Karguak eta lanbideak
Historialaria eta apaiza
Ibilbidea
Apaizgoan 1880an sartu zen; Paueko Lizeoko kapilaua izan zen 1886tik 1904ra bitartean, eta ondoren Paueko San Martingo apaiz-artzapeza izan zen, (1904-1938). 1910 inguruan, gainera, Baionako ohorezko kalonje izendatu zuten. Historiaren arloan egin zuen lan itzelagatik, Instrukzio Publikoko Ministerioaren korrespontsala eta Paueko Zientzien, Letren eta Arteen Sozietateko presidentea izatera iritsi zen.
Haren lan historiografiko itzela 50 urtez egindako ikerketen emaitza da, eta 270 inguru lanez osatzen da, haietako anitz iturri dokumentalak argitaratzeari eta ikertzeari eskainiak, eta beste hainbat ipar Euskal Herriko eta Bearnoko Erdi Aroko eta Aro Modernoko historiaren azterketari. Hamaika artikulu idatzi zituen aldizkari espezializatuetan, batez ere gustukoenak zituen Revue Historique et Religieuse du Diocèse de Bayonne eta Bulletin de Scienciens et Arts de Pau nahiz Revue historique et archéologique du Béarn et du Pays Basque aldizkarietan, eta halaber Revista Internacional de los Estudios Vascosen (RIEV). Haren artikulu ugari, halaber, Etudes historiques et religieuses du Diocèse de Bayonne izeneko aldizkarian argitaratu ziren. Pauen argitaratu zen aldizkari hori 1892 eta 1903 bitartean, eta Dubaratek berak sustatu eta zuzendu zuen, Pierre Hariztoirekin batera. Guztira 12 liburuki eman zituen argitara aldizkari hark, eta han jasotzen ziren Baiona, Leskarre eta Oloroeko antzinako elizbarrutietako eta Akizeko antzinako elizbarrutiko alderdi euskalduneko eta bearneseko elizaren historia.
Haren ikerketen ezaugarriak positibismoa, zorroztasun zientifikoa eta iturri ezezagunen bilaketa-lana izan ziren; besteak beste, aztertu zituen Pirinio Beheretako Departamentuko Artxiboa, Vatikanoko Artxibo Sekretua, Orreagako Kolegiatako Artxiboa, Parisko Artxibo Historiko Nazionala, Baionako Katedraleko Artxiboa, Garona Garaiko Artxiboak, Bordeleko Artzapezgoko Artxiboa, eta elizbarruti eta udal anitzetako artxiboak.
Arreta berezia jarri zuen euskal elizaren historia ikertzeko funtsezkoak diren iturrien argitalpenean, ezagutzera emanez, bai dokumentu laburrak —artikuluen bidez argitaratu eta aztertuak—, bai luzera handikoak ere, liburuetan argitaratuak eta merezimendu handiko hitzaurreez lagunduak. Bereziki aipagarriak dira 1543ko Baionako Meza-liburuaren argitalpena —haren transkripzioaren hitzaurrean Baionako antzinako elizbarrutiaren azterlan zehatz eta zabala erantsita—, Leskarreko otoitz-orduen liburua, 1541ekoa, edo ordura arte eskuratzeko gaitzak ziren zuzenbide kanonikoko iturriak, besteak beste, Auch hiriko eliz-probintziako konstituzio probintzialak (1290-1315), Baionako XIV. mendeko kapituluko estatutuak edo Baionako 1533ko elizbarrutiko sinodoaren estatutuak. Jean-Baptiste Daranatz lagun zuela hiru liburukitan argitaratu zuen René Veillet kalonjearen Recherches sur la Ville et sur l’église de Bayonne izenburuko eskuizkribua, funtsezko testua baita Baionako elizaren historia ezagutzeko. Bi historialariak berriz ere elkarlanean aritu ziren 1928an, Carmelo Etxegarairi egindako omenaldian.
