Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

ARGAIZ ANTILLON, Martin (Martín Argayz y Antillón) (Azkoien, ca. 1571 – Azkoien, 1643).

Karguak eta lanbideak

Iruñeko katedraleko kabildoko priorea eta kronista

Ibilbidea

Azkoienen jaio zen 1571n, Nafarroako leinu argienetako batean; aitaren aldetik, haren familia Antso Nagusiaren zerbitzari Rodrigo Argaiz jaunarenganaino iristen zen, «señor solariego de la villa y castillo de Cintruénigo», eta amaren aldetik, Aragoiko Errege Etxearen oinordekoa zen. 1593ko abenduaren 3an Alcaláko Teologoen Jainkoaren Ama Ikastetxean sartu zen eta bertan graduatu zen Teologiako batxilergoan, 1596ko ekainaren 21ean. 1598ko urtarrilaren 24an Iruñeko katedraleko kalonje aukeratu zuten, eta 1603ko ekainaren 27an Teologian lizentziatu zen Sigüenzako Unibertsitatean. Hurrengo egunean lortu zuen doktore titulua zientzia berean eta unibertsitate berean. Haren ikasketek Iruñeko Santiagoren Unibertsitatean hasteko aukera eman zioten, 1630eko maiatzaren 10ean. Baltasar Andrada txantrearen oinordekotza eskubidedun koadjutore izendatu zuten, Paulo V.aren bularen bidez, 1607ko martxoaren 31n, baina ez zen kargu hori hartzera inoiz iritsi, katedraleko priorea izendatu zutelako. 1612ko apirilaren 5ean, lehenengo aldiz ageri da Iruñeko katedraleko priore hautatu gisa, eta kargu hori bete zuen bizi zen artean. 1618 eta 1620 bitartean Madrilera joan zen Iruñeko kabildo eta elizbarrutiko ordezkari gisa, aita santuak Koroari eman zion hamaikagarren subsidioaren bosturtekoa negoziatzeko Kongregaziora. 1619an Eskritura Sakratuko katedratiko izendatu zuten Iruñeko katedralean, eta hainbat urtez jardun zuen han. 1631n erretiroa hartzeko asmoa izan zuen, baina ez zuen lortu, Nuntziaturak eta Nafarroako Errege Kontseiluak haren eskaerari uko egin baitzioten, auzibide konplexu bat tartean zela. 1637ko abuztuaren 11n, Zorrillako apezpikua hil zelarik, Martin Argaiz Antillonek bere gain hartu zuen elizbarrutia, eliz gobernadore, epaile eta bikario orokorraren eginkizunetan urte eta erdi luze emanez. Azkoienen hil zen, 1643ko urtarrilaren 20an.

Martin Argaiz Antillon hainbat lanen egilea da: Escritores y varones ilustres de la Santa Iglesia Catedral de Pamplona. Id. edo Noticias de las cosas pertenecientes a esta Santa Iglesia. Aipagarria da lan mardul bat, Historia de los christianos y sereníssimos Reyes de Navarra. Haren ale bakarra gordetzen da, Iruñeko Liburutegi Kapitularreko 127. eskuizkribua. 1.140 orrialde ditu, bi tamainatako folio handian, eta amaitu gabe dago. Azala eta amaierako oharra falta zaizkio eta, beraz, egilearen izenik eta konposizioaren datarik gabe ageri da. Hala ere, M.ª del Puy Huici Goñik egindako ikerlan exhaustiboari esker, egilea Martin Argaiz dela ondorioztatu ahal izan da. Lana osatzeko, 1628an hasi eta bizi zen artean aritu izanen zen.

Izenburua gorabehera, Espainiako eta beste hainbat Estatutako historia ere jaso zuen lanak, gutxienez Argaizen ustez Euskal Herriaren bizitza politikoan eragina izan zuenari zegokionez. Tarte handiak eskaini zizkien gertaera handietako zaldun garaikideei eta haien leinuei, oinordekoei eta armarriei; Nafarroako Gorteei buruzko notiziak eskaini zituen, legeak, koroa ezartzeko errege-festak, errege-erreginen harrera, dohaintzak, etab. Gainerakoan, Martin Argaiz gehiago zen biltzailea ikertzailea baino, eta lanaren balio literarioa gorabeheratsua bada ere, historiografiari dagokionez, ordura arte Nafarroan eta Nafarroari buruz idatzitako guztia gainditu zuen, Moret baino lehenagoko historialari nafar guztien gainetik ere. Ez dirudi eraginik izan zuenik ondorengo historiografian, beharbada eskuizkribua argitaratu gabe geratu eta ez zelako ezagutu, ez baitirudi haren kopiarik, ez osorik ez partzialik, egin zenik.

Obrak

Historia de los christianos y sereníssimos Reyes de Navarra.

Escritores y varones ilustres de la Santa Iglesia Catedral de Pamplona.

Noticias de las cosas pertenecientes a esta Santa Iglesia.

Bibliografia

Goñi Gaztambide, J., Historia de los obispos de Pamplona. V. Siglo xvii, Iruñea: Nafarroako Gobernua; Eunsa, 1987.

Huici Goñi, M.ª P., «Don Martín Argaiz y Antillón, cronista de Navarra», in Hispania: Revista española de historia, 63 (1956), 267.-303. or.

Ibarra, J., Biografías de los ilustres navarros del siglo xvii. Vol. II, Iruñea: Jesús Garcíaren Inprimategia, 1951.

Aipamen bibliografikoa

Lizarraga Rada, M., “Argaiz y Antillon, Martin”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 528-530.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP