Karguak eta lanbideak
Irakaskuntza ertaineko katedradun krausista, filologoa, arkeologoa eta errepublikano moderatua
Ibilbidea
Reboredo (2012) izan da Apraiz pertsona eta haren lan historiko eta literarioa hobekien zirriborratu duena. Gasteizko familia aberats batean jaio zen. Amak, Rosario Saenz del Burgok (1874ko ekainaren 11n hila), amaren aldeko aitona Julian Saenz del Burgoren (Gasteiz, 1792-1855) etxean izan zuen umea. Julianek lau anai-arreba izan zituen, eta horietako hiruk biziraun zuten: Guadalupe, Ramon (1845ean jaiotako medikua) eta Odon (1851n jaiotako merkataria, Filosofia eta Letretan doktorea, 1883an eta 1894an Gasteizko alkate izana). Lehenengo ikasketak zenbait eskola pribatutan egin zituen Julianek bederatzi urte arte (sei urterekin Pedro Gonzalez de Mendozaren udal-eskolan, Landatxon), eta 1859ko irailean, Gasteizko Institutu Orokor eta Teknikoari atxikitako Barneko Ikasleen Kolegioan sartu zen. Bost urte geroago, 1864ko uztailaren 19an, Arteetako batxiler titulua lortu zuen, aparteko sariarekin, Institutu Orokor horretan. Aldi batez kanpoan egon zen (1861eko abendua), izan ere, Artilleriako Akademian ikasi nahi izan zuen, baina Madrilen izandako istripu batek Segoviarako bidaia eragotzi zion eta sekuelak utzi zizkion aurpegian, sudurrean eta goiko ezpainean.
1865 eta 1869 artean egin zituen unibertsitateko ikasketak. 1865 eta 1866 artean Valladoliden ikasi zuen eta Batxiler titulua lortu zuen hiri horretako Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultatean 1866ko ekainaren 19an. Madrileko Unibertsitate Zentralean jarraitu zituen ikasketak, 1867-1869 artean, eta bitartean bidaiak egin zituen; hala nola Iruñea, Zaragoza, Logroño, Bilbo eta Bermeo ezagutzeko. 1869an, aipatu Unibertsitate Zentralean, Filosofia eta Letretan lizentziatu eta doktoratu zen, eta urte bereko irailean lanerako hartu zuten Gasteizko Unibertsitate Literarioko Greziera eta Literatura Klasikoko titular gisa; unibertsitate hori berriki sortua zuen Udalak, 1869ko Konstituzioaren eta irakaskuntza-askatasunaren babesean. 1873ko urriaren 1ean ixtea erabaki zenean, Julianek dekano kargua zuen bertan.
1869 eta 1877 artean, asaldura politiko handiko eta Hirugarren Karlistaldiaren garaia, lan-egonkortasuna bilatu zuen hainbat oposizioren bidez, aipatu Unibertsitate Literarioko giro nahiko krausistan intelektualki nabarmentzen hastearekin batera. Apraiz «Iparraldeko Atenas» gisa ezagutuko zenaren dinamizazio kulturalaren arduradunetako bat izan zen. «73ko Solasaldia» izenekoaren partaidea, 1873ko martxoaren 1ean Gasteizen sortutako Cervantestar Akademia Espainiarraren sustatzaileetako bat izan zen; horko lehenengo zuzendaria izan zen, Fermin Herran idazkari zuela, eta lehenengo hitzaldia bota zuen: «La fuerza de la sangre» (Odolaren indarra). Era berean, Gasteizko Zientzia, Literatura eta Arte Ateneoaren sustatzaile irmoenetakoa izan zen; horko idazkaria izan zen 1870ean, liburuzaina 1871-1873 eta 1881-1885 artean, lehendakariordea 1879an eta lehendakaria 1877, 1890 eta 1891n.
1871 garrantzi handikoa urtea izan zen Julian Apraizentzat; izan ere, 23 urte zituela, 14 urteko neska gazte umezurtz bat ezagutu zuen (Elvira Arias y la Llave, aitona Agustin de la Llaverekin Gasteizen bizi zena) eta harekin ezkondu zen. Senar-emazteak beti oso bat eginda egon ziren eta bederatzi seme-alaba izan zituzten; horietatik lau Julian baino luzeago bizi izan ziren.
Eztei-bidaian Donostia, Bordele eta Biarritzen izan ostean, irakasle gaztearen bizimodua Unibertsitate Literarioko eskolen eta Gasteizko Ateneoko parte-hartzearen artean igaro zen. 1866an sortu zenetik bazkide osoa izan zuen kultura-elkarte horretako bere jarduerek denbora asko hartzen zioten; izan ere, kultura aldetik hizlari gisa parte hartzeaz gain, bere gain hartu zituelako aipatu zuzendaritza-eginkizunak.
