Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

GARTZIA SALAZAR, Lope (1399 – Portugalete?, 1476).

Karguak eta lanbideak

Salazar etxeko jauna, ahaide nagusi bandokidea, buruzagi militarra eta kronikaria

Ibilbidea

Behe Erdi Aroko euskal nobleziaren ordezkari, Otxoa Salazar eta Teresa Muñatoizkoaren semea zen. Gizon tantaia —ia bi metro zen altu— eta indar eta kemen handikoa zen. Gatazkak, harrabotsak eta indarkeriak zertu zuten bere bizitza. Oso gaztetatik hartu zuen parte bando-gerren berezko borroka konplexuetan, batez ere Bizkaian eta ondoko Kantabrian. Hamazazpi urte baino ez zituen lehen borrokan parte hartu zuenean, Santullán herrian, marrokinen aurka. Hurrengo urtean, 1417an, inor hiltzea zer zen jakin zuen, Lope Otxoa Mendietari eman baitzion azkena, rallon batekin. Ez zuen loria hutsagatik egin; izan ere, biktimaren kargu eta patronatu-errenten jabetza eskuratu baitzuen, eta ondotik, beste asko. Aurrez aurreko askotan esku hartu zuen, eta, pixkanaka, ospe eta eragin politikoa bereganatu zuen Jaurerrian. 1451. urtean, Juan Hurtado Mendoza Bizkaiko korrejidore izendatzearen aurka agertu zen, eta izendapena bertan behera geratu izanaren eragileetako bat izan zen. Handik lasterrera hasi zitzaizkion gauzak okertzen.

1456an, leinuetako buru nagusiek erronka jo zieten Gipuzkoako hiribilduei, azken horiek jurisdikzio-ordena berri bat ezarri nahi zutelako. Nahiz eta bertan izan ez, gatazkak Lope Gartziari eragiten zion, beste arrazoi batzuen artean, Juan Alonso Butroekoa, Muxika eta Aramaioko jauna, erronka jo zuenetako bat, aliatu nabarmena eta ahaide politikoa zuelako. 1457an, Henrike IV.ak Jimena de la Frontera herrira (Andaluzia) desterratu zuen gure biografiatua. Hainbat gorabehera bihurriren ondoren, erregearen barkamena eskuratu zuen 1460an, beste zenbait erbesteraturekin batera. Ondotik, beste hainbat urtez jarraitu zuen Jaurerriko joko politikoan.

Gizon ahaltsua eta aberatsa zen Bizkaiko garaiko estandarretarako. Portugaleteko probestu eta Castro Urdialesko merio karguak bete zituen, eta Gaztelako errege-erreginen basailu izan zen. Errenten truke, zerbitzu militarrak ematen zizkien azken horiei. Lurralde-hedadura zabaletan zituen interes ekonomikoak: Somorrostroko ibarrean —han zegoen Muñatoizko San Martin dorretxea, bere leinuko enblematikoena—, Galdames, Sopuerta, Portugalete, Karrantza eta Saltzedon, Arabako Gaubea ibarrean eta Kantabriako Castro Urdiales hiribilduan ere. Zereal-soroak, mahastiak, sagastiak eta artadiak… oparoa zen haren ondarea, eta horri burdinolen ustiaketatik eta burdin mineralaren zirkulazioa zergapetzen zuten bidesarietatik eskuratzen zituen errentak gehitu behar zaizkio. Abanto, Barakaldo, Muskiz eta Zierbenako parrokia–patronatuen burua zenez, itzal eta eragin izugarria zuen bertako bizitzan, eta horien bidez errenta eta pertsonen gaineko kontrola zuen.

Familia-bizitza liskartsua eta zoritxarrekoa izan zuen. Juana Butroekoarekin ezkondu zen 1425ean, Gomez Gonzalez Butroekoa buruzagi oinaztarraren alabarekin, eta bat-egite horretatik gutxienez hiru alaba eta sei seme jaio ziren. Ezkontzatik kanpo ere harreman ugari izan zituen —itxuraz, uneren batean zazpi maitale izan zituen aldi berean, eta haiekin guztiekin batera bizi izan zen Muñatoizko dorretxean—, eta harreman horietatik ere hainbat ondorengo jaio ziren. Leinuaren maiorazkoa Lope Salazar semearen esku utzi zuen 1452an, baina azken hori hil egin zen Torrelasko borrokan, 1462an. Beste hiru seme —Otxoa, Gontzalo eta Fernando el Vorte— Elorrioko guduan hil ziren 1468an.

Testuinguru horretan, Lope Salazar hilik, familia-gatazka larria sortu zen maiorazkoa nork eskuratu erabakitzeko. Bizirik geratu zen seme legitimoetako batek, Juan Mairuak, beretzat aldarrikatu zituen herentzia-eskubideak, Juana Butroekoa amaren eta Pedro anaiaren babesarekin. Hasiera batean, aitak uko egin zion eskakizun horri, eta orduan, preso hartu eta giltzaperatu egin zuten Muñatoizko dorretxean. Azkenik, amore eman zuen eta 1471. urtean maiorazko berria ezarri zuen Juan semearen mesedetan. Gartzia Salazar baldintza oso kaskarretan egon zen giltzaperatuta. Menderagaitza izaeraz, ihes egiten saiatu zen, baina alferrik. Senideek, hobeto kontrolatze aldera, Portugaleteko Salazar dorretxera eraman behar izan zuten. Han ere ihes egiteko ahalegin antzua egin zuen. 1476an hil zen azkenik, hura zaintzen zuen hamabi urteko sasiko alaba batekin batera, otordu batean pozoiturik. Muñatoizko San Martin elizan eman zioten lur, bere borondatea betez.

Lope Gartzia Salazarren bizitza ez zen mugatu borroka eta auzietara, ohorea, ondasunak eta eragina lortzera. Historia zuen pasio, interesak bultzatuta hein batean; izan ere, bere liburuak justifikaziorako eta propagandarako armatzat erabili zituen, bere burua nahiz talde soziala zuritzeko. Nolanahi zela ere, hartu zuen denbora pasio horri bide emateko. Adituen ustez, bi liburu idatzi zituen: Crónica de las siete casas de Vizcaya y Castilla, modu laburtuan Crónica de Vizcaya izenez ezaguna, eta Libro de las buenas andanças e fortunas —oraintsu arte Las bienandanças e fortunas—. Lehena, 1454an idatzia da inondik ere, egilea bere boterearen gailurrean zegoela. Bigarrena, berriz, bere magnum opus edo obra gorena, 1471ko uztailetik aurrera idatzi zuen, giltzaperatuta egon zen urte mingarrietan, bere bizitzaren hondarrean jada. Liburu horrek bihurtu zuen, eskubide osoz, «Bizkaiko lehen historiagilea».

Crónica de Vizcaya liburuak hedapen geografiko mugatua du, eta, zenbaitetan, egilearen familia-harremanei oso lotua. Orriz orri, sarritan aipatzen dira Bizkaiko nobleziako kideak, Lara leinuko kideak, baita Aiala, Butroe, Saltzedo eta Zamudio leinuei buruzko informazioak ere. Maiz aipatzen da, orobat, Muñatoizko oinetxea, Salazar leinuari hertsiki lotua.

Bestalde, Las buenas andanças e fortunas lanak asmo handiagoko helburua du, zer eta munduaren historia narratzen baitu, Genesitik hasi eta Behe Erdi Aroko Bizkaian bukatu. Obrak hogeita bost liburu edo kapitulu ditu, titulutan banatuta. Aurreneko hemeretzi liburuek, originaltasun gutxien dutenek, honako gai hauek jasotzen dituzte: Itun Zaharra, Troiako setioa, Greziako eta Erromako historia, baita Frantziako eta Ingalaterrako historia ere. Ondoren, Iberiar penintsulako historia lantzen dute, hasiera-hasierako garaietatik Erdi Aroko erresuma kristauen sorrera eta garapenera. Hogeigarren liburutik aurrera jorratzen dira euskal gaiak, batez ere Biz-kaikoak. Gaur egungo historiagileek zati hori balioesten dute batez ere. Lope Gartzia Salazarrek Jaurerriaren legendazko sorrera azaltzen du, Arrigorriagako borroka eta Jaun Zuria hautatu zutenekoa aztergai hartuta. Era berean, euskal eta kantabriar leinuen genealogien berri ematen du. Norberari dagozkionak eta gai orokorrak uztartuz, liburu horretan biltzen ditu Muñatoizko etxearen eta oinetxearen eta Salazar leinuaren beraren historia. Gainerako bost liburuek, zehaztasun handiz eta xehetasun beldurgarriak emanez, Bizkaiko jauntxoen, eta, neurri txikiagoan, Gipuzkoako eta Kantabriakoen gatazkak jasotzen dituzte. Era berean, nobleen familiei eta haien leinuei estu loturik, hiribilduetako bizimoduari buruzko gorabeherak aipatzen dituzte, baita ermandadeek eta Gaztelako Koroaren ordezkariek kostaldeko euskal lurraldeak baketzeko ahaleginean bultzatutako ekimenei buruzkoak ere. Lanari buruzko kontsultetarako, gaur egun obraren edizio kritiko oso zaindua dugu eskueran, EHUko Maria Consuelo Villacorta irakasleak argitara emana. xv. mendetik xviii.era bitarteko berrogeita sei eskuizkribu erkatzeko lan neketsua egin zuen irakasleak edizio horretarako.

