Karguak eta lanbideak
Maistra eta idazlea
Ibilbidea
Gurasoak Benito Bustince eta Prima Larrondo zituen, biak ere uxuetarrak. 1853an ezkondu zen Valladolideko La Seca herriko Jacobo Salcedo Rodriguezekin. Segovian bizi izan ziren, hango 1907-1913 erroldan Capitolina ezkondua ageri baita. Handik gutxira alargun geratu zen. Haren ahizpa Felicisima Segovian hil zen, 1908an. Capitolinak 1933an testamentua eman zuen haren ezkon-iloba Guadalupe Salcedoren alde, eta hiri berean hil zen, 1934an.
1880-1881 ikasturtean Magisteritza ikasten ari zen Nafarroako Maistren Eskola Normalean, eta 1883an gauza bera egiten ari zen Arteen eta Ofizioen Eskolan, non Apaindura irakasgaian hirugarren accesit bat jaso zuen, Lau-buru kazetaren arabera. Iruñean aritu zen maistra hainbat urtez. 1892an eskola bat zuzentzen zuen Carmen karrikan. 1898an, berak idatzitako Compendio histórico del Antiguo Reino de Navarra para uso de los niños de ambos sexos liburuan Goi Mailako Lehen Hezkuntzako irakasle gisa ageri da.
Capitolina Bustinceren lana Nafarroan mende bukaerako urte haietan zabaldu zen korronte batean kokatzen da, haren eredu zirela Yanguas y Mirandaren (Historia compendiada del Reino de Navarra) edo Hermilio Olorizen (Resumen histórico del Antiguo Reino de Navarra) liburuak, eta horiek aintzat hartuta aipatu zuen Carlos Mata Indurain ikerlariak «Nafarroako tradizio historiko-pedagogiko oparoa». Dionisio Ibarluceak argitaratu zuen Compendio de la historia de Navarra destinado a las escuelas de la misma, 1898an; Santos Landak, berriz, Páginas de la historia de Navarra, puestas en verso para uso de las Escuelas, 1896an; eta aita Lino Munarriz Velascok 1912an argitaratu zuen Resumen de la historia de Navarra lana.
Capitolinaren liburuak leialtasunez jarraitzen dio Olorizi, forma aldetik irakasgaia jaso behar zuten ikasleen arabera egokitu bazuen ere. 118 orrialde ditu, 30 ikasgai eskaintzen ditu, galde-erantzun laburrez osatuak, eta Olorizen liburuaren kasuan bezala, 1521ean bukatzen du gaia, Nafarroaren independentziaren galerarekin. Haren pentsaera bat heldu da, guztiz, Nafarroako Euskara Elkartearen ikusmoldearekin. Aitzinsolasean azpimarratu zuen liburua idaztera bultzatu zuen asmoa: «beti euskal arrazaren ezaugarri izan ziren dohainak eta balentriak imitatzea» nahi du.
Obrak
Compendio histórico del antiguo reino de Navarra para uso de los niños de ambos sexos, Iruñea: Inprimategi Probintziala J. Ezquerroren kargura, 1898.
Bibliografia
BURGUI, M., «Capitolina Bustince Larrondo: una ujuetarra defensora de la historia de Navarra en las escuelas», blog Uxue, Ujue atalaya de Navarra. Online arg.: https://ujue-uxue.blogspot.com/2012/08/capitolina-bustince-larrondo-una.html (2012ko abuztuak 4).
FERNÁNDEZ GONZÁLEZ, A., eta MATA INDURÁIN, C., Historia literaria de Navarra: siglos XVIII y XIX, Iruñea: Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsa, 2006.
MATA INDURÁIN, C., «Capitolina Bustince Larrondo», in CAMPO GUINEA, J. et al., Mujeres que la historia no nombró, Iruñea: Iruñeko Udala, 2005, 139-140. or.
SOTO ALFARO, F., Manuales escolares de Primera Enseñanza editados en Navarra de 1800 a 1912, Madrid: UNED, 2005.
ITURRIAK
Lau-buru, II. urtea, 436. zk., 1883ko ekainaren 28a.