Gasteizko Unibertsitatea bertan behera uztean eta Karlistaldia gogortzean, Apraiz Valladolidera joan zen familiarekin urte eta erdiz (1874-1875); han, nahiz eta lagunartekoak izan, senar-emazteek bizimodu oso erretiratua izan zuten, ikasle, oposiziogile eta familiako aita izateak eta une hartako egoera politikoak baldintzatuta. gaztelar hiriburutik, sarritan bidaiatu zuen Madrilera institutu-katedretako oposizioak egitera eta garai hartako jauntxoen Espainian gomendioak bilatzera; han, ordurako ezaguna zen Gasteizko Unibertsitate Literarioan, Cervantestar Akademia Espainiarrean eta Ateneoan egindako lanagatik.
Porrot batzuen ostean, azkenik, 1877ko urriaren 25ean, jabetu zen Literatura Arauak eta Konposizioa, Erretorika eta Poetika eta Literaturaren Historia katedraz Gasteizko Institutu Orokor eta Teknikoan; ikastetxe horretan irakasle izan zen 30 urtez, 1907ko martxoaren 14a arte. Oposizio-prozesu luze horren alderdi on bat izan zen harremanak, batzuk besteak baino sakonagoak, egin zituela; besteak beste, Francisco Giner de los Rios, Torenoko kondea (Instrukzio Publikoko ministroa), Ramon de Campoamor, M. Menendez Pelayo (haren etxean ostatuz egon zen inoiz), Benito Perez Galdós, Emilio Castelar eta Eduardo Datorekin.
Gasteizko institutuan katedradun izandako aldi luze hartan (1877-1907), Julian heldutasun politiko eta soziokulturalera iritsi zen eta bere literatura- eta ikertzaile-jarduerako funtsezkoena gauzatu zuen. Ahaleginen saria jasotzeko garaia izan zen; izan ere, apur bat beranduago, 1878ko irailean, Zuzenbide zibil eta kanonikoan lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. 1886ko urtarrilean Soriako beste plaza batengatik aldatu zuen bere lanpostua, baina ez zen haren jabe egin, Bizkaiko Institutuko beste bategatik lehiatu baitzuen Bilbon; baina 1887ko otsailean Gasteizko Institutura itzuli zen. 1898ko apirilean ikastetxe horretako zuzendari izendatu zuten; Emilio Castelarrek eta Praxedes Mateo Sagasta nazioko presidenteak zoriondu zuten, eta kargu horretan iraun zuen 1907 arte. Madrilera joan zen orduan. Alderdi errepublikanoko militantea izan arren, Castelar buru zuen alde moderatuan, bere bizitza publiko eta politikoa murritza izan zen. Behin soilik hartu zuen arduradun kargu bat, Gasteizko Udaleko zinegotzi, 1885eko maiatza eta 1886ko uztaila bitartean, alkatea zen bere anaia Odonen eskariz.
Círculo Vitoriano eta L’Alliance Française-ko lehendakaria, Société de Correspondance Hispanique à Bordeaux-eko kide urgazlea eta Parisko Felibritge Akdemiako ohorezko bazkidea; artikulugile gisa parte hartu zuen hainbat aldizkaritan, besteak beste, Euskal-Erria, Revista de las Provincias Eúskaras, Revista de las Provincias, El Ateneo eta Revista Contemporánea, eta prentsan, hala nola, La Ilustración de Álava, La Concordia, La Libertad, La Baskonia eta El Anunciador Vitoriano. Hain zuzen ere, azken horretako zuzendari izan zen 1881eko apiriletik 1882ko apirilera.
1880ko ekainaren 28an San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kide urgazle izendatu zuten, eta 1881eko abuztuan Arabako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzorde Probintzialeko partaide izatera pasatu zen; horren harira, 1890ean, Juan Vilanova katedradun eta geologoak eskatuta, Araban aurkitutako historiaurreko aztarnategi guztien berrikuste sistematikoa hasi zuen. Hurrengo hamarkadako udako oporretan, Julian Apraizek indusketak egin zituen trikuharri askotan, berak finantzatuta eta irakaskuntza-jarduerarekin batera. Arabako trikuharri ugariak historiaurrekotzat katalogatzeak, Vilanovari jarraiki, aztarna arkeologiko horiek zelten presentziarekin eta haiek iberiar-euskaldunekin izandako borrokekin erlazionatzen zituen diskurtso tradizionalaren gainbehera ekarri zuen.
