Karguak eta lanbideak
Erromesa eta apaiza
Ibilbidea
Pardies-eko (Biarno, Frantzia) erromes gaztea. Ez dauzkagu haren biografiari buruzko daturik; izan ere, dakigun gauza bakarra da Santiagorako erromesaldia egin zuela hiru lagunekin: Gomer de Saint Abit, Petrique d’Arros eta Pierre Laplace de Pardies. 1748ko maiatzaren 1ean abiatu ziren, eta abuztuaren hasieran itzuli zen, gurasoen etxera —hila zela uste zuten gurasoek—, gorabehera eta zorigaizto ugari pairatu ondoren. Urte gutxi batzuk geroago Angoseko apaiza izatera iritsi zen. Bonnecazeren bidaia interesgarriari eta penagarriari buruzko lana literatura odeporikoa delakoaren adibide bat da. Genero horretan, bidaia batean izandako gertaeren eta ikusitako gauzen kontakizuna egiten da, eta Compostelarako erromesaldiekin lotutako genero adierazgarrienetako bat da; izan ere, gertaera eta esperientzia pertsonalen oroitzapenak jasotzeaz gain, bidaiarekin zehazki lotutako geografia-, historia- eta ingurumen-datuak ematen dira.
Benetan harrigarriak dira bidaian zehar egiten dituen gogoetak. Lehen pertsonan kontatzen ditu gertatutakoak, eta interesgarria da bidaiari buruzko pasarte batzuk ezagutzea:
«Espainian ikastea erabaki nuen, eta, nire proiektuan arrakasta izateko, Santiagora joateko aitzakia erabili nuen, eta nire gurasoei proposatu nien. Ideia horrek are bitxiagoa iruditu zitzaien; zorotzat eta burugabetzat hartu ninduten, eta irainak eta mespretxuak egiten zizkidaten etengabe. Beraz, ez nekien zer egin edo nola bete nire proiektua.
Hala ere, Jainkoak nire asmoen alde egin zuen. Gomer St. Abitekoa, Peter Arrosekoa eta Pierre Laplace Pardiesekoa Santiagora joatekoak zirela jakin nuen. Haiekin egin nuen nire plana, eta isilpean gorde zuten. Nire fardela aurretik prestatu nuen, alkandora eta liburu batzuk sartuta, eta nire zorroa lorategiaren atzean genuen gari-zelai batean gorde nuen, eta 1748ko maiatzaren 1ean abiatu ginen, gauerdian. Denek pasaporteak eta dirua zeuzkaten, neuk izan ezik, hiru libera baino ez bainituen: Probidentziaren eskuetan utzi nuen nire burua, erabat. Lehenbiziko egunean, hamabi legoa egin genituen. Goizeko zazpietan iritsi ginen Navarrengosera. Hiri horretan, kapelu bat erosi nuen, hogeita hamar sol ordainduta, eta nire txapela saldu nuen, hamabi solen truke. Oinetako pare txar bat baino ez nuen, Iruñeraino soilik iritsi ahal izateko modukoak».
Orreagara, Espainiako lehen herrira, iritsi ziren, mendatea igaro ondoren, eta han, elurrak blokeatuta geratu ziren, eta bi egunez egon behar izan zuten ospitalean. «Soldadu-talde bat zegoen, frantsesen bat ustekabean hartu eta errekrutatzeko asmoz. Eta nik haien hizkuntza ulertzen ez nuenez, ni errekrutatzeko moduari buruz hitz egiten zuten haien artean, zerbitzurako gaztea eta ausarta nintzela eta nahiko itxura ona nuela esanez. Idazten nekien galdetu zidaten, eta ezetz erantzun nien». Auskiko erromes batek soldaduen elkarrizketa itzuli zion Bonnecazeri. Izututa, lagunei eskatu zien prestatzeko eta denek gau bete-betean alde egiteko, elurren artean: «Elurra belaunetaraino genuela joan ginen, baina gutxiago zegoen menditik irtetean. Orreagako lautada zeharkatu genuen, Frantziako hamabi pareak erail zituzten leku hori. Leku horretako ospitalean, Errolanen ezproiak eta ezpata daude oraindik; lautada horren erdian, gudua gertatu zen lekuan, hamabost oineko altuerako gurutze bat zegoen, erabat burdinazkoa, bost hazbete karratukoa. Burdinazko lau zutabek eutsitako pabiloi baten azpian dago, eta sabaia ere burdina-xaflez eginda dago, denak sendo-sendo eraikiak. Gurutze horren aurrean otoitz egin genuen, leku gogoangarri horretan eraildako kristauen alde».
«Elur artean ziztu bizian egindako martxa horrek, jasandako hotzak eta botatako izerdiak kalte egin zidaten, eta odola bota nuen sudurretik eta ahotik». Italiar erromes bat laguntzen saiatu zen: «Esan zidan nire poltsak eragiten zidala odol-jario hori, eta zinta batzuekin egokitu zuen, bularraren gainean jarri ahal izateko; orduan, odol-jarioa gelditu zen, eta askeago geratu nintzen ibiltzeko. Hala ere, oso ahul nengoen: nekez egon nintekeen zutik, eta euriak, batetik, eta miseriak eta goseak, bestetik, den-denak estutzen ninduen. Nire lagunak aspertuta zeuden nirekin, eta bidean hilko nintzela beldur ziren. Vianara iristean, oso ahul nengoen, galdutako odolaren eta pairatutako nekeen ondorioz; oso poliki ibiltzen nintzen, eta nire lagunak haserre zeuden itxoin behar izateagatik. Hiri txiki horretan, banandu egin ginen limosna eskatzeko, eta gero, haiei hiritik kanpo itxaroten gelditu nintzen, gauera arte, baina ez zen inor azaldu. Leku horretan egin nuen lo, eta hurrengo egunean, bakarrik joan nintzen, eta beste bide bat, mendietatik, hartu zutela jakin nuen. Abandonatuta utzi ninduten. Compostelaranzko bidea jarraitu nuen, asko gelditu gabe, eta haiek baino egun bat lehenago iritsi nintzen. Denak gaixo zeuden, baina ni nahiko ondo nengoen». Espainieraz nahiko ondo hitz egiten ikasi zuenez, katedraleko idazkariak ez zion patentea eman nahi, espainiarra zela uste zuelako. Bere aitorleari erregutu zion, eta hark Bonnecazeren aldeko adierazpena egitean soilik lortu ahal izan zuen ziurtagiria (compostela delakoa).
Itzulerako bidaian, beste zorigaizto batzuk gertatu zitzaizkion oraindik ere. Sukarrak jota dardarka zegoela, ospitaleko zaindari batek larrialdiko sendabide bat eman zion: igurtzi batzuk eman zizkion osinekin, baina garrasi eginarazi, eta mina egin zion. Hantura batek jota, Leóngo ospitalean sartu zuten — San Antonioren ospitalean—, eta han egunak joan egunak etorri ziren sendatu gabe. Ondoan izan zituen gaixoetatik lau hiltzen ikusi zituen; hiru bere ilaran, eta bat aurrez aurreko ohean. Biarnotarra erabat izututa zegoen:
«Gau hartan hiltzeko beldur nintzen, eta nahiago nuen kanpoan hil, ospitalean hil baino. Eguerdiaren ondoren, jaikitzeko eta leihoraino joateko ahalegina egin nuen, eta nire bihotzak sufritu egiten zuen arnasa hartzean. Etxezainari nire piltzarrak ekartzeko eskatu nion, baina ez zuen hori egin nahi izan, esan zidan hil egingo nintzela, ospitaletik joanez gero. Berehala irten nintzen, nire bastoian bermatuta.
Egunetik egunera, nire ibilaldiaren distantzia bikoiztu nuen; bakarrik nengoenez, ez nuen une bat bera ere galdu; azkenean, egunean ia hamar legoa egiten nituen. Nafarroa Garaiko mugetara iristean, mendi batean gelditu nintzen, bi orduz, Frantziako airea arnasteko. Aire horrek indarrak itzuli zizkidan, nire bihotza ireki zuen; beraz, nire arazo guztiak atzean gelditu zirela iruditu zitzaidan.
Bizirik irauteko ogia eskatzeko soilik gelditu nintzen. Orreagara iritsi nintzen, oso gustura, eta bi egun geratu nintzen ospitalean, atseden hartzeko. Bigarren egunean, afariaren ostean joan nintzen. Egunean hiru otordu ematen zituzten ospitale horretan: libra erdi ogi goizeko otordurako; libra bat ogi, libra erdi haragi eta pinta bat ardo eta zopa, arratsaldeko otordurako; eta beste horrenbeste, gaueko otordurako. Azkenik, Frantziako lehen herrira iritsi nintzen, mendatearen oinean, eta, han, Frantziako eta Espainiako erresumak bereizten dituen ur-laster bat dago, zubi bat duena. Han, gurutze bat egin nuen nire pordoiarekin, eta Santiagora itzuliko ez nintzela hitzeman nuen. Orduan, zoriontsu izan nintzen, nire burua Espainiako miseriatik libre ikustean.
Abuztuaren hasieran iritsi nintzen nire aitaren etxera; iristean, nire arreba errekan aurkitu nuen, herritik gertu. Agurtu nuen, eta musu eman zidan, arratsaldeko hirurak edo izango ziren. Nire zorroa hartu zuen; ez zuen pisu handirik, nire alkandorak saldu bainituen bizitzeko. Gurasoak oso atsekabetuta aurkitu nituen, hil nintzela esan zietelako, baina nirekin hitz egiten ari ziren une horretan. Musu eman nien, negar eginez, eta haiek ere negar egin zuten. Haien haserrearen beldur, belaunikatu eta barkamena eskatu nien, eta beren bedeinkapena emateko erregutu nien. Pozarren negar egiten eman zidaten bedeinkapena».
Benetan interesgarria eta tamalgarria izan zen xviii. mendearen erdialdeko frantziar erromes horrek egindako bidaia, eta Guillermo Maunierrek (1726) eta Jean Pierre Racq-ek (1790) egindako bidaiekin batera, frantziar erromesen ikuspegia erakusten dute, Santiagorako erromesen kopuruak behera egin zuen mende horretan. Alde horretatik, komeni da gogoan izatea Jean Bonnecazeren eta Jean Pierre Racq-en erromesaldiak nahiko ezezagunak direla, haien kontakizunak interesgarriak izan arren.
Obrak
Haristoy, P. (arg.): Pèlerinage de Saint Jacques de Compostelle. Pèlerinage de Jean Bonnecaze, de Pardies (Pyrénées Atlantiques), en 1748, Pau: Imprimerie Catholique, G. Lescher-Moutoué, 1900. Desplat, Ch.; Blázquez, A. (argk.): «Bonnecaze, J., y Racq, J. P.» inVoyage de deux pélerins à Compostelle au xviiie siècle, Tarbes: Cairn, 1998.
Bibliografia
Bonnecaze, J.; Racq, J. P.:Voyage de deux pélerins à Compostelle au xviiie siècle, Desplat, Ch. eta Blázquez, A. (argk.),Tarbes: Cairn, 1998.
De la Riera, J. A.: «Bonnecaze, Jean» in Xacopedia, http://xacopedia.com/Bonnecaze_Jean (2018ko abuztuaren 31n egindako kontsulta).
Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª; Uría Ríu, J.: Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk., 1948, 117.-118. or.
Aipamen bibliografikoa
Jusué Simonena, C., “Bonnecaze, Jean”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 732-735.





