Karguak eta lanbideak
Fraide beneditarra eta Gaztelako koroaren kronikari ofiziala.
Ibilbidea
Zaila da, gure biografiatua, Gonzalo Redondo izenez ere ezaguna, noiz eta non jaio zen zehaztea. Belorado (Burgos) inguruan jaio zela esan izan dute batzuek, eta beste batzuek, berriz, Kantabriako Ruesga ibarrean. Egiari zor, Arrendondotarren leinua oso errotuta dago Ruesga aldean. 1527an artean bizi zela kontuan izanda, gure iritziz goizenik ere aurreko mendearen erdialdetik aurrera jaioko zen, ez lehenago. Beneditarren ordenan sartu zen eta Arlanzako San Pedro monasterioko abade izatera iritsi zen; hain zuzen, 1500etik 1518ra egon zen kargu horretan. Hainbat obra bultzatu zituen abadia horretan, eta lanek zorpetuta utzi zuten monasterioko komunitatea. Hortik aurrera, Boada de Roda herriko (Burgos) prioretza hartu zuen bere gain. Aldi berean, Errege-erregina Katolikoen garaian eta Karlos V.aren erregetzaren hasieran, harreman estuak izan zituen gorte eta jauregiko zirkuluekin, eta haientzat kronikari-
lanak ere egin zituen zenbaitetan. Ez da jakina noiz hil zen, baina litekeena da xvi. mendearen hirugarren hamarkadaren amaiera aldera izatea.
Haren obraren zati bat baino ez da ezaguna, eta argitaratu ere ez da guztia argitaratu. Lan horretan, funtsezko hainbat gai jorratzen ditu: batetik, Castillo inexpugnable tratatuan, otomandarren hedapenak Kristautasunaren aurka zekarren arriskua azaldu zuen, eta arreta berezia jarri zion Suleiman Bikaina buru zela Rodasko irlaren eta Hungariako erresumaren gaineko konkistari. Lan horretan, beharrezkotzat jo zuen Karlos V.a enperadoreak beste gurutzada bat zuzentzea. Ez da harritzekoa, erregeak, esker onez, 1527an liburuaren argitalpena onartzea (hurrengo urtean eman zen argitara). Bere beste interesgune nagusia, aurrekoari loturik, Fernán González Gaztelako kondea da. Egileak hainbat lan eskaini zizkion: poema historiko bat —Vida rimada—, gabon-kanta bat, eta, gutxienez hiru kronika, haietako batean Rodrigo Díaz de Vivarri loturik. Era berean, Historia del monasterio de Arlanza lana ere idatzi zuen, baina gaur egun galdua da. Azkenik, haren ibilbidean obra berezi samarra izan arren, aintzat hartu beharrekoa da Recopilación de los fueros antiguos de Vizcaya, xv. mendearen azken aldera idatzia, baina testu hori ere galdua da. Laburpen eta aipamen sakabanatu batzuk baino ez dira gorde Juan Iñigez Ibarguenek eta Cachopinen semeak idatzitako Crónica General Española y Sumaria de la Cassa Vizcaína lanean. Crónica de Ibargüen-Cachopín izenez ere ezagutzen da obra hori; xvi. mendearen bigarren erdian eta hurrengo mendearen hasieran idatzia da.
Arredondok nafarrak aipatzen ditu Fernán Gonzálezi buruzko bere obretan, Gaztelako inbaditzaile gisa aipatu ere, konde entzutetsuaren aurkarien artean, musulman eta leondarrekin batera. Aipamen horiek ez ote dira Gaztelako monarkek Pirinioetako erresuma zaharrarekin xi. eta xii. mendeetan izan zituzten muga-borroken oihartzun urrunekoa, desitxuratua eta fantasiazkoa? Nolanahi dela ere, nafarrekiko aurkakotasuna leundu egiten da Vida rimada obran; horretan, Fernán Gonzálezek musulmanen aurkako gerran elkarrekin aritzea eskatzen dio Nafarroako erregeari, biek ere arbaso godoak zituztela aldarrikatuz.