Baina literatura klasikoaren eta, batez ere, Cervantesi buruzko azterketengatik jaso zituen Julian Apraizek aintzatespen handienak. Mundu klasikoari buruz egin zuen lizentzia-tesia («Elocuencia latina: Cicerón. Paralelo entre Cicerón y Demóstenes») eta doktoretza-tesia («Estudio analítico y crítico de los tres historiadores griegos Herodoto, Tucídides y Jenofonte. Y su comparación con los tres latinos César, Salustio y Tito Livio»). Geroago, epaile izan zen grezieraren katedra-oposizioetan eta «Apuntes para la historia de los Estudios Helénicos en España», «Gramática latina relacionada con el griego», « Comparaciones entre las lenguas latina y griega»» eta «San Isidoro de Sevilla y la ciencia isidoriana» izeneko hitzaldiak eman zituen edo horiei buruz idatzi zuen.
Bere garaikideek cervantista bikaintzat hartzen zuten Apraiz, zeina Euskal Herriarekiko harremanetan aztertu zuen batez ere; besteak beste, Cervantes Vascófilo o sea Cervantes vindicado de su supuesto antivizcainismo liburuan. 1898an Charro-Hidalgo lehiaketaren saria, Madrilgo Ateneoak Novelas Ejemplaresi buruz antolatua, partekatu zuen Francisco A. de Icaza idazle mexikarrarekin. 1905ean, Espainiako Errege Akademiak aurreko urtean On Kixoteren hirugarren mendeurrena ospatzeko emandako saria jaso zuen, eta Alcalá de Henares-en egindako ospakizun seinalatuenera gonbidatua izan zen, Jose Echegaray, Marcelino Menendez Pelayo eta Benito Perez Galdosen mailako adituekin batera.
Ia bizitza osoa Gasteizen eman zuen, hango erreferentzia kulturala eta Ateneoko buru nabarmena izan zelarik; Euskadirekin erlazionatutako gai askori buruz idatzi zituen, arestian aipatutako aldizkari euskaltzaleetan argitaratuta. Aipa ditzagun lan batzuk. «Algunas consideraciones acerca de la moral en el teatro de Samaniego» eta «Elogio fúnebre en honor de Antonio Trueba» hitzaldiak, besteak beste. Ligeras observaciones acerca de las ceremónias fúnebres en algunos pueblos de la antigüedad (1888) bezalako opuskuluak. Artikuluak ere bai «Las fiestas de San Ignacio de Loyola en 1881 en Azpeitia», «Los provenzales y los vascos en París», «Cervantes Vascófilo», «Jáuregui era guipuzcoano», «Los dólmenes alaveses», «Explicaciones prehistóricas en Álava», «Un opúsculo completamente desconocido de nuestro insigne Samaniego», «Iriarte y Samaniego», «Los bascongados en el tercer centenario de El Quijote», «Don Quijote ha hablado ya en bascuence», «Conferencia sobre la protohistoria alavesa y muy principalmente sobre los dólmenes de esta provincia» eta «Un escultor vitoriano del siglo XVI (Pedro de Isunza)», besteak beste.
1903az geroztik, Julian Apraiz sukar-lo larriak izan zituen, azkenean neurastenia eta maskuriko eta urdaileko mina eragin zizkiotenak. 1907ko martxoan Madrilera lekualdatu zen San Isidro Institutuko Erretorika eta Literatura Arauak izeneko katedraz jabetzera; hiri horretan hil zen 1910eko martxoaren 20an, eta Gasteizera eraman zuten lurperatzera.
Laburbilduz, Apraiz, pertsona oso jantzia eta pedagogo bikaina, cervantista gailena eta erudizioz beteriko hitzaldien eta artikulu, liburuxka eta liburu dokumentatuen egilea izan zen; horiek ospe handia eman zioten eta, besteak beste, Menendez Pelayoren mailako gizonen laudorioak jaso zituen. Ez zekien euskaraz eta ez zuen ezer argitaratu hizkuntza horretan, baina langile intelektual nekaezina izan zen, Araban itzal oso handikoa eta Madrilen begirunea zuena (San Isidro Institutu entzutetsuko katedradun izanez amaitu zuen curriculum administratiboa), baina ez zen izan goraldian zegoen euskal foruzaletasun-abertzaletasuneko partaide. Bere interesak kultura arlokoak gehiago izan ziren politikoak baino, eta hori erakusten dute Gasteizko Institutuaren eta Ateneoaren buruan egindako lanak, eta euskal gaiei buruz egindako mintzaldi eta artikulu ugariek. Ezin zuen bestela izan krausismoan hezitako eta pentsamolde horretako jakintsu espainiar onenekin (bere lagun Emilio Castelarren errepublikanismo moderatuari lotuak asko) erlazionatutako gizonak.
