Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

ESTRABON(Amasia, Ponto, ca. K.a. 64 – s. l., ca. K.o. 19).

Karguak eta lanbideak

Geografoa

Ibilbidea

Amasian jaiotako geografo greziarra (K.a. 64) izan zen, eta Augustoren agintaldian idatzi zuen bere obra nagusia. Greziar tradizio geografikoan txertatutako lana zen, baina erromatarren interesei begira egindakoa, haientzat egiten baitzuen lan Estrabonek. Helburu hau zuen: greziar publikoari ekumenearen, Erromatar Inperioaren, hedadura osoa erakustea, bai eta hura osatzen zuten lurren eta jendearen aniztasuna erakustea ere. Izan ere, Estrabonek «munduaren inbentarioa» egin nahi zuen, eta hori bat zetorren Augustoren erregimenaren asmoekin: Inperioaren batasuna lortzea, Inperioari politika- eta administrazio-egonkortasuna ematea, eta erakunde gaitua eta menderatzailea zela erakustea, gerra zibil suntsitzaile batean urteak eta urteak eman ondoren.

Bidaiari nekaezina izan zen, eta hori lagungarria izan zitzaion bere lana dokumentatzeko, nahiz eta Ekialdea Mendebaldea baino hobeto ezagutzen zuen, gutxiagotan bidaiatu baitzuen Mendebaldera. Esate baterako, ez zen Iberiar penintsulan inoiz egon, baina, hala ere, Iberia izeneko liburuan deskribatu du, bere lanaren hamazazpi liburuetatik hirugarrenean —Estrabonen ia obra osoa iritsi da gurera—. Estrabonen iturri nagusia historialari eta geografo Posidonio Apameakoa izan zen, eta greziar tradizioaren eragina izan zuen Estrabonen kontakizunen ikuspegi nabarmen etnografikoan: datu geografikoez gain, Inperioa osatzen zuten erkidegoen bizimodua eta ohiturak aztertu zituen, Erromaren boterea eta erromatarren konkisten aniztasuna goraipatze aldera.

Estrabonek idatzi zuen J. Caro Barojak baskoien, barduliarren, autrigoien eta karistiarren ezaugarriak zehazteko erabili zuen testu ospetsua. Iberiar penintsulako iparraldeko herriak deskribatu zituen testu horretan Estrabonek, eta herri horiei buruz, greziar geografoak dio batzuek izen ahoskaezinak dituztela, eta gero, greziarrek barbaroei buruz zuten estereotipoaren arabera deskribatzen ditu: garagardoa edaten dute ardoa edan ordez, ezkurrak jaten dituzte garia jan ordez, eta nahiago dute koipea olioa baino. Herri horien gizarte-ohiturek edo gerra egiteko moduak ere ez dituzte eredu klasikora hurbiltzen. Estrabonek erabilitako izenak identifikatzeko zailtasunak —esaterako, bardyetaiak barduliarrak direla identifikatzea— eta herri horien izenek geografoari eragiten dioten harridurak aditzera emango lukete eremu horri buruzko ezagutza azalekoa izango zela, edo, bestela, ez zela behar adina zehatza Estrabonen grezierako irakurleek identifikatu ahal izateko. Badirudi geografia-kokapena baino zerbait gehiago dakiela —Polibiorekin K.a. ii. mendean gertatzen zen moduan–, baina ez dira sona handiko herriak, edo ez daude haiei buruzko berri asko iturri greko-erromatarretan. Zesarren Galietako gerraren pareko gerra-gertakariak edo kanpaina militarrak gertatu ez direnez, erromatarren garaiko egileek ez dute interes berezirik lurraldean eta bertako biztanleetan, Erromak konkistatutako Mendebaldeko herriak barbaroen artean sailkatzeko ezaugarri bereizgarriak kenduta.

Estrabonek Calagurris (Calahorra) eta Oiasso (Irun, Gipuzkoa) hiri baskoitzat sailkatzen ditu, argi eta garbi, eta bigarrena baskoientzat itsasoranzko irteera dela dio. Pompelo (Iruñea) ere aipatzen du, eta Ponpeiok sortutako hiri baskoia dela dio. Horrela, aipatu berri ditugun beste bi hiriekin, erromatarrek Augustoren garaian mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuaren hegoaldean lurraldea kontrolatzeko ezarritako hiru puntu nagusiak izango genituzke. Iparraldean, berriz, Estrabonek gogorarazten du Garona ibaitik Pirinioetarainoko lurraldea okupatzen dutela, eta hizkuntzagatik eta itxura fisikoagatik bereizten direla galiarretatik, eta antzekotasun handiagoa dutela iberiarrekin galiarrekin baino. Baina geografoak ez du hiririk aipatzen eremu horretan, eta horrek adieraziko luke erromatarren administrazio-ereduak geroago ezarriko zirela hor.

Obrak

Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.

Gaztelaniazko itzulpena: Estrabón:Geografía. II. Libros III-IV. Meana, M. J. etaPiñero, F. (itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 1998.

Bibliografia

 Armendáriz Martija, J.: «Propuesta de identificación del campamento de invierno de Pompeyo en territorio vascón» in Trabajos de Arqueología Navarra, 18 (2005), 41.-64. or.

Churruca, J. de: «Los territorios pirenaico-occidentales en la obra de Estrabón» in SantosYanguas, J. (arg.): Los tiempos antiguos en los territorios pirenaicos, Gasteiz: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 2009, 37.-53. or.

Santos, J.: «Los pueblos del País Vasco en las fuentes antiguas» in Barruso Bares P.;  Lema Pueyo, J. A. (koor.): Historia del País Vasco. Prehistoria y Antigüedad, Donostia: Hiria, 2006, 171.-193. or.

Sayas, J. J.: «Unidad en la diversidad: la visión de Estrabón de algunos pueblos peninsulares» in Cruz Andreotti, G. (koor.): Estrabón e Iberia: nuevas perspectivas de estudio, Málaga: Universidad de Málaga, 1999, 153.-208. or.

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Estrabón”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 43-44.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP