Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

CANOVAS DEL CASTILLO, Antonio (Málaga, 1828ko otsailak 8 – Santa Agedako Bainuetxea, Arrasate, Gipuzkoa, 1897ko abuztuak 8)

Ibilbidea

Errestaurazioa, edo, bestela esan, 1876ko erregimena, Canovas del Castilloren obra historiko eta politikoa izan zen, adostasunaren eta askatasunaren erregimena eta sistema konparatiboki egonkorra. Jatorri xumea zuen (bere aita lehen hezkuntzako irakaslea zen), baina Madrilen zituen kontaktuei esker, jurisprudentzia (zuzenbidea) ikasi ahal izan zuen. 1850. urte aldera, politikan sartu zen O’Donellen eta politikari kontserbadore, pragmatiko eta ezkor baten eskutik. Herrialdea bakean geratu zen, egiazki, 1876an, Bigarren Karlistaldian karlismoa galtzaile atera ondotik (1872-1876), eta bi urte geroago, Kuban 1868an hasitako gerra bukatu zenean. 1868an iraultza «loriatsua»-k Isabel II.a boteretik kentzean ekarritako Seiurteko Demokratikoa (1868-1874) bi gertakari horien eraginez egin zuen porrot. Canovasek berak inspiratutako 1876ko Konstituzioa konstituzio kontserbadorea izan zen hasieran, batez ere hiru ezaugarrirengatik: burujabetza Gorteen eta Erregearen esku uzten zuen, erlijio katolikoa estatuaren erlijiotzat hartu eta mugatutako sufragioa ezartzen zuelako. 1931ra arte egon zen indarrean —1923 eta 1930 artean Primo de Riveraren diktadurak bertan behera utzi bazuen ere—. Dena den, nahikoa malgua izan zen eta denbora gutxian hainbat oinarri demokratiko txertatu zituen: gizonezkoen sufragio unibertsala (1890), epaimahai bidezko epaiketak eta katolikoaz beste erlijioen kultu pribatua onartzea.

Canovasek —fisikoki ez oso ederra, ikasia eta ironikoa ia garratza izateraino— bi alderdiko sistema sortzea lortu zuen. Alderdi kontserbatzailearen eta liberalaren arteko txandaketa erregularra Espainiako politikaren ezaugarririk behinena izan zen 1876 eta 1913 artean, eta, zailtasunak zailtasun, 1923ra arte. O’Donellen «gobernu luzean» (1858-1864) gobernazio idazkariorde izan zen, eta gobernu buru 1875-81, 1884-85, 1890-92 eta 1895-97 urteetan. Alfonso XII.aren jarrera konstituzionalak (1875-1885) eta gerora bere alargun Maria Kristinak izan zuenak Monarkiari prestigioa eman zioten, Isabel II.aren agintaldiak (1833-1868) koroari ekarritako ospe galeraren ondotik. Martinez Camposek 1874ko abenduan gidatutako altxamendu militarraren bitartez lortu zuen Alfonso XII.ak berrezartzea. Canovasek atsekabe handiz jaso zuen altxamendu hori, orduko hartan monarkismo alfonsoarraren liderra baitzen, eta berrezartze zibil eta politiko baten alde egiten zuelako. Azken batean, bazirudien 1808tik aurrera, Estatu nazionala sortu zenetik, herrialdeak izandako arazo nagusiak Errestaurazioak konpondu zituela: Koroaren interbentzionismoa politikan, altxamendu militarrak (bestela esan, armada aldaketa politikorako tresna bezala erabiltzea), adostasun konstituzionalik eza eta boterearen erabilera esklusibista. 1874tik aurrera, militarrek aldaketarako presio talde indartsua izaten jarraitu zuten eta kanpo kritikek armadan eragin handia izaten jarraitu zuten. Baina, egonkortasun politikoari esker, 1923ra arte, militarrak ez ziren jardun eta aldaketa politikorako tresna izan.

Errestaurazioaren oinarria Espainia nazio bakar eta bateratutzat hartzea izan zen. Canovas historialari bikaina zen (hala erakutsi zuen, behintzat, bi lanetan: El Solitario y su tiempo. Biografía de D. Serafín Estébanez Calderón y crítica de sus obras, 1883, eta Estudios del reinado de Felipe IV, 1888-1889), eta nazioarekiko sentimendu sakona eta aparteko Estatuaren ikuspegia zituen. Beretzat, Espainia nazio bat zen —«nazio iraunkorra»— XVI. mendean Austria etxea iritsi zenetik, eta bereizezina zen Errekonkistan sortutako naziona- litatean oinarriturik zegoelako, eta mendeetan zehar landua izan zelako (hala adierazi zuen bere hitzaldi esanguratsuenetako batean, hain zuzen, Madrilgo Ateneoan 1882ko azaroaren 6an eman zuen hartan). Espainian «zentralizazioa» askatasunaren bermea zela esan zuen 1861. urtean, eta XIX. mende bu- kaerako Espainian estatu zentralista bat ezarri nahi zuen, instituzio politiko berezi eta berezkoak zituen lurralderik gabe, eta burujabetzaren oinarri bakarrak Gorteak eta Erregea zituena: 1876ko konstituzioak ez zuen probintzia eta udalerriez beste lurralde banaketarik onartzen. 1876ko otsailaren 19an, armada liberalak Lizarra hartu zuen, karlismoaren «hiriburutzat» hartua zena, eta karlismoaren porrota eragin zuen. Horrek foruen indargabetzea ekarri zuen, nahiz eta, dagoeneko 1839an oso aldaturik egon, eta erregimen oroko- rreko instituzioak jarri zituen indarrean, hots, hautazko probintzia Diputazioak eta udal konstituzionalak.

Gertakariak eta beren ondorio politikoak, oro har, konplexuak izan ziren. Esan bezala, politikari pragmatikoa zen, O’Donellen Union Liberal alderdian hezitakoa. Moderatuen eta aurrerakoien arteko bide bezala agertutako alderdi horrek 1874an berrezarritako Monarkia hura bateratzailea izan zedin nahi zuen. Gauzak horrela, 1876an, Canovas Foruak mantentzearen eta erabateko indargabetzearen arteko oreka mantentzen saiatu zen. Alde batean, erregimen berriko sektore kontserbadoreena zegoen (eta baita euskal diputatu eta Diputazioak ere), eta bestean, herrialdeko ia prentsa guztia —foruak karlismoarekin lotzen zituztenak, behinik behin— eta gutxiengo nagusien eta talde parlamentarioen ordezkariak. Oreka hori, baina, Canovasek bere beharrekin uztartu nahi zuen; hau da, batasun konstituzionala euskal probintzietara za- baltzearekin eta 1872ko gudaren erantzule zen karlismoa, nola edo hala, zigortzearekin. Ziurrenik, Canovasen asmoa 1841ean Nafarroan lortutako irten- bidearen antzeko zerbait lortzea zen; hala zirudien, behintzat: euskal foruak ordena konstituzionalean nola egokitu adostu nahi zuen, eta, ordainetan, euskal probintziei deszentralizazio administratibo eta ekonomiko apur bat eskaini. Nolanahi ere, ez zen adostasunik lortu; 1876ko maiatzean egindako Gobernuaren eta Diputazioko ordezkarien arteko negoziaketek porrot egin baitzuten: alde bakar batek ere ez zuen etsi.

1876ko uztailaren 21eko legeak bertan behera utzi zituen euskal foruak (oroitu 1839ko urriaren 25eko dekretua ez zela dekretu indargabetzailea, gerora esan zena gorabehera: foraltasun zaharraren zati bat indarrean egon zen 1876ra arte; euskal Diputazio probintzialak foru Diputazio izan ziren urte horretara arte). 1876ko legeak batasun konstituzionala ezarri zuen Estatu espainiarreko lurralde guztian. Halarik ere, Canovasen ikuspegi integratzailea berehala geratu zen agerian: soilik bi urte geroago, 1878ko otsailaren 28ko Errege dekretuaren bitartez —aipatu uztailaren 21eko legean bertan aurreiku- sitako xedapenetan oinarriturik—, Kontzertu Ekonomikoen erregimena ezarri zuen euskal Probintzietan (1937ra arte indarrean egon zena), euskal probin- tziei benetako autonomia fiskala eta biltzailea emanez. Erregimen berezi horrek jasotzen zuenaren arabera, euskal Diputazioek estatuko Ogasunaren eta euskal probintzia bakoitzeko Ogasunaren artean adostutako kupo ekonomiko bat ordaindu behar zuten, urtero, zerga eta kontribuzioengatik; dirua jasotzea probintzia bakoitzaren egitekoa zen.

Hala, foruen auzia pentsa litekeena baino hobe konpondu zen, batez ere, altxamenduak eta 1872 eta 1876 arteko Karlistaldiak Espainiako herritarren artean sortutako haserrea kontuan hartuta (altxamendua 1868ko iraultzaren aurkako iraultza izan zen). Lehenik, foruen indargabetzeak haserrea eta sentimendu eta aurkaritza adierazpenak eragin zituen: euskal ordezkarien protesta formalak, argitalpen foruzaleak sortzea (La Paz, Euskal-Erria, etab.), askotariko erudizio edo dibulgazio lanak argitaratu edo berrargitaratzea, foruen historiari buruzkoak eta «euskal» ohitura-literaturakoak, Foruen omenezko monumentuak eraikitzea eta kaleen izenak foruei eskaintzea. Dena dela, ez zen haien babeserako mugimendu politiko, kultural eta asoziatibo egonkor, orokor edo iraunkorrik sortu. 1881etik aurrera, tokian tokiko politikatik desagertu ziren euskal alderdi (eta sasi-alderdi) foruzaleak; karlismoak berak ere Errestaurazioaren joko legal eta parlamentarioa onartu zituen eta beren helburuak lortzeko bide legal eta baketsua ere bai. Bigarrenik, Kontzertu Ekonomikoen itunak oso erregimen fiskal onuragarria ekarri zien Euskadiko interes ekonomikoei. Kontzertu ekonomikoek, muga-zergen babesak, estatu kontratuek (esaterako, Bilboko itsasadarreko ontziolak) eta esportatzeko erraztasu- nek (esaterako, Bizkaiko burdin minerala) berebiziko garrantzia izan zuten XIX. mende bukaerako hamarkadetan gertatutako Bizkaiko eta Gipuzkoako industrializazioan; hain zuzen ere, foruak bertan behera geratu zirenean. Kontzertu Ekonomikoak, edo, singularrean, Kontzertu Ekonomikoa, foraltasun berria izan ziren. Abantaila ekonomikoak eskaini zizkieten memorian Foruak zituzten euskal probintziei. Euskal gizarteak berehala egin zuen bat haiekin. Errestaurazioan edota Alfonso XII.aren erregealdian (1902-1931), zein Primo de Riveraren diktadurapean (1923-1930) edo Bigarren Errepublikan (1931- 1936), Ogasun espainiarrak kupoa aldatzeko egin zituen saiakerek, edota euskal probintzietan adostu gabeko zergak ezartzeko saiakerek, protesta mobilizazio handiak izan zituzten aurrean.

Hain zuzen, berrezarritako erregimenaren politika ekonomikoaren ezaugarrietako bat, esan berri den bezala, muga-zergen babes handia zen (ofizial egin zen Canovasek 1890eko «De cómo he venido yo a ser doctrinalmente proteccionista» artikuluan eta 1891ko Canovas muga-zerga deitutakoan). Horrek baldintza egokiak sortu zituen herrialdearen modernizazio eta garapen industrialaren alde lehen urratsak emateko —zalantzarik gabe ez zen nahikoa izan, gabezia handiak zituelako eta krisialdi koiuntural eta sektorial ugari izan zituelako—. 1920ra arte luzatu zen prozesu horren gune nagusiak Katalunia, Gipuzkoa, Bizkaia eta Asturias izan ziren, eta batez ere banka, trenbideak eta meatzaritza (eta handik gutxira baita elektrifikazio industria) hartu zituen. Burdin mineralaren esportazioari esker, adibidez, Bizkaiko industrializazioa oso azkarra izan zen, eta hala, Espainian, siderometalurgia industriaren, banka kapitalaren, merkataritza-nabigazioaren, eta ontzigintzaren erdigunean kokatu zen. Bilboko portua herrialdeko lehen portu bihurtu zen eta Europako nagusietakoa. Euskal kapitala, nagusiki Bilbo eta Bizkaiko bankuena, ezinbestekoa suertatu zen 1900. urtean hasitako Espainiako elektrifikazio prozesuan. XIX. mendeko azken hereneko Espainiako herri- tar gehienak baserritarrak ziren. Garatuago zegoen gainerako Europarekiko atzerapena ez zen desagertu. Oro har, soldatak oso urriak ziren; lana ezegonkorra eta prekarioa; lan baldintzak oso gogorrak; eta langile klasearen eta herritarren bizi maila (etxebizitza, elikadura, bizi-itxaropena, osasun-arreta, hezkuntza) muturrekoa. 1876az geroztik gertatutako aldaketa, ordea, nabarmena izan zen (egundokoa Bizkaian eta Gipuzkoan; hainbeste, non Euskadi Espainiako gune ekonomiko garrantzitsu bilakatzea ekarri zuen). 1900. urtean, herrialdeko biztanleriaren %32 (18,6 milioi) 10.000 biztanletik gorako hiriguneetan bizi zen. Madrilek eta Bartzelonak milioi erdia gainditua zuten. 1900.ean Madril banku eta merkataritza hiria zen nagusiki. Bartzelonako zabalgune nagusia Europako arkitektura modernistaren bilduma nagusietakoa zen urte hartan, hiriaren dinamismo ekonomiko eta kultural handiaren adierazle. Bilbo 1876az geroztik handitu zen, aparteko zabalgunea eraikiz. Ongi diseinatutako kale zabalak, plazak eta lorategiak eta eraikin bikainak eraiki zituzten; dena, hiribilduko banku eta merkataritza jarduera nagusiaren inguruan; hots, Gran Via ardatz harturik. Espainia berri horretan, Donostia uda igarotzeko leku elegante eta aristokratikoa bilakatu zen XIX. mende bukaeran, eta batez ere Habsburgoko Maria Kristinaren agintaldiaren ondotik (1885-1902), Alfonso XII.aren alarguna. Canovasek biziki maite zuen Euskal Herriko paisaia, eta askotan eman zuen uda Gipuzkoan. Hain zuzen ere, 1897an, Michelle Angiolio anarkista italiarrak Arrasateko Santa Ageda bai- nuetxean hil zuen, atseden hartzen ari zela (berehala atxilotu, eta Bergarako espetxera eraman zuten, abuztuaren 20an, epaiketa sumarisimo baten ondoren, bertan hiltzeko).