«Euskal gaiei» buruzko gertakariak azaltzean, Lope Gartziak ez dio beti logika antzemanerraz bati jarraitzen. Azken bost liburuetan, kontakizuna titulu ugaritan sakabanatzen da; itxuraz, tartean diren leinuen identifikaziori loturik daude antolatuta titulu horiek. Bakoitzaren barnean, egileak Jaunaren Urtea estilo kronologikoaren arabera dataturiko gertakariak kontatzen ditu —zehatz-mehatz egiten duenean—, seguru asko urtearen hasierako mugarritzat Eguberri-eguna harturik, hori baitzen ohikoa garai hartan Gaztelako Koroan.

Erudizio filologiko eta historikoak ahalegin handia egin du Lope Gartzia Salazarrek erabili zituen informazio-iturriak identifikatzeko. Hainbat datu eta informazioren oinarrian —zatirik originalena horixe da, hain zuzen— bere oroitzapenak daude; izan ere, kontatzen diren gertakari askotan parte hartu zuen. Sinesgarria da pentsatzea, bizitzan zehar Jaurerriko boterea eskuratzeko lehian ondoan edo parez pare izan zituen pertsonen ahozko lekukotzak aprobetxatuko zituela, baita belaunaldiz belaunaldi transmititutako tokian tokiko istorioak ere.

Gartzia Salazarrek berak onartzen duenez, ahaleginak eta bi egin zituen, diru-gastuei erreparatu gabe, historia aztertzeko erabilgarri izan zitezkeen kronika eta literatura-testu ahalik eta gehien biltzeko. Alfontso X.a Jakitunaren, Pedro Lopez de Aialaren eta Pedro de Barcelos konde portugaldarraren kronikari-lanaren eragin nabarmena bereizi izan da. Lope Gartziak Erdi Aroko ziklo klasiko, arturiko (Arturo erregeari zegokiona) eta karolingioetako -literatura-tradizioa jaso eta islatu zuen, eta Gaztelako epikatik ere edan zuen. Bada, orobat, jakinduriazko literatura esaten zaionaren zantzurik ere, Hitako artziprestearen Libro de Buen Amor lanarekin bat-etortze batean antzematen denez. Egileak material hori guztia baliatzen du, eta, aldaerak aldaera, bere kontakizunean txertatzen du, inolako galbahe kritikorik gabe.

Nolanahi dela ere, historiagile eta filologoentzat askotariko erabilera izan dezake Lope Gartzia Salazarren obrak, batez ere Buenas andanças liburuak. Batetik, aurrez aipatutako haren informazio-iturriak aztertuta, jakin dezakegu zer-nolakoa izan zen espainiar eta europar jatorriko literatura-tradizioen transmisioa eta hedapena Euskal Herrian. Bestalde, haren obra oinarri ukaezina da, batzuetan idatzizko dokumentazio juridikoarekin konbinaturik, Erdi Aro berantiarreko euskal gizartearen berri jakiteko, batez ere gizartearen maila aristokratikoen berri. Somorrostroko ibarreko ahaide nagusien kontakizun genealogikoak argigarriak dira Jaurerriko jauntxoen familia-lotura korapilatsuen eta haien ondorengoen berri izateko, baita leinuen arteko loturen, aliantzen eta kidetasunen berri izateko ere. Buenas andanças lanean, orobat, garaiko desleialtasun, traizio eta bando-aldaketak jasotzen dira. Horien guztien berri izanda, irakurleak sumatu dezake zein ziren gizarte-talde horretako balio etikoak eta mentalitatea. Tokiko eliteetako kideen arteko gerra pribatua behin eta berriro azaleratzen da Lope Gartziaren orrialdeetan. Berez, kontakizuna josita dago borrokei, segadei, setioei eta erasoei buruzko kontakizunez (eraso horietako batzuk apalak dira), eta horien argitan, mugitzeko sistemak, taktikak, amarruak eta armak azter daitezke.

