Karguak eta lanbideak
Poema epiko anonimoa
Ibilbidea
Poema epikoa da, gesta-kantaren generoari dagokiona; ziurrenera, xi. mendearen bukaeran ondua, anglo-normandieraz idatzia. Uste da Turold izeneko anglo-normandiar batek konposatu zuela, baldin eta jaramon egiten bazaio, behintzat, ezagutzen den eskuizkriburik zaharreneko (1170. urte inguruan datatua) azken lerroan bildua dagoen informazioari: Ci falt la geste que Turoldus declinet. Turold izena (Thorold, Turoldus), eskandinaviarra jatorriz, bikingoek sartu zuten Normandian eta asko erabili izan zen, xi. eta xii. mendeetan. Hala ere, saiakerarik egin da Chançonen egilea garai hartako pertsona ospetsuren batekin identifikatzeko, baina azaleko hipotesiak baizik ez dira izan. Adibidez, esan izan da egilea Peterborougeko abadea izan zitekeela, edo Bayeuxko apezpikua, edo Bayeuxko tapizean irudikatua ageri den Hastingseko gerlari bat, edota Kenteko lur-errentari bat, Domesday Book liburuan aipatua. Lan epikoa denez, arrazoizkoa da pentsatzea Turolden bertsioa ere xi. eta xii. mendeetan harat-honat zebiltzan haietako bat izatea. Bertsio horiek guztiak Pirinioak Orreagan barna zeharkatzen zituzten Donejakue Bideko erromesen bidez zabalduko ziren, edota gorte eta jauretxeetan kantatzen zuten juglareen bitartez (maiz, kantu inprobisatuan, oinarrizko formula batzuetatik abiatuta), edota kontakizunak, tradizioak eta elezaharrak ––herrikoiak nahiz erlijiosoak–– biltzen zituzten kronikarien bidez. Errolanen Kantak eta lan garaikide batzuek elkar elikatuko zuten. Lan garaikide horien artean leudeke, adibidez, Historia Silense, Codex Calixtinus (IV. liburua, bereziki; «Pseudo-Turpin» deritzona), «Almeriako Poema» ––Chronica Adephonsi Imperatoris kronikan jasoa–– edota «Naiarako Kronika».
Kantaren jatorriak eztabaida handia harrotu du adituen artean. Teoria indibidualistarentzat (J. Bédierrek ordezkatua), lotura estua dago gesta-kantetan aipatutako toponimiaren eta erromes-bideen artean, eta esaten du Orreagatik hurbileko monasterio eta elizetako monje eta elizgizonek sortuko zutela; Orreagako monasterioko kideek barne. Izan ere, erromesak erakarri nahi zituzten, leku horiei lotutako pertsonen istorio heroikoen bidez, juglareen ahotsetan zabalduko zirenak. Bestalde, teoria tradizionalistaren edo neotradizionalistaren arabera (F. Lotek edo R. Menéndez Pidalek ordezkatua), lanaren konposizioa herri germaniarren eta haien oinordekoen albiste-kantuari dago lotua; kantu-molde hark epika heroikorantz jo zuen, proiektu politiko handien garaietan eta, juglareez baliatu ziren, kantua herritar ezjakinen artean zabaltzeko. Orreagako porrota karolingioen tradizio historiografikoan deskribatu zen, eta Eghinardoren Vita Karolin nahiz Astronomoaren Vita Hludovicin jaso zen. Beraz, margolan gisako bat izango zen heroi frankoaren balentriak goresteko; heroi hura, gainera, norekin eta Karlomagno enperadorearekin ahaidetuta zegoen. Errolanen motibo hura goiz zabaldu zelako lekukotasuna jasoa dago Códice emilianense 39ko «Nota emilianense» delakoan, 1065 eta 1075 artean datatua. Errolanen gaineko istorio labur bat jasoa du, hitz lauz emana. Beste lekukotasun bat ere badugu; hots, xi. mendeko joera onomastiko frantses dokumentatua, anaiei Errolan eta Olivier izena emateko (Rollant e Oliver).
Chançon poema, Turoldek konposatu zuen bezalaxe, 4.002 bertso dekasilaboz eta asonantez osatuta dago, 291 ahapaldi luze-laburragoetan bilduak. 778an gertatutako Orreagako Guduaren literatur ikuspegia ematen du. Lana lau zatitan banatuta dago. Lehenean (1.-79. ahapaldiak), hasteko, zintzotasunez gobernatzeko kontseiluak aipatzen dira; batetik, Zaragozako gobernadore musulmanak ––Marsil zeritzonak––, eta bestetik, Karlomagnok, egindakoak. Gero, Ganelon (Errolanen aitaordea) musulmanengana bidaltzen dute, gutun arriskutsua eramateko, eta musulmanek proposatutako bake-eskaintzaz aritzeko. Errolanek konbentzitu zuen erregea, Ganelon bidaltzeko. Semeordeaz mendekatzeko asmoz, Ganelonek, Marsilen aurrean, Errolan jo zuen musulmanek pairatzen zituzten erasoen errudun, eta azpijoko bat hitzartu zuen Marsilekin Errolan hiltzeko. Azpijokoa honetan zetzan: lortu beharra zegoen Karlosek Frantziara itzultzeko erabakia hartzea, eta erretiratzen zen bitartean, haren atzeguardiari eraso egitea, zeina, Ganelonen ekimenez, Errolanen agindupean egongo baitzen. Bigarren zatian (80.-176. ahapaldiak), kontatzen da indar musulman olde ikaragarri batek eraso egin ziela tropa kristauei, Pirinioak zeharkatzen ari zirela. Guduaren erdian, Frantziako hamabi Pareez eta zalduneria frankoaren onenaz gain, hantxe ere hil egin zen bai protagonistaren adiskide Oliveros zalduna, bai Turpin artzapezpikua, gudu-zelaian ausardia handia erakutsitakoa, eta azkenik, baita Errolan bera ere, «aurpegia Espainiarat itzuli zuela». Hil baino lehen, heroiak bere olifantea jo zuen, Karlomagnori porrotaren berri emateko. Gainera, alferrik bada ere, bere ezpata ––Durandarte izenekoa–– hausten saiatu zen, etsaien eskuetan eror ez zedin. Hirugarren zatian (177.-266. ahapaldiak), enperadoreak sarrazenoen aurka abiarazitako mendekua kontatzen da eta, horren ondorioz, Zaragoza konkistatu izana; laugarrenak (267.-291. ahapaldiak), berriz, kontatzen du Karlos Frantziara itzuli zela, eta Errolan, Oliveros eta Turpin Blayeko San Roman elizan ehortzi zituztela; kontatzen du, halaber, Akrisgranera itzuli zela; Errolanen bihotzeko dama (Alda) hil egin zela, bere maitearen heriotzaren berri izatean; Ganeloni egindako epaiketa; eta Marsilen emazte Bramimonda kristautu zela, bahitutzat hartua baitzegoen, eta Juliana izenarekin bataiatu zuten.
Chançonek gertakarien literatur ikuspegi bat ematen du, betiere huraxe konposatu zen garaietako premietara egokitua, estetikaren, estiloen nahiz adierazkortasunaren aldetik. Izan ere, xii. mendeko gurutzaden garaiaren erdian, jendea prest zegoen Errolanek irudikatutako zaldunen ethosaren pertsonifikazioaren istorioak entzuteko (Errolanen porrot lurtarra, izan ere, haren apoteosi zerutiarra bilakatu baitzen), eta prest ere, errege kristauak oste sarrazenoen kontra lortutako garaipen handiaren gaineko kontakizunak entzuteko; ez, ordea, baskoiek armada frankoaren atzeguardiari egindako segada entzuteko. Dena den, lan epiko hori berezko iturri historikotzat jotzea arriskutsua bada ere, poemak kontakizun interesgarriak dauzka gertakari haien herri-iruditeriaren ikuspuntutik, bai eta oroitzapenaren transmisioaren ikuspuntutik ere. Adibidez, Karlomagnoren espedizioarekin lotutako lekuetako toponimia jasoa dago (Tutera, konparaziora, 14. ahapaldian ageri da), bai eta Orreagako Guduarekin lotutakoa ere (porz d’Espaigne, porz de Sizer eta porz d’Aspre; J. M.ª Jimeno Jurioren arabera, Ibañeta, Luzaideko haitzarteak, eta Ibañeta eta Lepoeder arteko bidexkak dira, hurrenez hurren), haien deskribapena barne: «Garaiak dira mendiak; ilunpetsuak, ibarrak;/grisaxkak, harkaitzak eta pasabide makurrak./Arras gaizki pasatu dute frankoek egun latz hori,/hamabostetik gora legoatik ere entzuten zen harrabotsa» (814.-817. bertsoak).
Poeman ez da berariazko aipamenik, ez Baskoniaz, ez baskoiez. Hala ere, bukaerako pasarteetako batean, Karlomagnoren eta Baligan emirraren osteen arteko guduaren karira, Bascle izeneko herria dago aipatua, Arabiako, Occiango eta Argollako zaldunekin batera borrokatu zena (li chevaler d´Arabe, cels d´Occiant e d´Argoillie e de Bascle) eta «beren lantzekin arras ongi eraso egin eta jotzen dutenak» (3473.-3475. bertsoak). Herri hori baskoiak izan litezke, baina beste herri bat ere bai; valakiarrak, adibidez.
Eskuizkribu zaharrenari (arestian aipatua) Digby 23 deritzo eta Oxfordeko Bodleiar Liburutegian dago. Beste bertsio bat, xiv. mendekoa eta arras italiar moldeko frantsesean konposatua, Veneziako San Markos liburutegian dago. Badira, halaber, xii. mendean ondutako bertsioak, baina xiii. eta xiv. mendeetako eskuizkribuetan kontserbatuak (Venezia, Châteauroux, Paris, Lyon, Cambridge, eta beste batzuk, zatietan).
Zaila izango litzateke zuzeneko loturarik aurkitzea Turolden Chançon poemaren eta ondotik etorritako lanen artean, baina egia da Errolan literatur lan ugariren inspirazio-iturri izan zela, bertsotan eta hitz lauz onduak, Frantzian, Espainian, Italian, Alemanian, Eskandinavian eta Islandian. Hispaniar eremuan honakoak dira nabarmentzekoak: Bernardo del Carpioren elezaharra (xii. mendea), «Cantar de Roncesvalles» (xiii. mendea), Lucas de Tuyk eta Rodrigo Semenez Arradakoak beren hurrenez hurreneko kroniketan sartutako kontakizunak (xiii. mendea), «Crónicas generales» (xiii. mendea), Gonzalo de Berceoren «Vida de San Millán» (xiii. mendea), Arlanzako San Pedro monastarioko monjearen «Poema de Fernán González» (xiii. mendea), «Poema de Alfonso XI», ustez Rodrigo Yáñezek egina (xiv. mendea), Lope Gartzea Salazarren «Libro de las bienandanzas y fortunas» (xv. mendea), bai eta erromantze ugari ere. Bestalde, kantari buruz ezagutzen dugun lehen bertsio alemana ––Ruolandes liet–– xii mendeko lehen erdikoa da; aldiz, norvegierazko bertsioa, hitz lauz egina, 1230-1250 artean ondu eta Karlamagnussaga bilduman sartu zen. «Orreagako gaia» Erdi Aroaz haratago zabaldu zen literatur motibo gisa, Errenazimenduko eta barroko garaiko literaturan erabili baitzen, bai eta garaikidean ere. Era berean, herri-kulturaren osagaia izan zen, hamaika elezahar, ipuin eta tradizio elikatuta. Ekar dezagun lerrootara, adibidez, Euskal Herriko folklorea, Errolani naturaz gaindiko indarra esleitu ziona, eta are gehiago, erraldoi ere bihurtu zuena. Hortxe daude, bestalde, balada judu-sefardiak, Siziliako txotxongilo-antzerkia edota Brasilgo paper-plegu lokarridunak.
Obrak
Bédier, J. (arg.),La Chanson de Roland. Publiée d’après le manuscrit d’Oxford et traduite par Joseph Bédier, Paris: Édition d’Art H. Piazza, 1960 (210. argit.).
Gaztelaniazko itzulpena: Victorio, J. (arg.), in Cantar de Roldán, Madrid: Cátedra, 2008 (8. argit.).
Bibliografia
Bédier, J., Les légendes épiques: recherches sur la formation des chansons de geste, Paris: Champion, 1966, 3. argit.
Jimeno Jurío, J. M.ª, ¿Dónde fue la Batalla de «Roncesvalles»?, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1973. Berrargk. Iruñea: Pamiela, 2004; De Valcarlos a Roncesvalles. Historia de una batalla, Iruñea: Pamiela, 2010, 179.-297. or.
Menéndez Pidal, R., La Chanson de Roland y el neotradicionalismo (orígenes de la épica románica), Madrid: Espasa-Calpe, 1959.
Pedrosa, J. M., «Roldán en las leyendas ibéricas y occidentales», in Garoza: revista de la Sociedad Española de Estudios Literarios de Cultura Popular, 1 (2001), 165.-190. or.
Roldán, J., La huella histórico-literaria de Roldán en los textos españoles de la Edad Media y en los romances, Madrid: Ed. Cultura Hispánica, 1972.
Aipamen bibliografikoa
Dulska, A. K., “Chançon de Roldan”, Jimeno Aranguren, R., Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp.
211-213.





