Karguak eta lanbideak
Komandantea, historiagilea
Ibilbidea
Henri Dop 1876an jaio zen Donibane-Lohizunen. Aitaren aldetik, familia Sarako «Argainea» etxekoa zuen. Horregatik, bere artikulu gehienak H. d’Argain ezizenaren pean izenpetzen zituen. Bere ama De Langalerie familia noblekoa zen.
Armadan ibilaldi luzea izan zuen. Saumur-eko Eskolan formatua izan zen eta bere karreraren parte nagusia Montpellier-eko kasernan egin zuen. 1914-18ko Gerlan parte hartu zuen. Kapitain eta komandante graduak eskuratu zituen. Ohorezko Legioaren domina jaso zuen bere konplimenduengatik.
Pierre bere anaia bezala, historiazale amorratua zen. Ikerketa asko egiten zituzten elkarrekin Euskal Herrira itzultzen zenean, bere permisio denboretan. Baionako Société des Sciences, Lettres et Arts erakundean sartu zen 1922an.
Erregetiar eta kontserbatzailea, Erregimen-Zaharreko Euskal Herri mitifikatua goraipatzen bazuen, modernitateak ekarri zituen gizarte-aldaketak bere idazkietan bortizki kritikatzen ohi zituen. Haren arabera, Euskal Herria bere ezaugarriak eta nortasuna galtzen ari zen. Horretarako, «Salutador le sorcier» artikuluan (1925) idatzi zuen bezala, «Euskal folklorismoaren pizkundean» parte hartu nahi izan zuen. Barandiaranen lanen haritik, bilketa eta azterketa-lanetan ibili zen. Folklorismoa definitzeko, Van Gennep-en teorian oinarritu zen: «Garai batean folklorearen eremua aski mugatua bazen ere eta maitagarrien ipuinak eta kontakizun miragarrietara, sinesmen eta behaketetara, sorginkeria praktiketara mugatzen bazen, gaur egun onartzen da literatura eta hizkuntzalaritza, musika, arte dekoratiboa, erakundeen historia, zuzenbidearena, teknologia eta abar ukitzen dituzten beste adar batzuk besarkatzen dituela. Egiazko zientzia sintetiko oso zabala da, beraz, eta bere mugak ezin dira zehatz marraztu.» (366. or.). Artikulu honetan, Dop-ek euskal jendartearen sinesmen eta ohituren iraupena eta indarra erakutsi nahi izan zituen: «Folkloristaren zeregina garai bakoitzean sineskizun eta ohitura zaharren biziraupen-maila neurtzea eta zehaztea da.» (368. or.). Era berean, beste artikulu batean («La tombe et la maison chez les Basques», 1936), jarlekuen inguruko eskubideen bizirautea XIX. mendean, nahiz eta frantses legeak baliogabetu, azaldu zuen (1839an Saran gertatutako auzi batean oinarrituz).
Henri Dop-ek Dominique Lahetjuzan (1766-1818), bere osaba-zaharra eta Sarako apeza zena, ezagutarazi zuen. Philippe Veyrin-i Essais de quelques notes sur la langue basque par un vicaire de campagne, sauvage d’origine, lana eman zion. Veyrin-ek bere artikuluan Dop eskertu zuen: «Asko zor diogu M. Dop jaunari, hari esker ezagutarazi ahal izanen baititugu euskaldun ezezagun horren irudi originala eta obra argitaragabea.» («Un bascophile ignoré, l’abbé Dominique Lahetjuzan: 1766-1818»). Dop-ek familiaren artxiboetan aurkitutako «Recherches sur les moeurs, l’origine et l’idiome des basques» eskuizkribua publikatu zuen Gure Herria aldizkarian (1930 eta 1932ren artean). Autoreak idazten zuen bezala, zirriborro honek, balio zientifiko gutikoa izan arren, garai hartan irauten zuten sinesmenak ulertzen laguntzen zuen. Gainera, euskarari buruzko ezohiko interpretazioek ere autorearen orijinaltasun eta euskaltzaletasuna ongi irudikatzen zituzten.
Erran gabe doa Henri Dop Lapurdi eta batez ere Sarako historian adituenetariko bat izan zela. Bere herriarekiko atxikimendu handia erakusten ohi zuen eta bere ikerketak eremu hartara bereziki mugatzen zituen. Adibidez, Philippe Veyrin historialaria eta bere anaiarekin batera, hara joaten zen bere ikerketak egitera. Adibidez, Larrun mendian miaketa arkeologikoak edota Sara aldeko kaperen zerrendatze-lan bat egin zituzten (baina ez dugu lan honen aztarnarik atzeman).
Frantses Iraultza eta XIX. mende hasieraren arteko tartea bereziki aztertu zuen. Garai horri buruzko liburu bat idazteko asmoa zuen baina ez zuen inoiz gauzatu ahal izan. Halere, bere heriotzaren ondotik, bere emazteak Dop-ek hasitako lanak («La Révolution dans le Pays Basque: Sare et son canton») Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et arts de Bayonne aldizkarian partekatu zituen 1956an.
