Karguak eta lanbideak
Jurista eta Auzitegi Goreneko sala-idazkaria
Ibilbidea
Haren gurasoak Joaquin Etxegarai Etxeandia pasaitarra (1830-1880) eta Josefa Korta Izagirre azpeitiarra (1833-1903) izan ziren. Era berean, anaia nagusi izan zuen Carmelo Etxegarai Korta (1865-1925) historialari eta Probintzia Baskongadoetako Kronikaria.
Bonifacio Etxegaraik El Escorialeko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi eta, zenbait oposizio-lehiaketatan parte hartu ondoren, Auzitegi Gorenaren gobernuko idazkariordetza eskuratu zuen 1910ean, eta Goi Auzitegiko zigor arloko salaren idazkaritza, 1916an, behin betiko Madrilen kokatuta.
1907an, Ricarda Irabien Callerekin ezkondu zen, hau da, jatorriz Aiaraldeko Menagarai herrikoa zen familia ospetsu baten ondorengoarekin, eta zazpi seme-alaba izan zituzten.
Anaiaren lorratz katoliko-foruzaleari jarraikiz, gazte-gaztetik Lore Joko batzuetan parte hartu eta literatur lan zein olerki asko argitaratu zituen Donostiako Euskal-Erria eta beste aldizkari batzuetan; haietako batzuk Cuadros (1900) liburukian jaso ziren.
Bonifaciok, aldi berean, Euskal Herriko hedabide askotan idatzi zuen, bere foruzaletasun politikoa agerian utzita, betiere euskal-espainiar abertzaletasun bikoitzari lotua. Joera hura anaia Carmelo, Serapio Muxika eta beste historialari kontserbadore ospetsuengandik jaso zuen.
Etxegarai anaiek, izan ere, eztabaida politiko handiak izan zituzten prentsan Sabino Aranarekin. 1903an, EAJren sortzailea hil baino lehentxeago, La Patria astekari nazionalista itxi egin zuten, Aranak berak Bonifacio Etxegarairi egindako irainen gaineko epai judizial bat argitaratzeari uko egin ziotelako.
Anaia zaharra izan zuen maisu nagusi. Bonifaciok, izan ere, Carmeloren ikerketa-plan konparatiboa arlo juridikora eraman zuen, hots, tokiko monografietan eta artxibo-azterketan oinarritutako plan hura. Dena den, Caro Barojak adierazi bezala, ohiturazko Zuzenbidea etnografiaren adartzat jo zuen, eta horrek Telesforo Arantzadi, Jose Miguel Barandiaran eta gisako adituengana hurbildu zuen. Horri euskal iraganaren ikuspegi nazionalistarekiko loturak erantsi beharko litzaizkioke, Arturo Campion eta gisakoen bidez.
Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zenean, Bonifacio Baskoniako jarduera publikoari lotu zitzaion, Espainiako hiriburuan bizitzeari utzi gabe. Eusko Ikaskuntzako bazkidea izan zen 1920tik eta, Zuzenbide ataleko kide, 1922tik 1936ra, kultur erakunde hura zuzentzen zuen batzorde iraunkorrean parte hartuta.
Carmelo anaia 1925ean zendu ondoren, haren tokia hartu zuen Euskaltzaindian. Bere jaioterrian, Zumaian, emaniko sarrera-hitzaldia Euskal erriko etxên izenak (1926) izan zen, Euskal Herriko etxe eta baserri izenak eta haien esanahi etnografikoa izan baitzituen hizpide. Gai hura hil arte jorratu zuen.
Eusko Ikaskuntzako jurista ofizial gisa, hainbat landa-lan egin eta, haien ondorioz, funtsezko lanak ondu zituen Euskal Herriko ohiturazko Zuzenbidea aztertzeko. Haien artean, hiru monografia dira nabarmentzekoak, hirurak ere lehendabizikoz Revista Internacional de Estudios Vascosen argitaratuak, Bonifacioren ospe intelektualaren indargarri: La vida civil y mercantil de los vascos a través de sus instituciones jurídicas (1923), Significación jurídica de algunos ritos funerarios del País Vasco (1925) eta La vecindad: relaciones que engendra en el País Vasco (1933).
Historiografiari berari dagokionez eta, Enciclopedia Espasarako «Vasconia» ahotsaren egile anonimoa izan zela ikusirik, Eusko Ikaskuntzak Historia del País Vasco bat ontzeko eskatu zion 1932an, eta hura lantzen hasi bai, baina testua, hein handian, oraindik ere argitaratu gabe dago.
Oso kritikoa izan zen lege-formalismoarekin (hartan Pablo Gorosabel eta bertako beste jurista batzuk erori ziren), bai eta auzitegietan egunero ikusten zuen funtzio judizialaren higadurarekin. Bada, kezka-iturri etengabe bat izan zuen beti, hots, Euskal Herriko ohiturazko Zuzenbidearen eta Estatuko legeria zibilaren arteko gatazka hura, familiaren eta oinordetzaren arloan. Haren ikerlanek Zuzenbide pribatu agrafoa jaso zuten idatziz, kode ofizialek alde batera utzitakoa.
Kezka haiek eraginik, Bonifaciok euskal Zuzenbide zibilaz aurkeztutako hainbat mozio argitaratu ziren Eusko Ikaskuntzaren Deia buletinean eta, horrekin batera, bestelako gaiak ere bai, hala nola landa-exodoa saihesteko moduak, 1889ko Kode zibilaren Eranskin forala, eta, are, Bigarren Errepublikan piztutako itxaropenak zirela eta, Euskal Zuzenbidearen Institutuaren sorrera.
Primo de Riveraren diktaduraren azken hatsetan, autonomia batzordeko kide izendatu zuten, hau da, Eusko Ikaskuntzaren Estatutua deritzona idatzi zuena. Behin Bigarren Errepublika aldarrikatuta, udalen ordezkari aukeratu zuten eusko-nafar Estatutu berri bat prestatzeko, probintzietako Batzorde Kudeatzaileek bultzaturik eta Errepublikaren Konstituziora egokitua.
Estatu-kolpearen ondotik eta, Gerra Zibilaren hasieran, Bonifacio legezkotasun errepublikanoari fidel izan zitzaion. 1936ko urrian, behin Euzkadiko Autonomia Estatutua onetsitakoan, Etxegarai Euzkadiko Behin-behineko Jaurlaritzako Batzorde Juridiko eta Aholku-emaileko kide izendatu zuten.
Organo juridiko eta aholku-emaile horretako presidente eragingarri gisa, eginkizun nabarmena bete zuen justizia gizatiartzeko saiakeran gerra zibilean eta botere judizial autonomikoaren eraketan. Euzkadiko Auzitegi Gorenaren proiektua landu zuen batzordeko burua izan zen, nahiz eta erakunde hura azkenean Bilboko Lurralde Entzutegia izatera mugatu zen.
Era berean, Euzkadiko Kultura Batzordearen goi-mailako irakaskuntzako ataleko kidea izan zenez, Euskal Unibertsitatea antolatzeko oinarriak lantzen aritu zen. Azkenean, ordea, Medikuntza Fakultatea besterik ez zen eratu, gerrak eraginda.
Bonifaciok gerra zibilean egindako jardueren artean, Gernikako (Bizkaia) bonbardaketa irratiz salatu izana nabarmendu behar da. 1937ko ekainean, Bilbo erortzeko zorian zegoela, Euzko Jaurlaritzari Santanderreraino jarraitu eta handik Frantziara eraman zuten, Donibane Garazin kokatuta.
Manuel Irujo Errepublikako Justizia ministroak txosten bat egiteko enkargua eman zion, justizia-administrazioak Espainiako iparraldean gerra zibilean izan zuen jarduera aztertzeko. Etxegaraik, ordea, uko egin zion Bartzelonara joateari enkargu hura betetzeko. Justizia ministro «negrinista» berriak 1938ko apirilean kargugabetu zuen, eskubide guztiak galduta.
Azkenean, 1943an itzuli zen erbestetik Madrilen familiarekin biltzeko. Gobernu frankistaren Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak Bonifaciori espedientea ireki eta Burgosko Kapitaintza Orokorrak epaitu egin zuen, baina inolako zigorrik ezarri gabe, administrazio judizial errepublikano eta autonomikoan ardurak bete zituen arren. 1946an, Auzitegi Goreneko idazkari judizialeko postura itzultzeko aukera izan zuen, Esteban Bilbao eta gisako goi-kargu frankisten babesari esker.
Gerraondoren argitaratutako lanek bere ikerketa-lanari eman zioten segida, frankismoak ezarritako mugak gorabehera. Azken bi monografiak Derecho foral privado (1950), Bizkai, Araba eta Gipuzkoa barne harturik, eta Los ritos funerarios en el derecho consuetudinario de Navarra (1951) izan ziren.
Jose Artetxeren esanetan, Bonifacio «Baskoniako jurista» izan zen eta, besteak beste, Francisco Javier Landaburu eta Jesus Galindez intelektual nazionalisten aitortza jaso zuen. Foru Zuzenbide zibilean, Alvaro Navajas Laportek Gipuzkoako ohiturazko Zuzenbideaz egindako azterlanek eman zieten jarraipena Bonifaciok landutako gaiei. Azkenik, Etxegarairen ikuspegi etnografikoaren eraginpeko euskal historiografiaren adibide bat aipatze aldera, Julio Caro Barojaren lan emankorra nabarmendu beharra dago.
Obrak
El proceso de la Zamacolada: conferencia, Bilbo: Bilbaína de Artes Gráficas, 1920 (faks. berrarg.: Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021).
Aspectos jurídicos de la Zamacolada: régimen y gobierno del Puerto de la Paz: conferencia, Bilbo: Grijalba, 1921 (berrarg.: Yakintza, 16-17 (1935), 278-292., 350-367. or., Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1977; Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021).
«La vida civil y mercantil de los vascos a través de sus instituciones jurídicas», RIEV, XIII, 3-4 (1922), 273-336., 582-613. or., XIV, 1 (1923), 27-60. or. (berrarg.: Donostia: Imp. de la Diputación, 1923; Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1969; Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021.)
«Moción sobre Derecho Vasco», Eusko Ikaskuntzaren Deia, V, 17 (1923), 34-38. or. (faks. berrarg.: Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021).
«Significación jurídica de algunos ritos funerarios del País Vasco», RIEV, XVI, 1-2 (1925), 94-118., 184-222. or. (berrarg.: Donostia: Imp. de la Diputación, 1925, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1971.)
«Euskal erriko etxên izenak», Euskera. Euskaltzaindia’ren lan eta agiriak, VII, 3-4 (1926), 84-123. Diputazioaren inprimategia (berrarg.: Bilbo: Editorial Vasca, 1927; Donostia: Sendoa, 1982, Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021).
«Algunas voces vascas usadas en el Fuero General de Navarra», Euskera. Euskaltzaindia’ren lan eta agiriak, VIII, 1-2 (1927), 43-65. Diputazioaren inprimategia (faks. berrarg.: Donostia: Sendoa, 1982; Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021).
«Estudio jurídico de los contratos entre copropietarios, patrones, tripulantes y fogoneros», EUSKO IKASKUNTZA (arg.), Asamblea de Pesca Marítima Vasca: San Sebastián, 1925: recopilación de trabajos, Donostia: Imp. de la Diputación, 1928, 441-448. or.
«Prólogo. REDONET LOPEZ-DORIGA, Luis, Policía rural en España, Madrid: Inp.: Suc. de M. Minuesa de los Ríos, 1928, II. libk., XI-XCVI. or.