Aldaketa horren eta 1876ko erregimenaren muga politikoen arteko kontraesanetatik sortu ziren, hein handi batean, herrialdearen arazoak (batez ere XX. mendean geratu ziren agerian, 1900 eta 1923 artean). 1876az geroz agintean zeuden politikari monarkikoek oligarkia liberala osatzen zuten, funtsean. Kontserbatzaileak eta liberalak ziren ezarritako erregimenaren bi indarrak, eta gizarte maila berekoak ziren: diruaren eta prestigioaren burgesiakoak, eta klase ertain profesional eta aberatsetakoak. Canovas berehala sartu zen lehen taldean, politikaren eta ezkontzen bitartez. Lehendabizi, 1860an Concepcion Espinosa de los Monterosekin, Solar de Espinosako baroiaren alaba zenarekin ezkondu zen, eta ondoren, 1887an, Joaquina de Osmarekin Puenteko eta Sotomayorko markesen alabarekin. Canovasen sistemak ez zuen benetako oposiziorik onartzen (horretarako sortutako Alderdi Liberala joko politikoak eskatzen zuen oposizio «morroia» besterik ez zen). Alderdiak handikien alderdi hutsak ziren, parlamentarien konbinazioak. Kazikismoa zen sistemaren muina. Tokian tokiko handikiekin lortutako akordioei esker, eta iruzurretan arituz, botoak erosiz, eta erroldak zein emaitzak faltsutuz, gobernuek hauteskundeak «eraiki», eta behar zituzten gehiengoak eskuratzen zituzten. Kazikismoa eguneroko ogia zen, «naturala», Estatua txikia eta ahula zen herrialde batean. Tokian tokiko handikiek administrazioaren egitekoak bere gain har- tzen zituzten, desmobilizazio politikoa oso handia zen eta klientelismoak erro sakonak zituen. Kazikismoak sistemaren egonkortasuna bermatu zuen. Errea- litatea, ordea, artifiziala eta hauskorra zen oso, eta, epe luzean, sistema babesik gabe utzi zuen, handikien oligarkia horrena salbu (eta horrek ekarri zuen erregimen Canovistaren porrota 1923an)

Agerian geratu ziren 1876ko erregimenaren gabeziak, Espainiak 1898ko gudan Estatu Batuen aurrean izandako porrotarekin. Canovas gobernu buru zela, 1895 eta 1896an aurre egin behar izan zieten Kuba eta Filipinetako matxinatuei, eta Espainiak 300.000 soldadu itsasoz haraindi bidaltzera beharturik ikusi zuen bere burua. Egia esateko, 1897an egoera kontrolpean zuela zirudien —bai Kubakoa eta baita Filipinetakoa ere—. Orduan, espainiarrek Kubako irla alanbre-hesien eta zidorren bidez zatikatu zuten eta nekazari ere- muetako jendea kanpamendu militarretan elkartu zuten. Hartutako neurriek eta matxinoen aurkako politika zorrotzak espainiarren esku-hartzearen ospea zikindu zuten, nazioarteko iritzi publikoa sumindu, eta horrek Ipar Amerikaren esku-hartzea azkartzea eragin zuen. Espainiak Kuba eta Puerto Ricori autonomia eman zien, baina dagoeneko berandu zen, Kubaren kasuan gu- txienez: 1897ko urria zen. Boterean zegoen alderdi liberalak, Sagastaren Gobernuak, eman zuen urratsa, Canovas eraila izan eta gero. Canovas 1897ko abuztuan hil zuten, eta horren ondoren, otsailaren 15ean, Maine gerraontzi iparramerikarrak Habanako portuan eztanda egitean, Estatu Batuekin gerran hasi ziren. Ipar Amerikako Marinak espainiarren Ozeano Bareko ontziteria txikitu zuen (1898ko maiatzaren 1ean); eta gero (uztailaren 3an, Santiago de Kuban), armada espainiar ia guztia. Espainiak 80.000-100.000 soldadu galdu zituen gudan. Parisko bakeagatik (1898ko abenduaren 10ean), Kuba utzi eta Puerto Rico eta Filipinak Estatu Batuen esku utzi zituen.

Espainiak, nazio apala izanik ere, 98ko krisia ongi gainditu zuen: Monarkia ez zen zalantzan jarri, eta porrotak ez zuen berebiziko aldaketa politikorik eragin. Baina 98ak ekarritako ondorioek aparteko hedadura izan zuten: Nazio sentimenduaren krisi sakona; Espainiaren eta bere errealitate historikoaren inguruko hausnarketa intelektual eta literario bizia, 98ko belaunaldiaren (Unamuno, Baroja, Azorin, Maeztu, Valle Inclan, Machado, Zuloaga margolaria…) eta euren «epigonoen» (Ortega y Gasset, Perez de Ayala, Marañon, Azaña…) obrarekin lotu zena; aldaketa eta berroneratze eskaerak, garai hartan bigarren hitza bolo-bolo zebilen (berroneratzea bere teorialari nagusiare- kin lotzen zen, Joaquin Costa); aurreko urteetan agertutako Euskal Herriko eta Kataluniako nazionalismoak agertu ziren, eta lehenak gutxiengo baten babesa zuen arren, bigarrenak goranzko joera nabaria zuen (4 diputatu 1901ean, eta 41 diputatu 1907an).

Atzera begiratuta, nazioartean Espainiak izan duen krisialdi eta nazioarteko uzkurtasunaren erantzule bezala ageri da Canovas. Ortega y Gasset gaztearen iritziz, Errestaurazioa «mamuen egoera» zen, eta Canovas «ma- muteriaren enpresaria» (Madrilgo Komedia Antzokian emandako hitzaldi entzutetsuan adierazi zuenez; «Vieja y nueva política», 1914ko martxoak 23). Aurrez aipatutakoak kontuan harturik, nahiko bidegabea zela esan liteke.

XIX. mendeko arazorik handiena Espainia nazio Estatu bezala eraiki izana zen: 98ko porrota gorabehera, Nabarmentzekoa da Canovasek berak sortutakoa Errestaurazioaren estatua askoz hobe egituraturik zegoela, XIX. mendean zehar Espainiako Estatua sekula egon zena baino (gorago aipatutako estatu txiki, txiro eta ahul hori). Argi dago, arazoak berriro sortu zirela. Gauzak horrela, 1900. urtean Espainiak hiru erronka zituen: demokrazia arazo bat, atzerapen ekonomikoaren auzia eta Estatuaren lurralde artikulazioaren korapiloa (1900 eta 1936/39 artean, batez ere, Katalunia eta Euskal Herrian).

Obrak

Obras Completas, Madril: Fundación Cánovas del Castillo, 1997, 13 libk.

Bibliografia

ANGULO Y DE LA HORMAZA, J. M., La abolición de los Fueros e instituciones vascongadas, Bilbo: Astuy, 1886, 2 libk.

CASTELLS ARTECHE, L., Modernización y dinámica política en la sociedad guipuzcoana de la Restauración 1876-1915, Madril: Siglo XXI Editores, 1987.

COMELLAS, J. L., Cánovas del Castillo, Bartzelona: Ariel, 1997.

DARDÉ, C., Cánovas y el liberalismo conservador, Madril: FAES-Gota a gota, 2013.

GONZÁLEZ PORTILLA, M., La formación de la sociedad capitalista en el País Vasco (1876-1913), Donostia: L. Haranburu Editorea, 1981, 2 libk.

MONREAL ZIA, G., «La ley abolitoria de Fueros de 21 de julio de 1876 (Antecedentes y paso por el Congreso)», Iura Vasconiae, 10 (2013), 39-192. orr.

POSTIGO, C., Los Conciertos Económicos, Donostia: L. Haranburu Editorea, 1979. SOLOZÁBAL, J. J., El primer nacionalismo vasco, Madril: Túcar, 1975.

SUÁREZ CORTINA, M. (arg.), La Restauración entre el liberalismo y la democracia, Madril: Alianza Editorial, 1997.

TUSELL, J. eta PORTERO, F., Antonio Cánovas y el sistema político de la Restauración, Madril: Biblioteca Nueva, 1997.

VARELA ORTEGA, J., Los amigos políticos. Partidos, elecciones y caciquismo de la Restauración, 1875-1900, Madril: Alianza Editorial, 1977.

ZABALA, F. de, De los Fueros a los Estatutos. Los Conciertos Económicos, Donostia: Edizio eta Argitalpenen Gipuzkoako Elkartea, 1978.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP