Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA BISIGODOAK

BRAULIO ZARAGOZAKOA(VI. mendearen amaiera- Zaragoza, 651),

Karguak eta lanbideak

eruditoa eta Zaragozako apezpikua

Ibilbidea

Braulio Zaragozakoa da bere garaiko egile bisigodo garrantzitsuenetako eta eragin handieneko bat, Isidoro Sevillakoaren atzetik. Braulio familia aristokratiko katoliko batekoa zen eta 585. eta 595. urteen artean jaio zen. Agian, familia jatorri hispaniar-erromatarrekoa zen, eta eragin handia zuen Tarraconensis probintzian. Braulioren aita Gregorio hiri bateko apezpikua izatera iritsi zen —ez dakigu zer hiritakoa izan zen apezpiku; agian, Ciudad de Osma (Soria)—, eta ama, berriz, leinu nobleko familia batekoa zen. Zaragozako monasterio de los XVIII Mártires delakoan jaso zuen hezkuntza, eta, 619. urtearen inguruan, hiri horretako apezpikutegiko artxidiakono izendatu zuten, Braulioren anai Joan apezpiku zela. Joan hiltzean (631), Braulio izendatu zuten apezpiku, eta kargu hori bete zuen hil arte (651). Episcopus berriak, monasterio-eskola bat sortu zuen eta adiskidetasun-harreman estua izan zuen Isidoro Sevillakoarekin, eta erresumaren kultura- eta erlijio-erreferentzia bihurtu zen Isidoro hil ondoren. Dirudienez, Braulio sarritan joaten zen Tirassona hirira (Tarazona, Zaragoza), baskoien lurraldetik gertu.

Braulioren idatzietatik, 44 gutuneko bilduma bat nabarmentzen da, gutun horietan ikusten baita zenbatekoa izan zen Zaragozako apezpikuaren garrantzia eta eragina bisigodoen gizarteko goi-mailetan. Gurera iritsi diren epistoletatik, Txindasvinto eta Rezesvinto errege bisigodoei, Honorio I.a aita santuari eta zenbait apezpiku hispaniarri bidalitakoak nabarmendu daitezke. 625. urtearen inguruko gutun batean, eta Txindasvintoren erregealdiko (642-653) une batean idatzitako beste gutun batean, Brauliok Ebro ibaiaren haranaren erdialdean zenbait aldiz erasoak egin zituzten «etsai» batzuk aipatzen ditu (Epist. 3.1-12; 37). Gaur egungo historiografian, batzuek etsai horiek baskoien taldeak zirela defendatzen dute, aski ezaguna baitzen baskoiek bisigodoekiko etsaitasunezko jarrera zutela. Beste batzuek, berriz, uste dute apezpikuaren hitzek noblezia godoaren artean izaten ziren ohiko matxinadak eta botereagatiko borrokak adierazten dituztela.

Halaber, Brauliok Aemilianus erlijiosoaren biografia idatzi zuen. Aemilianus (Milian) ermitau aszeta bat zen, eta Donemiliaga Kukulla (Errioxa) monasterioa fundatu zuen. Braulioren anaietako bat, Fronimianus, monasterio horretako presbiteroa zen. Hagiografian, Zaragozako apezpikuak aipatzen du Milianek Leovigildo erregeak 574an Cantabria konkistatuko zuelako ikuspena izan zuela —oro har, onartuta dago Antzinate Berantiarreko egileek aipatzen duten Cantabriak Kantabria Klasikoaren zati bat hartzen zuela, eta hego–ekialderantz ere hedatuko zela, Toloño mendilerroraino—. Odol–isurtzea eragozteko, erlijiosoak lurralde horretako biztanleak bildu zituen, Pazko eguneko senatusean, egindako krimenengatik otoiz egin zezaten predikatzeko. Batzuek ez zioten kasurik egin Milianen oharrei, eta bizia galdu zuten Leovigildoren erasoaldian(Vita sancti Aemiliani, 2.26.33).

Obrak

Braulio episcopus Caesaraugustanus:Epistularium; Riesco Terrero, L. (arg.): Epistolario de San Braulio. Introducción, edición crítica y traducción, Sevilla: Universidad de Sevilla, 1975.

Martín, J. C. (arg.): La «renotatio librorum domini Isidori»de Braulio de Zaragoza, Logroño: Fundación San Millán de la Cogolla, 2002.

Migne, J.-P.: Vita sancti Aemiliani, Patrologia latina, 80. libk., Paris: Garnier Fratres, 1850.

Bibliografia

Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.

Castellanos, S.: «La capitalización del culto a los santos y su trasfondo social: Braulio de Zaragoza» in Studia historica. Historia antigua, 12 (1994), 169.-178. or.

— «Problemas metodológicos en la investigación de la ocupación del territorio durante la Antigüedad Tardía: el caso del alto Ebro y la aportación de la “Vita Sancti Aemiliani”» in Brocar: Cuadernos de investigación histórica, 19 (1995), 27.-48. or.

Sayas, J. J.: Los vascos en la Antigüedad, Madrid: Cátedra, 1994.

Thompson, E. A.: Los godos en España, Madrid: Alianza, 1985.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Braulio Zaragozakoa”, Jimeno Aranguren, R., Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp 121-122.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP