Karguak eta lanbideak
Historialaria
Ibilbidea
Aragoiko Daroca hiribilduan jaio zen, eta Martín Díez de Aux Aragoiko Justizia Nagusi garrantzitsuaren ondorengoa zen, zuzeneko lerroan. Historialari ezaguna izan zen, Jerónimo Zurita aragoiar kronikariaren garaikidea —Díez de Auxek askotan aipatu zuen Zurita—.
Bere diskurtsoaren gai nagusia Nafarroa konkistatzeko eta Gaztelako Koroan sartzeko prozesua izan zen. Díez de Auxen ustez, Europako erresumek ez zuten hori behar bezala ulertu, eta prozesu hori justifikatzeko, Fernando Katolikoak berak azterketa juridiko bat enkargatu zion garaiko legegile onenetako bati, Juan López de Vivero doktoreari —ezagunagoa da Lope de Palacios Rubios izenez—. López de Viverok De justitia et jure obtentionis ac retentionis Regni Navarrae tratatu luzea idatzi zuen (Salamancan argitaratu zuten, 1514an), Fernando erregeak (eta Gaztelako errege-erreginek) Nafarroako Koroaren gainean zuen eskubidea defendatuz.
Baina Joana III.a Nafarroakoak Filipe II.ak Nafarroaren gainean zuen nagusitasuna zalantzan jartzean, Juan Díez de Aux y Marcillaren testuak, Filipe II.a erregearen eskubidea argudiatzeko, Aragoiko arbasoekin lotu zuen eskubide hori, Gaztelako arbasoekin lotu ordez. Hain zuzen ere, Nafarroa Aragoira gehitu beharko zela defendatzen du, Nafarroako errege-erreginek Aragoiko Erresuma zaharra tiranizatu zutelako, Antso III.a Nagusiaren garaietatik, Nafarroako Erresuma Aragoiko Erresumatik kentzean, eta Aragoiko Erresumaren errege legitimoa zen Filipe II.a, bere jatorriagatik.
Konkistan izandako gertaerak kontatzen ditu, eta konkista justifikatzen du, Bibliako testuetan eta Nafarroako errege-erreginak heretiko deklaratu zituzten aita santuaren buldetan jasotako antzeko adibideekin. Nafarroako erregeari, «Frantzian jaiotakoa izanik», leporatzen dio nafarrak baztertu zituela eta Frantziara Irunberri bidez joan zela, Iruñea hiriburua abandonatuta eta etsaien eskuetan utzita, Frantziako armada ez baitzen hiria laguntzera joan, nahiz eta hori egingo zuela «aginduta eta finkatuta zegoen, hiltzeko beldurra izan zutelako».
Díez de Auxek Filipe II.a erregeari eskaini zion bere idazlan luzea. 1562. eta 1572. urteen artean idatziko zuen —1562an alargundu zen Joana III.a, eta 1572an hil zen—, eta lan horretan, Nafarroa Gaztelako Erresuman integratzeko eskubidea defendatzen zutenen ezjakintasun historikoa adierazi zuen; batez ere, Lope de Palacios Rubiosen ezjakintasuna. Nafarroako Erresumaren okupazio zilegiari buruz aipatutako «tratatua» idatzi zuen Lope de Palaciosek, erregeak enkargatuta.
Lana eskuizkribu bat da, eta ez da argitaratu eta hedatu 2012. urtera arte, Gaztelak erresuma zaharra konkistatu zueneko bosgarren mendeurrenean.
Juan Díez de Aux y Marcillak Aragoiko handikien familiekin lotutako azterketa genealogiko asko idatzi zituen (batez ere, Díez de Aux, Ruiz de Azagra, Heredia, Funes edo Marcilla familienak, oraindik argiratu gabeak), bai eta tokiko historiako zenbait azterketa, (Teruel, Albarracín edo Mosquerolari buruzkoak), Darocako korporalei buruzko beste batzuk, eta Ivsta ocvpación del Reino de Navarra lana ere.
Obrak
Ivsta ocvpacion del Reino de Navarra», escrita por Juan Díez de Aux y Marcilla, caballero natural de Daroca, para el Rey Felipe II, defendiendo su derecho, por Aragón y no por Castilla, al dominio de Navarra, ca. 1562-1572. Biblioteca de la Real Academia de la Historia [09-00505 (G-58)]. Paperezko 60 orriko eskuizkribua.
Bibliografia
Ayerbe Iribar, M.ª R.: «El derecho a la conquista de Navarra por el Rey Fernando (1512), según algunos autores de la época. Juan Díez de Aux y Marcilla y su Ivsta ocvpación del Reino de Navarra: sobre el derecho del Reino de Aragón a la vinculación de Navarra a ella y no a Castilla (1562-1572)» in Iura Vasconiae, 9 (2012), 569.-632. or.
Aipamen bibliografikoa
Ayerbe Iribar, R. Mª., “Diez de Aux y Garces de Marcilla, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 681-682.