«Vasconia», Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo-Americana, Madrid: Espasa, 1929, LXVII. libk., 148-169. or. (berrargitalpen asko).
ARANZADI, T.-rekin, «Informe sobre el anteproyecto de ley propuesto por la Comisión de Agricultura de la Excma. Diputación de Guipúzcoa para evitar el éxodo rural», Eusko Ikaskuntzaren Deia, XI, 44 (1929), 11-26. or. (berrarg.: Navajas Laporte, Álvaro, La ordenación consuetudinaria del caserío en Guipúzcoa, Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1975, 367-375. or.)
«Nombres vascos de los espacios intermedios entre casas», Euskera. Euskaltzaindia’ren lan eta agiriak, XI (1930), 72-88., 179-192. or. (faks. berrarg.: Donostia: Sendoa, 1982).
«Moción sobre el Apéndice Civil del Código Civil, presentado por el representante de la sección de Derecho Vasco en la Junta permanente de la Sociedad y aprobada por ésta en su sesión de 8 de setiembre», Eusko Ikaskuntzaren Deia, XII, 48 (1930), 14-26. or. (berrarg.: Donostia: Imp. de la Diputación, 1930; Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021).
«La preparación de una historia del País Vasco», Eusko Ikaskuntzaren Deia, XIV, 56 (1932), 15-18. or.
«Proyecto de creación de un Instituto de Derecho Vasco», Eusko Ikaskuntzaren Deia, XIV, 56 (1932), 19-20. or.
«La vecindad: relaciones que engendra en el País Vasco», RIEV, XXIII, 1-3 (1932), 4-26., 376-405., 546-564. or. (berrarg.: Donostia: Imp. de la Diputación, 1933; Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021).
«Vehículo lingüístico utilizado para la enseñanza en el País Vasco», Yakintza, 7-9 (1934), 33-42., 104-111., 194-202. or. (berrarg.: Olano, Aniceto et al., Lucha de idiomas en Euzkadi y en Europa, Donostia: Euskaltzaleak, 1935, 55-86. or.; Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1977).
«Cuestionario de Derecho Popular Vasco», Yakintza, 11 (1934), 366-368. or. (faks. berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1977).
«Vascos y vascongados», Bulletin Hispanique, XLV, 2 (1943), 105-116. or.
«¿Se establecieron los moriscos en el País Vasco de Francia?», Bulletin Hispanique, XLVII, 1 (1945), 92-102. or.
Derecho foral privado, Donostia: Biblioteca Vascongada de los Amigos del País, 1950 (faks. berrarg.: Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021).
Los ritos funerarios en el derecho consuetudinario de Navarra, Iruñea: Felipe Gomez Alonso, 1951 (faks. berrarg.: Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021).
«Origen de la voz Vizcaya y ámbito de su difusión», BRSBAP, VIII, 3-4 (1952), 323-343. or.
«Notas al margen de la Ordenanza de 1477», Oñate, III (1952-1953), 4-14. or.
«Eficacia de la carta-puebla del 13 de septiembre de 1256». Libro homenaje a Tolosa: VII centenario 1256-1956, Tolosa: Udala, 1956, 127-144. or.
Estudios de derecho privado vasco, 1919-1951, URRUTIA BADIOLA, A. M. (arg.), Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021.
Bibliografia
ARANA MARTIJA, J. A., Bonifazio Etxegarai (1878-1956), Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2004.
ECHEGARAY EIZAGUIRRE, L., En busca de Vasconia. Vida de Bonifacio Echegaray (1878-1956), Madrid: Dykinson; Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2021.
ESTORNES ZUBIZARRETA, I., La Sociedad de Estudios Vascos: aportación de Eusko Ikaskuntza a la cultura vasca (1918-1936), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1983.
URRUTIA BADIOLA, A. M., «Bonifacio Echegaray (1878-1956), historia y cultura jurídica vascas», in ECHEGARAY CORTA, B., Estudios de derecho privado vasco, 1919-1951, Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, Dykinson, 2021, XXXVII-CIX. or.





