Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARABAKO EGILEAK ETA OBRAK

ARKAIA MATURANA, Juan (Gasteiz, 1594-Gasteiz, 1674).

Karguak eta lanbideak

Gasteizko alkatea 1647an. Legegizon arabarra. Arabako probintziako eta Gasteiz hiriko aholkularia

Ibilbidea

Aita Gasteizko merkatari bat zuen, Pedro Arkaia, eta ama Barbara Maturana. Gasteizen jaio zen 1594an. Ikasketa unibertsitarioak egin zituen, titulazio akademikoak erakusten duenez. Esaterako, Gasteizko Juan Arkaia Salamancako Unibertsitatean matrikulatua ageri da, kanonen ikasketetan, 1610eko hamarkadan. Bere sorterrira itzulita, lege-aholkularia izan zen probintziako nahiz hiriko gobernu-erakundeentzat. Probintziaren interesak defendatu zituen, erakundeek oso gogokoa izan zuten lana betez. Azpimarragarria da 1643an eskari bat aurkeztu zuela Batzar Nagusietan, herrialdeko patroi aukeratu zezaten San Prudentzio «por hauer sido hixo natiuo del lugar de Armentia […] y principalmente tan grande santo», eta hala egin zuten, hurrengo hilabeteetan. Kantabriako Kontseiluaren laguntzailea ere izan zen. Erakunde kolegiatua zen hura, Koroak Gasteizen kokatu zuena, Pirinioetako mendebaldeko mugako zenbait gerra-kontu kudeatzeko, 1638 eta 1643 bitartean.

Haren obrari dagokionez, Compendio historial y antigüedades de la Provincia de Álava izeneko bilduma osatu zuen, Arabako Batzar Nagusiek, 1656ko azaroan egindako batzarrean, lana hari agintzea erabaki ondoren. Ebazpen hartan bertan adierazten zenez, Arabak «bere historia» eduki behar zuen. Sei urte iragan ondoren, agindua berretsi behar izan zioten, baina ez zuen lana bukatu 1665eko iraila arte. Lanaren helburu nagusia zen euskarri historikoa ematea probintziari, haren estatusa berria zelarik, 1644an zerga batzuetatik salbuetsi eta Gipuzkoako probintziari eta Bizkaiko Jaurerriari atxikia geratu zenean. Horretarako, garai hartako euskal historiografiaren ohiko gaiak eta topikoak jaso eta tratatu zituen, esaterako eusko-kantabrismoa. Tratatu zituen beste gai batzuek, berriz, Arabaren kokapen juridiko-politikoa aldarrikatzen zuten, esaterako 1332ko entrega. Obra osoa lau liburukitan banatzen zen, edo hori zen behintzat hasierako asmoa. Oso gutxi hedatu zen, zati bat bakarrik, eskuz idatzitakoa. xx. mendean, ordea, argitaratu egin zen, oraindik kontserbatzen ziren zatiak bakarrik baziren ere: aurkibidea eta hirugarren eta laugarren liburukiak. Horiek erakusten dute obra, batez ere, probintziaren informazioen eta pribilegioen bilduma bat zela. Arkaiak bazuen sarbidea artxiboetara, baina dirudienez probintziakoa eta Gasteizkoa besterik ez zuen aztertu. Landazurik ikusi omen zituen aurkibidearen eta azken liburukien eskuizkribuak, eta haren esanetan, Arkaiak kopiatu egin zuen Diego de Salvatierrak Gasteizko populazioari buruz idatzi zuena, iturria aipatu gabe, eta gauza bera egin zuen Esteban Garibairen obrarekin.

Obrak

Compendio historial y antigüedades de la Provincia de Álava (ca. 1665). Argitalpena Portilla Oqueta , S. (arg.), Arcaya, J. de, Compendio historial de la provincia de Álava. Un manuscrito del siglo xvii para la historia de Álava, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1993.

Bibliografia

Landázauri y Romarate, J. J., Historia civil, eclesiástica, política y legislativa de la M. N. y M. L. ciudad de Victoria, Madrid: Imprenta de Pedro Marín, 1780.

Monreal Zia, G., «Incidencia de las instituciones de Álava del medievo en el pensamiento político de los alaveses de la Edad Moderna», in Zuzenbide Espainiarraren Historiaren Urtekaria, 54 (1984), 613.-638. or.

Ortiz de Urbina, C., La génesis de la identidad histórica alavesa, Gasteiz: Círculo Vitoriano, 2007.

Aipamen bibliografikoa

Merino Malillos, I., “Arcaia y Maturana, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Diccionario de historiadores, juristas y pensadores políticos de vasconia, T. I, Marcial Pons, Madrid, 2019, pp. 420-421.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP