Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

BERROGAIN MENDIHARAT, Gabrielle (Gabrielle VILAR-BERROGAIN) (Hazparne, Lapurdi, 1904ko uztailak 26 – Luxé, Charente, Frantzia, 1976ko irailak 9).

Karguak eta lanbideak

Historialaria eta artxibozaina

Ibilbidea

Gabrielle Berrogain 1904an jaio zen, Hazparneko Klerañoenea etxean. Haren aita Bernard Berrogain zen, merkataria, Amikuzeko familia batekoa, eta ama Marie Mendiharat Hazparne eta Bidaxuneko familia batekoa zen. Euskal Herritik Bordelera alde egin zuen, ikasketak egitera, eta berehala aldendu zen familiatik. 1925ean École des Chartes eskolan onartua izan zen, eta 1929an Goi-mailako Ikasketa Hispanikoen Eskolan sartu zen ikertzaile gisa, Madrilen inauguratu berria zen Velazquez Etxean (1928), eta han aritu zen 1935era arte. Ondoren, 1936an, beka osagarri bat jaso zuen. 1929an bere tesia defendatu zuen, La Navarre sous les rois français, 1234-1328 izenburukoa, eta Erdi Aroko Nafarroako instituzio politikoen ikerketarako balio handikoak diren dokumentu ugari argitaratu zituen. Las Hurdes eskualdea deskubritu zuen Maurice Legendre historialari katolikoarekin batera, eta «Ordenanzas de la Alberca y sus términos Las Hurdes y las Batuecas» dokumentuan ere lan egin zuen eta 1930ean argitaratu zuen.

1931n, Espainian Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, Velazquez Etxeko zuzendari Pierre Parisek Bartzelonara bidali zuen Gabrielle, Aragoiko Koroaren Artxiboan (Arxiu de la Corona d’Arago) lan egitera. Han ari zela, Napoleonek Katalunia mendean izan zuen garaiko agirien artxiboen inbentario bat prestatu eta argitaratu zuen.

Madrilen ikasle aritu zen urteetan, Claudio Sanchez Albornozek zuzentzen zuen Ikasketa Historikoen Zentroan hiru emakume ezagutu zituen, adiskiderik onenak izanen zituenak betiko: Pilar Loscertales, Luis Valdeavellano juristaren emaztea; Consuelo Gutierrez del Arroyo, Luis Vazquez de Parga arkeologo eta Nafarroako historiaren ikerlearekin ezkondua; eta Carmen Caamaño aktibista ausarta eta Ricardo Fuente marrazkilariaren bikotekidea.

1932 eta 1936 bitartean, Bartzelonan bizi izan zen gehien bat, eta han ezagutu zuen Pierre Vilar historialaria, eta harekin ezkondu zen 1933an. 1935ean sortu zen haien seme Jean, bera ere hispanista izanen zena. 1936ko matxinada militarraren ondoren, Frantziara itzuli zen, eta Artxiboen zerbitzuan hasi zen lanean. Senarrarekin batera modu aktiboan parte hartu zuen Espainiako errefuxiatuen harreran eta Errepublikaren aldeko lanean. Gerra eta alemaniarren okupazioaren urteetan, Pierre Vilar atxilotua izan zen 1940an, eta Gabrielle Parisko erresistentzia intelektualeko kide aktiboa izan zen, Atxiboetako lankide Edith Thomasekin batera, eta lan hori aitortzeko 1960an Ohorezko Legioa saria eman zioten.

Vilar itzuli bezain laster, 1945ean, bikoteak Bartzelonara itzultzea erabaki zuen, eta Gabrielle Vilar Berrogain bost urtez aritu zen lanean, Aragoiko Koroaren Artxiboetan, harik eta, erregimenaren zaleak ziren administrari frantsesen eskaria onartuta, kanporatze administratiboa ezarri zitzaien arte. 1950ean Frantziako Artxiboetan hasi zen lanean, eta bere senarra École Pratique des Hautes Etudes delakoan hasi zenean, berriro ere eskuratu zuen Euskal Herriarekiko eta bere familiarekiko kontaktua, eta Lüküzeko Monteroenia etxea berritu zuen; laster hasiko ziren han biltzen familiarrak, adiskideak eta errefuxiatu asko, maiz klandestinoak. 1957an Arteen eta Letren Ordenako Ofiziala izendatu zuten, eta 1958an argitaratu zuen erreferentziako obra bat: Guide des recherches dans les fonds d’enregistrement sous l’Ancien régime (Imprimerie Nationale). 1976ko irailean hil zen, minbiziarekin borrokan adoretsu aritu ondoren. Bere izaera kementsuagatik, pensaera-askatasunagatik eta espiritu-independentziagatik, bere konpromisoak betetzeari behin ere hutsik egin gabe, intelektual hau, bere sustraiei eta euskarari beti atxikia, historialari ospetsu baten emaztea, haren ikuspuntuak eztabaidatzeko zalantzarik izaten ez zuena, baino askoz ere gehiago izan zen.

Obrak

BERROGAIN, G., La Navarre sous les rois français, 1234-1328, Paris, École des Chartes ikastetxeko tesia, 1929.

BERROGAIN, G., «Documentos para el estudio de las instituciones políticas de Navarra durante las dinastías de Champagne y de Francia», Madrid, AHDE, VI (1929), 462-522. or.

BERROGAIN, G., «Ordenanzas de la Alberca y sus términos las Hurdes y las Batuecas», Madrid, AHDE, 1930, 381-441. or.

VILAR-BERROGAIN, G., «Trois documents pour l’étude de l’administration intérieure du royaume d’Aragon», Bulletin Hispanique, 37. libk., 3 (1935), 309-328. or. eta 38. libk., 3 (1936), 272-294. or.

VILAR-BERROGAIN, G., Guide des recherches dans les fonds d’enregistrement sous l’Ancien Régime, Paris: Imp. nationale, 1958.

Bibliografia

RAMBAUD, M., «Gabrielle Vilar Berrogain», Paris, Bibliothèque de l’École des Chartes, 135. libk., 2 (1977ko uztaila-abendua), 431-432. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP