Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Arabako egileak eta obrak

APRAIZ BUESA, Odon (goitizenak: Olarizu, P. de Araizondo, Argitza, Olari eta Ziarpa). (Gasteiz, 1896ko martxoak 5 – Gasteiz, 1984ko irailak 12).

Karguak eta lanbideak

Filologoa, historia eta geografiako irakaslea, olerkaria eta politikaria

Ibilbidea

Hainbat arlotan intelektual ugari eman dituen Gasteizko familia batekoa zen. Aita, Fermin Odon Apraiz Saenz del Burgo, ideologiaz liberal foruzalea, hiriko alkate izan zen, Filosofian doktorea, Ateneoko lehendakaria eta El Anunciador Vitoriano aldizkariko arduraduna izateaz gain. Anaiei dagokionez, Angel unibertsitateko katedraduna, historialaria eta Eusko Ikaskuntzako idazkaria izan zen; Emilio, arkitektoa, idazlea eta Manuel Iradier txangozale taldearen sortzailea; Ricardo, Numantziako museoaren arduraduna eta Luis, medikua. Osaba Julian Gasteizko Institutuaren zuzendaria eta cervantista bikaina eta osaba Ramon, medikua, Revista de Medicina de Álava aldizkariaren sortzailea.

Dirudienez, Bermeora egindako bidaia batean (aitaren aldeko aitona, Saturnino Apraiz, jaiotzez herri horretakoa zuen) izan zuen euskararekin lehenengo kontaktua. Hamaika urte zituen eta euskara bere kasa ikasten hasi zen. Gero Salamancan jarraitu zuen ikasten. Garai hartan nahiko ohikoa zen Bizkai, Gipuzkoa eta Araba iparraldeko gazte euskaldun elebakarrak Gasteizera gaztelania ikastera joatea. Odonek alderantzizko bidea egin zuen, eta 1913ko udan Aramaioko baserri batera joan zen euskara ikastera. 1919an Euskaltzaindiko urgazle izendatu zuten eta 1968an ohorezko euskaltzain. 1920an Euskaltzaindiko toponimia batzordeko kide izendatu zuten.

Filosofia eta Letretako ikasketak Salamancan hasi zituen 1912an, bere anaia Angel katedraduna zen unibertsitatean. Ondoren, Deustun (1914) jarraitu zituen ikasketa horiek eta Madrileko Zentralean amaitu zituen 1917an. 1925ean Historiako doktoretza lortu zuen El País Vasco en la época de la Revolución Francesa. 1793-1795 izeneko tesiarekin. Junta para Ampliación de Estudios e Investigaciones Científicas (JAE) delakoak pentsioa ordaindu zion 1914an, Artearen irakaskuntzan sei hilabetez Frantzian, Bretainia Handian eta Estatu Batuetan lan egiteko. 1916 eta 1925 artean, Euskaltzaindiaren beka batekin, geografiako eta filologiako ikasketak sakontzeko aukera izan zuen Parisen (1920-1921), Zürichen eta Italiako Piemonten (Turin eta Pramollo); besteak beste, Jakob Jud eta Paul Scheuermeier izen handiko irakasleekin. Euskaran aditua zen Hugo Schuchardt-ek aholkatuta, 1922an Suitzara joan zen, Christianus Cornelis Uhlenbeck-ekin lan egitera.

Euskarari buruzko ikastaro bat eman zuen Züricheko Unibertsitatean. Ondoren, Bartzelonako Unibertsitatean irakasle laguntzaile lanean aritu zen 1925 eta 1933 bitartean; hain zuzen ere, urte horretan sartu zen Eibarko Institutuan Geografia eta Historiako irakasle. Ikasgai horretako katedra-oposizioak irabazi zituen La Lagunako (Tenerife) institutuan, eta han hasi zen 1935-1936 ikasturtean. 1941ean klaseak ematen hasi zen La Lagunako Unibertsitatean. 1943an Kataluniara itzuli zen, zehazki, Reuseko Institutuko katedradun gisa (1943-1950); 1954-1955 ikasturtean Gasteizko Institutura itzuli zen, eta hor hartu zuen erretiroa 1968an.

Anaia Angelekin batera, Odon Eusko Ikaskuntzaren sustatzaileetako bat izan zen 1918an eta erakunde horrekin aktiboki lan egiten jarraitu zuen 1936ra arte, bai Hizkuntzalaritza atalean (zehazki esanda, antroponimiari buruzko ikerketekin), bai Etnologia eta Euskal Folklorearenean, Luis Eleizalde eta Jose Miguel Barandiaranek bultzatutakoak, hurrenez hurren. 1936an Eusko Ikaskuntzaren Biltzarra antolatzen ere parte hartu zuen, nahiz eta gerra zibilaren ondorioz ez zen gauzatu. 1984an, erakunde horrek Manuel Lekuona saria eman zion.

1924an Gasteizko Ateneoko Historia eta Arkeologia Batzordeko idazkari izan zen.

Oso gaztetatik hasi zen Gasteizko giro euskaltzale eta abertzaleetan mugitzen, hiri horretako Euskal Zentroko bazkide eginez eta EAJren ideiekin bat eginez, baina alderdi horretako kide egin gabe. Euskal nazionalismoa Europako Nazioen Biltzarrean (ENB) sartzea kudeatu zuen, lehenik eta behin, erakunde horrek 1929ko abuztuan Genevan antolatutako V. Biltzarrean ikuskatzaile gisa parte hartuz, eta ondoren, 1930eko apirilean, «Euskal Talde Nazionala» bertan sartzeko eskaera eginez. Euzko Alderdi Jeltzalea ENBko kide izan zen 1930 eta 1937 artean. Apraiz, bere burua «abertzale eta ezkertiartzat» zuenez, Euzko Abertzale Ekintzako (Acción Nacionalista Vasca) militantea izan zen sorreratik (1930). Isaac Puente mediku anarkistaren lagun mina izan zen Apraiz, CNTk eta EAEk beti izan zituzten erlazio onen testuinguruan. 1930ean sortutako talde politiko berriarentzat «Acción Nacionalista Vasca» izena aukeratzeari dagokionez, ia ziurtzat jotzen da Apraizek zerikusia izan zuela horretan; izan ere, 1926az geroztik gutxienez gutun bidezko harremanetan zegoen, New Yorken bizi zen eta izen hori bera zuen talde euskaldun batekin. 1931n Apraizek txosten bat egin zuen EAErentzat Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako «behin-behineko Gobernu Errepublikanoari» buruz. 1932an, Maiatzaren Lehenaren kariaz, EAEren Acción Vasca aldizkarian Internazionalaren euskarazko bertsioa argitaratu zuen.

1939an, Tenerifen irakasle zela, «euskaldun separatista […] joera ezkertiarrekoa» zela salatu zuen Irakasletzako Garbiketa Batzordeak eta, arrazoi horregatik, bi hilabete igaro zituen espetxean. Geografia eta Historiako katedradun gisa, 1939an garbiketa politikoa jasan zuen Tenerifeko Garbiketa Batzordearen aldetik, zeinak zigor-, lekualdatze- eta gaitasungabetze-proposamena aurkeztu zuen Garbiketa Txostenen Goi Batzorde Irizpen Emalera, bere ideia «gorri-separatista eta ezkertiarrengatik». 1940an konfiantza karguetarako gaitasunik gabe utzi zuten eta bi urterako espetxe-zigorra ezarri zioten, nahiz eta azken zigor hori ez zen bete. Batzordearen proposamen osoa ere ez zen bete, izan ere, «gainera, zehaztu ezingo zuela irakasle izan, ez Probintzia Baskongadoetan, ez joera erregionalista-separatista duen beste edozeinetan» ezarri zen arren, 1942an Reusera lekualdatu zuten. 1952an zigorra bertan behera utzi zuten eta Gasteizera lanera itzuli ahal izan zuen.

