Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

DUHOURCAU, François (Baiona, 1883ko otsailak 25 – 1951ko martxoak 3).

Karguak eta lanbideak

Militarra, historialaria eta idazlea

Ibilbidea

Bernardo Estornes Lasak Auñamendi Entziklopedian historialari, idazle eta ofizial militar honi eskaintzen zion biografiaren arabera, eta hari buruz Pierre Espilek idatzi zuen hileta-oharraren arabera (hartan haren heriotza-data 1951ko otsailaren 26an jartzen da), François Duhourcau Angersen jaio zen, eta ez Baionan. Baina biografiak datu horretan bat ez badatoz ere, Duhourcauk Baionarekin izan zuen lotura oso goiz hasi zen, eta estua izan zen haren bizitza osoan barna, izan ere, hiri hartan ezkondu zen Marise Ducazau idazlearekin, eta han beran hil zen, 1951n.

Nolanahi ere, haren lanbide-prestakuntza Parisen hasi zen, Saint-Cyr eskola militar ospetsuan.

Handik ofizial tituluarekin atera zen. Lehen Mundu Gerra hasi baino pixka bat lehenago, Duhourcau teniente graduatu berriak erakutsi zuen gerrako taktika berrien teoriko dohaintsua zela, infanteriako tropek babesik gabeko eremu batean aitzina egiteko moduari buruzko azterlan bat argitaratu baitzuen 1913an, lehenengoz atera zena urte hartako Revue militaire générale aldizkariaren iraileko zenbakian. Kapitain tituluarekin parte hartu zuen Lehen Mundu Gerran, Mendebaldeko Frontean, non zauri handi samarrak izan zituen, eta beso bat galdu zuen. Ekintza horri buruz 1917ko Bulletin de la Société des Sciences, Lettres, Arts et d’Etudes Régionales de Bayonne aldizkariak egin zuen deskribapenak adierazten digu aldizkari hori argitaratzen zuen Baionako Zientzien, Letren eta Arteen Sozietateko kidea zela. Kontakizun horren arabera, Infanteriako 49. Erregimentuko kapitaina zela, bi bala jaso zituen ezker eskuan, beste bat sabelean eta obus baten ezpalak eskuin besoan, eta halaber, artileria mota horren inpaktu bat buruan. Ezkerreko besoan ere zauriak jasan zituen, eta haien ondorioz, besoa moztu behar izan zioten.

Abuztuaren 29an jasan zituen zauri horien ondorioz, fronte hartan borrokan ari zen V. Armada frantziarraren eguneko gai-zerrendan aipatzen da Duhourcau. Ohorezko Legioko Zaldun kategoriara igo zuten, haren jokabide heroikoa saritzeko, bere soldaduek ebakuatu nahi zutenean horri uko egin eta beren postuei eusteko agindua eman zielako, lehenik beren betebeharra bete behar zutela-eta, … arrazoi horrengatik Gerrako Gurutzea ere eman zioten.

Armada frantziarraren 18. Kidegoaren eguneko gai-zerrendak gehiago zehazten ditu etorkizuneko idazlea ezkerreko besorik gabe geratu zeneko egoeraren inguruabarrak, adieraziz odol hotz handia erakutsi zuela, bera zauritu zuen obusak berarekin aginte-postuan zeuden sarjentu nagusia eta hiru soldadu hil zituenean. Une haietan, ezkerreko besoa ia moztuta izanda ere, Duhourcauk postuan jarraitu zuen, zaurituta zituen gizonei arreta eman eta behar ziren aginduak eman arte.

Gerrako mutilazio horrek, hala ere, ez zion galarazi une hartatik aitzina idazle eta historialari ibilbide oparo bati hasiera ematea. Izan ere, 1917an berean idatzi zuen tonu bukoliko samarreko artikulu bat —berak «Frantzia goxoaren» bihotz ezezaguna deitzen duenari eskainia—; orrialde bateko idazki labur bat ere bai, 49. Erregimentuaren buru zela frontean izandako esperientziari buruz: «49.eko soldaduak su-lerroan»; eta 1918an beste idazki bat, egoera horietan soldadu haiek erakutsitako heroitasunari buruz, bereziki aipatuz bera bezala baionarrak zirenak. 1919an berriro ere landu zuen gai hori, lan txiki bat eskainiz Roger Le Barillier tenienteari. 1921ean haren lanak berez historialariari dagozkion eginkizunetara bideratu zituen gehiago, gerra iragan berri bateko gertakarien kronista lanetara baino, eta artikulu bat argitaratu zuen Baionako armarriari buruz, betiere Bulletin de la Société des Sciences, Lettres, Arts et d’Etudes Régionales de Bayonne aldizkarian. 1923an argitalpen berean plazaratu zuen beste artikulu labur bat, tonu geografikoa zuena, historikoa baino gehiago, Lapurdiko hiri eta herrietako «Erretratuak» izenburukoa.

Gerra arteko aldia aitzina zihoala, Duhourcau literatura egile oparoa izan zen, eta 1925ean Frantziako Akademiako eleberriaren Sari Nagusia eman zioten, «L’enfant de la victoire» eleberriagatik.

Horrez gain, literatura ekoizpen handiko jarduerarekin batera hainbat biografia historiko idatzi zituen, askotariko pertsonaiak gaitzat hartuta, besteak beste, Lourdesko Santa Bernadette, Santa Joana Arkukoa, Asisko San Frantzisko, Napoleon, edo enperadorearen ama bera: Letizia Ramolino.

Armadatik erretreta hartuta Lehen Mundu Gerratik, ez da ezagutzen inongo parte-hartzerik izan ote zuen 1940ko gerra, porrota eta alemaniarren okupazioaren segida azkarrean, bera bizi zen inguruan. Betiere idazten jarraitu zuen, eta ziurrenik ere ez zuen gatazka gehiegi okupatzailearekin, nonbait begiko zuelako faszismo italiarra. Izan ere, parte hartu zuen Cahiers de l’union des combattants France-Italie izeneko argitalpenaren 1938ko apirileko eta maiatzeko zenbakian, hain zuzen ere, Gabriele D’Annunzioren figura goresteko asmoz egindakoan. Faszismo italiarraren teoriko nagusietako bat izan zen D’Annunzio. Joera ideologiko hori modu argiagoan erakutsi zuen bi urte lehenago, Espainiako Gerrako matxinatuen aldeko iritzia eman zuenean, 1936ko irailaren 9ko La Gazette de Bayonne de Biarritz et du Pays Basque aldizkarian.

Aldi berekoak dira euskal eta nafar gai historikoen gainean idatzi zituen hainbat lan, esaterako «Le Roman de Roncevaux» lana, bistan denez, Orreagan Karlomagnok jasan zuen porrotaren ingurukoa, eta Pierre Lotiren «Pays Basque» lana.

Okupazioaren garaian modu aktiboan parte hartu zuen alemanekin bat egiten zuen prentsan, esaterako ibilbide luzeko L’Ilustration aldizkari ospetsuan.

Baina haren kolaborazionismoaren tonua, halakorik baldin bada, ez da alemanen porrotaren ondoren errepresaliatua izateko adinakoa (izan ere, 1941ean ausartu zen inprentara eramatera Enrike IV.ari buruzko lan bat, Frantziako «askatzaile» gisa aipatuz), eta bere jarduera arruntarekin aitzina jarraitu zuen, 1951n hil zen arte. Esaterako, Jesukristoren bizitzari buruzko hainbat azterlan argitaratu zituen, 1946tik aitzina. 1940ko kanpainan parte hartu zuen Pierre Espilek eskaini zion hileta-oharrean, Gure Herria aldizkariaren 1951ko martxoko zenbakian, ez du inondik ere jasotzen haren jokabide kolaborazionistekiko inongo kritikarik. Aitzitik ere, adierazi zuen ospe handia zuela 1944an nazien gaineko garaipenetik sortu zen Frantzia hartan, komunikabide nazionalek haren heriotzaren berri minez hartu izanak erakusten zuenez.

Obrak

«Les soldats du 49e au feu: hommage à la petite patrie», BSSLAB, (1917), 13-31. or.

«La guerre et la région bayonnaise, soldats héroïques de la région de Bayonne», BSSLAB, (1918), 5. or.

La guerre et la région bayonnaise: soldats héroïques des régiments de Bayonne, le lieutenant Roger Le Barillier, Baiona: A. Foltzer, 1919, 28 or.

«Note sur la devise de Bayonne», BSSLAB, (1921), 161. or.

Portraits de villes et villages du Labourd, Baiona: A. Foltzer, 1923, 15 or. Laburpena, BSSLAB, (1923), 97. or.

Pays Basque recueil d’impressions sur l’Euskalleria par Pierre Loti. Choisies et présentées par François Duhourcau, Paris: Calmann-Lévy, 1930.

«Le Génie du Pays toujours vivante», Bulletin du Musée Basque, 4 (1932), 290-300. or.

«L’énigme basque», Mercure de France, CCLXVII (1936), 453-475. or.

«La tragédie basque», La Gazette de Bayonne, de Biarritz et du Pays Basque, 1936ko irailaren 9a.

Bibliografia

ESPIL, P., (Chorho abadea), «François Duhourcau», Gure Herria, XXIII (1/3/1951), 92-96. or.

ESTORNÉS LASA, B., «Duhourcau, François». On-line baliabidea https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/en/duhourcau-francois/ar-45632/ (2020ko urriak 20).

ITURRIAK

ZENBAITEN ARTEAN, «Membres de la Société décorés et cités», BSSLAB, (1917), 6-7. or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP