Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

BLAY DE GAIX, Gabriel-François de (Perpinya, Ekialdeko Pirinioak, Frantzia, 1848ko urriak 25 – Valdurenque, Midi-Pirinioak, Frantzia, 1917/1919ko? otsailak 28).

Karguak eta lanbideak

Armada frantseseko komandantea eta historialaria

Ibilbidea

Marie Marguerite Mathilde de Richard de Gaix eta Jean Joseph Antoine Pierre Blay izan zituen guraso. Aita Perpinyako herritarra zen, 1809. urtean jaioa, guraso zituela Jean Ange Basile Raymond Blay eta Françoise de Lassus senar-emazteak, eta Gaixkoko gazteluko baroniaren ondorengoa zen.

Gabriel-Françoisen aita «jabe» gisa agertzen da deskribaturik semeari 1868. urtean Eskola Politekniko ospetsuan sartu zenean ireki zioten fitxan, xehetasun gehiagorik eman gabe.

Ekonomia-gaiak alde batera utziz, Blay de Gaix komandantearen leinuak sustrai irmoak ditu noblezia katalan eta proventzarreko De Gaix familia zaharrean. Hala amonak nola amak, hain zuzen, lotura estua zuten De Gaix abizenarekin.

Gabriel-François seme bakarra zen, eta ondorengotza hori 1875. urtetik hara erreklamatu zuen bakarrik. Izan ere, Frantziako Errepublikako presidentearen abuztuaren 6ko dekretu batek abizena aldatzeko balio izan zion, ordu arte De Blay baitzen, baina ordutik hara De Blay de Gaix.

Eskola Politekniko frantseseko dokumentuen aurkibideetan agertzen da ikasle onartu zutela, 1868. urtean Parisen egin zuen azterketa baten ondoren. Fitxak oparo deskribatzen du Gabriel-François, Baiona hiriko historialari militarra bilakatuko zena. Xehetasun hauexek ematen zituen: metro eta hirurogeita hamar zuela altuera, ile eta bekain ilunak, begiak bezala, kopeta apala zuela, sudurra «ohikoa», ahoa «ertaina» eta aurpegi obalatua; okotzak, zulo deigarri bat zuen berezitasun.

Fitxa horretan bertan, haren ikasketa eta ibilbide militarrari buruzko datuak ematen ziren. Agertzen da lehendabiziko dibisiora igorri zutela 1869an, Frantziako Bigarren Inperioa desegin eta Frantzia-Prusia Gerrak eztanda egin baino urtebete lehenago. 62. zenbakiaz agertzen da 142 ikasle hautagaiko zerrenda batean. 1870ean, onartua deklaratu zuten funtzio publikorako, 52. Zenbakiaz 141eko zerrenda batean. Urte horretan bertan, Frantzia-Prusia Gerra jada hasia zela, ingeniari militarren kidegoaren zerbitzura jarri zen, 13. Zenbakiaz 25 ikasleko promozio batean.

Urria da haren geroko ibilbide militarrari buruzko informazioa, baina froga daiteke. Borel d’Hauteriveren Annuaire de la Noblesse de France et des maisons de l’Europe urtekariaren 1876ko argitaraldian, adierazten da Gabriel-François Arrasko ingeniarien hirugarren erregimentuko ofiziala zela garaitsu horretan, justu abizenean De Blay de Gaix jarri zuen unean.

Hurrengo urteetan, garai hartako frantses armadako buletinek informazioa ematen jarraitu zuten haren ibilbide militarrari buruz, nahiz eta nahiko motz. Zehazki, Borel d’Hauteriveren aipaptu urtekarian Gabriel-François de Blay de Gaix Arrasko ingeniarien hirugarren erregimentuko izen-zerrendan agertzen dela argitaratu eta bi urtera, Armadaren Buletinak 1878. urterako bere antzinatasuneko zerrendetan adierazi zuen De Blay de Gaix kapitaina zela jada, bigarren klasekoa izan arren, 1875eko urriaren 26tik, eta Perpinyan kokatu zuen, une horietan haren eginkizun zehatza zen den adierazi ez arren.

Gabriel-François de Blay de Gaix bi aldiz ezkondu zen: 1881ean, Tolosan Marie Louise Pauline Candie de Saint-Simonekin. Ezkontza horretatik, Marie Henriette de Blay de Gaix jaio zen. 1901ean, Louise Hilariette Josephine Marie de Meherenc de Saint-Pierrekin ezkondu zen.

Blay de Gaix komandantearen heriotzari buruzko datuak ez datoz. Familiako genealogiaren arabera, 1917an hil zen Valdurenquen, eta Frantziako Liburutegi Nazionalaren katalogoak, bertan autore gisa agertzen baita, eta Frantziako Eskola Politeknikoaren ikasle-fitxak heriotza 1919an gertatu zela adierazten dute.

Nahiko urria izan zuen obra idatzia, bere familiari buruzko azterketa genealogikoetan zentratua eta hemeretzigarren mendeko Europako publiko kultuaren gustuko bitxikeria historikoen ingurukoa. Adibidez, Caucalièresko bizilagunei 1273an emandako liberazio-gutun feudal bati buruzko bere azterlanaren kasua. Blay de Gaix baroiak ekarpen baliotsuak egin zituen XVIII. mendeko korrespondentzia-serie osoak argitaratuz, hala nola Lavaurreko apezpikuarena, Jean de Montanges monsinorearena 1749 eta 1764 bitartean, edo 1793an exekutatutako Castelnau baroi kontrairaultzailearena. Bilduma horietako batzuk, hala ere, haren familia-historiari buruzko interesekin ere lotuta egon ziren, hala nola Coraly edo Coralie de Gaixenari buruz, baronia horri lotutako Napoleonen osteko Frantziako dama eraginkorra.

Euskal Herriari lotutako haren lana Baionako historia militarra berreraikitzeari eskainitako bi liburukira mugatzen da. Bi liburuki horien lehen edizioaren azalean adierazten den bezala, Lapurdiko hiri horretan ingeniari buru igarotako egonaldian egindako lan bikaina da. Lehen aldiz 1899an argitaratu zen, eta 1905ean amaitu. Bi liburuen edukia hemeretzigarren mendeko Frantziak eta Europak ezaugarri duten erudizio historikoaren ohikoa da. Hau da, gertakari handi eta data garrantzitsuei buruzko datu pilaketa bat, Baionako jatorri urrunenen eta Frantziako Iraultzaren garaiaren artean.

Erudizio historikoaren metaketa horrek izan duen eragina nabarmena da. Ondorengo historiografiak aipatu egin du, bereziki lan itzel horrek Nafarroa errenazentistako erlijio-gerrei buruz jasotzen dituen datuen inguruan. Lan honetan egindako «balentria» dokumentala ezin baliotsuagoa izan da euskal hirigune garrantzitsu horri buruzko edozein azterlanetarako, historiaurreko jatorririk urrunenetatik —eta erromatarren aurreko zein erromatarren garaitik— Frantziako Iraultzaraino doan aldi luzean.

Obrak

Études historiques sur les seigneurs et barons de Gaïx, près Castres (Tarn); avec quelques détails sur les bâtiments du château de Gaïx sur la juridiction et les autres droits de la seigneurie et sur les évènements qui se sont passés sur son territoire ou dans les environs…, Montauban: Forestié, 1880.

Histoire militaire de Bayonne: De l’origine de Bayonne à la mort d’Henri IV, Baiona: Lamaignère, 1899.

Histoire militaire de Bayonne. De la mort d’Henri IV à la Révolution française, Baiona: Lamaignière, 1905.

(arg.), Lettres du Baron de Castelnau, officier de carabiniers, 1728-1793, Paris: H. Champion, 1911.

(arg.), Lettres de Mgr. Jean de Fontanges, évêque de Lavaur, 1749-1764, Paris: H. Champion, 1912.

(arg.), Coralie de Gaix: correspondance et oeuvres, Paris: H. Champion, 1912.

Charte d’affranchissement concédée par Jourdain de Saissac aux habitants de Caucalières. 1273, publiée avec une traduction française…, 1912.

Bibliografia

ITURRIAK


DE HAUTERIVE, B., Annuaire de la Noblesse de France et des maisons de l’Europe, Paris: Bureau de la Publication, 1876, 21 or.

Gabriel-François Blay de Gaix-en espediente akademikoa. École polytechnique, 1869: https://bibli-aleph.polytechnique.fr/F/E4K8KXJDUCUJ1KNHTXFBR4JM8S2FY757MMKYGGSHIJ4Y1IQFNP-05702?func=find-b&REQUEST=Blay+&find_code=WPE&ADJACENT=N&x=32&y=7 (2019ko ekainak 3).

ZENBAITEN ARTEAN, Bulletin des lois de la République Française, Paris: Imp. Nationale, 1876, 11. libk., XX or.

— Annuaire de l’Armée Française pour 1878, Paris: Berger-Levrault et cie., 1878, 553 or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP