Karguak eta lanbideak
Apaiza eta hizkuntzalaria
Ibilbidea
Astarloaren bizitza hiru arotan bana daiteke: lehena, heziketa eta apaizgoa biltzen dituena (1752-1782); bigarrena, hizkuntzen azterketak erakarri zuenekoa, batez ere euskararena (1783-1801); eta azkena, euskal Foruen eta, hedaduraz, euskararen kontrako erasoa hasi zutenen kontrako eztabaida izan zuenekoa, Madrilen bizi zela (1802-1806).
Lehen garaiaz den bezainbatean, Durangon jaio zela aipatuko dugu, haurtzaroa Markinan igaro bazuen ere, 2 urte zituela bertara aldatu baitzen. Bizkaiko agintarien seme eta biloba zen, eta bere anaiak familiako oinordetzaren ardura hartu zuenez, berak ikasteari heldu zion. Heziketa zaindua jaso zuen Larresoroko (Lapurdi) apaizgaitegian, eta, bertan, euskarazko zenbait bertso osatu zituen Peñafloridako kondearen omenez. 1778an Durangon apaiztu zen, eta bertako abade eta kapilau izendatu zuten 1782an. Hasieratik, agerian geratu zen bere izaera polemikoa: batetik, euskaraz ongi predikatzen zuela za- baldu zen, baina, bestetik, bere bizia ez zetorrela guztiz bat apaiz batengandik espero zenarekin. Bizitzeko modu horrek bere nagusien gaitzespenaz gain, kartzela eklesiastikoa ekarri zion, Logroñon, 1797an.
1783tik aurrera, hizkuntzekiko interes bizia piztu zitzaion, euskararekikoa bereziki. Javier Estebanek nabarmendu bezala, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sustatzaileek interes horren berri izan zuten, eta etekina ateratzen ahalko ziotela ikusi zuten; esaterako, Astarloak Carlos III.aren heriotzaren eta Carlos IV.aren izendatzearen harira sorturiko poemekin, Madrilen eta Bilbon argitaratu eta Jose Agustin Ibañez de la Renteriak gaztelerara itzuli zituenekin. Lorenzo Hervas hizkuntzalariarekin izandako harremana laguntza handikoa izan zen garai hartan egiten ziren hizkuntzari buruzko lan eta azterketak ezagutzeko —kanporatze aginduaz geroz Erroman bizi zen jesuita eta Catálogo de las Lenguas obraren egilea, Astarloarengan eragin handia izan zuena—. 1801ean, Wilhem von Humboldt ezagutu zuen, eta maiz egon zen berarekin Durangon. Astarloak inprentara eramateko prest zeukakeen «Plan de lenguas» eskuizkribatua erakutsi zion, sekula editatu ez bazen ere. Egun, Humboldtek kopiatutako zati bat besterik ez da ezagutzen.
Garai horretan, bere arrakasta nabarmena zen, argitaratutako lanik eduki ez arren. Ezaguna da Samaniego alegialariak, bere lagun markinar bati igorri zion testu ironikoa: «Ez al dizu beldurrik ematen, inoiz, Markina izeneko intxaur-oskol horretan azalduko banintz, bertako biztanleek, paucis exceptis beren mendiak inguratzen dituen lurraz haratagoko mundurik ez dela existitzen sinesten duten horiek, askotariko Astarloa eta Mogeldarrek zuzenduriko mundu horretan, poeta naizela jakindakoan, sorginen lurraldetik etorritako nekromantetzat hartu, eta bertako haurrek harrika eta apaizek isipuarekin jasoko nindutela? (…) Galde egiozu Pedro Pablo jaun bedeinkatuari, berak ja- kingo duelako, uholde nagusia baino lehenagoko kontu zaharrez idatzi behar dudan lan baterako, beharrezkoa dudala jakitea lurreko paradisuan nola esa- ten zitzaien eskribauei, jostunei eta zapatagileei. Emaiozu besarkada bat nire partez, eta bere etxekoei halakorik eskaintzera ez naizenez ausartzen, berak har dezala».Frantziar Iraultzaren garaian, iraultzaren kontrako jarrera argia agertu zuen, hain zen horrela, non bere familiakFrantziatik kanporatutako apaizak hartu baitzituen. Godoyren 1798ko desamortizazioak Durangoko benefiziadurik gabe utzi zuen Astarloa, eta 1802an Madrilera aldatzea erabaki zuen. Urte horretan bertan, Diccionario geográfico-histórico de España argitaratu zen, eta, bertan, Joaquin Traggiak «Nabarra»-ri eskainitako artikuluan, eraso zuzena egiten zitzaien euskararen jatorrizko antzinatasuna eta euskoiberismoa defen- datzen zutenei. Horren aurrean, Apología de la lengua bascongada argitaratu zuen, Traggiaren argumentuei aurka egiteko. Bere erantzunak eraso gehiago ekarri zituen (J.A. Conde) eta baita kontraeraso gehiago ere; besteak beste, As- tarloak berak «Apologiaren defendatzailea» izenordearekin argitaratutako Re- flexiones críticas. Garai hartan, benetan jokoan zegoena euskal lurraldeetako Foruak ziren, eta hori argi ikusi ahal izan zen Martinez Marinaren edo Jose Antonio Lorenteren lanetan. 1806an hil zen, Madrilen.