Ibargüen-Cachopin kronikak Espainiaren historia azaltzen du, Genesitik Filipe II.aren erregealdira arte. Kronikak, Gonzalo Arredondo aipatzen du —ezin jakin zenbateko zehaztasunez—, beste egile batzuekin batera, eta aditutzat jotzen du, zenbaitetan arestian aipatutako haren Recopilación obrari erreferentzia eginez. Hala ere, eskueran dauden laburpen urrien argitan atera daitezkeen ondorio mugatuen arabera, Jaurerriaren historia forala eta juridikoa jorratzen da. Besteren artean, Andramendi, Aulestia, Abendaño, Berrio, Cisneros, Fruniz, Ibarguen, Lezama, Rada, Unzueta eta Urkizu leinuei buruzko informazio sakabanatua jasotzen da Recopilación lan horretan. Zalantzarik gabe, Arredondo irudimen handiko gizona zen, eta espiritu kritiko oso kamutsekoa. Erreparorik gabe eman zuen vi. mendean Bizkaia suntsitu zuten izurrite batzuei buruzko albiste fantasiaz betetakoen berri, Exodoko kontakizun biblikoan oinarrituta. Hari beretik, elezaharretako Hermengoa kapitaina aurkezten du, nafarra jatorriz, x. mendean bizkaitarrak frantsesen aurkako borroka batean gidatu zituena. Jaurerriko elizateen eta bertako biztanleen deskribapena ere jasotzen du. Ibargüen-Cachopin kronikak, azken zatian, «Bohadako priorea» —hala deitzen dio Arredondori— jotzen du Bizkaiko askatasunei buruzko sortze-errelato baten egiletzat. Jaun Zuriaren kondaira berritzen du idatzi horrek. Bost foruren sorta baten ernamuina izan zen errelatoa. Bost horietatik lau aurrenekoak euskaraz («lengua bascongada») idatzi ziren. Laugarrenaren gaztelaniazko itzulpena —kontakizun horren arabera— Foru Zaharra edo Fuero Viejo izenez egin zen ezagun. Kronikan, gure beneditarrak izan zuen eraginaren adierazle da, halaber, Jaun Zuriaren eta Fernán Gonzalezen artean iradokitzen den lotura.
Laburbilduz, Recopilación lanari dagokionez, oso zatika eta zeharka ezagutzen dugu foruen bilduma hori, eta, beraz, egileak izan dezakeen interesa ez da, inola ere, ematen dituen datuen zehaztasun eruditua, hutsaren hurrengoa baita. Aldiz, lan hori interesgarria da garai modernoari buruzko euskal kronikagintzan mitoen eta kondairazko narrazioen idazketa eta transmisioa ulertzeko.
Obrak
Castillo inexpugnable, defensorio de la fe y concinatorio admirable para vencer a todos los enemigos espirituales y corporales, verdadera relación de las cosas maravillosas antiguas y modernas, Burgos: Juan de Junta, 1528.
Chrónica de los ermosos fechos y exemplos del excellentisimimo y fuerte cavallero conde don Fernán González, Madrilgo Liburutegi Nazionala, 894 eta 2788 eskbu.
Crónica arlantina de los famosos y grandes hechos de los bienaventurados sanctos cavalleros conde Fernand Gonzales y Cid Ruy Dies…, Biblioteca de la Real Academia de la Historia, 9/5652 eskbu.
Crónica brevemente sacada de los excelentísimos fechos del bienaventurado caballero de gloriosa memoria conde Fernán Gonçales…, Biblioteca de la Real Academia de la Historia, 9/2047 eskbu.
Vida rimada de Fernán González. Vaquero, M. (arg.) (Exeter Hispanic Texts), Exeter: University of Exeter, 1987.
Bibliografia
Arriolabengoa Unzueta, J., Ibarguen-Cachopín Kronika: edizioa eta azterketa. J. A. Lakarra Andrinuak zuzendutako doktore-tesia Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2006, 4 libk.
Fradejas Lebrero, J., «Fecha de la muerte del abad Arredondo», in Epos: Revista de Filología, 11 (1995), 403.-407. or.
Gómez Pérez, J., «Una crónica de Fernán González escrita por orden del emperador Carlos V», in Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, 64 (1958), 551.-581. or.
Ladero Quesada, M. A., «Fray Gonzalo de Arredondo, cronista de Enrique III, Juan II y Enrique IV de Castilla: texto inédito», in Medievalismo: Boletín de la Sociedad Española de Estudios Medievales, 6 (2006), 271.-288. or.
Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (Desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca, 1973, 2. argit. Berrarg. handitua, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.
Aipamen bibliografikoa
Lema Pueyo, J. Á., “Arredondo y Alvarado, Gonzalo”, Jimeno Aranguren, R., Notitia Vasconiae. askoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp.224-226.





