Karguak eta lanbideak
Testua gaztelaniaz
Abad del monasterio blandiniense y monje de Elnoue.
Ibilbidea
Amando Maastrichtekoaren hagiografiaren bertsioetako batean, Baudemundo (edo Baudemondo) aipatzen da hagiografia horren egiletzat. Gutxi dakigu Baudemundori buruz. Testu apokrifo horren arabera, San Amando Maastrichtekoaren ikasle izandako erlijioso bat izan zen, eta hura hiltzean, haren biografia idaztea erabaki zuen, vii. mendearen amaieran.
Nolanahi ere, Vita Amandi lana nork eta noiz idatzi zuen eztabaidagaia da. Bruno Krusch-ek, Monumenta Germaniae Historican bildutako Vitaren 1910eko argitaraldian, lan horren egilea Baudemundo dela esatea onartezina dela dio, eta vita horiix. mendean idatzi zela, karolingioen eragin handiko lekuren batean. Halaber, ikertzaile alemaniarrak balio historikoa kentzen dio hagiografia horri, erabat apokrifoa izateagatik. Beste ikertzaile batzuk Amandoren hagiografiari balioa ematen saiatu dira, beste santu batzuen vitaekin alderatuta, eta San Amandorena viii. mendean edo vii. mendearen amaieran idatzi zela defendatzen dute, garai horretan nabarmena baitzen misio–jarduerak biltzeko interesa. Ez dugu hagiografia hau nahasi behar Milone erlijiosoak ix. mendearen erdialdean berridatzitako Vita Amandi lanarekin.
Baudemundoren arabera, 634. urte aldera, Dagoberto I.a erregeak Amando Wasconiara erbesteratu zuen. Lurralde horretan, santua mendietako baskoiak ebanjelizatzen saiatu zen, artean paganoak baitziren, itxuraz. Baina Amandoren kristautze-ahaleginek porrot egin zuten, hori saiatzen ari zela aktore imintziolari batek —mimilogus— barregarri utzi baitzuen. Handik gutxira, baskoien lurraldetik joan zen, agian zigorra bete zuelako edo erregearen barkamena lortu zuelako. Vitaren egileak kontatzen dituen gertaeren egiazkotasuna zalantzagarria bada ere, ez da zentzugabea pentsatzea gertaera horien atzean oinarri erreal bat egon daitekeela. Errealitate hori honako elementu hauek osatuko lukete: baskoi batzuen kristautze-maila urria; frankoek baskoiak ebanjelizatzeko eta beren erresuman integratzeko egindako ahaleginak; eta/edo garai hartako literaturan eta merovingioen gorteko goi-mailetan zabaldutako baskoi menditar, zabar eta paganoaren irudi idealizatua. Halaber, ez dugu alde batera utzi behar baskoiek gogoko zituztela artistek eta imintziolariek egindako kale-ikuskizunak, fenomeno hori ohikoa baitzen Antzinate Berantiarreko gizartean.
Vitaren egileak bazuen Isidoro Sevillakoaren Etymologiae lanaren berri, eta, neurri batean, Isidorok baskoien iragan prerromanoari buruz emandako azalpen okerra erreproduzitu zuen; hau da, baskoiak bakzeoekin identifikatzen ditu —bakzeoak Duero ibaiaren haranaren erdialdean bizi zen erromatarren aurreko herria zen, jatorri indoeuroparrekoa—. Hukbaldo izeneko fraide batek x. mendearen hasieran idatzitako Vita Rictrudis lanean, Vita Amandiko pasarte batzuk erabili zituen Santa Riktrudaren hagiografian. Lan horren arabera, santa hori Amandoren garaikidea izan zen, eta haren adiskide egin zen.
Obrak
«Vita Amandi episcopi»,Krusch, B. (arg.): Monumenta Germaniae Historica, -Scriptores rerum Merovingicarum, V. libk., Hannover: Impensis Bibliopolii Hahniani, 1910, 395.-449. or.
Bibliografia
Caro Baroja, J.: «San Amando y los vascones» in Príncipe de Viana,56. libk, 206. zk. (1995), 1031.-1046. or.
Lanz, J.: «Un minister quem vulgo mimilogum vocant entre los vascones» in Studia Historica. Historia Antigua, 35 (2017), 75.-94. or.
Larrañaga, K.: «De “wasco” a “Wasconia” y “Vascongadas”. Disquisiciones sobre ciertos corrimientos onomásticos en la Alta Edad Media» in Langaiak, 8-9 (1985), 59.-78. or.
Moreau, E.: Saint Amand. Apôtre de la Belgique et du Nord de la France, Louvain: Éditions du Museum Lessianum, 1927.
Stella, F.: La poesía carolingia. Testo latino a fronte, Firenze: Le Lettere, 1995.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Baudemundo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 130-131.





