Karguak eta lanbideak
Idazle, hizkuntzalari, historialari, poeta, saiakera egilea eta nobelagilea
Ibilbidea
Joseph-Auguste Chaho Lagarde —euskaraz Agosti Chaho izenaz sinatzen zuen— Atharratzen jaio zen, Zuberoan, 1811n, eta Baionan hil zen, 1858an. Bi data horien artean bizitza bete-betekoa izan zuen, literaturari emana, alderdi anitz landuz, besteak beste, hizkuntzalaria, historialaria, itzultzailea, poeta, narratzailea, saiakera egilea, eta batik bat, kazetaria, bere garaiko mu- gimendu erromantiko eta politikoan murgildua.
Haen aita Andre Chahok huissier kargua zuen —kargu espezifiko frantziarra, agente judiziala edo prokuradore modukoa— herrian, eta ama Rosa Lagarde Maulen jaio zen, Zuberoako hiriburuan, Arnaud Oihenart historialari ospetsua bizi izan zen etxe berean. Beraz, gizarte-maila horri esker, umetatik izan zituen eskura kultura eta liburuak. Zazpi anaietatik zaharrena zen (Jean- Baptiste, 1815; Marie-Louise, 1817; Marie-Jeanne, 1819; Jean Pierre, 1821; Henriette, 1822; eta Pierre-Eudore, 1825). Haietatik, Jean-Baptistek eta Jean- Pierrek ere idatzizko lanak utzi zizkiguten.
Chaho umetatik izan zen oso irakur zalea, eta bigarren mailako ikasketak egin zituen Oloroeko apaizgaitegian, non Le pétit philosophe goitizena jarri zioten.
Apaizgaitegi haren zuzendaria Pierre Soubielle aita izan zen, batxilerra letra eta zientzietan. 1824-1834 aldian aritu zen karguan, eta Joseph-Auguste izan zen haren ikasle kutunetako bat. Dirudienez, haren biografo eta adiskide Gustave Lanberten arabera, familiar batek nahi izan zuen Pauen finantza mundura dedikatzea, baina Intxauspek jasotako gutun batean argitzen da Pauen ez baina Donapaleun, Nafarroa Behereko probintziako hiriburuan, aritu zela aldi batez, abokatu-laguntzaile, Ganderats notarioaren bulegoan. Lan hark nonbait ez zuen betetzen, eta Oloroera itzuli zen Humanitate-ikas- ketak bukatzera, Parisera abiatu aurretik, abokatu-ikasketak egitera, aldez aurretik —les secrets du rythme et les règles de l’harmonie du style— ikasi ondoren, hau da, dotore idazten ikasi ondoren, XVII. eta XVIII. mendeetako idazleak irakurriz.
Parisen ezagutu zituen irakasleetako batzuk ziren Eugene Lerminier, Charles Nodier, bere burua haren dizipulu apaltzat baitzuen, Antoine Pawels, etab.; eta liburuz inguratua irudikatzen dugu, Villedo kaleko 5.ean zuen etxean, Richelieu kaleko Liburutegi Nazionaletik hurbil, eta Arsenalekotik ere hurbil, haren zuzendaria Nodier baitzen; han zegoen La grande boutique Romantique, eta han topatu zituen Alfred Musset, Victor Hugo, Alexandre Dumas, Alfred de Vigny eta beste hainbeste idazle ospetsu. Chahok berak aitortzen du garai hartan poesiazale handia zela: 1832an bertsoak inprobisatzen zituen Parisen, bostehun edo seiehun bat, estenografiatu eta lau oinen gainean ibiltzen zirenak.
Hona hemen haren adiskide Lambertek emandako erretratua: Chaho altua zen, lerdena, gorputz eder eta finekoa, haren jantziak azken xehetasuneraino zainduta, mahuka brodatuekin. Haren irudia aristokratikoa eta dotorea zen, eta hitz egiteko haren modua zoragarria, modua baino gehiago nabarmentzen baitzen haren garbitasuna, eta entzulea ez zuen inoiz nekatzen, bazuelako beste talentu arraro bat, alegia, entzuten ere bazekien. Hitz batez esanda, guztiz liluragarria zen.