Baionako elizabarrutia osatu zuten antzinako elizbarrutiei buruz ordura arte egindako ikerlanik aipagarrienak eman zituen argitara Dubaratek. Haren Études d’histoire locale et religieuse argitalpenen bidez eta artikulu ugariren bidez ezagutzen ditugu, xehetasun handiz, apezpikuen zerrendak, hainbat apezpikuren ekarpenak, santutegi, konbentu, monasterio eta abade-etxeen historiak, eta orobat, Iparraldeko eta Bearnoko Elizaren historia instituzionalari buruzko askotariko xehetasun erudituak. Oso gutxi aztertu zituen Hegoaldeko instituzioak, salbu eta Orreagako Kolegiataren historia, baina Nafarroako historiografiari egin zion ekarpenetako bat izan zen haren monografia bat: Découverte des tombeaux des Rois de Navarre dans la Cathédrale de Lescar. Xehetasun handiz aztertu zuen beste gaietako bat ipar Euskal Herriko eta Bearnoko erreforma protestantea izan zen, auziaren inguruan ordura arte ezaguna zen dokumentazio guztia bildu baitzuen, eta ordura arte ezezagunak ziren datuak ere ezagutarazi baitzituen. Lan horrekin ezarri zuen oinarria, handik aitzina erruz aztertu den bizitza kulturalaren aldi horri buruz idatzitako historiografia oparoarentzat.
Obrak
La Commanderie et l’Hôpital d’Ordiarp: dépendance du monastère de Roncevaux en Soule (Basses-Pyrénées): étude historique; ouvrage précédé d’une lettre de S.G. Mgr. Ducellier, Pau: Léon Ribaut; Paris: Alphonse Picard, 1887.
Études d’histoire locale et religieuse, Pau: Ribauten alarg., 1889-1892. 2 libk.
Le breviaire de Lescar de 1541, Pau: Léon Ribauten alarg.; Paris: Alphonse Picard, 1891.
Statuts synodaux du Diocèse de Bayonne de 1533, Vignancour inpr., Pau, 1892.
HARISTOY, P.-rekin (argk.), Études historiques et religieuses du Diocèse de Bayonne: comprenant les anciens diocèses de Bayonne, Lescar, Oloron et la partie basque et béarnaise de l’ancien diocèse de Dax, Pau: Vignancour inpr., 1892-1903. 12 libk.
Mélanges de Bibliographie et d’histoire locale, Pau: L. Ribauten alarg., 1894-1904, 6 libk.
Le protestantisme en Béarn et au Pays Basque ou Observations critiques sur «L’Histoire de l’église réformée D’Osse» de M. le pasteur A. Cadier, Pau: Vignancour-S. Dufau inp., 1895.
La tolérance de Jeanne d’Albret: étude sur le protestantisme en Béarn au XVIe siècle, Bruxelles: Polleunis et Ceuterick, 1895.
Les Constitutions provinciales de la province ecclésiastique d’Auch, 1290-1315, et les statuts du chapitre de Bayonne au XIVe siècle, Pau: Léon Ribauten alarg., 1899.
Documents et bibliographie sur la Réforme en Béarn et au Pays Basque, Pau: Vignancour inpr.; Lescher-Moutoué inp., 1900-1903, 2 libk.
Le Missel de Bayonne de 1543, précéde d’une introduction sur les antiquités historiques et religieuses de l’ancien Diocése de Bayonne par l’abbé V. Dubarat, Pau: Léon Ribauten alarg., 1901.
DARANATZ, J.-B.-rekin, Recherches sur la ville et sur l’église de Bayonne / manuscrit du Chanoine René Veillet; publié pour la première fois avec des notes et des gravures par V. Dubarat, J.-B. Daranatz Baiona: L. Laserre; Pau: A. Lafon & Ribauten alarg., 1909-1929, 3 libk.
Un procès entre l’évêché de Bayonne et le Monastère de Roncevaux au XIVe siècle (1332-1335), Baiona: Imp. du Courrier, 1926.
Le «Miracle de Bayonne», Baiona: Imp. du Courrier, 1928.
Découverte des tombeaux des Rois de Navarre dans la Cathédrale de Lescar, Tarbes: Lesbordes, 1929.
La Croix de Charlemagne à Ibañeta: la Chapelle de Charlemagne et la Croix de Roland; avec des dessins de M. de Marien et des illustrations diverses, Dax: P. Pradeu inpr., 1935.
Bibliografia
AUÑAMENDI, «Dubarat, Victor Pierre», Auñamendi Euskal Entziklopedia. On-line edizioa: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/dubarat-victor-pierre/ar-45508/ (2021eko apirilak 26).
URKIZA, J., «Euskal Herriko Eliz Historiako historialari nagusiak», Karmel, 4 (1994), 136-149. or., Dubarati buruzko analisia 136-138. or.
— Elizaren historia Euskal Herrian. I. Ikerlan materialak, Markina: Karmel arg., 1995.





