Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

ARANZADI ECHEVERRIA [ARANTZADI ETXEBERRIA],(Donostia, 1873ko apirilak 16 – Bilbo, 1937ko otsailak 12).

Karguak eta lanbideak

Abokatua, funtzionarioa, politikaria eta kazetaria 


OHARRA: Engracio (lanak gehienbat Kizkitza goitizenarekin sinatu zituen, baina beste batzuk ere erabili zituen, hala nola K., Baso-Jaun, Andola, Lartaun, Andres de Urbia, Lizardi, etc.) 

Ibilbidea

Familia aberats batean jaio zen. Aitak, Juan Manuelek, «jabea» zela aitortu zuen. Tolosako Eskolapioen ikastetxean ikasi, eta, gero, Deustuko Unibertsitatean Filosofia eta Letrak eta Zuzenbide ikasketak egin zituen (1888-1895), bi lizentziak Salamancako Unibertsitatean eskuratuta; Filosofia, 1891n, eta Zuzenbidea, 1895ean. Deustun, Daniel Irujo Urra izan zuen irakasle, hots, Sabino Aranaren laguna eta abokatua, eta irakasleak berak Engracio eta Sabino harremanetan jarri zituen. Zehazki, 1895eko otsailaren 2an izan zen, Azkueren Vizcaytik Bizkaira antzezpenean. Aranarekiko adiskidantzak erabateko eragina izan zuen Arantzadiren bizitzaren norabidean: izan ere, fidel baino fidelago izan zitzaion betirako bai haren figurari, bai hark ondutako obrari. Arana «euskaldunaren askatzaile, gure Maisu eta Aita» bihurtuko baitzen.

Arantzadi integrismotik zetorren, lehenengo nazionalista asko bezala. 19 urte zituela jada El Fuerista Donostiako argitalpen integristarekin hasi zen elkarlanean. Horrela, goiz hasi zen kazetaritzan, zeregin horri lehentasuna emanda, etorkizunean ere hartan aritu zen bezala.

1894an bihurtu zen nazionalista, Bizkaitarra astekari nazionalistaren hainbat zenbaki irakurtzean, eta hantxe ere hasi zen idazten. Arantzadik 1895eko irailean astekarian argitaratutako «La invasión maqueta de Gipuzkoa» artikuluaren ondorioz, Arana espetxeratu zuten, aldizkariko zuzendaria izaki, ezkutatu egin baitzuen Arantzadi artikuluaren egilea izan zela. Arantzadik sei hilabete eman zituen Hendaian erbesteraturik.

1896an, Gipuzkoako Diputazioko Sustapen bulegoko burutza-postua irabazi zuen oposizio bidez. 1897ko urtarrilean jabetu zen postuaz, Jose Matxinbarrena liberalaren nolabaiteko oposizioarekin, Engracio pentsamoldez nazionalista ezaguna zelako. Lanbide hartan jardun zuen 1913ra arte, hau da, Bilbon kazetari-lanetan kokatu zen arte. Diputazioan zegoela, artikulu-truke ezaguna izan zuen El Pueblo Vasco egunkariaren bidez bere nagusiarekin, hots, Wenceslao Orbea letratu nagusi eta politikari kontserbadorearekin.

Haren bizitza pribatuari dagokionez, merkatari-familia aberats bateko Encarnacion Barandiaran donostiarrarekin ezkondu zen 1899an, eta zortzi seme-alaba izan zituzten, haietako bi seme, jesuitak eta, alaba bat, misiolari Afrikan. Bestalde, 1901ean, Bilboko Burtsaren krakaren biktima izan zen, eta horrek diru-galera larria eragin zion, bere xede ekonomikoak kolokan jartzeraino. Gertakari horren ondorioz, ziur aski, handik aurrera oso zorrotza izan zen bere lan-kontratuetan, bai eta bere jarduera ekonomikoetan ere.

Aldi berean, politikarekiko atxikimendua hazi zitzaion eta Gipuzkoako nazionalismo hasiberriaren pertsona indartsuena bihurtu zen. Ereintza liburuan zehatz-mehatz deskribatu zituen (nola-halako martiri kutsuarekin) XX. mendearen hastapen hartan kazetaritzan, politikan eta kulturan gertaturiko bataila txiki guztiak, hots, Gipuzkoako nazionalismoa indartzea ondorio izan zutenak. Bide hartan hainbat mugarri izan ziren, besteak beste: Kontzertu Ekonomikoa berritzearen aldeko jarrera baldintzatua, Euskal Zentroaren sorrera, Gipuzkoarra aldizkaria…

Aranaren bilakaera espainolistaren lekuko nagusietako bat izan zen eta, hein batean, haren izen-mailegatzailea ere. Arana zendu ondotik eta, nahiz eta ez zitzaion sekulan gustatu alderdiko burokrazia organikoa, EAJren eskualdeko ordezkaria izendatu zuten Gipuzkoan, 1904tik 1908ra. Urte hartan, lehen Gipuzko Buru Batzarreko kideen zerrenda prestatu zuen, bere burua alde batera utzita. Garai hartatik aurrera, behin politikagintzaren egunerokotasuna bazterrean utzirik, kazetaritzaren eta propagandaren aldeko hautua egin zuen behin betiko; lehenik, Gipuzkoarra aldizkarian (1907-1913) eta, gero, Euzkadi egunkarian (1913-1937).

Izan ere, 1913an, EAJren helburu hain irrikatuak —egunkariak— ikusi zuen argia. Beraz, Euzkadi sortu, eta Arantzadi haren kudeaketaz eta zuzendaritzaz arduratu zen. Egunkariarekin sinatutako akordio zorrotzari esker, independentzia izan zuen erlijio-kontuetarako eta sekulako soldata, Diputazioko funtzionarioarena baino askoz ere handiagoa, bai eta kalte-ordainetarako hitzarmen on-on bat ere, lan hartatik kanporatzekotan. Horrenbestez, Diputazioko funtzionario-postua utzi, Bilbora bere familia ugariarekin joan eta hantxe bizi izan zen hil arte.

1913tik Diktadurara bitarteko hamarkada luze hartan, Arantzadi euskal abertzaletasunaren factotuma izan zen. Izan ere, Euzkadi egunkariko podium hartatik sekulako eragina izan zuen, artean Comunión Nacionalista Vasca esaten zitzaion alderdiaren bilakaera markatuta, alderdiaren babesle eta aitabitxia izan baitzen. Kazetaritza-lanek zigorrak eta atxiloketak eragin zizkioten, baina zigorrik handiena Gasteizko Leopoldo Eijo y Garay apezpikuak ezarritako eskumikatzea izan zen, Pantaleon Ramirez de Olanoren artikulu baten karira. Arantzadik, oroz gain katolikoa, barkamena eskatu behar izan zuen jendaurrean, zigorra kenduko bazioten.

1926tik aurrera, egoera aldatu zitzaion. Izan ere, prentsa nazionalistan arazoak hasi ziren; hasieran, ekonomikoak, eta, gero, politikoak eta belaunaldietakoak. Ondorioz, Arantzadi zuzendaritzatik eta kudeaketatik kendu, eta kolaboratzaile hutsa izan zen. Haren eragina gainbehera etorri zen, Errepublika garaian batez ere, belaunaldi gazteago bat agertu eta bestelako arazoak sortu zirenean. Bilbon hil zen, bihotzekoak jota, 1937ko otsailaren 12an.

Sabino Aranaren heriotzaren ondotik (1903), Arantzadik izan zuen eraginik handiena euskal abertzaletasunean Bigarren Errepublikaraino. Intelektual organikoa izan zen. «Atzerakoi modernoa» izan zela idatzi zuen Luis Castellsek La Nación Vasca liburuari egindako hitzaurrean. Izan ere, Arantzadik, hil arte, irmo eutsi zion Sabino Aranaren doktrinaren muinari, baina haren maisu eta lagunak erakutsitakoa baino askoz ere moldagarritasun handiagoa agertu zuen. Aranaren azken urteko bilakaera espainolista delakoa gauzatu eta alderdira eraman zuen (orduan, Arantzadik berak proposaturik, Comunión Nacionalista izenekoa), eta alderdia herrialde guztira zabaldu zen, hauteskunde-emaitza harrigarriak lortzeraino Lehen Mundu Gerraren bukaeran; Bizkaian, batez ere. Horretarako, gainera, oso bitarteko modernoak erabili zituen: agitazioa; propaganda; foiletoa; kultura, aurretiazko lan gisa… Hau da, Kizkitzak oso XX. mendeko bitartekoak baliatu zituen. Aldi berean, nazionalismo autonomista praktikoaren alde egin zuen, amestutako helbururantz aurrera jotzen joateko asmoz. 1839ko urriaren 25eko Legea indargabetzeko ideia hura Konstituzioaren legezkotasunaren barruan sartzen zen eta, aldi berean, hura interpretazio independentistatzat ere jo zitekeen.

Honatx Arantzadiren ideiak: integristekin irizkide gaztaroan, Donostian; katolizismo atzerakoia, eta Antzinako Erregimeneko oinarri zaharrak; erlijioaren ikuspegi integrista, kaparetasun supremazista, familia eta erakunde tradizionalak, leinua, jabetza pribatua… Ideia haiei, dena den, aberri berri bat erantsi zien, Euskadi, maisuaren ikasbideei jarraikiz. Harrigarria da gaztaroko printzipio guztiei eutsi izana 30eko hamarkadan, EAJ berria jaiotzako printzipio batzuk alde batera uzten ari zenean, oinarri demokrata-kristauak bere gain hartuta.

Erlijio katolikoa dago bere egitura ideologikoaren gailurrean. «Nire herriak (katoliko izateari) kontra egingo balio, nire arrazari uko egingo nioke: Jaungoikorik gabe ez dugu ezer nahi», idatzi zion Aranak bere Larrazabalgo Hitzaldiaren berri eman zionean. Horra hor Arantzadiren ezaugarria. Arrazari, nazioari, euskarari eta tradizioei buruzko gainerako ideiak bektore bakar bateko bideak dira: Euskadiren eta euskaldunen salbazioa, alegia. Arantzadiren obra guztiari dario erlijiozko gar hori: bere liburuen hitzaurreak, bere izen eta abizenaren ondoan ageri den O.B. hori (oblatu beneditarra), Kizkitza goitizena bera (Itsasoko Ama Birjinari aipamena eginda), berak eraikitako Comunión Nacionalista hura… Bere erreferentziak ere katoliko tradizionalistak dira: De Maistre, Adam Müller, Torras y Bages, Donoso Cortes, Gil Robles aita, eskolastiko zaharrak… Izan ere, haren gainerako printzipioak oro Jaungoikoak eginak dira; beraz, naturalak dira, eta haien alde egin beharra dago, borroka etengabea betiko iraunaraziko bada.

Arraza Sabinoren beste zutabeetako bat izan zen, eta Arantzadik huraxe aldarrikatu zuen aldaketarik gabe, Arana hil eta 30 urte geroago. «Exotikoa» euskalduntasuna ahultzearen arrazoi nagusia zen, bai eta kristautasuna eta ohiturak galtzearen arrazoi nagusia ere. «Exotismoa, hemen erlijiogabetasuna, biraoa eta immoralitatea da» idatzi zuen bere azken liburuan, Ereintzan, Bigarren Errepublikaren garaietan (1935). Berriz ere dantza helduak arbuiatu zituen. Egoera hartan, Arantzadik bere donostiar izaerari uko egin zion, «udaldiko izurria, kanpoko bisitariak eta haien kezka moralak zirela eta. Hiri liberala, kosmopolita, katolikotik gutxi…». Kizkitzak hiri hura «Gipuzkoako zabortegia» zela esan zuen.