Bere ekarpen intelektual nagusia, dudarik gabe, hizkuntzalaritzaren arloan egin zuen; besteak beste, toponimian eta dialektologian, batik bat Arabako euskararen ezagutzara zuzenduta. Euskal bibliografiaren azterketan ere aritu zen. Dena den, eta ikasketaz historialari izan arren, historiografiaren arloan lan gutxi eta txikiak egin zituen. Frantziako Iraultzaren garaiari buruzko tesia izan zen garrantzitsuena, nahiz eta argitaratu gabe geratu bere garaian. Artikulu bat baino ez zuen argitaratu Gure Herria aldizkarian Frantziako Iraultzari buruzko euskal iturrien gainean. Gainera, pare bat artikulu labur euskal kortsario eta piratei buruz, prentsa-artikulu labur batzuk eta ezer gutxi gehiago.

Bestalde, hizkuntzalaritza eta historiari, nahiz gai orokorrei buruzko artikulugile oparoa izan zen; besteak beste, ondoko egunkari eta astekarietan: Aberri, Álava Republicana, Arabarra, Bizkaitarra, Euzkadi, Heraldo Alavés, Bilboko El Liberal, El Sol, La Gaceta Literaria, La Libertad eta La Voz de Navarra.

Obrak

(Hautaketa).

Bere lanen zerrenda osoa ikus daiteke hemen: BAZTARRIKA, I., «Datos biográficos y escritos de Odón de Apraiz y Buesa».

«Salamanca’tik (Espainia) (Argi-itxak)», Bizkaitarra, 1912ko azaroak 30.

«Una labor necesaria: la bibliografía vasca», Ateneo: revista órgano del Real Ateneo de Vitoria, Gasteiz: D. Sar, IV (1916), 3-7. or.

«Cosas de la tierra: gigantones y “nanos” de Vitoria», Ateneo: revista órgano del Real Ateneo de Vitoria, Gasteiz: D. Sar, IV, 35 (1916), 14-16. or.

«Euzkel tokizentza erdel-Errian», Eusko Ikaskuntzaren Deia, 4 (1919), 7-8. or.

«Don Federico de Baraibar y los estudios vascos», RIEV, Paris, XI (1920), 186-193. or.

«Un caso de fonética histórica estudiado en la toponimia alavesa: la alternancia de l > r», RIEV, Paris, XI (1920), 81-94. or.

GAZTAMBIDE, M. de eta ARAMBURU, J. de-rekin, «Hombres, hechos, intereses, ideas», Hermes, 55 (1920ko urtarrila), 35-43. or., 80 (1922ko otsaila), 81-88. or., 81 (1922ko martxoa), 133-139. or.

«Del origen vasco del reino de Aragón», BCMHAN, XI (1920), 295-297. or., XII (1921), 22-24. or.

GÁRATE ARRIOLA, J. eta IRUJO, J. I.-rekin, Mensaje de los estudiantes vascos acerca de la Universidad, Donostia: Imp. de la Diputación, 1922.

«De fonética y fonología: en torno a la ‘N’ caduca», RIEV, XIV (1923), 661-668. or.

«Gasteiz’en itxorkuna (etimología de Gasteiz)», Aberri, 1923ko abuztuak 12.

«Les documents basques sur la revolution française», Gure Herria, IV (1924), 146-153. or.

«De toponimia histórica: evolución de la raíz zubi», RIEV, XV (1924), 306-312. or.

«Erizkizundia Lapurdin (zortzi erri baizik ez dira bildu)», Euskera. Euskaltzaindia’ren lan eta agiriak, IX (1928), 319-336. or.

«Euskel-olerrkiyaren berezikai bat: Izadiyari deya maitasunezko olerrki-asikeran», Homenaje a D. Carmelo de Echegaray: (miscelánea de estudios referentes al País Vasco), Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 601-609. or.

«Felipe II, Portugal y Navarra», La Voz de Navarra, 1928ko abuztua.

«Geografía del País Vasco navarro», Geografía universal, descripción moderna del mundo, Barcelona: Gallach, 1914-1929, III. libk., 193-252. or.

Los Vergara y los Álava: estudio histórico sobre arte vitoriano, Donostia: Martín y Mena, 1929.

«La Convención francesa en el País Vasco», Euzkadi, 1929ko urtarrilak 12.

«Las Folias: papel lunático (1840): primicias de la prensa vitoriana», El pájaro azul, 2. urtea, 15 (1929ko abenduak 31), 15-16. or.

«El idioma en Álava: toponimia alavesa, notas, problemas y deducciones»,. or.. or.

«Vasconia demócrata. La esencia del régimen foral», Álava republicana, 1930eko abenduak 15.

«Qué fue el pacto de San Francisco, Vitoria 1331. Mañana hace seis siglos», El Heraldo Alavés, 1931.

«Izukantza Europa-ziar… (Un fantasma recorre la Europa). Alberti’tar Errapel, euskeralduta Olharik», Cinco, 1934ko apirila, 1. zk.

«Saltus, çaltu, zaldu y el toponímico salduba», Yakintza, II (1934), 450-460. or.

«Problemas de Historia, Bibliografía y cultura regional», Revista de Historia, Santa Cruz de Tenerife, 56 (1941), 362-367. or.

«De la vieja toponimia de Navarra: etimología vasca en latín del siglo XII», Homenaje a D. Julio de Urquijo e Ybarra: estudios relativos al País Vasco, Donostia: Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 1951, III. libk., 447-454. or.

Un pirata vasco desembarca en Denia (1494): documento histórico, [s.l.]: [s.n.], [1952], 2 or.

«Lacarra, J.: Vasconia medieval», Boletín de la Institución Sancho el Sabio, II (1958), 371-380. or.

«Sobre el discurso fuerista de Pedro de Egaña en el Senado de Madrid en 1864», Eusko Lurra, Buenos Aires, 1964.

«Octavo centenario del Fuero de Laguardia (Álava)», BRSBAP, XXI (1965), 293-296. or.

El vascuence en Vitoria y Álava en la última centuria (1850-1950), Gasteiz: Diputación Foral de Álava, 1976 [1950].

KNÖRR, E.-rekin, «De la toponimia euskariana en Álava», Boletín de la Institución Sancho el Sabio, XXII (1978), 287-304. or.

«Luis Eleizalde», Euskera. Euskaltzaindia’ren lan eta agiriak, XXIII (1978), 875-878. or.

«El Occisus de los fueros vascos de origen navarro: a propósito del octavo centenario de la fundación de Gasteiz-Vitoria», Vitoria en la Edad Media, Gasteiz: Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, 1982, 349-353. or.

Bibliografia

BAZTARRIKA, I., «Datos biográficos y escritos de Odón de Apraiz y Buesa», Homenaje a Odón de Apraiz = Odon de Apraizi omenaldia, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1981, 9-21. or.

KNÖRR, E., «In memoriam Odon Apraiz Buesa (1896-1984)», Euskera. Euskaltzaindia’ren lan eta agiriak, XXX (1985), 691-696. or.

MORENA BURRIEL, E., Depurar y castigar. Los catedráticos de Geografía e Historia a comienzos del Estado franquista (1936-1943), Zaragoza: Institución Fernando el Católico, 2018, 129-134. or.

«Odon Apraiz omenaldia», Euskera. Euskaltzaindia’ren lan eta agiriak, XXII (1977), 69-70. or. (Manuel María Lejarreta), 70-77. or. (Luis Villasante), 77-80. or. (Juan San Martín), 81-84. or. (Ángel Irigaray), 84-87. or. (Endrike Knör).

URGEL, B., Odon Apraiz (1896-1984), Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, Bidegileak bilduma, 7. zk., 1996.

UGALDE ZUBIRI, A., «Entrada del nacionalismo vasco en el Congreso de Nacionalidades Europeas, 1929-1930: siguiendo la documentación del fondo Apraiz», RIEV, 42, 2 (1997), 403-421. or.

VÉLEZ DE MENDIZÁBAL AZKARRAGA, J., Odón Apraiz Buesa, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2010. 

ITURRIAK

«Expediente de depuración del catedrático Odón Apraiz Buesa», ARCHIVO GENERAL DE LA ADMINISTRACIÓN (AGA), Sección de Educación y Ciencia (05) 001.12, 32/16736 kutxa, 018462-0024 paper-sorta.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP