Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

DORRONSORO CEBERIO, Miguel (Miguel Dorronsoro Zeberio) (Ataun, Gipuzkoa, 1812ko otsailaren 17a – Ataun, Gipuzkoa, 1880ko urriaren 16a).

Karguak eta lanbideak

 Gipuzkoako ahaldun nagusia eta politikari karlista

Ibilbidea

Miguel Dorronsoro Ceberiok Legeak ikasi zituen Oñatiko Unibertsitatean eta Ataunen egin zuen lana, 1843tik 1868ra; lehenik, eskribau oso gisa, eta gero, notaritzak eskribautzen ordez ezartzean, herriko notario gisa 1868ra arte, urte hartan Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu baitzuten. Orduan, probintziako kargua trabarik gabe betetzea hobetsi zuen. Lanbideari esker, Miguel Dorronsoro Ataungo Udaleko idazkari ere agertzen da hainbat urtez. Nicolasa de Altzolaranekin ezkondu zen, eta seme batzuk karlisten bandoan aritu ziren gerran borrokatzen. Emaztea Zumalakarregi jeneralaren ordezkari militar nagusietako baten arreba zen, baina Dorronsoro gazteak ez zuen lehen gerran parte hartu. Dena den, hil zenean, hau da, Bigarren Karlistaldiaren ondoko erbestetik itzulitakoan, beste altxamendu bat prestatzen ari omen zen.

Bi arrazoi direla medio da garrantzitsua Dorronsoro: batetik, Gipuzkoako politikan jarrera tradizionalisten alde nabarmendu zelako eta, bestetik, Bigarren Karlistaldian ezarritako administrazio zibil foral karlistan funtsezko per- tsona izan zelako. Izan ere, bazuen eskarmentua, matxinada aurretik hainbat kargu bete zituelako, hala nola Batzar Nagusietan ahaldun, Diputazioko kide hainbat urtez eta, 1868an, Ahaldun Nagusi. Gainera, itzal handia zuen bere irizkide eta auzokideen artean. Hori dela eta, erregegaiak Dorronsoro auke- ratu zuen Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko, foru tradizioaren arabera jo- katze aldera. Jarduera hartan jardun zuen, harik eta Ordiziako Batzar Nagusiak egin ziren arte (1875). Bilkura haietan, erakundeak hautatzeko prozesua normalizatu zen probintzia osoan eta, orduan, ahaldun nagusi izendatu zuten beste agintaldi baterako eta jarduera publikoaren lehen lerroan jarraitu zuen.

Horrenbestez, Dorronsoro erregimen karlistaren buru nabarmena izan zen Gipuzkoan, Gerrarako Diputazioan jarduera garrantzitsua eginda. Antonio Piralak hauxe esana du haren lanaz: «Euskal-nafar probintzietan nabar- menak ziren diputazio bakoitzean buru egiten zuten pertsonak, baina inor ere ez zen nabarmendu Gipuzkoako diputazioko buru Miguel Dorronsoro bezainbestean». Haren jarreraz, beste garaikide batek, Pedro de Egañak, hauxe idatzi zuen Dorronsoro zendu zenean: «Jakin zuen kontserbatzen batzuen errespetua eta besteen maitasuna, eta egun, haren izena lau probintzia euskal-nafarretan aipatzen da eskuzabaltasunaren, ahalegin zibikoaren eta zu- zentasunaren eredugarri. Nire esparrua harenaren aurrean egon zen bezala, atsegin berezia daukat justiziako omenaldi hau eskaintzeko». Gaur egun Do- rronsoro gehien aztertu duen egileak, Vicente Garmendiak, dio «estatu-politikaria» izan zela, «foruen defendatzaile porrokatua» eta «matxinadaren arima Gipuzkoan; dena den, nortasun handiak gatazka ugari eragin zizkion Estatu karlista txikiko militarrekin eta politikariekin eta, zalantzarik gabe, haren administrazio txarra astindu zuen (…) eta foru sistema bere osoan berrezartzen saiatu zen».

Dorronsororen administrazio-lana gerraren kinka larrian garatu zen. Gerrak dena baldintzatzen du. Etengabe aritu zen liskarrean militar karlista buru batzuekin, bai eta Don Karlosekin berarekin ere. Gipuzkoako Diputa- zioa, hala ere, beste arlo batzuei arreta egiteko gauza izan zen —adibidez, Probintziako lehen hezkuntzaren berrantolamenduari, euskara irakaskuntzan sartuta—. Baina, oroz gain, foruzalea zen aldetik, foru antolamendua berreskuratzeko erronkari ekin behar izan zion. Ahalegin hura sinbolikoki eraman zen bururaino, Karlos VII.a erregaiak Foruen zina egin zuenean Gipuzkoako Batzarren aurrean, 1875eko uztailaren 7an.

Miguel Dorronsorok argitaratutako obrari dagokionez, lehenik honako liburu hau aipatu behar dugu, 1862an eta 1896an Donostian inprimatua: Breve reseña de los hechos y razones principales que prueba la identidad del glorioso mártir San Martín de la Ascensión con Martín de Loinaz y Amunabarro, hijo de Beasain, por el licenciado D. Miguel Dorronsoro.

1870ean, bi argitalpen plazaratu ziren Miguel Dorronsororen eskutik, biak ere politikoak. Lehena, hauxe: Breves palabras sobre dos afirmaciones que la Diputación Foral ha estampado en el recurso elevado al Gobierno solicitando la aprobación del acuerdo de las Juntas de Fuenterrabía y la de sus actos en el arreglo del culto y clero, 1870eko urtarrilean datatua. Batzar Nagusien 1869ko uztailaren 9ko erabakiak eragindako polemikarekin dauka zerikusia eta, ondorioz, Diputazioak elizjendea diruz hornitzeko hartutako neurriekin. Auzi horren atzean liberalismoaren eta karlisten arteko enfrentamendua zegoen. Liberalak Batzar Nagusietan nagusi izanik, aipatu erabakiak haiek hartu zituzten. Karlistak sistema berriaren aurkakoak ziren, eta Eliza eta Foruak defenditzen zituzten, binomio hautsezina balira bezala.

1870ean argitaratutako bigarrena, berriz, hauxe izan zen: Lo que fueron los reyes de España y lo que ha sido el liberalismo para con los fueros de Guipúzcoa. Haren lanik nabarmenena da, bai eta interesgarriena ere, une hartako karlismo gipuzkoarraren jarrera zehaztu baitzuen foru erregimenaren jatorriaz, funtsaz eta gaurkotasunaz. Honela hasten da: «Gipuzkoa, askea eta independentea edo autonomoa, orain esaten dugun bezala, bere borondatez sartu zen Gaztelako Koroan 1200. urtean (…); beraz, ez dira gure Foruak, Nazioak emandako pribilegioak, eta bai, ordea, bertan sartu ginenean guretzat gordetako eskubideak, eta gure batasunaren sine qua non baldintza. Gaztelak ez badu bere konpromisoa betetzen, ukaezina da eskubidea dugula batasuna hautsita deklaratzeko eta gure independentzia berreskuratzeko». Liburuxkak, ondoren, bi atal ditu: «Medios que se reservó Guipúzcoa para la conservación de sus derechos» (hemen foru-baimenaz eta indarraren aurkako inda- rraren erabileraz ari da), «Respeto de los Reyes de Castilla a nuestros Fueros» (1200etik 1800era arteko ibilbide historikoa ekartzen du gogora) eta «Lo que ha sido y es el liberalismo para con nuestros Fueros» (XIX. mendeko gertakariak aipatzen ditu, euskal liberal foruzaleak ditu aipagai —haren iritziz, hori bateraezina da— eta esaten du alderdi karlista dela Foruak errespetatzen dituen bakarra). Liburua bukatzeko, «Conclusión» atala dator, eta karlistak eta liberalak kontrajarzten ditu. Batetik: «D. Carlos VII restituirá a las Provincias Vascongadas y Navarra los Fueros de que el liberalismo les ha arbitrariamente despojado, sin perjuicio de que nosotros hagamos foralmente todas aquellas modificaciones que la experiencia aconseje y los intereses actuales morales y materiales demanden». Bestetik: «El liberalismo ha destruido, o poco menos, todos nuestros Fueros, buenos usos y costumbres, incluso el pase foral, y acabaría con lo que conservamos el día que se creyere bastante fuerte para nivelar estas Provincias con las restantes de la Monarquía».

Azkenik, 1872an, A los carlistas izenburupean, 15 orrialdeko opuskulu bat inprimatu zuen Baionan, Dorronsorok Akizen 1872ko urriaren 4an sinatua. Testuan kontra egiten zaio Eustaquio Diaz de Rada Landibar militar karlistak idatzitako bati. Izan ere, porrot egindako altxamendu karlista bat zuzendu on- doren, militar horrek foileto bat plazaratu zuen bere jarduketaz, Dorronsororen kontrako akusazioak eginda.

Francisco Dorronsororen izena, gainera, Gipuzkoako Aldundiak hainbat urtez sortutako dokumentazio ugariren oinean ageri da; aldarrikapen, zirkular, memoria eta erregelamenduetan.


Obrak

Breve reseña de los hechos y razones principales que prueba la identidad del glo- rioso mártir San Martín de la Ascensión con Martín de Loinaz y Amunabarro, hijo de Beasain, por el licenciado D. Miguel Dorronsoro, Donostia: Pio Barojaren inprima- tegia, 1862, eta J. Baroja eta Semearen inprimategia, 1896.

Breves palabras sobre dos afirmaciones que la Diputación Foral ha estampado en el acuerdo elevado al Gobierno, solicitando la aprobación del acuerdo de las Juntas de Fuenterrabía y la de sus actos en el arreglo del culto y clero, Azpeitia: Pablo Marti- nezen inprimategia, d.g. [1870].

Lo que fueron los reyes de España y lo que ha sido y es el liberalismo para con los Fueros de Guipúzcoa, Azpeitia: Pablo Martinezen inprimategia, d.g. [1870].

A los carlistas. Baiona: E. Laserre inprimategia, 1872.

Bibliografia

ARTECHE ARANBURU, J., El gran asombro, Donostia: Sociedad Guipuz- coana de ediciones y Publicaciones, 1970.

BARÓN DE ARTAGAN (Reynaldo Brea y Cuarteroren izengoitia), Políticos del carlismo, Bartzelona: La Hormiga de Oro inprimategia, 1913 (Miguel Dorronsororen erretra- tua dakar 176. orrialdean).

CLEMENTE, J. C., Diccionario histórico del carlismo, Iruñea: Pamiela, 2006.

DEL BURGO TORRES, J., Bibliografía del siglo XIX. Guerras Carlistas. Luchas políticas. Iru- ñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1978, 2. argitaldaria.

GARMENDIA GARCÍA DE CORTÁZAR, V., La ideología carlista (1868-1876). En los orígenes del nacionalismo vasco, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1985.

GARMENDIA GARCÍA DE CORTÁZAR, V., «Miguel Dorronsoro y Zeberio: Un estadista gui- puzcoano hace un siglo», Sancho el Sabio: Revista de cultura e investigación vasca, 4 (1994), 51-104. orr.

GARMENDIA GARCÍA DE CORTÁZAR, V., Jaungoicoa eta Foruac: El Carlismo Vasconavarro frente a la democracia española, 1868-1872. Algunos folletos carlistas de la época, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1999 (testuen artean Miguel Dorronsororen obra hau dago bildua: Lo que fueron los reyes de España y lo que ha sido y es el libe- ralismo para con los Fueros de Guipúzcoa).

LÓPEZ ANTÓN, J. J., Escritores carlistas en la cultura vasca, Iruñea: Pamiela, 1999. MONTERO DÍAZ, J., El Estado carlista. Principios teóricos y práctica política, 1872-1876, Madril: Hernando de Larramendi Fundazioa, 1992.

PIRALA, A., Historia contemporánea: anales desde 1843 hasta la conclusión de la actual guerra civil, Madril: Manuel Telloren inprimategia eta fundizioa, 1875-1879.

RODRÍGUEZ DE CORO, F., Guipúzcoa en la democracia revolucionaria (1868-1876), Donos- tia: Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1980.

URQUIJO GOITIA, M., Liberales y Carlistas. Revolución y Fueros vascos en el preludio de la última Guerra Carlista, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1994.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP