Karguak eta lanbideak
Testua gaztelaniaz
Elogio de Pamplona.
Ibilbidea
Laudorioa Códice Rotense lanean sarturik gorde da, hau da, 992. urtea baino lehentxeago idatzitako kodexean, Sisebutoren apezpikualdian, hain zuzen. Laudorioaren testuan, hiri kristau gisa deskribatua ageri da Iruñea. Zenbait egilek vi. mendearen bukaeran datatu badute ere, badirudi azken urteotako historiografiak frogatu duela x. mendean idatzi zela, Iruñeko erregetza sortu berriaren baitan. Erregetzak bere nortasuna berresteko erabili zuen, Mendebaldeko Europako antzeko beste laudorio batzuek egin bezalaxe. Ez dira deskribapen errealistak, baizik eta Europan aurreko mendeetan idatzitako beste laudorio batzuetatik hartutako eredu eta kontu berberak, esanahi sinboliko sakonez beteak. Honatx Laudorioaren testua:
[1] Leku probidentzial hau Jaungoikoak egina da, gizonak aurkitua, Jaungoikoak hautatua, urteak zenbat egun hainbeste putzu dituen lekuan topatua. Noiznahi asetzeko, eta beharrean dagoen nornahi urez asetzeko, ugaria baitago guztientzat.
[2] Ikaragarri altxatua dago bere dorre harresituekin, hots, 63 oineko lodiera neurtua dutenak, 84ko garaiera, eta inguruz inguru mila diestra dituen hiri-barrutia, 67 dorrerekin, zehazki.
[3] Jaunak, bere errukiaz, ezin konta ahala martiriren erlikien bastioi izan zedin sortu zuen, eta martiri horien otoitzei esker, onik gordetzen du jende basati eta etsaien artetik; eta erlikia haien bitartez, martirien hats babesle aunitzen eraginez, aingeruzko argi batek egiten du ñir-ñir, antzinatik alegoria gisa esaten den bezala: gizonak beren guardian isilik geldituko balira, martirien hilobiek oihu egingo lukete zaintzaileak ernatzeko.
[4] Leku hau garailea da beti eta dohainez betea; jende onarentzako bastioia da, hiru angeluk zedarritua, hiru ate ditu jarriak, lau ibilbideren erdian kokatua, mendi-lepo batetik hurbil. Pampilone esaten da grekoz, eta latinez, guztien atea.
[5] Isilik daude ibai-bazterreko zuhaitzetako loreak; ibaiak ekialdetik ditu eztiki estutuak hurbileko herrixkak mendebalderantz, inguruak ordoki eta baketsuak direla.
[6] Kontra egiten die herejeei, bakzeoen aurka altxatzen da. Betiko maite beharra dago, inork minik sentitu ez dezan hiriari borroka egiten dionaz.
[7] Erroma oparoak erromatarrei emaniko indarra ematen dio Iruñeak etengabe bere jendeari.
[8] Eskualde handi eta miresgarria da, beste eskualde batzuk emankortu dituena, ibaitik heldu diren ur-ildoek hondeatua.
[9] Mendiak inguruan dituen bezala, Jainko Jauna bere herriaren inguruan dago, gizaldi eta gizaldi guztietan, amen.
Laudorioak Iruñeko lurraldearen kutsu sakona darakutsa bai kulturan bai erlijioan. Izan ere, hiriko eliza «santutegi kutsagabea» zen «espirituz», eta menderaezina, mehatxuka ari zitzaizkion basatien aurrean, musulmanen aurrean, alegia.
Obrak
De laude Pampilone. Códice de Roda kodexean sartua, Lacarra, J. M.ª (arg.), «Textos navarros del Códice de Roda», Estudios de Edad Media de la Corona de Aragón, 1 (1945), 268.-270. or.
Gaztelaniazko itzulpenak: Elizalde Armendáriz, I., Navarra en las literaturas románicas (española, francesa, italiana, portuguesa), I,Edad Media, Iruñea: Vianako Printzea Erakundea, 1977, 27. or. Segura Munguía, S., Mil años de historia vasca a través de la literatura greco-latina. De Aníbal a Carlomagno, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1997, 215.-216. or. Martín Duque, A. J., «Del espejo ajeno a la memoria propia», Martín Duque, A. J. (zuz.), Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1996, 1. libk., 37.-38. or.
Bibliografia
Jimeno Aranguren, R., Orígenes del cristianismo en la tierra de los Vascones, Iruñea: Pamiela, 2003, 83.-87. or.
Larrañaga, K., «Glosa sobre un viejo texto referido a la historia de Pamplona: De laude Pampilone», in Príncipe de Viana, 55. libk., 201. zk. (1994), 37.-147. or.
Martín Duque, A. J., «Del espejo ajeno a la memoria propia», Martín Duque, A. J. (zuz.), in Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1. libk., 1996, 37.-38. or.
Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 200.-201. or.
Segura Munguía, S., Mil años de historia vasca a través de la literatura greco-latina. De Aníbal a Carlomagno, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1997, 215.-216. or.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “De Laude Pampilone Epistola”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 151-152.