Hori dela eta, Henri Dop-ek Sara eta Senpere aldean iragan ziren gertakari historiko asko aipatu zituen Gure Herria kazetan. Iraultzari dagokionez, «Le retour des victimes de l’Internat des Basques» (1930) aipatzekoa da. Artikulu luze honetan, autoreak Lapurtarren deportazioa eta itzulera Izu Garaian kontatu zituen, hainbat artxibo-piezatan oinarrituz (Batzorde Iraultzaileen bildumak, herritarrei egindako galdeketak…). Beste artikulu batzuk izkiriatu zituen hala nola «Le Labourd et la Fédération en 1790» (1927), zeinean Lapurdik mugimendu federalista iraultzailearekin izan zuen harremana eta Lapurtarren parte hartzea Federazioaren bestan (1790ko uztailaren 14an) azaltzen baitzituen; «Signification de “Baugard”: nom révolutionnaire de St-Pée-sur-Nivelle» (1929), zeinean Senpereren izen iraultzailearen zergatia aztertzen baitzuen (Dop-en ustez, «Garde-champêtre» —udaltzaina— hitzetik etor liteke). Azkenik, Theophile-Malo de La Tour d’Auvergne-Corret (1743-1800) militar iraultzaile bretoiaren erretratua egin zuen beste artikulu batean. Soldaduak Euskal Herrian ukan zuen ibilbide militarra izan zuen aipagai.
Dop-ek XIX. mende hastapeneko Sarari buruzko beste datu historiko interesgarriak ezagutarazi zizkigun. Konparazione, 1812ko urriaren 8an Bera eta Saran gertatutako Napoleon-en eta Espainiako Erresumako soldaduen arteko guduak aztertu zituen («L’incursion espagnole du 8 Octobre 1812 dans le village de Sare»). Beste artikulu batean, Martin Dithurbide Sarako alkateak Napoleondar Gerren ondotik zabaldu zen eskalegoaren aurka hartutako neurriak eta herritarren elkartasun-akzioak estudiatu zituen («La charité et la répression du vagabondage à Sare en 1825»). Azkenik, Dop-ek lan interesgarria egina izan zuen 1831ean izan zen Dithurbide eta Baionako Suprefetaren arteko eztabaida baten inguruan, azken honek Sarako merkatua debekatu baitzuen, saltzaile eta erosle anitz Nafarrotik etortzen zirelako, zerga arazo bat sortuz. Suprefetak merkatua berriz onartu zuen negoziaketa luze batzuen ondotik. Halere, Dop-ek azpimarratu zuen gertakari horrek merkatua ahuldu zuela. ( «Le marché de Sare menacé de disparition en 1831»).
Bestalde, Dop zendu zenean, Senpereko Jaunei buruzko dokumentu bilketa interesgarri bat argitaragabe utzi zuen. Société des sciences et lettres de Bayonne erakundeak lan hau 1965ean agerrarazi zuen edizio berezi batean.
Obrak
H. D’ARGAIN, «Sur une chapelle basque: Un conflit au XVIIe siècle au sujet d’une procession», Gure Herria, 3. urtea, 12 (1923ko abendua), 701-771. or.
— «Salutador le sorcier: contribution au folklore basque», Gure Herria 5. urtea, 7 (1925eko uztaila), 365-373. or.
— «L’incursion espagnole du 8 Octobre 1812 dans le village de Sare», Gure Herria, 5. urtea, 4 (1925eko epaila), hur.
— «La Tour d’Auvergne», Gure Herria, 5. urtea, 8 (1925eko agorrila) hur.
— «La charité et la répression du vagabondage à Sare en 1825», Gure Herria 6. urtea, 2 (1926ko otsaila), 83-94. or.
— «La décapitation de Ste-Foi d’Agen par les basques», Gure Herria, 6. urtea (1926ko uztaila-agorrila) hur.
— «Le Labourd et la Fédération en 1790», Gure Herria, 7. urtea, 1 (1927ko urtarrila), hur.
— «Signification de “Baugard”: nom révolutionnaire de St-Pée-sur-Nivelle», Gure Herria, 9. urtea, 1 (1929ko urtarrila-otsaila), 63-70. or.
— «Recherches sur les moeurs, l’origine et l’idiome des basques, par l’Abbé Dominique Lahetjuzan», Gure Herria, 9. urtea, 2 (1929ko epaila-jorraila) hur.
— «Le marché de Sare menacé de disparition en 1831», Gure Herria 9. urtea, 6 (1929ko hazila-neguila), 545-560. or.
— «Le retour des victimes de l’Internat des Basques», Gure Herria, 10. urtea, 3 (1930eko ostaroa-errearoa) hur.
DOP, H., «Une industrie basque, les ceintures, les sacs et autres objets de parure en cuir clouté», Bulletin du Musée Basque: Revue des études et recherches basques, 10 (1935), 259-264. or.
— «La tombe et la maison chez les Basques», Gure Herria, 16. urtea, 1 (1936ko urtarrila-otsaila), 78-84. or.
H. D’ARGAIN, «La Révolution dans le Pays Basque: Sare et son canton. Sa vie municipale sous le Directoire et le Consulat», BSSLAB, 77 (1956ko uztaila) hur.
DOP, H., Les Seigneurs de Saint-Pée, Baiona: Société des sciences et lettres de Bayonne, 1965, 196 or.