Ziurrenik Sorbonako Zuzenbide Fakultatean lotuko zuen Antonio Abadiarekiko adiskidetasuna. Dublinen jaio zen Abadia, ama irlandarra eta aita zuberotarra zituela. Abadiarekin lanean aritu zen Chaho, haren lan baten argitalpena prestatzen. 1833an Montpellierreko Révue du Midi aldizkarian artikulu bat plazaratu zuen euskaldunen jatorriari buruz, eta 1834an hasi zen artikuluak argitaratzen La France Littéraire aldizkarian, non, besteak beste, kolaborazioak idazten aritzen ziren Achile Jubinal Erdi Aroko poesian eta antzerkian aditua, Theophile Gautier modako poeta erromantikoa, Alfred Desessarts kazetari, nobelagile eta Sainte Genevieveko liburuzaina, Anaïs Segalas, antzerkigile, nobelagile eta poeta, etab.; parte hartu zuen bere babesle Charles Nodier idazleak Arsenalean antolatzen zituen gaualdietan, han elkartzen zirela Alfred de Musset, Alexandre Dumas, Victor Hugo…
Haren lehenengo liburua 1834an argitaratu zen, Azti Begia izenburuarekin. Egileak berak aurrerago adierazi zuenez, euskal kosmologiari buruzko saiakera bat zen, non agertzen ziren Uholde Handia, Sugea, Kristo, Bildotsa, Usoa, Tximeleta, Arrautza, etab. Marc Ergeldinger kritikoak, Rimbaud baino lehenagoko Bidentzia aztertzean, adierazi zuen bidentea poeta bihurtzen dela, eta bere buruari aitortzen diola gaitasuna ezagutzeko eta sentitzeko gainerako gizakientzat ezinezkoa dena. Eta haren iritziz, Novalis poeta alemaniarra (1772-1801) izan zen, bere Gaueko Kantuak lanarekin, lehenengoa lortzen bidentziaren eta poesiaren arteko sintesia. Novalisen ustetan, poetek herrien bidenteak izateko misioa jaso zuten. Chahok, eskola horri jarraikiz, euskal herriaren poeta izan nahi izan zuen, eta hizkuntz-jolasa eginez ekhia eta egia hitzekin, onetsiko du hori dela poeten eginkizunik behinena, alegia, bidentziaren eta poesiaren arteko sintesia lortzea, egia eguzkia bezain argia izan dadin.
1834an ere argitaratu zuen Paroles d’un voyant idazkia, erantzuna eman nahian Felicite de Lammenais apaizak idatzitako Paroles d’un croyant lanari. Chahoren lan horrek kritika zorrotzak jaso zituen garai hartako aldizkarietan, adibidez, France Littéraire aldizkarian. Lan haren tonu inspiratua, estilo profetikoa, egileak aurrerago aitortu zuenez, hizkuntza-baliabide hutsak ziren, besterik ez, fikzio literarioa, erabili zuena hobeki erakutsi nahian erlijioen sortzaile handien eginkizuna, eta haiei imitatzeko askatasuna ere hartu zuen, batzuetan, bere erretorikan.
1834ko urte hartan berean argitaratu zuen Paroles d’un Biskaïen aux libéraux de la reine Cristine izeneko lana, non sofista madrildarrei galdetzen dien ea euskaldunen historia ezagutzen duten, horri erantsiz euskaldunak inoiz ez dituela inork garaitu eta haien nazioa ez dela inoiz desagertuko. Demokrazia eta askatasuna hitz sinonimoak direla, eta euskal gizartea askatasunaren eredu argiena izan dela, eta horregatik merezi duela tratu hobea, eta bere historiagatik eta antzinako zibilizazio baten aztarnak gordetzen jakin duelako, askatasunaren sinbolo bihurtu dela. Braulio Foz kazetari aragoiarrak itzuli zuen lan hura, bai eta haren inguruko iruzkin polemikoak erantsi ere, honako hauek esanez: «Bai jauna, gizon hau iraultzaile baino gehiago da, eta errepublikarra baino gehiago ere bai: gutxienez anarkiko-demokratiko-sansimo- niano da. Gizaki-erregea da bere sekta politikoan, eta lurra-zerua bere sekta filosofiko-erlijiosoan. Ez Jainkorik, ez erregerik, ez legerik, hori da gizon honen lanbidea». Sansimonianoak ez ziren Chahoren gustukoak, aurrerago esan zuenez, errusiar inperialismoaren menpeko sekta erlijiosotzat baitzituen. Paristar batzuei ere ez zitzaien gustatu inork barbarotzat jotzea, eta haren ustez, Errepublikaren gizonak berriro eseriko dira askatasunaren zuhaitzaren ingu- ruan, harrizko eserlekuetan. Haren lagun Charles Lassaillyk, Parisko Palais Royaleko saioetako adiskideak, bere L’Independant kazetan esan zuen haren lana oso gaizki ulertu zela, eta eransten zuen ezen, Chahok printzipio demokratikoa besterik onartzen ez bazuen ere, ondorengo gertaerek erakutsi zuten egiaren ebidentzia noren alde zegoen.
1835ean beste saiakera-lan bat argitaratu zuen Chahok, oraingoan tamaina handiagokoa, Philosophie des révélations, eta aurrerago osatu zuena Philosophie des réligions comparées lanarekin, non Errepublika egiaz erlijio laiko bihurtzen den. Paroles d’un voyant lana bezala, Vatikanoak bere Indexean sartu zuen, sistema panteistiko bat aldezten zuela iritzita.
1836an argitara atera zen haren lanik ospetsuenetakoa eta gehien itzuli dena, gutxienez gaztelaniara, alemanierara eta euskarara, Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques (1830-1835) «Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran (1830-1835)». Bidaia haren asmoa zen munduari erakustea Nafarroaren egoera politikoa Lehen Gerra Karlistaren denboran. Martxoaren 15ean abiatu zen Parisetik, eta Baionara hilaren 24an iritsi zen. Sara, Larrun, Bera, Lesaka, Goizueta, Leitza, Ezkurra, Eratsun eta Uitzin barna ibili ondoren, Lekunberrin izan zuen amaiera. Han, ustez, elkarrizketa izan zuen Zumalakarregi jeneralarekin, baina arrakasta handirik gabe, izan ere, haren arrazoiak eskatu ondoren, apirilaren 8ko Errege Agindu batek berehala Frantziara itzultzeko agindu baitzion. Dirudienez, afera horretan zerikusia izan zuten M. Dufour eta Rochemeure bizkondeek, Maroto jeneralaren kontseilariak biak, gazte kazetari erromantikoarengan konfiantzarik ez zutenak. Lana hamabi ataletan banatuta dago, haietako lehenengo hirurak lehendik argitaratuta zeudela La France Littéraire aldizkariko aipatutako artikuluan. Zumalakarregi jeneral karlista, Ezpata Handiko Gizona, omentzen da lan horretan, eta honako tesi hau garatzen du: euskaldunak Karlos erregegaiaren alde lerrokatu zirela liberalismoak arriskuan jarri zituelako Forua eta haien askatasunak. Euskaldunen berezitasunari buruz zuen tesia lau zutaberen gainean oinarritzen zuen Chahok: geografia, historia, zuzenbidea eta hizkuntza.
Obra hori iragarri zen Journal des débats politiques et littéraires (Paris, 1836ko maiatzaren 20a) egunkarian, eta halako harrera ona izan zuen, haren adiskide Lassaillyk, L’independant egunkarikoak, liburua irakurri ondoren, esan zuen bere burua nafartzat zuela, lehen eskoziartzat izan zuen gisa berean, Walter Scott irakurri ondoren. Antonio Abadiak, Bulletin de la Société de Géographie buletinerako egin zuen aipamen batean esan zuen lan horrek gutxi irakatsiko zigula nafar geografiari buruz, filosofia lauso eta mistiko batez betea dagoelako, baina mirestekoa dela zuberotarrak bere sorterriarekiko adierazten duen maitasuna, haren abertzaletasuna, ez baita akatsa, bidaiaria lan handietarantz bultzatzen duen zerbait baizik. Urte hartan berean, beste hispanista frantziar erromantiko batek, Louis Viardotek (1800-1883), Révue des Deux Mondes aldizkarian, proposatu zuen Suitza moduko bat, Nafarroaren eta Euskal Probintzien konfederazioa sortzeko. Eta Karl Marx berak ere jaso zuen, New Yorkeko Daily Tribune egunkarian (1854), auziaren oihartzuna, alegia, karlismoa herri mugimendu bat zela, eta ez mugimendu atzerakoi erregezalea. Lan hori oraindik ere gustura irakurtzen da, bizia, koloretsua eta irudimen handikoa delako.
Chahok 1836an Abadiarekin elkarlanean argitaratu zuen Etudes Grammaticales sur la langue euskarienne lana, Zazpi Uskal-Herrietako Uskalduner eskainia. Han saiatu ziren euskal hizkuntzalaritza-ikerlanak filologia konparatistaren korronte europarraren markoan kokatzen, eta aldi berean Zuberoako euskalkiaren azterlan zehatza egin zuten. 1836an argitaratu zuen, baita ere, Xavier Ramond hizkuntzalariari zuzendutako gutun bat, euskararen eta sanskritoaren arteko analogiei buruz. Eta hurrengo urtean bi lan txiki idatzi zituen, bat hizkuntza latinoaren jenioari buruz, eta beste bat Errusiak Parisen egiten zuen propagandari buruz.
Ondoren Revue des voyants (1838) izeneko literatur aldizkaria zuzendu zuen, non kolaborazio-lanak idatzi zituzten haren bi anai Jean Pierrek eta Jean Baptistek, Waldemarko Adelaida printzesak, Anaïs Segales, Alexandre Daumont eta beste hainbatek. 1840an izenburu luzeko beste lan bat argitaratu zuen, L’Espagnolette de Saint Leu… Borboiko dukearen —Condeko printzea— amaiera tragikoari buruz.
Parisko egonaldia amaituta, Chaho Euskal Herrira itzuli zen 1843 aldean, urte hartan aurkitzen baitugu Hortense Karrikaburu andreari frantsesezko eskola ematen, Sohütako gazteluan. Gazte hark Mme de Villehelio deitura hartu zuen ezkontzagatik, eta inprimategira eraman zuen, 1869an, lehenbiziko euskal kantutegietako bat. Kantu-bilduma egiteko, inguruko baserritar eta nekazariak gaztelura eramaten zituen, haien kantuak kantatzeko eskatzen zien, eta haiek kantatu ahala, pianoa jotzen zuen berak, eta gero paperera eramaten zituen doinu haiek.
Bere jaioterritik alde egin ondoren, Chaho kazetari aritu zen, hori baitzuen zaletasun kuttuna, 1844tik 1852ra. Lehenbizi Trílby egunkarian aritu zen lanean. Izenburu hori bera zuen haren maisu Charles Nodierrek 1822an idatzitako nobelak. Egunkari hura Lespes inprimatzaile liberalaren babesean argitaratzen zen, eta han plazaratu zen Chahoren lehenengo aldarria, euskal kantuak bilatzeko eta editatzeko, hain zuzen ere, 1844ko abuztuaren 11ko 5. zenbakian. Aldarri hartan era honetan azaldu zituen kantuen bilduma egiteko arrazoiak: «C’est pour dérober à ce grand naufrage ce qui nous reste encore de nos chants nationaux et de notre mélodie primitive que nous avons résolu de hasarder cette publication, malgré des difficultés de plus d’un genre». Alegia, herri-musikaren ondarea hondamenditik salbatzeko ahalegina egiteko eskatzen zuen.
1844an bere egunkaria argitaratu zuen, ARIEL, Courrier des Pyrénées izenekoa. Napoleon III.aren estatu-kolpearen ondoren itxi zioten, eta zuzendariak atzerrira alde egin behar izan zuen, prentsa errepublikarreko beste hainbat zuzendari ospetsurekin batera. Egunkari hartan hasi zen argitaratzen, 1845etik aurrera, ondoren bere Kantutegian jasoko zituen kantuak. ARIELen argitaratu zuen, orobat, Aïtor, légende cantabre lana (1845 VI: 8, 15, 22, 29; VII:6). Arturo Campionek itzuliko zuen gaztelaniara Revista Euskara aldizkarian (1878-1879), eta arrakasta handia lortu zuen, handik aurrera euskaldunen aita Tubal ez baina Aitor izanen zelako. Arrakasta horren erakusgarria da Aitor izenak ondorengo belaunaldietan izan duen harrera ona. 1846an ar- gitaratu zuen beste lan bat Les Mistères de Madrid izan zen, egunkariko folletoi gisa, baina penagarria da nobela hura, ez ekialdeko erakoa, ez legenda erakoa, errealistatzat jo daitekeena, amaitu gabe egotea, zazpi kapitulu besterik ez baitu.
Beltzuntzeko bizkondearekin elkarlanean aritu zen, haren gazteluan egon baitzen informazioa biltzen, eta argitara eman zuen Histoire primitive des Euskariens-Basques… (1847). Lehenengo liburukian hizkuntza, poesia, ohiturak eta izaera aztertu zituen, eta bigarrenean, berriz, euskaldunen historia, mendebaldeko Pirinioetan ezarri zirenetik gaur arte, aztertzeko egin zituen ikerketak bildu zituen.
Chahok inprimatu zuen euskarazko lehenengo egunkaria, Uscal-herrico Caseta izena eman zion, eta bi zenbaki besterik ez zuen izan, non azaltzen zuen zer zen ARIEL, zer zen errepublika, Parisen aldarrikatu berria, zer berri zegoen Espainia aldetik, etab. 1851n argitaratu zuen Lelo ou les montagnards eleberria, Walter Scotten erara idatzia, hitzaurrean bere burua haren dizipulutzat aitortu ondoren. Eleberri historikoa da, Cesar Borgiaren garaian kokatua, 1506an, hain zuzen ere. Chahok 1844an sortutako egunkariak, 1848- tik aurrera, Ariel Le Républicain de Vasconie izena eraman zuen, eta han idatzi zuen egunero-egunero, eztabaidak ezker-eskuin piztuz, euskaraz, gaztelaniaz nahiz frantsesez, eta hantxe idatzi zuen Konstituzio bat Espainia eta Portugalentzat, izen hau jarrita: Organización de la República Federal Ibérica (Ariel, 1851ko irailaren 30a). Haren 3. artikuluak hitzez hitz esaten zuen «Legea herriaren borondatearen adierazpena da»,
Bilboko kontsulatua eta Gasteiz bisitatu ondoren, erbestetik itzuli zen 1853an, aitaren heriotzagatik, eta zin egin ondoren ez zuela parte hartuko politikan, hainbat lan idatzi zituen, haien artean Safer ou les Hourins espagnoles, eleberri historikoa, non kontatu zituen Nafarroako errege-erreginen eta Kordobako kalifa Alhaken II.aren arteko harremanak. Eta Biarritz entre les Pyrénées et l’Océan; itinéraire pittoresque (1855) laneko bi liburukietan aurkezten digu Euskal Herria, bai historialariaren ikuspuntutik, bai folkloristaren eta bai antropologoaren ikuspuntuetatik ere, modu koloretsu eta erakargarrian. Gida turistikoa da, albiste interesgarriz betea, Biarritz eta inguruei buruz.
Amaieran, Dictionnaire basque, français, espagnol et latin izeneko lana argitaratu zuen 1857an, baina ezin izan zuen amaitu, Maisu hitzean geratu baitzen, Neologismoen lehenengo zatian. Lan haren hitzaurrean erakusten du hizkuntzalaritza orokorrari nahiz euskarazkoari buruz duen ezagutza handia, eta aldi berean proposatu zuen «Institutu nazional bat, Akademia bat atalez atal, zientzia eta arte guztiena, hau da, zibilizazio independente bat, Instrukzio Publikoko ministerio bat, —que nous n’aurons peut-être jamais—, behar- bada inoiz izanen ez duguna, eskoletan euskara bakarrik erabiltzea, eta horren ondoan liburutegiak, literatura, eta falta ditugun liburuak…».
Bizitza amaitu zuen, txoriak airea bezala behar zuen jarduera politikotik aparte, 1858ko urriaren 23an, Baionako sabai apal batean, Errobi ibaiaren ertzean.
Haren eragina handia izan da. Batik bat, Arturo Campionek itzulitako Aitorren legendaren bidez, Amaia edo euskaldunak VIII. mendean eleberri arrakastatsuaren bidez, haren dizipulu Francisco Navarro Villosladak (Viana 1818-1895) idatzi baitzuen, Karmelo Etxegarairen eleberrien bidez, Sabino Aranarengan izan zuen eraginaren bidez, Ziriako Andonegik konposatutako Aitorren izkuntz zarra kantuaren bidez, eta Agosti Chaho pastoralaren bidez, Jean Michel Bedaxagarrek idatzi eta 1988an Urdiñarben antzeztu zena, etab. Horrek guztiak, eta orobat, haren lanak frantsesez berrargitaratzeak eta euskarara eta gaztelaniara itzultzeak erakusten digute haren lanak bizirik irauten duela eta haren eragina ez dela itzali. Euskal abertzaletasunaren sustatzaileetakotzat hartzen da.
Obrak
Azti Begia…, Paris: Dondey-Dupré, 1834.
Paroles d’un voyant, Paris: Dondey-Dupré, 1834.
Paroles d’un Bizkaïen aux liberaux de la reine Cristine, Paris: Dondey-Dupré, 1834.
Philosophie des révélations…, Paris: Vve. Dondey-Dupré, 1835.
Etudes grammaticales sur la langue euskaríenne, Paris: A. Bertrand, 1836.
Revue de Voyans, Paris, 1838.
L’Espagnolette de Saint Leu…, Paris, Jaillet 1840. Ariel. Courrier des Pyrénées, Baiona, 1844-1852. Aïtor, légende cantabre, Baiona, 1845.
Les Mystères de Madrid, Baiona: Ariel, 1846.
Histoire primitive des euskariens-basques, langue, poésie, moeurs et caractère de ce peu- ple, Madril eta Baiona, 1847.
Uscal-herrico Caseta, Baiona: Ariel, 1848.
Lelo ou les montagnards, Baiona: Jules Laisné, 1851.
Organización de la República Federal Ibérica, Ariel, 1851ko irailaren 30a.
Safer ou les Houris espagnoles, Baiona: P. Lespès, 1853.
Biarritz entre les Pyrénées et l’Océan; itinéraire pittoresque, Baiona: A. Andreossey, 1855.
Dictionnaire basque, français, espagnol et latin, Baiona: P. Lespès, 1857.
Bibliografia
ARKOTXA, F., « Contribution à la connaissance de l’oeuvre journalistique d’Augustin Chaho: L’Ariel du 6 octobre 1844 à janvier 1846 », Anuario del Seminario de Filología Julio de Urquijo (1999), 313-393. orr.
BEDAXAGAR, J. M., Agosti Chaho, Urdiñarbe, 1988.
DROUIN, J.-C., «La place de la Philosophie des Révélations d’Augustin Chaho (1835) dans l’histoire des idées au XIXe siècle», Actes du XXXIIIe Congrès d’études régiona- les. Bayonne 4-5 avril 1981, Baiona, 1983, 389-401. orr.
DUPRÉ-MORETTI, E., «Esquisses biographique et bibliographique d’Augustin Chaho, Ikuska», 11 (1995), 1-33. orr.
ITURRIOTZ, A. et al., «Agosti Chaho, berrehun urte», Hegats, 48 (2011).
LAMBERT, G., Étude sur A. Chaho, Paris, 1861.
URKIZU, P., Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak 1811-1858, Bilbo: Euskaltzaindia; BBK, 1992.
URKIZU, P., Agosti Chahoren kantutegia, Zarautz: Susa, 2006. ZAVALO, J., Xaho el genio de Zuberoa, Tafalla: Txalaparta, 2004.