Obrak
Apuntes para los estudios helénicos en España, Madrid: Imp. de J. Noguera, 1874.
Cervantes vascófilo. Refutación de los errores propalados por Pellicer, Clemencín, etc. Acerca de la supuesta ojeriza de Cervantes contra Euskalerria, Vitoria: [s.n.], 1881 (2. arg. Cervantes Vascófilo o sea Cervantes vindicado de su supuesto antivizcainismo, Gasteiz: Domingo Sar, 1895, 286 or.).
Programa de Retórica y Poesía, Gasteiz: Domingo Sar, 1886, 120 or.
Ligeras observaciones acerca de las ceremonias fúnebres en algunos pueblos de la antigüedad y en la España cristiana con un apéndice sobre el establecimiento de carros mortuorios en Vitoria, Gasteiz: La Ilustración, 1888, 82. or.
Colección de Discursos y Artículos. I. libk., Gasteiz: La Ilustración de Álava, 1889, 419 or.
Colección de discursos y artículos. II. libk., Gasteiz: La Ilustración de Álava, 1889, 469
Memoria acerca del estado del Instituto Vizcaíno de Segunda Enseñanza durante el curso 1885-1886, Bilbo: A. Emperaile, 1889, 88 or.
«Los dólmenes alaveses», Euskal-Erria, XXVII (1892), 401-406., 449-456. or; XXVIII (1893), 48-51, 75-80. or.
«Un opúsculo completamente desconocido de nuestro insigne Samaniego», Euskal-Erria, XXXII (1895), 193-198, 225-231, 257-263, 289-292. or.
Los Isunza de Vitoria, Bilbo: Müller y Zabaleta, 1897, 214 or. (Biblioteca Bascongada de Fermín Herrán, X).
Curiosidades cervantinas, Madrid: V. Suárez, 1899, 39. or.
Estudio histórico-crítico sobre las Novelas Ejemplares de Cervantes, Gasteiz: Domingo Sar, 1901, 170 or.
Don Isidoro Bosarte y el centenario de la Tía Fingida, Gasteiz: Domingo Sar, 1904, 109 or.
Modesto tributo euskaro rendido a Cervantes en el tercer centenario de la aparición del Ingenioso Hidalgo D. Quijote de la Mancha. Por iniciativa y bajo la dirección de D. Julián Apraiz, Gasteiz: Domingo Sar, 1905, 82 or.
Juicio de «La Tía Fingida». Copia de tres ediciones raras y edición crítica de esta novela. Bibliografía razonada de la misma, Madrid: Sucesores de Hernando, 1906, 297 or.
Buscapié de lecciones de literatura de D. Francisco Navarro Ledesma, Gasteiz: Domingo Sar, 1907, 53 or.
Miscelánea o Colección de Artículos, IV, Gasteiz: Domingo Sar, 1908, 155 or.
Bibliografia
AMÉZAGA, E., Autores Vascos, Algorta (Bizkaia): Gorka, 1984, I. libk., 247-249. or.
Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Bibliografía A-Biblia, Donostia: Auñamendi, 1970, 198-200. or.
MADINAVEITIA, H., «Memoria del benemérito socio del mismo D. Julián Apraiz», Ateneo, 8 (1914), 5-11. or.
MENÉNDEZ ONRUBIA, C., «Fermín Herrán y la Academia Cervántica Española de Vitoria», in BERNAT VISTARINI, A. P. (koord.), Actas del Tercer Congreso Internacional de la Asociación de Cervantistas, Palma de Mallorca: Universitat de les Illes Balears, 1998, 139-147. or.
ORTIZ DE URBINA MONTOYA, C., «Julián Apraiz y Sáenz del Burgo», Zona Arqueológica, 3 (2004), 113-120. or.
— «Apraiz Sáenz del Burgo, Julián», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/18250/julian-apraiz-saenz-del-burgo (2020ko azaroak 30).
REBOREDO OLIVENZA, J. D., «Julián Apraiz Sáenz del Burgo. Intelectual y portaestandarte de una saga familiar vasca (1848-1910)», Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía, 38 (2012), 201-226. or.
— El Ateneo Científico, Literario y Artístico de Vitoria (1866-1900), Gasteiz, Arabako Foru Aldundia, 1988.





