Karguak eta lanbideak
Bidaiari judua
Ibilbidea
Bidaiari tuterarrari buruzko datu bakarrak bere Bidaien Liburua lanaren hitzaurrekoak dira. Hitzaurrea bera ez da Benjaminek idatzia, liburuaren erredaktore edo editoreak baizik. Atariko horretan, haren zenbait datu biografiko oso zehatz jasotzen dira; besteak beste, bidaiaria Jona zelako baten semea zela, eta Tuterako komunitate juduko kidea zela aita. Tuterako aljama Nafarroako Erresumako garrantzitsuena zen, eta kultura eta oparotasun handikoa zelako nabarmentzen zen. Horren adierazle, besteren artean, tuterarrak dira jatorriz mundu osoan ezagunak diren bi jakintsu judu hauek: Yehudá ha-Leví (1071-1141) eta Abraham ibn Ezra (1092-1167). Hiria Alfontso I.a Borrokalariak konkistatu zuen musulmanen eskuetatik, 1119ko otsailaren 22an, eta Naiarako forua eman zion; hori izan zen, hain zuzen, aljama horren garrantziaren ernamuina. Forua Antso Jakitunak berretsi zuen 1170. urtean. Benjamini hiru erregealditan bizitzea egokitu zitzaion, Alfontso I.a Borrokalariaren (1104-1134), Gartzea Ramirezen (1134-1150) eta Antso VI.a Jakitunaren (1150-1194) erregealdietan, hain zuzen; hamarkada haietan birpopulatze-politika biziak izan ziren Nafarroan, eta komunitate franko eta judu ugari ezarri ziren erresuman.
Benjaminen obrak erakusten du maila intelektual handiko pertsona zela: «Gizon jakintsua eta adimentsua, Torá eta Halajá liburuetan», hitzaurrearen egilearen hitzetan. Narrazioaren bidez, egileak agerian uzten du batetik besterako bidaia horretan, tokian tokiko errealitate geografiko, humano, sozial eta kulturalen ezaguera zabala zuela. Liburua oinarritzat harturik, ziurtasunez esan liteke hainbat hizkuntza zekizkiela, hebreeraz eta arabieraz gain. Hebreera ama hizkuntza zuen, eta arabiera bigarren hizkuntza gisa erabiltzen zuten Espainiako juduek garai hartan. Tuterakoaren idatzian, halaber, latinezko eta grezierazko terminoak ageri dira, eta ez litzateke harritzekoa izango euskaraz ere zertxobait jakitea; izan ere, Tuteran, garai hartan, Nafarroa iparraldetik zetozen merkatariek salerosketa ugari egiten zituzten bertako juduekin. Bidaiariaren beste hainbat ezaugarriren lekukotza ere ematen du liburuak, kontakizuneko hainbat pasartetan. Hitzaurreak berariaz azpimarratzen du Benjaminek azaldutako guztiaren egiazkotasuna: «Berak emandako xehetasun guztiak berrikusi ditut, eta egiazkoak, benetakoak eta sendoak direla egiaztatu dut; izan ere, itzal eta sinesgarritasun handiko gizona zen».
Benjamin Tuterakoak ondare idatzi bakarra utzi zuen gerorako: Bidaien Liburua, hebreeraz Sefer Massa’ot. Izenburuak berak dionez, bidaia-liburuen literatura-generoko lana da. Erdi Aroa izan zen, hain zuzen, literatura-genero horren urrezko aroa. Sefer Massa’ot lana, jatorriz, liburu bat baino gehiago, ibilian-ibilian gerora garatzeko hartutako oharren sorta bat zen. Ondoren, bildumagile batek berriro landu zituen Benjaminek oharrak, ez dakigu ziur noiz, eta horrela geratu zen osaturik gaur egun ezagutzen dugun moduan. Gerozko lanketak gorabehera, Benjamin jotzen da, justizia osoz, liburuaren egiletzat, eta halaxe berresten du hitzaurre-egileak: «Gaztelako lurretara itzuli zenean, berekin ekarri zuen liburu hau». Sefer Massa’ot lanaren oinarrian, Benjaminek Tuteratik abiatu zenetik Sefaradera itzuli zen arte hartutako oharrak daude. Bidaldi harrigarria izan zen, kontuan izanda garai hartan zer baliabide tekniko zeuden; gutxi gorabehera hamabost urte iraun zuen. Liburuan ez da aipatzen noiz abiatu zen; aldiz, zehaztasun osoz jasotzen da Sefaradera noiz itzuli zen: juduen aroko 4933. urtean, kristau-aroko 1172-1173an.
Tuteran ekin zion bidaiari, eta Zaragoza, Tarragona, Bartzelona eta Girona bisitatu ondoren, Proventza eskualderantz jarraitu zuen, Narbona, Beziers, Montpellier eta beste gune judu garrantzitsu batzuetan zehar, harik eta Marsellara iritsi zen arte. Han, Genova aldera itsasoratu zen, eta, Pisa eta Lucatik igaro ondoren, Erromara heldu zen. Erroma, kristautasunaren hiri nagusia, Paulo III.aren aitasantutza liskartsuaren agintepean zegoen garai hartan. Benjaminek egonaldi luzea egin zuen han, hiriko eraikin garrantzitsuenen monumentaltasunaz gozatzeko eta komunitate juduaren estatus soziala bertatik bertara ezagutzeko. Erromatik hegoalderantz jo zuen, Pozzuoli eta Napoles aldera, eta, itsasoz, Salerno, Amalfi eta Beneventora. Hainbat herritatik igaro ondoren, Tarento eta Brindisira heldu zen, ondoren Otrantora, eta handik, itsasontziz, Corfura. Itsasoz jarraitu zuen, eta antzinako Greziako lurraldean barneratu zen. Leku garrantzitsuetatik igaro eta gero (Patras, Korinto, Tebas eta Tesalonika), bizantziar Inperioaren hiriburura, Konstantinoplara, iritsi zen, Manuel I.a Comnenosen erregealdian. Konstantinoplan ere egonaldi luzea egin zuen. Liburuan, elizen ugaritasuna eta aberastasuna aipatzen du, hiriko beste zenbait obra zibil miresgarri deskribatzen ditu eta penatuta egiaztatzen du juduen eta bizantziar kristauen arteko harreman liskartsua. Ondoren, itsasoz, Egeo uhartedia zeharkatu zuen Zipreraino. Handik, lehorrean jada, Antiokia, Sidon eta Tiro atzean utzi ondoren, Akretik barna Lur Santuan barneratu zen. Garai hartan gurutzatuen esku zegoenez eremu hura, juduak egoera humano etsigarri eta mingarrian zeuden. Hango toki historikoak luze-zabal deskribatzen ditu: Jerusalen (Ospitalea, antzinako Tenplua, Josafateko ibarra, Olibondoen mendia, Daviden hilobia, Siongo Santa Maria antzinako eliza), Belen (Rakelen hilobi-monumentua) eta Hebron (Patriarken hilobia eta han gertatutako mirariak). Hebronen, norabidea aldatu eta iparrerantz jo zuen; Tiberias bisitatu zuen (Yehudá ha-Leví herrikidearen hobia aipatzen du han), baita Banias ere. Handik Damaskoraino jarraitu zuen, eta mira eginda geratu zen hango lur emankor eta aberastasunarekin, baita meskita handiaren bikaintasunarekin ere. Ondoren, iparrerantz hartu zuen (Alepo eta Mosul) eta, Tigris ibarraren bideari jarraituz, Bagdadera heldu zen. Hiriak txundituta utzi zuen Benjamin: Bagdaden deskribapena aurrez izandako beste edozein hirirena baino askoz zabalagoa da; areago, batzuen ustez bidaiaren jomuga Bagdad bisitatzea zen, Palestina bera baino. Laudorioz goresten du Bagdadeko kalifa, eta Ramadaneko jaiak zirela eta, kalifak urtero jauregitik egiten zuen irteera arranditsua kontatzen du; orobat, harrotasunez aurkezten du exilarka, «Israelek gatibu hartutakoen burua», eta kalifarekin zituen harreman pertsonal bikainak goraipatzen ditu. Azkenik, Basorara iritsi zen, eta litekeena da Persian ere zertxobait barneratu izana. Gehienen iritziz, bidaiaren jarraipenari buruzko kontakizunak —India eta Txinaraino heldu zela kontatzen da—, gerora erantsitakoak dira, eta ez dira Benjaminenak. Gehienen irudiko, seguruenera Basoran itsasoratu zen, zuzenean Egiptora joateko. Egiptotik aurrera, kontakizunak Benjaminen berezko estiloa berreskuratzen du, bidaiari tuterarraren egiletza ezbaian ez jartzeko moduan. Nabarmentzekoak dira Kairori eta Alexandriari buruzko albisteak. Kairon, sinagogen erabilera, Nilon aldian behin gertatzen ziren uholdeak eta horien arrazoia azaltzen ditu. Alexandrian, Aristotelesen akademia aipatzen du eta itsasargiari buruzko kontakizuna egiten du. Egiptotik (Damieta), itzulerako bidaiari ekin zion itsasoz, Mesinaraino (Sizilia), eta xehe-xehe deskribatzen du Palermoren bikaintasuna (uharteko hiri nagusia). Siziliatik, azkenik, Sefarad aldera jo zuen; ezin jakin zuzenean Mediterraneoko porturen batera hartu zuen, edo, ausaz, lehorretik Parisera eta handik Kantauri itsasoko porturen batera. Seguru asko Frantzia iparraldeari, Alemaniari eta Errusiari buruzko albisteak gerora erantsiak dira, errabino tuterarraren benetako bidaiarekin zerikusirik ez dutenak. Bidaiaren kronologiari dagokionez, liburuan aipatzen den datu bakarra Nafarroako lurretara itzuli zenekoa da: juduen aroan, 4933. urtean bueltatu zen, aro kristauaren 1172-1173. urteetan. Gainerakoan, ez dago argibide zehatzik; zeharkako datu ugari, bai, ageri dira kontakizunean, eta horiei esker zehaztu daiteke, gutxi gorabehera zer datatan bisitatu zituen leku geografiko garrantzitsuenak.
Espekulazio asko egin dira zein izan ote zen edo ziren Benjamin Tuterakoa horrelako bidai bat egitera bultzatu zuen/zuten arrazoia(k), ez sarrerako hitzaurreak ez liburuaren gorputzak ez baitute ezer argitzen horri buruz. Nekazaritzako produktuei eta ehungintzako generoei buruz ematen dituen xehetasun zehatzak eta harribitxiei buruz erakusten duen jakintza nabarmena aintzat harturik, egile askoren iritzia da Benjamin merkatari profesionala zela, eta, horrenbestez, bidaiaren helburu nagusia salerosketan jardutea izango zela. Beste batzuen ustez, ordea, bidaiaren benetako arrazoia juduek Palestinako eta Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuetako leku santuetara erromes joateko zuten ohitura errotua izan zen. Zenbaiten irudiko, mundu zabalean sakabanatutako juduei buruzko informazioa biltzea izan zen bidaiaren xedea, komunitateari ikusarazteko ez zeudela bakarrik, beste herrialde eta kultura batzuetan ere bizi zirela eta aurrera egiten ari zirela haien anaia-arrebak. Azken iritzi horren aldekoek diote horregatik saiatu zela Sefer Massa’ot lanean juduen inguruko informazioa biltzen: populazioaren zenbatekoa eta biztanleen egoera sozio-ekonomikoari buruzko datuak, nekazari, merkatari, beiragile, ehule, tindatzaile, zetagile eta abarrek betetzen zuten jarduerari buruzkoak… Alabaina, onargarriagoa da pentsatzea bidaiaren bultzada nagusia ez zela izan urruneko komunitate juduen bizimodu eta ohituren berri jasotzeko helburu didaktiko hutsa, izan zela sakonagoko asmo bat; izan ere, Sefaradeko anaia-arreba asko egoera kritikoan bizi ziren, ihes egiteko edo kanporatuak izateko ataka gaiztoan, eta, beraz, juduekiko politika aldekoagoak zituzten beste herrialde batzuetan babesa aurkitzea izan zitekeen haientzat aukeretako bat. Hortik Benjaminek izan zezakeen interes agerikoa anaia-arreba juduen eta herrialde haietako gobernari-klaseen (kristau nahiz musulmanen) arteko harreman harmoniatsuak hain xehe eta hain zabal deskribatzeko.
Benjaminen liburuak garai guztietako aditu eta ikerlarien onarpen eta balorazio handia eskuratu du. Iritzigile eta itzultzaileek lore eta laudorio ugari egin izan dizkiote Tuterako bidaiariaren kontakizunari. Arias Montanok, Sefer Massa’ot lanaren lehen itzultzaileak, honela goresten du Itinerarium Beniamini Tudelensis itzulpenaren hitzaurrean: «Benjamin Tuterakoa, bidaia-kontakizunak idatzi izan dituzten egileen artean bikainena da. […]. Geografo greziarren eta latinoen artean ez da inor izan Benjamin Tuterakoak eginiko bidaia handia halako jardun eta ekimenez egin duenik» (gaztelaniako itzulpenetik moldatua). Inprenta asmatu arte (xv. mendearen erdialdea), Sefer Massa’ot lanaren eskuizkribuen kopia kopurua egile arabiar edo juduek idatzitako beste edozein bidaia-libururena baino askoz handiagoa zen. Inprenta asmatuz geroztik, obraren hebreerazko aleak izugarri ugaritu ziren. Inprentako lehen edizioa edo editio princeps delakoa 1543an eman zen argitara Konstantinoplako Eliezer ben Gershomen inprentan. Ondoren etorri ziren beste edizio batzuk Europako hainbat herrialdetan. Hebreerazko testuaren edizio horiek kaleratu eta lasterrera hasi ziren itzulpenak, eta horrek hedapen izugarri zabala eman zion Benjaminen liburuari. Lehen itzulpenak latinera egin ziren, eta kronologian lehena Arias Montano humanista espainiarrarena izan zen, 1575. urtean, Anberesen argitara emana. Latinezko itzulpenak oinarri, beste bertsio ugari argitaratu ziren hainbat hizkuntzatan, xvi. eta xviii. mendeen artean. Alabaina, xix. mendetik aurrera, zuzenean jatorrizko hebreerazko testutik Europako hizkuntza nagusietara itzuli zuten liburua. Itzulpen horien artean nabarmentzekoak dira Asherrena (1840) eta Adlerrena (1904).
Obrak
Sefer Massa’ot (= Bidaien Liburua). Gaztelaniazko itzulpena Rodríguez Ochoa, J. M.ª, Vida y obra de Benjamín de Tudela, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2015.
Bibliografia
Adler, M. N., The itinerary of Benjamin of Tudela, Oxford: University Press, 1907.
Alli Aranguren, J. C.; Rodríguez Ochoa, J. M.ª, eta Kintana, X., Vida y obra de Benjamín de Tudela, Benjamin Tuterakoa, Bidaien liburua, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2015.
Busi, G., Binyamin da Tudela, Itinerario, Rimini: Luisè Editore, 1988.
González Llubera,I., Viajes de Benjamín de Tudela 1160-1173, Madrid: Sanz Calleja, 1918.
Magdalena Nom de Déu, J. R., Libro de viajes de Benjamín de Tudela, Barcelona: Riopiedras Ediciones, 1982.
Schreiner, S., Benjamin von Tudela/Petachia von Regensburg Jüdische Reisen im Mittel-alter, Leipzig: Verlag Sammlung, 1991.
Aipamen bibliografikoa
Rodríguez Ochoa, J. M., “Benjamin Tuterakoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 240-244.





