Karguak eta lanbideak
Jurista
Ibilbidea
Jules Balasque 1815ean jaio zen. Haren aita François Balasque zen, Baionako alkatea, 1833ko ekainaren 9ko errege Ordenantzan izendatu ondoren, eta 1848ra arte. François Balasque (1787-1864) Oloroen (Bearno) jaio zen, eta hark aginduta eraiki zen Baionako Udaletxea. Lehenengo harria 1837an eza- rri zen, eta hasierako urteetan aldi berean izan zen udaletxe, antzoki eta hotela. François Balasque bera izan zen, orobat, Aturri ibaiaren gaineko Espiritu Santuaren zubia eraikiarazi zuena.
1838an, Jules Balasque, 23 urte doi zituela, ikasketak Parisko Louis-le- Grand Ikastetxean egin ondoren, eta tokiko historiak eragiten zion lilurak motibatuta, bere adiskide Eugène Daguerre Dospitalekin batera hasi zen sail- kapen-lanak egiten Baionako udal-artxiboetan, erabateko utzikeria-egoeran baitzeuden. Baziren han 70en bat kutxa; 4.000ren bat agiri. Haiek guztiak banan-banan aztertu eta haien inbentarioa egin zuten. Udalak erabaki zuen 700 liberako diru-laguntza ematea lana ordaintzeko, baina bi historialari gazteek ez zuten dirurik hartu nahi izan. 1837tik 1840ra arte, Jules Balasque Historia eta Zientzia Obren Batzordeko (CTHC, frantsesezko siglak) kide izan zen.
Merkatari-lanbidean hasi zen lanean, baina handik urte batzuetara Zuzen- bidean lizentziatu zen eta abokatu aritu zen, 1852an magistratu izatea erabaki zuen arte. Agosti Chahoren L’Ariel (1844-1852) kazetan kolaborazioak idatzi zituen, batik bat, Baionako Udal Artxiboari buruzko artikuluak. «Balasque oso gizon berezia zen, izan ere, legegizon baten zehaztasuna, jakintsu baten jakinduria eta kazetari baten sen ziztakaria baitzituen berekin».
Baionako Lehen Instantziako Auzitegi Zibilean zituen eginkizun garrantzitsuek ez zioten galarazi Balasqueri bere denbora-tarte libreetan, Udaleko artxibozain Edouard Dulaurensekin (1804-1880) lankidetzan, Etudes histo- riques sur la ville de Bayonne lana idaztea. Hiru liburukiz osatutako lana da, haietako bakoitzaren amaieran jasotzen direla latinez, okzitanieraz eta frantsesez idatzitako hainbat agiri. Ferdinand Barberen hitzetan: «dokumentazio bikainagatik, kritika zentzuzkoagatik eta estilo dotore eta zehatzagatik, ikerlan hauek —zoritxarrez 1451n gelditzen direnak (frantsesak Baionan sartzea- rekin)— Baionako historia orokorrari buruz inoiz idatzi den obrarik onena osatzen dute».
Lehenengo liburukia Lasserre argitaletxeak argitaratu zuen Baionan 1862an; 496 orrialde ditu eta hiriaren historia jasotzen du antzinako garaietatik 1216ra arte. Ehun bat orrialdetan jasotzen ditu Baionako Andre Maria katedraleko Kartulario edo Urrezko Liburutik eta hiriko artxiboetatik heldu diren hainbat dokumentu.
Bigarren liburukiak 707 orrialde ditu, Lasserre argitaletxeak berak argitaratu zuen, eta 1216tik 1311ra arteko aldia aztertzen du, era berezian 1273ko Usadioaren testu erromanikoa. Hiru ataletan banatuta dago: familiaren instituzioa Baionan, jabegoa eta justizia-administrazioa.
Hirugarren liburukia ere Lasserre argitaletxeak argitaratu zuen egilea hil ondoren, 1875an editatu baitzen. 642 orrialde ditu eta 1451ean amaitzen den aldia aztertzen du. Hiru liburukiak berrargitaratu zituen 2000. urtean Paul Manuciusek.
Edouard Dulaurensek Inventaire sommaire des archives comunales. Ville de Bayonne (1894-97) lana idatzi zuen bi liburukitan, eta haren eta Jules Balasqueren arteko lankidetza eredugarria izan zen. Charles Bernadouren arabera,
«Nekez aurki daitezke tokiko historia aztertzeko halako grina sutsua duten eta elkar hain ongi hartzen duten bi gizon, burura eraman baitzuten enpresa benetan zaila, alegia, Baionaren sorrera azaltzea, haren garapena, udalerriaren antolamendua, barne bizitza, haren merkataritzaren handitasuna eta hango itsasgizonen ausardia; multzo harmoniatsu horrengatik, Etudes historiques sur la ville de Bayonne lanaren hiru liburukiak Frantziako hego-mendebaldeko erudizio historikoaren adierazpen-mailarik gorenean daude». Artikulu horre- tan berean, Charles Bernadouk Balasqueri buruz dio «legelari ospetsua da, espiritu fin eta sotilekoa, liberalismo argi eta ilustratuaren tradiziorik jatorrenetan ikasia; idazle delikatu eta liluragarria».
1869ko maiatzean, Jules Balasquek Zientzietako Akademiaren urrezko dominaz saritu zuten, eskubide osoko kide titulua ematearekin batera. Haren andrea eta alaba ia aldi berean hil ziren, eta atsekabeak hondatuta hil zen Baionan, 1872ko martxoaren 24an.
Obrak
É. DULAURENSekin elkarlanean, Inventaire sommaire des archives communales.
Ville de Bayonne, Baiona: A. Lamaignére Inprimategia, 1894-1897. 2 libk.
É. DULAURENSekin elkarlanean, Etudes historiques de la ville de Bayonne, Baiona: E. Lasserre, 1875.
Bibliografia
BERNADOU, Ch., « M. Dulaurens et les archives de Bayonne », Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne (1880), 23-24. orr.





