratu baitzuen, orduan Erdi Aroko gizon ospetsu bati eskainia, Suger abateari, hain zuzen ere. Handik bi urtera, 1781ean, hirugarren Laudorio bat eraman zuen inprimategira Garatek, Charles de Saint-Maure Montausierko kondeari eskainia. Luis XIV.a umea zelarik figura politiko ospetsua zen gizon hura, eta erregegaiaren irakasle prestua izan zen.
1789ko Iraultza piztu aurretik, era hartako beste bi lan idazteko denbora izan zuen Garatek: 1784an laudorio berri bat eskaini zion Bernard de Fontenelleyri. Handik hiru urtera, 1787an, beste hainbeste egin zuen M. Bonnar- den figurarekin. Lan horiengatik historialari ospea lortu zuen publikoaren artean, eta 1815ean Parisko Ateneoko Historia irakasle izendatu zuten. Handik hurrena, Lapurdin ostrazismoan zegoen unean, borboitarren Berrezarpenaren ondoren, genero historikoa lantzen jarraitu zuen, 1820an argitaratu baitzuen Memoria historiko bat, Jean-Baptiste-Antoine Suard pertsonaiari buruz. Gizon hura XVIII. mendearen erdialdeko kazetari bat zen, Iraultzaren garaian Garaten arerio politikoa izan zena, haren lehenengo kazetari lanak, Mercure de France aldizkarian, eta erredaktore gisa, Iraultzaren aurreko garaiko Parisko Encyclopédie Méthodique argitalpenean, Garatek berak lortu bazizkion ere. Garai haietan Garatek parlamentuko kronika idazten zuen Journal de Paris egunkarian, eta Asanbladan eta gobernu iraultzailean lan egiten zuen, Suardek modu sutsuan defendatu zuen Monarkiaren aurka. 1829an gai hura berriro landu zuen Garatek, idatziko zuen azken saiakera- lan historikoan.
Obrak
Éloge de Suger, abbé de Saint-Denis, ministre d’Etat, et régent du Royaume, sous le règne de Louis le jeune, Paris: Demonville, 1779.
Mémoires sur la révolution ou exposé de ma conduite dans les affaires et dans les fonctions publiques, Paris: Imprimerie de J. J Smits et Compagnie, An III de la République (1795).
Mémoires historiques sur le XVIIIe siècle, sur les principaux personnages de la révolution française, ainsi que sur la vie et les écrits de M. Suard, Paris: Librairie Philippe, 1829. 2 libk.
Origines des basques de France et d’Espagne, Paris: Hachette, 1869.
Bibliografia
BOLINAGA, I., La alternativa Garat, Donostia: Txertoa, 2012.
CASENAVE, J., «Dominique-Joseph Garat – Recherches sur le peuple primitif de l’Espagne; sur les révolutions de cette péninsule; sur les Basques espagnols et françois. Rapport établi en 1811 pour Napoléon Ier», Lapurdum, 11 (2006), 69-135. orr.
DUHART, M., Moi, Dominique Joseph Garat, homme des Lumières et patriote basque, Biarritz: Atlantica, 1998.
GARAT, D.-J., Mémoires de Garat avec une preface par E. Maron, Paris: Poulet-Malassis, 1862.
OLIVIER-BLANC, Ch., Généalogie de Dominique-Joseph Garat. On-line edizioa: https://gw.geneanet.org/darbroz?lang=fr&n=garat&oc=0&p=dominique+joseph (2019ko ekainaren 19an kontsultatua).
ROBERT, A., BOURLOTON, E. eta COUGNY, G., Dictionnaire des parlementaires français de 1789 à 1889, Paris: Bourloton, 1891, FES-LAV libk., 105-106. orr.





