Karguak eta lanbideak
Abokatua Gaztelako Errege Kontseiluetan, Nafarroako Errege Auzitegietako abokatua, Nafarroako erregeordearen eta Iruñeko gotzainaren abokatu-kontsultorea eta Nafarroako Errege Konts.
Ibilbidea
Los Arcosen jaio zen, hiribildu hori Gaztelako erresumari atxikia zegoenean —hala egon zen 1463tik 1753ra bitartean—, nobleziako familia batean. Horregatik kalifikatu zuten era honetan: quanto a su calidad, tiene calificada la de christiano viejo y limpia sangre, ezinbesteko baldintza baitzen hori, oficios de República deitzen ziren eginkizunetan aritzeko, xvii. mendean. Goi-mailako ikasketak egin zituen Salamancako Unibertsitateko Jurisprudentzia Fakultatean, eta hantxe lortu zuen batxiler titulua, 1655eko urtarrilaren 26an.
Madrilen hasi zen funtzionario lanean, Gaztelako Errege Kontseiluetako abokatu gisa. 1662ko abuztuaren 9an Nafarroako Errege Kontseiluko abokatuaren postua eskatu zuen, eta irailaren 2an eskaera onartu ziotenez, Nafarroara itzuli zen. Lau urte igaro ondoren, 1668ko otsailean, Gerrako Tribunaleko fiskal izendatu zuten, bere gain hartu behar izan zuela gerra garaian frantsesek nafarren aurka hartutako errepresalien ondorioz piztutako auzien kudeaketa. 1669an, Nafarroako Errege Kontseiluko fiskal Juan Antonio Bezon hil ondoren, aldi baterako hartu zuen kargua Chavierrek, irailaren 24an, ordezko finkoa izendatu bitartean. Aldi baterako jardute hori 1672ko maiatzaren 30era arte luzatu zen, une hartan Jose Castro Santacruz izendatu baitzuten kargurako. Baina fiskal berria handik bi urtera hil zen, eta berriz ere Chavier izendatu zuten bitarteko fiskal (1674ko uztailak 26), kargu horretan aritu zela 1675eko otsailaren 7ra arte. 1676ko urriaren 1ean izendatu zuten Auditor General de toda la gente de Guerra del Reyno de Navarra, sus fronteras y comarcas. Mende osoa markatu zuen gerra-giroaren ondoren, ospe handia ekarri zion izendapen horrek. Gainera, haren alde jarri zuen San Germaneko duke eta erregeordea, harengandik Chavierrek Mariana Austriakoarentzat, Filipe V.aren alargun eta erregin-gobernadorearentzat, lortu zuen mesede-gutunak erakusten duenez. Handik hiru hilabetera, 1677ko urtarrilaren 28an, Kontrabandoko epaile izendatu zuten Fermin Maritxalarren ordez, hura Bilbon korrejidore izendatu ondoren. Haren ekintza-eremua gehiago zabaldu zen Austria etxeko espainiarren sistema polisinodialaren baitan, Iñigo Belendia erregeordearen aholkulari aritu baitzen, para los negocios y cosas de Estado y Guerra. Frai Pedro Roche apezpikuaren aholkulari eginkizunetan ere aritu zen, hark izendatu baitzuen kargu horretarako, para las cosas eclesiásticas, como advogado de la dignidad episcopal, non hemezortzi urtez aritu baitzen.
Hurrengo urteetan eginkizun ugari eta askotarikoak bete zituen. Bi urtez egin zituen insaculación deitzen zirenak —Nafarroako zinegotziak hautatzeko era— Zangoza, Olite, Artaxona, Mañeru, Desoio eta Valtierra hiribilduetan; erresidentziak Oliten, Cascanten, Arguedasen eta Falcesen; posito eta vinculoak Tutera hirian eta Bera, Etxalar, Lesaka, Doneztebe eta Sunbila hiribilduetan. Eginkizun horietan guztietan egoki aritu izanaren ondorioz, Torralbako hiribilduko prokuradore izendatu zuten, 1677-1678ko Gorte Nagusien batzarretara joan zedin. Batzar hura garrantzi handikoa zen, Karlos II.ak hamabost urte zeramatzalako Hiru Estatuak batzarrera deitu gabe. Gainera, Chavier zinpeko, errejidore, Lizarrako alkate eta azokako alkate izan zen, hiru aldiz bete zuen Iruñeko errejidore-kargua, eta behin azokako alkatetza. Bere sorterrian, Los Arcosen, 1681eko ofizioko hauteskundeetan parte hartu zuen, 1675tik administratzailea izanik, eta hango alkatea ere izan zen. Ondoko Gorozin herrian hartu zuen herritartasuna —gogora dezagun sortzez gaztelarra zela—, garai hartako ohituren arabera, kapareek bakarrik hartzen ahal zuten kalitatea eskuratuz.
Bete zituen eginkizun nahiz kargu desberdinetan bere balioa erakutsi ondoren, Nafarroako Errege Kontseiluan epaile-plaza bat eskuratzea izan zen haren helburu nagusia. Garai hartan maiz gertatu zen Gorte Nagusian, Errege kontseiluan edo Kontuen Ganberan epaile aski ez zenean jurista ospetsuak kontratatu behar izatea, hutsune haiek betetzeko, esaterako Chavierren kasuan, egiaztatu ahal izan denez, 1675etik aritu baitzen erakunde horientzat lanean. Baina haren aukerarik argiena 1693ko azken hilabeteetan iritsi zen, hil baino bi urte lehenago, Toribio Mier apezpikuak eskumikatu zituenean Errege Kontseiluko epaileak eta Gorteko alkatea. Egoera ikusita, Baltasar Zuñiga Guzman erregeordeak lau abokatu izendatu zituen, ebazteko zeuden auziei konponbidea emateko, eta Chavierrek Errege Kontseiluko epaile-elkartu titulua hartu zuen. Izendapen horien gainean balizko kontraforu baten itzala hedatu zen eta, azkenean, egoera jasanezina zela ikusirik, 1695eko apirilean, arazoa konpondu zen, erregeak dekretu bat emanda. Handik aurrera, behin baino gehiagotan saiatu zen Chavier Errege Kontseiluko epaile postua lortzen, esate baterako 1694an, Diego Izagirre kontseilaria hil ondoren. Hala ere, haren ibilbidea biribila izan arren, gehien desira zuena ezin lortu izan zuen, beharbada adinez zaharra zelako eta osasunez eskas zebilelako. Urte hartan berean hil zen.
Lehen ere aipatu denez, unibertsitateen estatuko kide gisa parte hartu zuen 1677-1678ko Gorteetan. Batzar hartatik sortu zen Gorte haietako Legeen Koadernoan jasotako 83. legea, Antonio Chavier berari agintzen ziona Gorteetako legeen bilduma berri bat «desde la incorporación con Castilla y las redujese a un breve compendio en forma decisiva, quitando la confusión de las derogadas y juntando las que limitaban o añadían circunstancias». Agindutakoa bete eta lana 1686an inprimatu zen, Fveros del Reyno de Nauarra desde su creación hasta sv feliz vnión con el de Castilla, y Recopilación de las leyes promvlgadas desde dicha vnión hasta el año de 1685 izenpean.
Bilduma horren edukia bost liburukitan egituratu zuen Chavierrek, eta aurretik hitzaurre bat eta Nafarroako Foru Orokorra erantsi zizkion. Hitzaurrean eginahalak egin zituen erakusteko, garai hartan ohikoa zenez, Nafarroa Penintsulako erresumarik zaharrena zela. Haren teorizazioak erabateko eragina izan zuen Jose Moreten Investigaciones históricas lanean. Nafarroako Foru Orokorraren inprimaketak, berriz, C-1 eskuizkribuaren ofizialtzea ekarri zuen, izan ere, eskuz idatzitako kopia ugari baitzeuden. C-1 delakoa Kontuen Ganberako Artxiboan gordetzen zen (Comptos, eskbu. 6), eta gaur egun Nafarroako Artxibo Orokorrean duen signatura Códices y Cartularios, A-12 da. Handik aurrera, Foruaren aldaera hori izan zen Nafarroako Zuzenbidean balioa izanen zuena. Chavierren Foruaren aldaera ez zen berriz argitaratu 1815ean Felipe Baraibar Harok inprimatu zuen arte. Kontuen Ganberan gordetzen zen bertsioa eta Chavierrena ia berdinak dira, baina biek ere akats ugari zituztenez, eskuizkribu haren transkripzioa 1869an egin zutenean, Pablo Ilarregik eta Segundo Lapuertak hitzaurrean ohartarazi zuten Chavierren foruaren edizioa «se halla tan adulterado que apenas puede llamarse copia del original».
Bilduma osatzen zuten bost liburuetatik lehena 24 titulutan banatu zuen, bigarrena 26tan, hirugarrena eta laugarrena hamarna titulutan, eta bosgarrena 25etan, guztira 95 titulu. Horiei erantsi behar zaie konklusio bat, zigorren barkamenari buruz 1684-1685eko Gorte nagusietan onartutako legeari buruzkoa. Gorteen batzar hartan berean aurkeztu zuen Chavierrek bere lan amaitua. Haren bildumak Nafarroan 1685era arte indarrean ziren lege guztiak biltzea lortu zuen, izan ere, aspaldi nahi zuten hori monarkiaren nahiz erresumako erakundeek, eta lehenengo aldiz bilduma batek bi aldeen onespena lortu zuen, aurreko zazpi bildumek berrespen ofizialik lortu ez zutelarik. Hala ere, Chavierren lanak hutsune handiak eta akats teknikoak zituen, eta handik bederatzi urtera Nafarroako Gorteek, Corellan batzartuta 1695eko abenduaren 24an, bilduma berri bat egiteko agindua eman zieten erresumaren sindikoei, eta lan hura Miguel Ilarregi lizentziatuak zuzendu zuen, eta ondoren Joaquin Elizondok, 1716an Ilarregi hil zenean.
Obrak
Fveros del Reyno de Nauarra desde su creación hasta sv feliz vnión con el de Castilla, y Recopilación de las leyes promvlgadas desde dicha vnión hasta el año de 1685, recopiladas, y redvcidas a lo svstancial, y a los títvlos a qve corresponden, por el licenciado D. Antonio Chavier Abogado de los Reales Consejos, y Auditor General de la gente de Guerra de dicho Reyno, sus fronteras y comarcas. Con prólogo, e índices copiosos de Fueros y Leyes, en que se declara su principio, progresso, y tabla de los vocablos más oscuros de dichos Fueros para su mejor inteligencia, Iruñea: Gregorio Zabala, 1686.
Bibliografia
Baráibar de Haro, F., Fueros del Reyno de Navarra, desde su creación hasta su feliz unión con el de Castilla, Iruñea: Paulino Longás, 1815.
García Pérez, R. D., Antes leyes que reyes. Cultura jurídica y constitución política en la Edad Moderna (Navarra, 1512-1808), Milan: Giuffrè, 2008.
Ilarregui, P. de, eta Lapuerta, S., Fuero General de Navarra. Edición acordada por la Excelentísima Diputación Provincial dirigida y confrontada con el original que existe en el Archivo de Comptos, Iruñea, 1869. Berrarg. izenb.: Fuero General de Navarra: Amejoramiento del rey don Phelipe. Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1964, 3.-262. or.
Leoné Puncel, S., Los fueros de Navarra como lugar de la memoria, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005.
Martínez Arce, M.ª D., Recopiladores del Derecho Navarro. Trayectorias personales y profesionales de los recopiladores de fueros y leyes de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1998.
— Luces y sombras del siglo xvii. Navarra en tiempos de Carlos II «El Hechizado», Iruñea: Eurograf Argitalpenak-Nafarroako Gobernua, 1999.
— «Chavier, Antonio», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/39067/antonio-chavier (2018ko urriaren 4an egindako kontsulta).
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., Lizarraga Rada, M., “Chavier, Antonio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 554-557.





