Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

ETXABE ORIO, Baltasar (Echave el Viejo) (Oikia, Zumaia, Gipuzkoa, 1548 – Mexiko, ca. 1620).

Karguak eta lanbideak

Historialaria, margolaria, jurista eta hizkuntzalaria

Ibilbidea

Etxabe «Zaharra» goitizenez ezagutzen dugu, izen bereko semearengandik bereiztearren. Baltasar Etxabe Espainia Berrira joan zen 1573an, eta gauza segurua da Mexikon bizi zela 1582an, orduan ezkondu baitzen Isabel Ibiarekin. Neskaren aita Francisco Ibia zen (Francisco de Zumaia izenez ezaguna) margolaria eta haren herrikidea, eta lankidea ere bai, hainbat margolanetan. Etxabek margolari-dinastia ospetsu bat hasi zuen Mexikon: haren semeak, Manuel eta Baltasar Etxabe Ibia (azken hau «Gaztea» edo «Echave Urdinzalea» goitizenez ezaguna) eta biloba Baltasar Etxabe Rioja. Haren margolari lana ez da oso ugaria, baina bai kalitate handikoa. Gustu manierista florentziarrean hazia zen, eta gaiak ia beti erlijiosoak dira. Bere garaian margolari oso ospetsua izan zen, eta garai bereko Juan de Juanes, Bartolomé Murillo edo Francisco Zurbaránekin konparatzen zuten. Izan ere, arte espainiar-mexikar berriaren sortzailea da adituen ustez.

Prestakuntza juridikoa bazuen, eta 1606an hasi zen magistratura bat betetzen, Mexikoko Errege Entzutegiko epaile gisa.

Garai hartan margolari ospea izan bazuen ere, eta gaur egun Historialari eta euskararen apologista gisa ezagutzen badugu ere, hark oso argi zuen hiru gauza izan zela, batez ere, bere bizitzan: zerbitzari publikoa, margolaria eta idazlea. Horregatik, Discursos de la lengua… lanaren azalean autorretratu grabatu bat utzi zigun, bera ageri dela pintzela eta idazluma eskuan, eta orla batean hitz hauek: Patriae et pencilium et calamun utroqueae artifex D. D., alegia: «Aberriari, pintzelari eta idazlumari berdin eman zitzaien egilea».

Haren izkribu ezagun bakarra, Discursos de la lengua Cántabra-Bascongada… izenekoa, xvii. mendean sozio-linguistikari eta euskararen historiari buruz idatzitako guztietatik interesgarriena eta osoena da. Lan apologetikoa da, baina hizkuntzaren egoera, bilakaera eta haren arrazoiak ere aztertzen zituen, eta guztia oinarrituta, alde batetik, argudio toponimiko eta etimologiko klasikoetan, baina beste aldetik, bere esperientzian ere, euskararen ezagutzan, eta Espainia Berriko hizkuntza indigenen ezagutzan ere.

Haren pentsamendua Poza lizentziatua, Esteban Garibai edo Martinez Zaldibiaren ildo berekoa da. Tubalista, eusko-kantabrista eta, batez ere, eusko-iberistarik garrantzitsuena izan daiteke. Izan ere, Etxabek, toponimoen analisitik abiatuta, defendatzen zuenaren arabera, euskara, Tubalek Iberiara ekarri zuena hizkuntza, Penintsula osoan zehar hedatuta egon zen, eta Espainiako lehenengo mintzaira izan zen. Are gehiago, gaztelania euskaratik eratorritako hizkuntza zen, latinarekiko ukipenak eragindako endekatzearen ondorioz sortu zena. Gaztelania «atzerriko» hizkuntza zen Kantabrian (Baskonia) baina ez zen txarra euskaldunek hura ezagutzea; nolabait ere, beren hizkuntza, hau da, euskara, hobeki ezagutzeko modua zen. Kantabria ez zuten inoiz azpiratu ez erromatarrek, ez godoek, ez sarrazenoek ere, eta beti garbia mantendu zen, arraza edo hizkuntzaren nahasmenik gabe, eta odol- nahiz hizkuntz-garbitasun hori zeuden, hain zuzen ere, ideologia foruzale eta berdinzalearen oinarrian. Bestalde, Etxabek xvi. mendearen amaierarako antzematen hasia zen euskararen gainbehera azaldu zuen; euskara ospea galtzen hasia zen, atzerritarrek baztertu eta iseka egiten zioten, baina bertakoek ere galdu, ahaztu eta gutxiesten zuten, eta hondatzen ari zen Espainiako antzinako eta berezko hizkuntzaren estatusa. Oso interesgarria da zein argudio zerabilen hiztunek beren hizkuntza alde batera uzteko fenomenoa azaltzeko, batez ere, bera bezala Amerikara fortunaren bila abiatzen zirenen kasuan. Izan ere, hori zen, hain justu, utzikeria eta galbide horren arrazoia: diru-gosea. Azkar aberastu nahi zuten milaka euskaldunek beren herritik alde egiten zuten Indietara joateko, eta han, beren izaera eta hizkuntza galtzen zituzten.

Era guztietara, hizkuntza eta historia, planteamendu politiko-ideologikoen euskarri eta justifikazio gisa zerabiltzan, eta joera horrek saiakera-egile askorengan iraun zuen, gaur arte iraun ere.

Obrak

Discursos de la lengua Cántabra-Bascongada compuestos por… Introducese la misma lengua, en forma de una Matrona venerable y anciana, que se quexa, de que siendo ella la primera q. se habló en España, y general en toda ella la ayan olvidado sus naturales, y admitido otras Extranjeras. Habla con las Provincias de Guipúzcoa y Vizcaya, que le han sido fieles, y algunas vezes con la misma España, Mexiko: Henrrico Martínez, 1607.

Bibliografia

Galindo y Villa, J., «Baltasar de Echave, el Viejo», in El Estudiante, Mexiko,  I. urtea, I. libk. (1913).

Madariaga Orbea, J., Apologistas y detractores de la lengua vasca, Donostia: Euskal Herriaren Zuzenbide Historikoa eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2008.

Victoria, J. G., Un pintor en su tiempo: Baltasar de Echave Orio, México: Universidad Nacional Autónoma de México, 1994.

Aipamen bibliografikoa

Madariaga Orbea, J., “Echave Orio, Baltasar”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 449-450.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP