Karguak eta lanbideak
Mediku eta idazlea
Ibilbidea
Jean Etxepare, Aldudeko medikua eta idazle paregabea izatekoa zena, Mar Chiquitan munduratu zuten, Buenos Airesko probintzian, 1877ko urriaren 30ean, eta bertan igaro zituen haurtzaroko lehen urteak, harik eta 1883an Euskal Herrira etorri arte familia osoarekin: “Kuanzito” bera, aita-amak (Jean —donaixti-ibartarra, 1842-1932— eta Gratianne —bidarraitarra, 1858-1914—), Pierre anaia (1880-1932) eta Gratianne arreba (1882-1971). Lekornen kokatu ziren —Erlandenea etxean— eta Lapurdiko herri horretan jaioko dira gainerako anai-arrebak: Marie (1884-1958), Josephine (1887-1976), eta biritxiak, Julie (1890-1983) eta Emile (1890-1977).
Herriko eskola utzita, Jean Etxepare Larresoroko seminarioan sartu zuten 1889ko urrian, hamabi urterekin, bigarren mailako ikasketetarako. Gero, 1894ko azaroan Bordelera jo zuen, medikuntza ikastera, eta amaitu aurretik soldadutza egin zuen Proventzan, 1898ko azarotik 1899ko iraila bitartean. Quelques remarques sur le joueur de pelote doktore-tesia aurkeztu zuen 1901ean, uztailaren 11n. Unibertsitate-urte horietan zaletu zen Ernst Haeckel naturalista darwindarraren liburuetara eta bai ere Friedrich Nietzscheren filosofiara. Halaber, badirudi Emile Durkheim soziologoaren eragina jaso zuela Bordelen, eta esan liteke harekin zorretan daudela Etxepareren hala irakaskuntzari buruzko planteamenduak nola laizismoa, besteak beste.
Hogeita lau urteko mediku berria Lekorneko Erlandenera itzuli zen, eta han bizi izan zen 1905era arte, ordezpenak eginez Hazparneko medikuei. Haien artekoa zen Pierre Broussain (1859-1920) euskaltzale errimea. Pierre Broussain hazpandarrak Parisen ikasi zuen medikuntza; bertan galduko du fedea eta —ordez— ideia eboluzionistak bereganatuko, eta bai euskaltzaletuko da eta abertzaletu ere. Ezin da inola ere ahaztu Pierre Broussain izan zela Ipar Euskal Herriko lehen euskal nazionalistetarikoa bere adiskide Albert Constantin (1873-1957) Atharratzeko medikuarekin batera, eta, izatez, un parti nationaliste viable antolatzeko egokiera aipatzen dute elkarren arteko eskutitzetan 1903 aldera. Jon Casenaveren ustez, Pierre Broussain, Albert Constantin eta Jean Etxepare medikuek ireki zioten atea modernitateari Ipar Euskal Herrian, atzerrian ikasi eta gero herrira bueltatzean. Hiru medikuok diskurtso identitarioa birbideratzen ahalegindu ziren, astinaldi ederra eman ziotelarik ordura arteko euskarazko paisaia ideologikoari.
Ez dago argi Jean Etxepare noiz hasi zen idazten Baionako Eskualduna astekari kontserbadore eta katolikoan, izenpetu gabeak baitziren aldizkari horretako artikulu gehienak, baina ia segurutzat jotzen da haren kolaborazioa 1901erako. Bestalde, Pierre Broussainekin batera hartu zuen parte 1902ko irailaren 11n Hondarribiko bilkura iskanbilatsuan, zeinean ez baitzen ia berbarik egin euskararen ortografiaren batasunaz —helburutzat zuena—, baina bai eratu baitzen Euskaltzaleen Biltzarra, albo-ondorio modura.
1905ean Aldudera doa mediku, eta 1910ean Buruxkak liburua argitaratu zuen. Etxepareren lehen liburu hori bilduma bat da, luzera desberdineko hogeita sei saioz osotua. Horietariko hogeita bat lehenagotik artikulu gisa argitaratuta zeuden Eskualduna eta Eskualdun ona astekarietan, 1903-1909 bitartean, eta gainerako bostak ineditoak ziren, tartean «Amodioa» eta «Nor eskola-emaile, zer irakats». Etxeparek maitasunari eta sexuari buruzko gogoeta desberdinak eskaintzen dizkigu «Amodioa» delakoan; esan gabe doa, horrelakoak tabu ziren euskaraz, bikote-ereduak edota amodio librea ukitu ezineko gaiak baitziren, aipatu ezinekoagoak oraindik homosexualitatea edo zoofilia. Nolanahi ere, Jean Etxepare medikuak Pio Barojak Jaun de Alzate kaleratu baino dozena bat urte lehenago irudikatu zuen euskal iragan nietzschear mitiko paganoa, Itzeako idazleak 1922ko eleberri horretan egin bezala. «Amodioa» guztiz subertsiboa zen. Bestalde, «Nor eskola-emaile, zer irakats» irakaskuntza laikoaren aldekoa da. Kontua da Buruxkak modernoegia suertatu zela Euskal Herri esklerotizatu hartan, eta bildumako saio bi horiek «franko ausartak» zirela begitandu zitzaion orduko elizjendeari, halatan non, Etxeparek liburua bahitu egin behar izan baitzuen ingurukoen presioz. Lafittek 1941en inguruan berrargitaratuko du «liburu ozarra», baina «bi kapitulu dohakabeez arindurik», alegia, zentsuratuta.
Mediku gisa aritu zen Gerla Handian, eta ohorezko aipamena eta medaila bat irabazi zituen Verdunen 1916ko uztailean. Etxeparek kronikak bidaltzen zituen Eskualduna astekarira su-lerrotik, baina berorietan nekez aurkitzen da frantses patriotismo suhar eta jainkotiarrik, eta, aitzitik, sarri jotzen dute azalpen darwindarretara.
«Gerlatik landa, Etxepare jauna nehoiz ez bezalako kar batekin lotu zen berriz ere eskuarari», Lafitteren arabera. Horren froga litzateke, esaterako, Eusko Ikaskuntzaren III. Biltzarrean hartu zuela parte Gernikan 1922ko irailaren 10etik 17ra bitartean, eta, handik bueltatzean, Euskaltzaleen Biltzarreko buru-lehen hautatu zuten Maulen irailaren 21ean —Jose Eizagirre tolosarraren ordez—, buruorde bi zituelarik, hain zuzen ere Albert Constantin mediku zuberotarra eta Louis Dazantze (1888-1976) laborantza-ingeniari uztariztarra. 1926an utzi zuen kargua Atharratzeko bileran, Louis Dazantzeren eskuetan.
Etxepare medikua dinamizatzaile galanta izan zen ordura arte erdi lo egondako Euskaltzaleen Biltzarrean, eta, elkartea indarberritu eta bizkortuz gainera, inarrosaldi bat gaitza eman zion haren izaera nostalgiko-erregresiboari. Beraren eskutik iritsi ziren euskara-sariketak —haurrentzat eta apaizgaientzat— kantonamenduka antolatuak, besteak beste irakurleria potentziala zabaldu eta idazle berriak plazaratu zituztenak, adibidez, Piarres Lafitte (1901-1985) eta Leon Leon (1896-1962).
Fernande Kamino (1893-1979) kanboarrarekin esposatu zen Jean Etxepare, 1923ko otsailaren 5ean. Ez zuten seme-alabarik eduki. Medikuaren bihotzeko osasun-arazoak direla-eta, 1930eko uda-hasieran Aldudetik Kanbora aldatu ziren senar-emazteak.
Etxeparek 1931n argitaratu zuen Beribilez liburu gisa, lehenago atalka agertu zena Gure Herria aldizkarian 1929ko irailean hasita. Egunbeteko txangoa kontatzen du, joan-etorria Loiolako santutegira, baina, liburuaren estilo arina engainagarria suerta daitekeen arren pentsaraziz azaleko eta mami gutxikoa dela, Beribilez «Pollita da ba eta sakona (erran nahi baita zaku barne handikoa)», Etxeparek berak adierazi bezala. Izatez, idazlearen begirada agnostikoa igar daiteke han-hemenka lerroartean, eta, hari beretik, badu ahalegin bat zer-eta eboluzionismoa ezagutarazteko euskararen plazan, nahiz eta kontrabandoz izan, ia enkriptatuta. Haren esanean gure mundua noizbait airez aire jaurtiki ziliporta gori bat besterik ez da, gerora «Biziaz amatu» dena ez dakigu nola.
Jean Etxepare medikua Kanbon hil zen 1935eko urtarrilaren 9an, enbolia batek jota eri baten bisitatzera zihoalarik. Denboraren joanak nahikoa ezezagun bilakatu badu ere, Etxepare medikua idazle gailentzat aurkezten dute euskal literatura-liburu guztiek. Jean Etxepare medikua: idazle gailen, eta ausarta.
Obrak
Buruchkak, Tours: Imp. Mame, 1910, 216 or.
Beribilez, Baiona: Imp. Lasserre. 1931, 110 or.
Jean Etchepare mirikuaren (1877-1935) idazlanak. I, euskal gaiak, P. Charritton apail., Donostia: Elkar. 1984, 386 or.
Jean Etchepare mirikuaren (1877-1935) idazlanak. II, mediku-solas, P. Charritton apail., Donostia: Elkar. 1985, 374 or.
Jean Etchepare mirikuaren (1877-1935) idazlanak. III, kazetaritza (A) (1903-1915), P. Charritton apail., Donostia: Elkar. 1988, 428 or.
Jean Etchepare mirikuaren (1877-1935) idazlanak. IV, kazetaritza (B) (1916-1935), P. Charritton apail., Donostia: Elkar. 1992, 408 or.
Jean Etchepare mirikuaren (1877-1935) idazlanak. V, euskalerriko bizia (1932-1935), P. Charritton apail., Donostia: Elkar. 1996, 216 or.
Bibliografia
ALTONAGA, K., Etxepare, Aldudeko medikua, Bilbo: Euskaltzaindia eta UPV/EHU. 2006, 333 or.
CASENAVE, J., De l’article de presse à l’essai littéraire: “Buruchkak” (1910) de Jean Etchepare, Madrid: UNED, 2002, 564 or.
GARTZIA TRUJILLO, S., «Jean Etxepare, Aldudeko medikua euskal modernitatearen brankako irudia», Hamaika euskal literato eta Jainkoa, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzua, 2016, 67-188 or.
LAFITTE, P., «Jean Etchepare jaun mirikua (1877-1935)», Buruchkak, Baiona: Le Livre. 1941(?), 5-21 or.
OLÇOMENDY, A., Jean Etxepare eta Eskola (1901-1926). Fontes Linguae Vasconum (FLV), 130, 2020, 425-444 or.
ORTIZ DE PINEDO, A., Jean Etxepareren “Beribilez” (1931): bidaia eta ideologia. Doktore-tesia, EHU/Université Bordeaux-Montaigne III, 2018, 551 or.