Nazioa ere Jaungoikoak egina zen, hura giza eraketa naturala zen, hots, «arraza bateko familien erakundea, berezko lurraldean bizi dena, nortasun etnikoa erakutsita, hizkuntzaren berezitasunarekin, bai eta gobernuaren eta erakundeen berezitasunarekin ere». Beraz, bere nazioaren ikuspegia erromantikoa zen, germaniar esentzialistena, lau faktoretan oinarritua: arrazan, hizkuntzan, gobernuan eta berezko erakundeetan, eta lurraldean. Horren arabera, euskaldunek «nazionalitate perfektua» osatuko lukete, Europan argien definitutako nazionalitatea. Horretarako, eite nazionalistako irakurketa historikoa egin zuen; horrekin bat, euskal lurraldeak independenteak izan omen ziren 1839 baino lehen. Aldi berean, Antzinako Erregimeneko mito zaharrak nabarmendu zituen: igualitarismoa, noblezia unibertsala, arraza-garbitasuna, bizilagunen parte-hartzea, foru erakundeen demokrazia… Arantzadik ez zuen aintzat hartzen identitateen, leialtasunen eta kulturen arteko bizikidetza… Ideia horiek guztiak bere libururik garrantzitsuenean azaldu zituen, La Nación Vascan (1918), 1931n ia hitzez hitz berrargitaratua.

Hizkuntza nazioaren pentsamendua zen eta jatorri jainkotiarra zen. Arantzadi euskalduna zen baina ia ez zen euskaraz aritu. Gramatikarik ez zekiela argudiatzen zuen, gaztelania erabiltzea justifikatzeko. Izan ere, euskal eskolak, euskal zentroak, euskarazko liburu eta foiletoak, etab. sortzea babestu zuen. Arantzadi bera gaztaroan saiatu zen, antzezlan historiko bat idatzi baitzuen, Aranari bidalia eta galdu egin zena. Bitxia bada ere, hizkuntzari dagokionez ere, bere moldagarritasuna eta modernotasuna daude agerian. Izan ere, Aranak sortutako Euzkadi hura Euskadi bihurtu zen Arantzadiren idatzietan edo berridatzietan 1930eko hamarkadan. Bere alderdiak, ordea, «z» zaharrari eutsi zion Francoren diktadura amaitu arte.

Gauza harrigarri bat eta, hein batean, Aranaren pentsamoldetik urruntzen dena, Arantzadiren landazaletasuna izan zen, bai eta Antzinako Erregimenaren ideologiaren printzipio batean zuen fedea ere: oinetxe-ideologia. Aranak, izan ere, «emakume baserritar» bat bilatu zuen, harekin ezkondu eta bere Abandoko aberaskumetasuna garbitzeko. Arantzadik, ordea, buru-belarri bilatu zuen bere oinetxea, hots, Ezkioko baserria, aitona Joaquin Antonio han jaioa baitzen. 1901eko diru-galerek, ordea, Arantzadi Handia baserria erostea eragotzi zioten 1907an, baina gogoari eutsi eta 1931n bereganatu zuen. La Casa Solar Vasca (1932) liburuan euskal baserriaren mitifikazio paregabea egin zuen. Horrela, iraultza sozialaren eta «deuseztapen etnikoaren» ekaitzen aurrean, nazionalitatea «oinetxean sartuz eta gure abizenaren lurrari besarkatuz» salbatuko litzateke. Engracio jaunak hauxe galdetzen dio bere buruari: non dago bizigune hori arrazaren garapen prozesuan? Eta erantzuten du: «baserria da, euskal oinetxea».

Obrak

La patria de los vascos, Donostia: Imp. de R. Altuna, 1910.

La Nación Vasca, Bilbo: Imp., Lit., Enc. Vda. e Hijos de Grijelmo, 1918.

La Casa Solar Vasca, Zarautz: Editorial Vasca, 1932.

Ereintza: siembra de nacionalismo vasco, Zarautz: Editorial Vasca, 1935.

Bibliografia

CASTELLS ARTECHE, L., «Estudio preliminar», sarrera eta edizioa, La Nación Vasca, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2016.

DE PABLO, S.; MEES, L. eta RODRÍGUEZ RANZ, J. A., El péndulo patriótico, I. libk, Barcelona: Crítica, 1999.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP