Karguak eta lanbideak
Kalonjea, korografoa
Ibilbidea
Tuterakoa zen, Nafarroako hiri hartako eskribau, kalonje eta letradu familia batean jaioa. Lege eta teologia ikasketak egin ondoren, José Conchillos lizentziatuari kalonjetza bat eman zioten Tuterako kolegiatan (1640). Negoziatzaile trebea izanik, Tuterako deantzako bikario orokorraren kargua lortzeko aukera zabaldu zitzaion. 1654, 1660 eta 1662an Madrilgo Gorteko dekanoaren kabildoko agente izendatu zuten, bere instituzio erlijiosoaren alde auzitara jo zezan, Tarazonako apezpikutzatik berezi eta elizbarruti aldarrikapena lortzeko. Auzi horiek Iruñean, erregeordearen eta Errege Kontseiluaren aurrean, negoziatzeko eginkizuna ere eman zioten 1659an, eta une hartan kontaktatu ahal izan zuen etorkizunean haren urratsak jarraituko zituen Jose Moretekin.
1666an argitaratu zuen, Juan Ibarren Zaragozako inprimategian, Propugnáculo histórico y jurídico lana, xvi. mendeko korografia penintsularrean erabat txertatzen zena. Haren sorterriaren antzinatasuna defendatzeko egindako testua kontsideratzen zen Propugnáculo lanak Aragoiko elizgizonen onarpena eta zentsura egokiak zituen bere alde, eta haren asmoa zen Tuteraren antzinatasuna eta lehentasun politikoa justifikatzea «Espainiako lehen populazioa» zela eta haren sorrera Tubali, Noeren bilobari, zor zitzaiola argudiatuz. Haren aberriaren jatorriaren kontakizun atsegin-zalea, hamaika autoritate bibliko, patristiko, greziar-latindar, Erdi Aroko eta garai hartakoak (besteak beste Bernabé Moreno de Vargas, Traiano Boccalini, Arnalt Oihenart, frai Bernardo de Brito edo Jerónimo Román de la Higuera jesuitaren falsos chronicones deitutakoak ) oinarritzat zituena, laster zentsuratu zuen Nafarroako erresumaren kronista José Moretek. Propugnáculo lanaren argitalpenari erantzunez, jesuita iruindarrak berehala plazaratu zuen, egiletza hirukoitz apokrifo baten izenean, El bodoque izeneko lan txiki eta satirikoa, non ezbaian jartzen zituen Conchillosen baieztapen erudituak. Moreten erantzun azkarrari bidea eragotzi nahian, Conchillosek beste obra bat plazaratu zuen, Desagravios del Propugnáculo de Tudela titulatua eta, Moretek egin zuen bezala, argitalpenean izengoitia erabiliz (Jorge Alceo de Torres), inprimategiaren datu faltsuak («En Amberes, por Sebastián Sterlin»), eta prosa mendekatia, erresumaren kronistaren kritika ad personam eginez.
Nafarroako erregeordeak eta Errege Kontseiluak Desagravios lana bahitzeko eta erretzeko agindu judiziala eman zuten, gainerakoan egilea zigortzeko mehatxua eginez, eta era horretan ebatzi zuten errege-autoritateek erresumaren bakea aztoratzen ari zen eztabaida, Frantzian borboitarraren aurkako Itzulketa-gerra gertatzen ari zen une berean. Moreten ospeak mendeetan barna iraun zuen, baina Conchillos ahanzturan galdu zen 1674an sorterrian hil zenetik, haren kereila eruditua berriro eskuratu nahi izan bazuen ere —arrakastarik gabe—, memoria ilustraturako, Tuterako xviii. mendeko Sociedad de Deseosos del Bien Público delakoak.
Obrak
Propugnáculo histórico y jurídico. Muro literario y tutelar. Tudela ilustrada y defendida, Zaragoza, 1666. Berrarg. Tutera: Luis María Marín Royo, 1979.
Desagravios del Propugnáculo de Tudela, contra el Trifauce Cerbero, autor del Bodoque. Publícalos Jorge Alceo de Torres, hijo de la misma ciudad de Tudela, Amberes [sic], 1667. Berrarg. A Coruña: Órbigo, 2008.
Bibliografia
Altadill, J., Biografía y obras del P. Joseph de Morete, cronista de Navarra, Iruñea: Imprenta y librería de Joaquín Lorda, 1887.
Campión, A., Ensayo apologético, histórico y crítico acerca del P. Moret y de los orígenes de la monarquía nabarra, Tolosa: Establecimiento tipográfico y Casa Editorial de Eusebio López, 1892.
Castro Álava, J. R., Historiografía: los cronistas Moret y Alesón, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1971.
Floristán Imízcoz, A., El reino de Navarra y la conformación política de España (1512-1841), Madrid: Akal, 2014.
Mikelarena Peña, F., «Los libros de historia de la biblioteca de la Sociedad de Deseosos del Bien Público», in Cuadernos de investigación histórica, 25 (2008), 363.-414. or.
Sarrera «Conchillos, José». in Gran Enciclopedia de Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1990.
Aipamen bibliografikoa
Quirós Rosado, R., “Conchillos, Jose”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 545-546.





