Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

BALANZA, Pedro (Nafarroa, XVI. mendearen lehen erdia – Iruñea, Nafarroa, 1572?).

Karguak eta lanbideak

Nafarroako errege auzitegietako abokatua, Gorteko alkatea, Nafarroako Errege Kontseiluko kidea eta, Pedro Pasquierrekin batera, Nafarroako Zuzenbidearen lehen bildumaren egilea

Ibilbidea

Haren bizitzari buruz ditugun datuak eskasak eta, batzuetan, nahasiak dira, hark egindakotzat agertzen direlako egiaz berak egin ez zituen gauzak. Adibidez, egile batzuek diotenez, 1525ean, Nafarroako Kontseiluko epaile zela, enperadoreak agindu zion «hitz egitera joan zedin Nafarroa Beherearen Koroa honekiko atxikipenaz» («Juan Balanza Olletak nahi zuen atxikipenari buruz», in Gil de Jaz, Libro primero de la nobleza del reino de Navarra,41. kap. 442. or.). Urte hartan berean, Zaraitzu eta Erronkari ibarretan piztutako sorginkeria kasuak erreprimitzen aurkezten da. Datu horiek okerrak dira, eta hura baino lehenagokoa zen kontseilari nafar bati, Pedro de la Balanza izenekoari, zegozkion. Gizon hori Lizarra-Iruñeko 1517ko Gorteetan ageri da, Gorte Nagusiko eta Kontseiluko abokatu gisa eta erresumako prokuradorea Iruñetik, eta berriro agertzen da, lizentziadun eta «Errege Kontseiluko kide» gisa oraingoan, 1522ko Iruñeko Gorteetan. 1527an hil zen.

Pedro Balanza, ziurrenik Balanza leinu ospetsuko kidea, xvi. mendearen hasieran sortu zen; Zuzenbidean lizentziatu zen, eta 1524 aldera hasi zen lanbidean, erretiroa hartu arte zenbait errege-kargu betez. 1569an Pedro Gascok Kontseilura egin zuen bisitaren karietara egin zituen adierazpenetan, honela laburbildu zuen bere ibilbidea: «a quarenta y seis años que sirbo en cargos reales a Su Magestad y al emperador su padre que esta en gloria, y a hauido en mi tiempo siete o ocho uisitas y en todas ellas e seydo aprobado y amejorado».

Abokatu aritu zen Nafarroako errege-auzitegietan denbora batez, zehazten zaila den data batean Gorteko alkate aukeratu zuten arte. 1550eko irailaren 11n, Nafarroako Errege Kontseiluko kide izendatu zuten, nafarrei zegozkien lau eserlekuetako bat betetzeko (Pedro Liedena hil ondoren hutsik geratu zen eserlekua, hain zuzen ere), eta urte hartako urriaren 15ean hartu zuen lekua, 1572ko apirilaren 19ra arte bete zuena, orduan hartu baitzuen erretiroa, urteetan aurrera zihoala-eta, erregeari eskabidea egin ondoren. Haren semeak ordezkatu zuen karguan, 1572ko apirilaren 24an. Ez dakigu haren heriotzaren data zehatzik.

1556an, Nafarroako Gorteek ahalegina egiten zutelarik, alferrik egin ere, monarkaren onarpena lortzeko Nafarroako Foru Laburtua lanarentzat, hau da, erresumaren «Erdi Aroko foruen edizio moderno» batentzat, erregeorde eta Alburquerqueko dukea zenak erresumako Zuzenbidearen bilduma egiteko agindua eman zion. Kontseiluaren oniritzia zuen horretarako, eta Pedro Pasquier kontseilaria ariko zen berarekin. Emandako agindua zehatza zen oso. Egileek berek ere, hitz hauekin azaldu zuten: «ver las leyes de visita, y el libro general de los Estados, y que reduxexemos lo sustancial del quitando toda superfluidad, variedad, y contrariedad, con buen orden y estilo: y lo pusiessemos en un libro». Agindu honetatik at geratzen ziren, beraz, Erdi Aroko foruak. Balanzak eta Pasquierrek 1556an eta 1557an osatu zuten lana, alegia, «recopilar, corregir y hazer imprimir las hordenanças realles y de visitas y los reparos de agrauios y otras prouisiones de este reino». 1557ko maiatzaren 23an, Errege Ganberak inprimatzeko lizentzia eman zuen, agindu zorrotza emanez gorde eta bete beharrekoa zela Las ordenanças, leyes de visita, y aranceles, pregmaticas, reparo de agrauios, & otras provisiones Reales del Reyno de Nauarra edo Ordenantza Zaharrak izenez ezagutzen zen lan hartan jasotako guztia. Lana bi liburukitan banatuta zegoen. Lehenengoa erregearen eskubideari buruzkoa zen, eta ordura arte onartutako bisita-legeak jasotzen zituen, aurretik Karlos III.ak 1413an emandako Ordenantzak aurkeztuz, eta haiekin batera merinoei buruzko ordenantza batzuk, zerga-bilduma bat, eta erregearen hogeita hamar probisio biltzen zituen koaderno bat. Bigarrenean, bertan jasotzen zen Zuzenbidearen jatorri desberdina markatuta, erresumako Estatuek egindako eskaerak biltzen ziren, haietako asko kalteen ordainak, bakoitzaren ondoan zegokion erabakia agertzen zuela. Bi liburukitan banatzeko egileek erabili zuten irizpidea lausoa da guztiz, eta horregatik, hura erabili ahal izateko, balio handikoa izan zen 1561ean Ruiz Otalora kontseilariak argitara emandako Repertorio de las Ordenanzas, leyes de visita, aranceles, pragmáticas, reparo de agravios y otras provisiones reales y leyes del Reyno de Navarra, lana. Badakigu Pasquierrek onartu zuela erabilpenaren aldetik liburua eskasa zela, eta hori konpondu beharrez, beste bilduma bat egiteari ekin ziola. Erresumaren Estatuek Ordenantza Zahar haien aurka agertu ziren, eta bilduma ofiziala izatearen onespena galarazi zioten. Ez zituzten onetsi, lan horretan berek parte hartu ez zutelako, berdintzen zituztelako Gorteetan elaboratutako legeak eta haien esku-hartzerik gabe egindakoak, eta bertan esaten zelako jasotzen zirela «las principales leyes por donde el [reino] se ha de gouernar en toda paz y justicia». Hala eta guztiz ere, Nafarroako Zuzenbidearen lehen bilduma hau, oro har Balanzak eta Pasquierrek egindakoa, oso baliagarria suertatu zen.

Obrak

Pedro Pasquierrekin batera, Las ordenanças, leyes de visita, y aranzeles, pregmaticas, reparos de agravio, & otras provisiones Reales del Reyno de Nauarra, impressas por mandado de su Mag. el Rey D. Phelippe nuestro señor, y del Ilustríssimo Duque de Alburquerque su Visorrey en su nombre, con acuerdo del Regente y Consejo del dicho Reyno, Lizarra: Adrián de Anvers, 1557 [Ordenanzas Viejas].

Bibliografia

Arregui Zamorano, P., «Pedro Gasco, licenciado por la Universidad de Salamanca, Visitador del Consejo Real de Navarra», in De nuevo sobre juristas Salmanticenses. Estudios en homenaje al profesor Salustiano de Dios, Salamanca: Ediciones Universidad de Salamanca, 2015, 51.-96. or.

— «El proceso recopilador del Derecho navarro entre 1556 y 1574. El Fuero Reducido de Navarra y la obra de Pasquier», in Príncipe de Viana, 76. libk., 262. zk. (2015), 565.-580. or.

Idoate, F., La brujería en Navarra y sus documentos, Iruñea: Vianako Printzea Erakundea, 1978, 23.-45. or.

Pérez Goyena, A., «Pedro de Balanza», in Ensayo de bibliografía navarra desde la creación de la imprenta en Pamplona hasta el año 1910, Burgos: Aldecoa, 1949, I. libk., 89. or.

— Ilustres navarros del siglo xvi, Iruñea: J. García Inprimategia, 1951, 173.-174. or.

Salcedo Izu, J., eta Adot Lerga, A., «Pedro de Balanza», in Diccionario biográfico español, Madrid: Real Academia de la Historia, 2009-2013, VI. libk., 357.-358. or.

Aipamen bibliografikoa

Arregui Zamorano, P., “Balanza, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 518-520.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP