Karguak eta lanbideak
Bizkaiko Jaurerriko jurista eta kontsultorea
Ibilbidea
Pedro Fontecha Salazar Nograro herrian (Gaubea, Araba) jaio zen. Data zehatza ez dakigu, bataio-liburua sute batean hondatu zelako. 1673 aldera jaioko zen, badakigulako ziur laurogei urte beteak zituela Bilbon hil zenean, 1753ko irailaren 3an, gauean. Gurasoak ere Gaubeakoak ziren, aita Pedro Fontecha Villanañekoa, eta ama Mariana Astuliz Nograrokoa. Hogeita hamarren bat urte izango zituen Maria Jacinta Bozorekin ezkondu zenean, 1704ko abuztuaren 28an, Urduñan. Hiri hartan bizi izan ziren eta han jaio ziren haien lehenengo bost seme-alabak, 1706tik 1718ra bitartean. Han bizi zenean bete zituen kargu eta jardueretatik, nabarmentzekoa da alkate nagusia izan zela, 1713an. Ondoren, Bilbora joan zen bizitzera, baina Urduñako ahalordedun-lanak egin zituen, batzuetan, Batzar Nagusietan.
Ez dakigu ez non, ez nola lortu zuen legegizon-prestakuntza, baina gauza ziurra da lortu zuela Legeetan lizentziaduna izatea, eta lanbide horretan jardun zuela bizitzan. Abokatu aritu zen Bilbon, baina haren lege-jarduerarik nabarmenena Jaurerriaren kontsultore-eginkizunean bete zuena izan zen, hainbat biurtekotan: 1718-1720, 1724-1726, 1728-1730, 1732-1734, 1738-1740 eta 1746-1748 biurtekoetan, hain zuzen ere. Denbora horren zati handi batean, Jaurerriaren gutunen arduradun ere izan zen. Kontsultore-kargurako bi abokatu izendatzen ziren, bi urterako, urteko Batzar Nagusien bilkuran karguak berritzen zirenean. Haien eginkizuna garrantzitsua zen, irizpena eman behar baitzuten zuzenbidezko zalantza guztien aurrean, eta zuzenbidearen erantzuna eskatuz Jaurerriaren barneko instituzioetatik planteatzen zitzaizkien auzi guztien aurrean. Irizpen horietan oinarrituta ezartzen zituen helegiteak Jaurerriko Sindiko Prokuradore Nagusiak, egokia ikusiz gero, batez ere, auzitan zegoena pase foral edo foru-baimena erabiltzeko eskubidea erabiltzea zenean, Gorteak agindu eta Jaurerrian bete beharreko ebazpen baten aurrean. Beraz, Jaurerrian analisi juridikoaren beharra zuten auzi guztietan esku-hartzen zuten kontsultoreek, bai Batzar Nagusietan sortzen ziren auzietan, bai Aldundiaren eguneroko jardueran sortzen zirenetan ere.
Nahikoa ezaguna da Fontechak Bilbon eraman zuen abokatu-jarduera, gorde diren irizpenetan argi ageri delako etengabe esku-hartzen zuela lizentziadunak, askotariko auzietan. Veraguako dukearen aholkularia ere izan zen, beharbada hura, beste hainbeste bezala, bezero gisa hurbilduko baitzitzaion, foroan zuen ospea eta gaitasunagatik. Datu hau oso esanguratsua da, agerian jartzen duelako Jaurerrian nahiz bera sortu zen lurraldean erro sendoak zituen nobleziak harenganako konfiantza osoa zuela.
Haren bizitzako alderdirik aipagarriena, zalantzarik gabe, Jaurerriaren kontsultore aritu zen aldia da, alegia, 1718tik ia hil arte, 1753an. Fontecha 1718ko martxoko Batzar Nagusian izendatu zuten lehenengo aldiz kontsultore, Manuel Diagorekin batera. Biak joan ziren Aldundira 1718ko irailaren 22an. Berrogeita bosten bat urte izango zituen orduan Fontechak, eta hasiera korapilatsua egin zuen, izan ere, aduanaren inguruan garai hartan piztutako auzian esku hartu behar izan zuen. Gatazka hura Monarkiaren eta Jaurerriaren artean piztutako ika-mikarik handienetakoa zen, handiena ez bazen, eta eztabaida juridikoa ez ezik, herritarren hainbat matxinada ere eragin zituen. Ziurrenik, berak egin zituen Jaurerriak aldi hartan elaboratu zituen dokumentuetako batzuk, hasierako Representación de petición de perdón (1718ko iraila) testutik hasi eta indultua ematea lortu arte (1726). Gatazka horren hasieran etorri ziren 1718ko irailaren 5eko eta 6ko gertaera dramatikoak eta, beraz, litekeena da Fontechak irizpena eman behar izatea azaroan zehar normaltasuna berreskuratzeko hartu beharreko neurriei buruz. Abenduaren 3an, gaiari buruzko Errepresentazio bat elaboratzeko moduan egon ziren, «egiaz azalduz aduanetako inguruabar guztiak». Errepresentazio hori, jadanik, Fontechak bere-bereak zituen tonuan eta estiloan egina zen, azaldutako datuen ordenagatik eta zehaztasunagatik, eta lurraren pobretasunarekin eta merkataritzarako askatasun beharrarekin lotutako topiko historiografikoen eta argudioen aipamenengatik ere bai. Aduanen inguruan Jaurerriak bizi zuen egoeraren azalpenaren ondoren, 1718ko abenduaren 24an, beste azalpen bat etorri zen, Aldundiak helarazi zuena tabako, kakao eta azukrearen merkataritzan aritzeko bertakoek askatasuna izan behar zutela aldarrikatuz. Ekimen horiek guztiak 1718-1720 biurtekoan eraman ziren aurrera, Fontecha Manuel Diagorekin batera kontsultorea zela. Berriz ere kontsultore izendatu zuten, 1724-1726 biurtekorako, eta horrek aukera eman zion, indultu orokorra lortu ondoren, aduanen gatazkaren amaieran esku hartzeko. Indultu hitza erabiltzea zalantzazkoa izan daiteke, izan ere, 16 pertsona exekutatu ondoren etorri baitzen. Kasu horretan, Fontecharekin batera kontsultore-lanean aritu zena, lehenengo aldiz, Roque Jose Borica izan zen. Era horretan hasi zen bi kontsultore haien arteko lankidetza luzea, eta oinarri horren gainean eraiki zen, denbora igarota, testu berri bat erredaktatu eta argitaratzeko ekimena. Escudo de la más constante fe y lealtad izena jarri zioten testu hari, eta haren egile nahiz edukiari buruz xehetasun handiagoz hitz egingo dugu aurrerago.
Hamarkada erabakigarri hartan eraman zuen jarduera biziaz gain, 1720ko uztailaren 30eko saioan Aldundiak «kartero» izendatu zuen, haren ardura zela «Jaurerri honetara iristen diren gutunen despatxua», ordurako bi urte bazeramatzan ere lan hori egiten. Kargu horretan, gutxienez, hogeita bost urtez aritu zen, bitartean, ikusi dugunaren arabera, kontsultore aritu zela, hainbat biurtekotan. Ez da harrigarria, beraz, kontsultore titular izan ez zen tarteetan ere eragin handia izatea erakundeen jardueran, Jaurerriaren historian hain garrantzitsua izan zen hamarkada hartan (1718-1728). Izan ere, karteroaren kargua, itxura batean, mugatua eta instrumentala bazen ere (Jaurerrira iristen ziren gutunak despatxatzea), kontuan izan behar da postu horretatik Jaurerriaren eta Gortearen arteko komunikazio guztien berri izaten zuela. Aldi hartan Fontechak bere jardueran elkartzen zituen ardura eta inguruabar guztiei erreparatuta, argi ondoriozta daiteke karteroaren eginkizuna hurbilago zegoela kantzelari eginkizun klasiko eta mamitsutik, alegia, jaurerriaren dokumentazio ofizialaren arduratik, gutunen erregistratzaile edo gutun-idazle hutsaren arduratik baino. Zalantzarik gabe, Fontechak posizio horri probetxua atera zion, Foruen ikerketan eta defentsan egin zuen lan etengabean. Sarbide zuzena zuen artxiborako eta dokumentu-funtserako, berarentzat hain baliagarria izan zena bere irizpen, memorial, gutun eta bestelako agiriak lantzeko.
Hamarkada horretan etorri zen, 1726an, kontrabandorako epaile berezi bat izendatzeko Gortearen asmoa. Hasieratik kontrako iritzi sendoa hedatu zen, argudiatuz ezen «Jaurerriak izan behar dituen epaileak zehazten dituzten Foru-legeei kontra egiten zietelako, eta ez daiteke bestela jokatu, hala erabaki baitzen 1680ko azaroaren 7ko eta 1702ko uztailaren 5eko Batzar Nagusietan. Akordio hau onartu zen eta aurrerantzean halako despatxuei baliagarritasuna erabat ukatzeko agindua eman zen». Horrenbestez, 1740an postu horretarako Manuel Antonio Horcasitas izendatzearen aurkako oposizioa argudiatzeko oinarriak finkatuta geratu ziren, eta horren ondorioz sortu zen, hain zuzen ere, Escudo deitu zen testua elaboratzeko eta argitaratzeko motiboa.
Hurrengo hamarkadan, 1728. urtean, Fontecha kontsultore izendatu zuten bi urterako. Atzerritar bertakotuen auzi garrantzitsu eta interesgarrian esku hartu behar izan zuen. Bilboko Kontratazio eta Kontsulatu Etxeak abiarazi zuen auzia, atzerriko merkatari batzuen erreklamazioen ondorioz, zenbait kargutara iristeko aukera ukatzen baitzitzaien.
1730eko hamarkada horretan are gehiago sendotu zen Fontecharen eta Roque Jose Boricaren arteko lankidetza, Fontecha bi biurtekotan aritu zelarik kontsultore. Aldi hartan hasi zen erabiltzen batasun printzipala kontzeptua Jaurerriaren eta Koroaren arteko lotura izendatzeko, Jaurerriak exijitzen baitzuen, ziurrenik Fontecharen ideia argietan oinarrituta, «Foruaren legeekin bat datozen aginduak oro bete eta zaintzeko, Errege-erreginek haien zina egiten eta berresten dituztelako, Jaurerriaren eta Gaztelako Erresumaren arteko berdintasunezko batasun printzipala eta ez erantsia itundu zenetik». Argudio horiek guztiek, eta are berariazko erredakzioa ere, lengoaia gero eta kodifikatuago batean gauzatzen ari zena, erruz eta argi agertu ziren Escudo lanean. Beraz, baieztatzen ahal dugu Escudo lanean aurkitzen diren ohiko argudioak mendearen hirugarren hamarkadan agertu zirela, garai hartako kontsultoreen hainbat irizpenetan, baina batez ere, Borica eta Fontecharen idatzietan. Elkarren lankidetzan egin zuten esku-hartzea neurtuz gero, argi antzematen da bi kontsultore horiek, aldian-aldian, kate luze baten katebegiak izan zirela.
Urte haietan egin zuen esku-hartzerik azpimarragarriena izan daiteke Enkarterri Jaurerrira inkorporatzearen inguruan piztutako eztabaidarekin lotutakoa. Enkarterriren inkorporazioa, hori gauzatzeko modua eta ondorioak, etengabe atera ziren urte haietako auzietan, eta eragina izan zuten Bilbo eta Amerikaren arteko loturako portua aukeratzeko eztabaida istilutsuetan. Madrilgo gortean indar handiz defendatzen zituen bere interesak Enkarterriko talde batek, Sebastián de la Cuadra, Villaríasko markesa, buru zela.
Ordurako Fontechak argudio iuspublizistak erabiltzen zituen, bai abokatu partikular gisa, bai kontsultore gisa ari zenean ere, beti Jaurerriaren autonomia jurisdikzionala babesteko asmoz. Fontechak autonomia jurisdikzional hori frantsesek edo ingelesek justizia gaztelarrarekiko zutenaren parean jartzen zuen. Fontecak behin eta berriz erabili zuen argudioaren funtsa hori izan zen, hain zuzen ere, Jaurerriaren eta Koroaren arteko batasunaren forma: aeque principaliter, hau da, berdinen artean. Argudio horren zati handi bat Juan Gutiérrezen lanetik (Practicarum Quaestionum Civilium) hartu zuten Fontechak eta bere lankideek, jakin gabe eta kontzientziarik izan gabe, Gutiérrezek berak ere ia hitzez hitz erreproduzitu zuela horri buruz Andres Poza lizentziadunak idatzi zuena.
Beraz, horren guztiaren ondorioz esan dezakegu, 1718tik 1740ra arteko bi hamarkada luze kontuan hartuta, erakunde bizkaitarren defentsa, Gortearekiko solaskidetzari dagokionez, hainbat kontsultoreren lana izan zela, eta haien artean nabarmendu zirela Fontecha eta Borica, esku-hartze gero eta handiagoa izan zutelako. 1740an esku hartu zuten Manuel Antonio Horcasitasen izendapenaren aurkaritzan, Zenon Somodevillak sustatu zuenean Kontrabandoko epaile-posturako. Somodevillak nahi zuen, halaber, Manuel Olarte jauna, Almirantegoaren jurisdikzioa Bizkaian egikaritzeko asmoa zuena, Itsasoko komisario izendatu. Hirugarren izendapen bat ere izan zen: Manuel Gautua Kontrabandoko guarda eta bisitatzaile izendatu zuten.
Kontrabandoko epaile berri Manuel Antonio Horcasitas ez izendatzeko lanak fruitua eman zuen; kontsultoreen tesiak gailendu ziren, eta horregatik, prozesu guztia jaso zuten Escudo lanean. Egun horietan, ordea, beste fronte bat zegoen irekita, merkataritza bizkaitarra eta, hein batean, herrialdeko ekonomia guztia ukitzen zuen gai baten inguruan. Bilboko portuaren dinamizazioaren auzia zen, batez ere Kontsuletxeak bultzatzen zuena, kezka handia baitzegoen «Bilboko merkataritzaren gainbehera geldiarazteko». Horretarako, Jaurerriak Jose Zabala Mirandari agindu zion, Aldundiaren 1737ko irailaren 22ko erabakiaren bidez, Bilbon jaioa eta Madrilgo Gortean bizi zen aldetik, beharrezko eginbideak egin zitzan, haren esku utziz behar zituen ahal osoak. Baina ustekabea etorri zen: Zabala ahalordetuak, ahalak eman zizkiotenen jarraibideen arabera jokatu beharrean, alegia, Bilbo eta Amerikaren arteko loturaren helmuga eta itzulera-puntua Buenos Aires izatearen alde jokatu beharrean, Amerikako konexio-puntua Honduras izatearen alde egin zuen, baina hemengo abiapuntua ere aldatuz, eta Castro Urdiales proposatuz Bilboren ordez. Jaurerria berandu konturatu zen Zabala ez zegoela bakarrik, eta haren atzean zeudela Enkarterriren interesak Gortean defendatzen zituzten jaunen taldea, guztien buru Villaríasko markesa zela.
Jaurerriak bere posizioa berreskuratzeko lehenengo neurriak hartu eta berehala, Jose Zabalak haren kontra ekin zion, Gortetik antolatuta eta lagunduta, horretarako manifestu bat zabalduz, Manifiesto, que al M. N. y M. L. Señorío de Vizcaya, en su Junta General de Guernica, presenta su diputado en la Corte de Madrid Don José de Zavala y Miranda izeneko manifestua, hain zuzen ere. Orduan ohartu zen Jaurerria Manifestua oso gogorra zela gobernu-organoen eta kontsultoreen aurkako salaketei zegokienez. Azpimarragarria da nolako argitasun eta gogortasunez tratatu zuen Zabalak Fontecha, hari buruz esanez «miresgarria eta berezia dela, legeen erabilera bikainagatik, egoki irizten baitie bere lagunei mesede egiten dietenean, eta Forua indemnizatzeko, hainbestetan bortxatua ikusten badu ere, bortxaketa horrek bere negozioari mesede egiten badio». Zabalaren ustez, Fontecha, kontsultoreak eta Jaurerriko kargurik garrantzitsuenak betetzen zituzten pertsonak, Bizkaiko gobernuaz jabetuta zeuden, eta Bilbon bildua zuten gune oligarkiko bat, jaun gutxiren eskuetan zegoena, elizateen kalterako, izan ere, elizate horientzat egina zen Manifestua. Fontecharen aurkako erasoa hain zen argia eta zuzena, hark erantzun behar izan zuen. Idatzi luze bat egin zuen horretarako: Verídica puntual representación al Muy Noble y Muy Leal Señorío de Vizcaya contra el Manifiesto de Don José de Zavala y Miranda. Probintziako diputatuek eta gurasoek testu hura hurrengo Batzar Nagusira, 1743ko udazkenean, eramatea proposatu zuten, izan ere, argi ikusi zutelako Fontechak, Zabalaren alegazio guztiei banan-banan eta zehatz-mehatz erantzuteaz gain, Jaurerriko gobernu osoa zuritzen zuela, gobernukide batzuen artean ahaidetasun-harreman argiak zeukatela.
Zabalaren salaketen jomuga Fontecha eta haren kontsorteak ziren, haren arabera interesak zituztelako, Bilboko portuarekiko lotura Buenos Airesen bidez egiteko asmoaren atzetik baitzebiltzan. Gainera, hark salatzen zuenez, beren postuak eta eskuratzen zuten informazioa aprobetxatzen zituzten, eta foraltasunak ematen zizkien baliabideak beren alde erabiltzen zituzten, Aspe, Arrazola eta beste hainbat lekutako kobre-meategien ustiapenerako konpainia bat sortzeko asmoa ere bazutelako.
Borroka pertsonal horretan islatzen zen Gortean gertatzen ari zena, alde batetik zeudela Enkarterriren interesak, defendatzailea Villariasko markesa zela, Ensenadako markesaren laguntza nabarmenarekin, eta beste aldetik Jaurerriaren eta Jaurerriko buruzagien interesak. Zabala eta Fontecha ziren alde bateko eta besteko borrokalariak, eta argi dago gogor aritu zirela. Gatazka halako bortizkeriara iritsi zen, Koroak bisitaldi-prozesu bat agindu behar izan zuen, Gorteko magistratu baten gidaritzapean eginen zena. Pedro Samaniego Montemayor, Etxeko eta Gorteko alkate-kargua zuena, izendatu zuten, 1746ko azaroaren 20ko instrukzioaren bitartez. Samaniegoren bisitaldiak egoera baretzen lagundu zuen, eta gauzak nolabait beren onera etorri ziren. Barealdi hori aprobetxatu zuten Jaurerriko kontsultoreek, batez ere kritikarik latzena jasan zituztenek, alegia, Fontechak eta Boricak, Escudo lanaren lehenengo bertsioa argitara emateko. Haien asmoa zen Bizkaiko historiaren ikuspegi zabala eskaintzea, haren erakundeen defentsa egitea, eta aurreko zortzi urteetan nagusitu ziren gatazkei behingoz amaiera ematea. Orduan Fernando VI.a iritsi berria zen tronura, eta garrantzitsua zen, Escudo izeneko lanaren arrazoien azalpenean esaten zenez, harekin ondo konpontzea, batez ere monarka berriarekiko harremanetan iraganeko gorabeherek zailtasunak ekartzen ahal zituztelako. Ziurrenik Escudo lana inprimatzeko, edo zehatzago hitz eginez, haren lehenengo 287 paragrafoak inprimatzeko erabakian eragina izango zuen Fontecha eta Borica kontsultore-kargurako beste biurteko baterako (1748-1750) izendatu izanak.
Handik lau urtera, 1752ko uztailaren 3an, Jaurerriak, ohi bezala kontsultoreen eskutik, Errepresentazio bat aurkeztu zuen Gortearekiko harremanak normalduta zeudela adieraziz. Agiri hori argitaratu baino lehen plazaratua zen Escudo lanaren lehenengo inprimaketa, eta beraz, agiri horrek bloke batean azaltzen zuen Jaurerriaren arrazoibide osoa, ordurako erabat finkatuta zegoena.
Eskura ditugun datu guztien arabera, Escudo lanaren egiletzan Fontecha nabarmentzea zilegi bada ere, bada nahikoa oinarri Borica orain arte egon den ia erabateko ahanzturatik behingoz ateratzeko. Sagarminabak seinale interesgarri bat eman zigun baieztatu zuenean lehen aipatu dugun 1752ko uztailaren 3ko Errepresentazioak «Bizkaiko Zuzenbide publikoaren funtsezko puntu guztiak jasotzen zituela», eta horri erantsi zionean orduan biziarteko kontsultoreak ziren Fontecha eta Boricaren lana izan zela, «batez ere Fontecha ezagunagoa izango zen, baina biak ere oso jakintsuak ziren Jaurerriko foru-auzien ezagutzan eta praktikan».
Handik gutxira, Fontecha gaixotu egin zen. Heriotza oso urrun ez zuela sumatu zenean, berriz ere 4.500 errealen saria eman zitzaion, «gauza ezohikoetan egin duen lan handiagatik, antzinako berriak eta tresnak bildu baititu, oso baliagarriak izan direnak negozio garrantzitsuetan eta egin diren errepresentazioetan, alde batera utziz etekin handiak emango lizkioketen auzi partikularrak». Hurrengo urtean, 1753an, Juan Dudagoitia izendatu zuten kontsultore haren ordez. Fontecharen suhia zen, eta emaztearen aitaren laguntza erabakigarria izan zuen kargua lortzeko.
Fontecha 1753ko irailaren 5ean hil zen, eta jaraunsleak seme Manuel eta alaba Elena, azken hau Juan Dudagoitiarekin ezkondua, izan ziren.
Ordurako argitaratuak ziren Escudo lanaren hasierako 287 idatz-zatiak bakarrik, ziurrenik zabaltzeko asmorik gabe. Itxura denez, lehenengo inprimaketa 1749an egin zenetik bigarrena 1762an egin bitarteko urte istilutsuen ondoren, ez zen berehala abiatu Escudo lanaren jarraipena. Agian, inprentarako prest egongo zen 287 paragrafotik aurrerako zatia, baina prozesua burutzeko urratsik ez zen eman, harik eta Karlos III.a tronura iritsi zen arte, 1760an. Beste behin ere, monarka oinordekotza bidez aldatu izanak abiarazi zuen Foruaren zina eta berrespena egiteko prozedura, kasu honetan, beharbada, zenbait berezitasun tartean zirela, errege hori Napoliko erregea izan baitzen, aurreko hogeita bost urteetan.
Pedro Fontecha Salazar jo izan da beti Escudo de la más constante fe y lealtad lanaren egiletzat. Hala ere, haren jardueretatik eta esku-hartzeetatik azpimarragarriena, beharbada, Foruaren defentsan egindako idatzi oso landuen erredakzio-lan etengabea da. Horietatik guztietatik ondorioztatzen denez, haren lanean oso garrantzitsua izan zen beste kontsultore batzuen lankidetza, batez ere Roque Jose Boricarena. Guztien artean burutu zuten lan handi bat, haren lehenengo zati gisa jaso zela, nolabait esan, Bizkaiko historiaren bertsio ofiziala deitu genezakeena. Beharbada Fontecharen lana izango zen hura, baina erabateko fideltasuna zion Gabriel Henaok idatzitakoari. Escudo lanaren bertsio osoa, 448 paragrafoak jasotzen dituena, 1762an argitaratu zen, Bizkaiko Foruarekin batera, nolabait ere haren interpretaziorako osagarria baitzen. Bizkaiko kontsultoreek era horretan lortzen zuten beren helburua, alegia, kontsultarako liburu erabilgarri bat izatea eskura, Zuzenbidearen arloan eman behar zituzten irizpen eta helegiteak hobeto eta modu osoagoan oinarritzen lagunduko ziena.
Obrak
(ustez), Escudo de la más constante fe y lealtad [del Muy Noble y Muy Leal Señorío de Vizcaya].Arrieta Alberdi, J. (Sarrerako ikerlana eta arg.), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2015.
Bibliografia
Arrieta Alberdi, J., «Sarrerako ikerlana», Fontecha y Salazar, P. (ustez), Escudo de la más constante fe y lealtad [del Muy Noble y Muy Leal Señorío de Vizcaya], Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2015.
Basurto Larrañaga, R., La biblioteca de Pedro Fontecha Salazar: jurisconsulto vasco del siglo xviii, Gasteiz: Eusko Bibliographia, 1990.
Laborda, J. J., El Señoríode Vizcaya. Nobles y fueros (ca. 1452-1727), Madrid: Marcial Pons Historia, 2012.
Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxea, 1973, 2. arg., 218.-219. or. berrarg. handitua, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.
Portillo, J. M.ª, Monarquía y gobierno provincial. Poder y constitución en las provincias vascas (1760-1808), Madrid: Centro de Estudios Políticos y Constitucionales, 1991.
Sagarmínaga, F. de, El gobierno y régimen foral del Señorío de Vizcaya desde el reinado de Felipe Segundo hasta la mayor edad de Isabel Segunda, Bilbo: José Astuyren tipografia katolikoa,1892, 8 libk.
Aipamen bibliografikoa
Arrieta Alberdi, J., “Fontecha y Salazar, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 392-398.