Astarloaren obra ulertu ahal izateko, XVI. mendetik lantzen ari zen euskoi- berismoaren tradizioa aipatu beharra dago nahi eta nahiez. Horren arabera, euskara penintsulako lehen hizkuntza zen, eta Tubalek, Noeren bilobetako ba- tek, ekarri zuen. Zenbait mende lehenago sortutako teoria zen, eta argi antze- man daiteke Juan Martinez de Zaldibia eta Esteban de Garibay y Zamalloaren
XVI. mendeko bigarren erdiko lanetan. XVII. mendeko foru literaturako kla- siko guztietan agertu ondotik, hurrengo mendean, gure autorearen eredu izan zen Larramendi polemistaren baitan sendotu zen. Ez dugu ahaztu behar era- bat loturik zeudela euskararen berezitasuna eta euskal lurraldeek zuten esta- tus politikoa. Antzinakoa izatea eta jatorra izatea sinonimoak ziren testuinguru kultural batean, hizkuntzaren originaltasunak eta haren kutsadura urriak edo ezak bide ematen zuten bere hiztunak ere antzina-antzinatik libreak zirela pentsatzeko, hau da, ez zutela jaberik, eta, hortaz, nobleak zirela —maila apa- lagokoak izan arren—. Horrek garrantzia handia zuen gizarte estamental eta hierarkizatu batean. Tradizio hori da Traggiak, Condek eta beste batzuek zalantzan jartzen dutena, Godoyk gidaturiko Foruen kontrako estrategia baten barnean, eta horren kontra egiten dute Astarloak eta beste batzuek.
Durangarraren obra ongi ulertzeko, ezinbestekoa da Euskalerriko Adiskideen Elkarteko bigarren belaunaldiarekin lotzea, eta baita «Astarloa eta Mogeldarren garaiko» beste autoreekin ere —Justo Garateren hitzak erabiliz—. Loturik dago, beraz, nolabaiteko tradizio ilustratuarekin, nahiz eta, euskara eta euskal kultura hautemateko erak eta hainbat mitoren aurreko sineskortasunak ilustratuen eta lehendabiziko prerromanikoen artean kokatzen duten. Bigarren belaunaldi horrek argi ikusi zituen lehenaren programa errefor- mazaleen mugak zein ziren, eta baita barne zatiketak ere. Horrek azaltzen du zergatik kokatu ziren ekonomia arloan laborantzaren alde. Bide beretik ulertu behar da historia eta hizkuntzalaritza gaietan egindako ahalegina eta entziklopedia printzipioetatik aldentzea. Elkartetik Hervasek edo Humboldtek zuten euskararenganako interesa sustatu zuten, eta Astarloa bere ikerketa filologikoak hastera bultzatu zuten. Azterketa horiek berehala politizatu ziren, gorago aipatutako eztabaiden eraginez.
Horrekin loturik, Astarloaren ekarpenik funtsezkoena, agian, Discursos filosóficos sobre la lengua primitiva da. Bertan, jatorrizko hizkuntzak existitzen zirenetz eta euskararekin duten harremana lantzen da. Bere argudiaketaren hasieran, gizakiek berez duten harremanetarako beharra aipatzen du, eta, hortaz, bere hurkoekin hitzez komunikatzekoa, keinu bidez baino modu konplexuagoan. Garai hartako ildo zientifiko batzuekin bat eginez, uste zuen soinuek, are letrak ere, lotura zuzena zutela errealitatearekin, eta, oro har, hiz- kuntza bat inguruaz jabetzeko eta harekin harremanetan egoteko modu berezi eta errepikaezina dela. Hala, hizkuntza bakoitza ezaugarri propioak dituen gizaki talde baten elkarlotura da. Teoria horien adibide bat Sabino Aranak hain gogoko zuen jaioberrien negarrarekin lotutakoa da: negar egiterakoan, mu- tilek «a» eta neskek «e» erabiltzen dute, eta horrek lotura du «aarra» «arra» —«a» eta jatorria markatzen duen «-ar» atzizkiaren elkarketatik sortua— eta «emia» «emea» —«e» mehea edo negar fina—.
Marko teoriko horretan, ikusten zuen euskara hain zela hizkuntza perfektua, halako printzipioak hain modu garbian erakusten zituena, non, bere mundu-ikuskera katolikoan, Babel-aurrekoa izatea beste aukerarik ez zegoen, eta are jatorrizko hizkuntza bakarra izateko aukera ere bazuela. Hau da, eus- koiberismoaren teoria haratago eramanez, ez litzateke bakarrik Espainian jatorriz hitz egiten zen hizkuntza, baizik eta baita gizateriaren jatorrian erabili zena; Errok, gerora, bide hori jorratu zuen.
Hainbat arrazoi zirela medio, Astarloak ez zuen berandura arte bere Discursos filosóficos argitaratuta ikusi (1883), nahiz eta, bere testamentuan, Erro eta Zamacola adiskideei hura argitaratzeko eskatu zien. Hala ere, horri esker eragin handiagoa izan zuen mende bukaerako autoreengan, bereziki, Sabino Aranarengan. Azken horrek literatura foruzalea guztiz arbuiatu zuen, hasie- ratik bertatik bere asmoa euskal lurraldeak monarkiaren barnean sartzea baitzen. Aranak argi ikusi zuen hori, eta horregatik ez zuen euskoiberismoaren tesiekin guztiz bat egiten. Astarloarenean, ordea, interesa piztu zion proposamen berri bat aurkitu zuen: euskara Babelgo nahasmenaren aurreko hizkun- tza zen, hots, Tubalen pasartea baino lehenagokoa, jendea penintsulara iritsi aurrekoa, eta, beraz, Espainiaren historia baino zaharragoa. Gauzak horrela, euskaldunen berezitasunak ez ziren hainbeste Espainian egoteko modu berezi batetik eratorriak, antzinako independentzia baten lekukotasuna baizik.
Egun, horrelako tesien gaineko analisi zientifikorik egiten ez den arren —eta, Astarloaren garaian ere, bere adiskide ziren Humboldtek edo Mogelek hainbat gehiegikeria salatu zituztela jakinda—, ez da ahaztu behar Astarloa pertsona kultua, are eruditua, zela, geroago Tovarrek edo Mitxelenak adie- razi izan duten bezala. Esaterako, gor-mutuen hizkuntza eta idazkera aztertu zituen; bere teoriak frogatzeko, garaian sona handia zuten Hervas edo Humboldt hizkuntzalarien babesa izan zuen; eta haiekin berdinetik berdinera eztabaidatzeko gai izan zen. Bere hizkuntz-argudiaketaren oinarri politikoa gar- dena eta agerikoa bazen, halakoxea zen bere arerioena ere.
Bizirik zegoen artean, oso pertsona polemikoa izan zen, eta hala izaten jarraitu du ondoren ere. Mitxelenak hizkuntzalaritzari aplikatutako arrazionalismo ilustratuaren adierazle bikaintzat jo zuena, Elias de Tejadak garai hartako ezagutza euskal tradizioaren onerako erabiltzeko saiakeratzat jo zuen. Astarloak egindako hizkuntzaren defentsan, Unamunok zientifikotik gutxi zuen ereserkia ikusi zuen, poesiatik ere zerbait bazuena; beste batzuentzat, aldiz, Astarloaren ideiak euskal abertzaletasun integristenaren lehen hasia dira.
Obrak
Apología de la lengua bascongada o Ensayo crítico filosófico de su perfección y antigüedad sobre todas las que se conocen en respuesta a los reparos puestos en el Diccionario geográfico-histórico de España, tomo segundo, palabra Nabarra, Madril: Gerónimo Ortega, 1803.
Carta de Un Bascongado al señor D. Tomás de Sorreguieta, advirtiéndole varias equivo- caciones que ha padecido su obra titulada Semana Hispano-Bascongada, Madril: Cano, 1804. Un Bascongado izenordeaz argitaratua.
Reflexiones filosóficas en defensa de la Apología de la lengua vascongada o Respuesta a la Censura crítica del cura de Montuego, Madril: Cano, 1804. El Defensor de la Apolo- gía izenordeaz argitaratua.
Discursos filosóficos sobre la lengua primitiva o Gramática y análisis razonada de la eus- kara o bascuence [1805], Bilbo: Pedro Velascoren moldiztegian, 1883.
Bibliografia
ESTEBAN OCHOA DE ERIBE, J., Discursos civilizadores. Escritores, lectores y lecturas de textos en euskera (c. 1767-c. 1833), Madril: Sílex, 2018.
GÁRATE, J., «Extracto del Plan de Lenguas de Astarloa», Revista Internacional de los Es- tudios Vascos, 26 (1935), 93-121. orr.
GÁRATE, J., La época de Pablo Astarloa y Juan Antonio Moguel, Bilbo: Junta de Cultura Vasca, 1936.
GÓMEZ LÓPEZ, R., «Astarloaren sintaxia eta hitz ordena naturala», LAKARRA, J., GORRO- CHATEGUI, J. eta URGELL, B. (arg.), II Congreso de la Cátedra Luis Michelena, Vitoria- Gasteiz: Universidad del País Vasco, 247-262. orr.
HURCH, B., «Materiales vascos del legado de Wilhelm von Humboldt, III: Pedro Pablo de Astarloa y Aguirre: plan de lenguas o gramática bascongada en el dialecto biz- caíno (fragmento)», Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo», 16. libk., 1 zk. (2007), 29-66. orr.
MADARIAGA, J., Apologistas y detractores de la lengua vasca, Donostia-San Sebastián: Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutua, 2008.
URIARTE, J. M., Pablo Pedro de Astarloa (1752-1806). Biografia [euskaraz], Durango: Du- rangoko Arte eta Historia Museoa, 2002.