Era berean, indarkeria hori auziei konponbidea emateko modu bat zen, eta, beraz, justizia egiteko beste molde baten erakusle dira narrazio horiek, koroak eta hiribilduetako buruek erabiltzen zutenaren aldean beste modu bat. Halaber, azken kapituluetan ohikoak zituen gaietatik aparteko berri batzuk jasotzen ditu: lehorte eta goseteei buruzkoak, ontzi- eta merkataritza-mugimenduei, errege-zergei eta Gaztelako txanponaren balio-gorabeherei buruzkoak…

Lope Gartziaren obraren gaineko azterketa orok aintzat hartu beharko du haren asmo politikoa, Bizkaiko leinuetako kapareen mesedetan. Bultzada hori garbi adierazten da —beste helburu nabarmen batzuen artean— Arrigorriagako borroka mitikoari buruzko kontakizunean. Aurrez ere aipatu ditugu horren iturriak, nahiz eta Crónica de Vizcaya obra izan edo Buenas andanças izan, aldeak egon. Kontakizunaren arabera, Jaun Zuria izeneko buruzagi batek, amaren aldetik Eskoziako printzeen ondorengoa bera, bizkaitarrak mobilizatu zituen, lurraldea inbaditu zuen Leongo erregearen seme bati aurre egiteko. Garaipen erabatekoa eta odoltsua eskuratu zuen Paduran, eta horren eraginez, Arrigorriaga izena hartu zuen lekuak, gudariek isuritako odolaren kolore gorriagatik. Ondoren, Jaun Zuriak eta kapare bizkaitarrek, Gernikan bildurik, buruzagi garailea jauntzat hartzea eta hari boterea eta eskumenak aitortzea erabaki zuten, beti ere haien askatasunak eta eskubideak errespetatzen bazituen. Gainera, lurren eta errenten banaketa adostu zuten berarekin. Zalantzarik gabe, sorrerari buruzko kondaira horrek boterearen jarrera itunzalea zuritu nahi du —kapareak eragile kolektibo gisa, koroarekin antzinako garaietatik Gernikan negoziatzen—, jarrera hori oso erabilgarria baita monarkiarekiko hartu-emanetarako, eta Jaurerrian leinuen nagusitasuna defendatzen du, noiz eta hiribilduetan eta ermandadeetan auzitan jartzen ari ziren garaian. Hari beretik, Buenas andanças ixten duten tituluak ere ez dira maleziagabeak: Biz-kaiko jauntxoek bertako eliza eta monasterioen gain baliatzen zituzten patronatu-eskubideak aipatzen dira horietan, jakina baita horien eskutik errenta eta eragin handia eskuratzen zituztela bertako komunitatean.

Obrak

Crónica de las siete casas de Vizcaya y Castilla escrita por Lope García de Salazar, Madril: Rivadeneira, 1914. Aldizkari honetan ere eman zen argitara Revista de Heráldica y Genealogía Española, 3 (1914), 24.-30., 66.-71., 130.-134., 171.-173., 218.-222. eta 258.-260. or.

Las dos primeras crónicas de Vizcaya, Aguirre Gandarias, S. (arg.), Bilbo: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1986.

Las Bienandanças e Fortunas que escribió Lope García de Salazar estando preso en la su torre de Sant Martín de Muñatones, Camarón, M. (arg.), Madril: Gabriel Sánchez, 1884.

Las Bienandanzas e Fortunas, Rodríguez Herrero, A. (arg.), Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1984, 4 libk.

Edición crítica del Libro de las buenas andanças e fortunas que fizo Lope García de Salazar (Títulos de los libros XIII, XVIII, XX, XXI, XXIV y XXV),Villacorta Macho, M.ª C. (arg.), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2005.

Libro de las buenas andanças e fortunas que fizo Lope García de Salazar, Villacorta Macho, M.ª C. (argit. kritikoa, azterlana eta oharrak), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2015.

Bibliografia

Aguirre Gandarias, S., Lope García de Salazar: el primer historiador de Bizkaia (1399-1476), Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1994.

Bazán Díaz, I., «La historiografía medieval vasca y su influencia en la obra de Garibay», in El historiador Esteban de Garibay, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2001, 75.-122. or.

Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (Desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca, 1973, 2. argit. Berrarg. handitua, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.

Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A. (argk.), Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 51-110. or.

Villacorta Macho, M. C., «La conciencia histórica de Lope García de Salazar: partidismo político y justificación personal en el Libro de las buenas andanças e fortunas», in Díaz de Durana, J. R., eta Reguera Acedo, I. (argk.), Lope García de Salazar: banderizo y cronista. Actas de las II Jornadas de Estudios Históricos «Noble Villa de Portugalete», Portugalete: Portugaleteko Udala, 2000, 81.-208. or.

Aipamen bibliografikoa

Lema Pueyo, J. Á., “Gartzia Salazar, Lope”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 

220-224.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP